L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-2 (1998-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskera, o Euskera!

 

Fernando Xabier Garziarena

 

Joan den azaroan E Savaterrek EL PAÍSen eta X. Kintanak EGUNKARIAn eta EL PAÍSen euskara dela-eta argitaratu zituzten artikulu batzuek nabarmen uzten dute pentsalari batzuk frontekeria gaitzak jota daudela eta beste lubakian kokatzen dituztenen gaiztakeria salatzearren idazten dutela irizkide edo fedekide direnentzat, errealitatearen azterbide moduan manikeismoa eta biktimismoa erabiliz. Hona hemen bakoitzaren esaldi hautatu batzuk:

        Savater: Veo un programa infantil de ETB-1 en euskera llamado Karaoke. Niños de 10 ó 12 años, estimulados por sus entusiastas monitores, cantan una canción cuya letra asegura que "él euskera es nuestra única lengua y debemos arrinconar el castellano, erdera, la lengua extranjera... ": Se imaginan lo que todos diríamos si se impusiera a los chavales una cancioncilla similar pero protagonizada por el castellano?

        Kintana: No es un secreto para nadie el vacío y la marginación que el, idioma vasco sufre aún en los tribunales de justicia, como muy bien lo hemos comprobado los que hemos querido gozar allí de los derechos que nos reconoce la ley. [ ...J ...en las ocasiones que he tenido que acudir a los juzgados me he sentido extranjero en mi propio país, como un paria, como un ciudadano de segunda clase.

        Eman dezagun arrazoia dutela biek; halere, bistan da bata zein bestea liskarraren eta taldekeriaren ikuspuntutik predikatzen ari dela, nork bere segiziokoen belarriak goxatzeko eta aurkari direnenak kakazteko, autokritikarik egin gabe eta, batez ere, arazoa konpontzeko batere asmorik gabe, haien kritikek ez baitute laguntzen arazoaren konponketa bilatzen, eta bai ordea kontrakotzat hartzen dituztenak nolabait zigortzeko.

        Savaterrek, adibidez, interesatzen zaion interpretazioa ematen dio (bidenabar, itzulpen txarra eginez) errealitatetik ateratako datu bati, nazionalismoaren jatorrizko gaiztakeria frogatzeko; eta nazionalismorik ezaren jarreratik egiten duen diagnostikoak bete-betean asmatzen du normalean, baina azken bolada honetan errezeta huts egiten ari zaio, behar ez den hartzaileari zuzenduta baitago. Hau da, artikulu hau (eta egunkari berean idazten dituen beste asko) ez dago bereziki idatzita euskal nazionalistek irakurria izateko, baizik eta batez ere, nolabait esateko, kontrako parrokiakoentzat; horrela, bere nazionalismorik ezaren alde egiten duen predikuaren erakusbide moralak izan lezakeen indar terapeutikoa alferrik galdu eta aurkako ondorioa lortzen du, antinazionalismoa suspertzen laguntzen baitu. Izan ere, filosofoak bere ustez erratuta dagoenari hausnartzen lagundu ordez, xaxabidea ematen die batetik nazionalista ez direnei, ustez erratuta dauden nazionalisten infamiari buruzko zalantzarik izan ez dezaten, eta bestetik, bide batez, antinazionalista porrokatu direnei beren sinestean areago berma daitezen. Eta hori ez da filosofoaren betekizuna, alderantziz baizik. Gainera, bere salaketan, bide erraza hautatzen du, eta norabide bakarrean, inoiz ez baitu artikulurik idatzi, Diario de Navarran esan dezagun, Nafarroako gobernuak irrati baimenak ematean euskara behin eta berriro bazterrean uzten duela salatzeko edo Pariseko kazeta batean ipar Euskal Herrian gertatzen ari den euskararen galera programatua deitoratzeko.

        Bestalde, Savaterrek ondo daki halako edo holako ideologia bat berez ez dela galgarria, ideologia horren erabateko fanatizazioa baizik, eta hori ideologia guztiekin gerta daitekeen arriskua da: adibide faltarik ez dago mundu honen historian. Eta, adibidez, antinazionalismoa ere nazionalismoa bezain arriskutsu eta hilgarria izan daiteke, fanatiko baten edo batzuen eskutik muturreraino eramaten bada. Tamalez, filosofo donostiarrak era honetako mezuak edo argudioak bere predikuaren sinestedunei soilik zuzentzen jarraitzen duenez, hartzaile horiek obsesioan erorarazten ari da, edo bera erori da obsesioan, esan daitekeelarik bere irakasbidea euskal abertzaletasunaren aurkako gurutzada bihurtzen ari dela, eta, ongi dakigunez, gurutzadak ere arriskutsuak eta hilgarriak dira, baita oinarri intelektualez mozorrotzen direnean ere.

        Bestetik, Kintanak euskaldun kexati malkojarioentzat idazten du, euskaldun batzuen biktimismorako eta martirologiorako joeratik egun osoa "gure eskubideak" aldarrikatzen ibiltzen direnentzat (aspaldiko izurria, hauek); izan ere, bere testua Euskaldunon Egunkarian agertu zen, euskaldun lantu-jotzaileen makina bat protesta-gutun argitaratzen duen horretxetan. Kintanaren eta beste horien leloa beti da halako edo holako zerbitzu edo ekintza administratiboan euskara erabiltzeko eskubidea zanpatu egiten dela. Eta seguru aski horrela da, baina etengabe euskararen edo beste edozeren martiriak izateko grina obszeno hori gehiegi zabalduta dago euskaldunen artean: badirudi batzuen euskalduntasuna ezinbestez elikatu behar dela "jasaten dugun zanpaketaz", hau da, biktimismorik antzuenaz; eta bada garaia euskaldun askoren euskararekiko jokamoldea ere (edo batik bat) kritikatzen hasteko, hainbat eta hainbat baitira "euskara erabiltzeko eskubidea" auzoan ahaztuta erdaraz lasai asko mintzo direnak era guztietako bilera, mintzaldi, kongresu, agerraldi edo ekitaldi publikoetan.

        Adibide batzuk jartzearren, duela gutxi Eusko Ikaskuntzak egin duen makrokongresu ultrateknologikoan parte hartu duten euskaldunetatik zenbatek eman dute mintzaldia euskaraz? Edo, oraingo Arartekoa aukeratzeko orduan, euskaraz ez dakiela-eta hainbeste matraka jo zutenak kexatzen al dira inoiz euskaraz (omen) dakiten beste hainbat kargudunek edo pertsonaia euskaldun ezagunek ekitaldi publikoetan ia beti erdaraz egiten dutelako, hasierako bost lerroak kenduta? Edo, epaileen aurrean euskaraz hitz egiteko eskubideaz ahoa betetzen zaien abokatu (euskararen misionero berri) eta epaitu horiek zergatik erabiltzen dute erdara, lasai-lasai, lotsagorritu gabe, kazetarien aurrean? Edo, gure errepideetako seinale elebidunak zerri-zerri eginda uzten dituzten euskaltzale horiek zergatik ez dira beren pintura poteekin joaten El Corte Inglés edo Macdonaldsen zentroetako erdara hutsezko txartel eta errotuluak zikintzera? Erantzuna ia beti bistakoa da: euskararen erreibindikazioa erakunde politikoen aurkako armatzat soilik erabiltzen delako.

        Euskaldun askok "euskaldun irudia" ematea aski dute beren euskalduntasunean eroso sentitzeko, eta ez dira behartuta sentitzen pauso bat aurrerago egitera. Eta hortxe dago koska. Ibon Sarasolak oso ongi laburbiltzen du jokamolde hori, ondoko esaldi honetan: «Gure hizkuntzaren egoera larriaren errua besteei, kanpokoei boteaz, aitzakia bat ematen diegu euskaldunei beren burua zuritzeko eta bertan goxo egiteko».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.