L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-3 (1998-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Libelo bati arrapostua

 

Xabier Agirre

 

Animo probokatzaileak aitortzen dituzu eta barkamenak eskatzen atzenean. Beude emanak nire aldetik pistolarik gabeko esku honek zirriborratutako lerrotxo hauek idatzi baino lehen. Hala ere, ez dakit zergatik eskatu behar diren kultura kontuak haizatzerakoan, euskal munduan hain sartua omen dagoen erlijioak damaigun erru-sentimenduarengatik izan ezean.

        Libelo osoan zehar euskal abertzaletasunak hemengo kulturan eta gizartean eragindako farregarrikeriak ageri dira gure lotsatarako. Badirudi ez dagoela besterik. Jakina da euskararen eta euskal kulturaren gainekoetan pentsamendu abertzalea gailen datekeela. Mediterranioa aspaldi aurkitu zen, eta aurkitzaile bera ere konturatu zen feministarik gehienak emakumeak direla eta sionistak juduak gehienbat. Nola ez, bada, hortaz, eremu-ikerketa egin baino lehen honelako hipotesia arriskatu: euskalduna izanez gero euskal abertzale izatearen probabilitatea haunditu egiten da, eta euskal kulturan beste edozein kulturatan baino euskal abertzale gehiago dago. Ez da zaila asmatzea. Baina zuk berezi nahi dituzun eremuak nahasi egiten dituzula iruditzen zait. Euskal Herrian argia ikusten duten gogoetetan nazionalismo tankera bat gailentzen bada, ez da prezeski abertzaletasun euskalduna, zer esanik ez kanpotik datozkigunetan. Askoz leiho zabalagoak dituzte zurearen harian dauden iritziek El Correo-n, El Diario Vasco-n, Diario de Navarra-n, Diario de Noticias-en, El País-en eta bestelakoetan; eta kostatzen da euskal abertzaletasunaren pentsamenduak hedabide zabaletan aurkitzea. Horregatik, izan lasai, ez zaude bakarrik, ez zara hartarainoko frankotiradore. Eta bakarrik ez zaudelako eta euskal kulturan abertzaleak bakarrik ez daudelako noizean behin Atxagari Foroko kantzerberoek ateak irekitzen dizkiote (nihil obstat, nire aldetik), baina euskal kulturan abertzaleak ere badaudelako erdarazko inongo antologiatan ez da Sarrionaindia aipatzen (Iturralde dixit). Inork ez du jaio behar duen familia aukeratzen.

        Euskal kulturak jaten ematen dien pertsonaia bitxi ugari dituela ongi asko deskribatu duzu libeloan. Horien artean, ordea, bada beste bat zure zerrendan kausitu ez dudana. Alegia, euskal abertzaletasuna salatzen eta euskal (euskarazko ulertu) kulturaren mixeriak hizpide bere ogibide intelektuala egin duten pentsalariek ere euskal mundutik jaten dute, edo jan ez bada, ospea lortu bai. Zein alde dago? Euskal izaera folklorikoaren ezaugarria izango da, akaso, disidente proportzioa beste edozein lurraldetan baino haundiagoa izatea, euskal (orain zentzu zabalean) kulturaren mesederako, noski. Victor Morenok duela gutxi ezker abertzalearen egunkarian zera iradoki du: abertzaletasunaren berri zehatza izateko ez dela bide emankorragorik jarrera kosmopolita batetik hura zigortzen dutenak irakurtzea baino. Sintesi-ahalmen demasekoa, ageriko kontraesanen azalerazle eta anekdota koloristen kronista alaiak baitira beti horretan aritu direnak, besteak beste, Juaristi, Savater, Arteta, Azurmendi, Unzueta eta Martínez Gorriarán, soilik bertako batzuk aipatzearren. Erudizioa eta tresna dialektiko zorrotzak pekatutik salbatzeko, alafede! Haien aiurri ilustratuak izugarrizko erakarpena du zenbait inteligentzia gardenetan, eta harritzekoa da, haiek esandakoen ondoren, kontsignetatik ihes egin nahi dutenen artean ere oraindik euskal abertzale aitortzea. Itsusia da azken garaiotan.

        Erantzun hau asko ez luzatzearren zure diagnostikoan zuzenak diren, baina nire ustez gaizki interpretatu dituzun hainbat gorabehera aipatuko dizkizut.

        Kultura subentzionatuak sortzen duen produkzioa maiz halamoduzkoa dela diozu; eta hortik, subentzioen komenigarritasuna zalantzan edo jartzen duzu. Zergatik ez kolokan jarri museoak eraikitzeko (Guggenheim, esaterako) eta mantentzeko, opera produkzio edo kontzertu erraldoiak ekartzeko erabiltzen den diru publikoa? Hainbat produktu kultural merkatuaren legeetan jartzea zaldien hanketara botatzea litzateke. Baita kultura espainiar eta frantziarrean ere, ez bakarrik gure abarka bazterrean. Espainiako zinea subentzionatu egin zen (Pilar Miró zenaren garaian), eta hein batean orain ere egiten da, eta zine europarra babesteko arau protekzionistak daude Frantzian, oker ez banago. Pentsa; berez industria den sektore batean, hau da, dirua irabazteko dagoen batean, honela bada, arrazoi berberengatik edo haundiagoengatik beste zenbait arlo kultural babesgai izan litezke. Baina gure artean loratu den azken korronte kultural-liberalak ez bide du honelakorik uste, eta edozein partehartze estatal diskriminatoriotzat jotzen du, bai euskarazko kulturan, bai hizkuntz politika orokorrean. Haien iritzia jakin nahi nuke estatu arrunten politika kulturalaz, ea subentzio guztien aurka dauden. Subentzio guztiak dira berez diskriminatorioak, merkatuaren berdintasunari muzin egiten diotelako.

        Eta euskararen erabilpenean konposatzen duzun koadro kostunbristaz zer esan? Bada, egia bezain sinplea izan daitekeela. Utz nazazu paralelismo bat egiten. Ezaguna da duela urte batzuk, Reagan-en garaian hain juxtu, EE.BB.etan bi zientifikok, ikerketa enpiriko zabal bat egin eta gero, atera zituzten ondorioak The Bell Curve liburuan: beltzek inteligentzia maila apalagoak eman zituztelako alferrik zen haien heziketan politika positiboetan dirua alferrik galtzea. Aldeak alde, honelako konparazioa egin daiteke ikerketa horren eta euskal kulturaren batzuen analisiaren artean. Barka (begira, ni ere barkamena eskatzen) akademizismoa.

        Bietan, nik uste, aurreuste okerra eta gertakariaren sinplifikazio itzela daude. Inteligentzia genetikoa da neuronak behar diren heinean, ez harantzago; eta hizkuntza beste edozein ondare kultural bezain babesgarria da, abertzaletasuna aparte utzita. Inteligentzia testak adimen mota bat besterik ez du neurtzen, eta baldintza soziologiko asko daude tarteko (heziketa maila, bizi baldintzak, marjinalizazio arazoak, egoera familiarra,...); euskal kulturan ere beste hainbeste baldintza soziolinguistiko hartu behar dira kontuan diagnostikoan (hiztun kopurua, alfabetatu kopurua, euskaldun berrien kopurua eta hauen euskalduntze prozesuaren mailak, euskal elebidunak kultura erdal elebakarrean murgilduak, merkatu urria,...). Hauek guztiak aintzat ez hartzean, gutxienez unilateralitatean erortzen da; inkontzientea bada, injustoa izango da ondorioa, kontzientea izatekotan, tendenziosoa. Egiari zerbait zor badiogu, ausart gaitezen errealitateak erakusten dituen aldaki guztiekin.

        Bertsoaren itzulpenaren auzian ez dago gauza haundirik esaterik. Azkenaldian hainbat semiotiko sortu zaizkigu tribunaletan eta hedabideetan, bideo bateko pistolak eta euskaltegietako ariketak ongi asko interpretatzen dakitenak. Haien lana dirudi zuk egiten duzun itzulpenaren erabilpenak. Bertsolaritza gustuko izan gorabehera, semiotikak elementu linguistiko eta extralinguistiko guztiak ongi ponderatzeko deia egiten du. Ez dut uste horretan zuhurregia ibili zarenik. Hori bai, euskaraz dakienaren ikuspegia erabiltzen duzu-eta, bazka goxoa da euskal kultura begi zorrotz eta maltzurrez erdaratik begiratzen dutenentzat.

        Jakingo ote dute haiek zure libeloa ongi interpretatzen, zera, beharbada Titanic-en antzera lehenengo klasekoen ihesa ere izan daitekeela pentsa dezakete.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.