L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-3 (1998-otsaila) —<barz0329>




 

 

—Bisitariak—

 

Mugari buruzko gogoetak

Nor dago bestaldean?

(Zati hautatuak)

 

Claudio Magris

 

Lec izeneko idazle poloniar batek kontatzen du behinola Pancevon, Danubioko ezkerraldean zegoelarik, ibaiaz harantzago, kontrako ibai-ertzerantz eta Belgrado alderantz begira, bere aberrian, bere etxean zegoela sentitu zela; izan ere, bera zegoen ibai-ertzak behialako erresuma austro-hungaro zaharreko muga markatzen zuen, eta berak bere mundutzat hartzen zuen erresuma hori, erori ondoren hainbat urte igaro arren, ibaiaz bestaldekoari ordea beste mundu bat irizten ziolarik. Ibaiaz harantzago "bestaldea" hasten zen beretzat. Kasu honetan, badirudi idazleak ondo dakiela zein den bere postua, zein mugaren atzean sentitzen den etxean. Beste batzuetan, maizago, identifikazioak zaila dirudi, ordea. Behin, nire ikasle garaian, Friburgon bizi nintzela, Oihan Beltzean, Estrasburgora joan nintzen lagun batzuekin. Gu baino dexente zaharragoa zen gizon bat geneukan gidari. Alemana zen, Oihan Beltzekoa, baina fortuna berezi samarra izandakoa. Nazionalsozialismoa agintera iritsi zenetik urte gutxira utzi zuen Alemania, ez ordea beharrak bultzaturik, bera Führer-ak maite zuen arraza ariokoa baitzen, ezpada arrazoi politiko, edo, areago, moralengatik bakarrik. Gizateriaren aldeko bere abertzaletasunak ez zion ezabatu aberriarekiko maitasuna, Alemaniarekiko maitasuna, eta geroago ez zion ezertan gutxitu alemaniarren ondorengo hondamendiagatik eta bere sorterriaren suntsipen eta banaketagatik zeukan oinazea. Alemania eta Frantziaren arteko muga igarotzean ez zuen inola ere pentsatzen bere aberria ahaztea, ez eta bizkarra ematea ere; bakar-bakarrik, une hartan, eta erregimen naziak iraun bitartean, bere egiazko aberria, edo, hobeto, bere egiazko postua bestaldean zegoela sentitu zuen. (...)

        Muga bikoitza da, anbiguoa; batzuetan, hurkoarekin elkartzeko zubia da, bestetan hura apartean egonarazteko hesi. Maiz, norbait edo zerbait bestaldean ipintzeko gurari itsua; nik uste dut literatura bestaldearen mito hori gezurtatzeko egiten den bidaia ere badela, besteak beste, norbera orain hemen, orain han dagoela ulertzeko: Norbera, Erdi Aroko misterio batean bezala, Hurkoa dela. (...)

        Muga zubi edo hesi da; elkarrizketa bultzatu edo ito egiten du. Nire heziketa sentimentala muga-lerroen odiseaz, haien arbitrariotasun eta ezinbestekotasunaz markatuta egon da. (...) Muga-lerroak lekuz aldatu, desagertu eta berriro azaltzen dira bat-batean; haiekin nahikoa modu errarian aldatzen da «aberri» deitzen dugun horren kontzeptua. Hiriak eta pertsonak askotan iristen dira «ohiak» izatera, eta herri-galtzearen, mundu-galeraren esperientzia hori ez da geografia politikoaren gauza bakarrik, oro har bizitzarena baizik.

        Beharbada, niri dagokidanez, kontatzearen jatorrizko esperientzia, kontatzearen eta bizitzako eta historiako gaizkiulertuen arteko loturarena, txikitan halabeharrez ezagutu nuen muga-aldaketa grotesko mingarri baten garaitik datorkit. Bospasei urte nituela, 1944-45eko neguan, Udinen nengoen amarekin, aita hango erietxe batean zegoelako. Hiria alemanek eta Krasnoven kosakoek okupatuta zuten, azken hauek beren uniforme bitxi sastarrekin, beren zaldi, familia eta puskekin. Herri-migrazio txiki bat. Naziek, giltzapetik edo deserritik askatu zituztenean, aberri bat agindu zieten; hasierako asmoen arabera Errusian, baina gerrako gertakizunek Hirugarren Reich-eko indarrak atzera egitera behartzen zituzten neurrian, aberri borren kokapena behin eta berriro aldatzen zen mapan, mendebalerantz; azkenik, Carnian jarri zuten, Triestetik kilometro gutxira, Pasoliniren familiaren sorleku den Friuliko alderdi menditsu hartan.

        Kosakoek beren oihaletxeak ezezik, beren sustraiak ere eraman zituzten lurralde hartara; beren iragana eta beren estepa aldatu zituzten eskualde hartara, lehentxeagora arte aipatzen ere entzun ez zuten leku hartara. Friuliko herriskek izen arrotz bitxiak jaso zituzten ustekabean: Don, Donets eta Kuban ibaien ondoko herriskak ziruditen. Ejertzito hura ikustean, besteen aldean hain ezberdina, ulertzen hasi nintzen inbasio guztiak ihesa ere badirela eta, askotan, traidorea traizionatua dela. Kasu hartan, kosako haiek, askatasunaren alde borrokatzen ari zirelakoan, tiranokeriarik ankerrenaren zerbitzuan jarri ziren. Bilatzen ari ziren aberriaren izenean, behin-betiko bizilekua eta beraientzako mugarri iraunkor lasai bat lortzeko irrikagatik, haien aberriak eta mugarriak lapurtzen ari zitzaizkion beste jende bati. Beren aberri hura, indarkeriaren ondorio, egiazko grinaz bilatu zutena, artifizial eta groteskoa zen. Beren patuak itsututa, egoera faltsuan bizi tiren eta haien abentura tragedia mingarri eta burugabe bat zen.

        Badakigu nolako errematea izan zuten: Sobiet Batasuneko urkamendietan, edo Drava ibaian, askok bertara bota baitzuten beren burua zaldiekin batera ingelesek errusiarren esku utzi nahi izan zituztenean. (...) Kosakoen odisea galdu hark irakatsi zidan, beharbada, historiaren eta bizitzaren okerra, leialtasunaren eta saldukeriaren edo benetakotasunaren eta artifizioaren arteko zirkuitu-laburra, mugen irmotasun eza eta irmotasun ez horren indar suntsigarria. (...)

        Muga orok du zerikusia zalantzarekin eta segurtasun beharrarekin. Muga beharrizan bat da, zeren eta mugarik gabe edo bereizketarik gabe ez baitago nortasunik, gizabanakotasunik, ez eta benetako existentziarik ere. Muga errealitatea da, itxura eta ezaugarriak ematen ditu, banakotasuna eraikitzen du, banakotasun pertsonal eta kolektiboa, existentziala eta kulturala. (...) Baina muga idolo bihurtzen da hesitzat hartzen denean, besteak apartean egonarazteko hesitzat. Norbere nortasunarekiko obsesioak, zenbat eta garbitasun ezinezko eta atzerakor baten atzetik gehiago ibili orduan eta areago mugez inguratzen denak, bortizkeriara eramaten du. Idolo guztiak bezala, mugak askotan odolezko opariak eskatzen ditu, eta azken garaiotan mugak ezartzeko irrika gaiztoa, bakoizkeria amorratuaren ugalketa —haietako bakoitza bere baitan ixten delarik, bere berezitasuna idolatratuz eta hurkoarekiko harreman guztiak arbuiatuz— borroka latzak eragiten ari dira. Desberdintasuna, gizatasunaren ezaugarri unibertsalaren aldaki berraurkitu eta zuzen onetsiak, ukapen eta suntsipen bihurtzen dira absolututzat hartuz gero. Fetitxekeria horren aurka doa Nietzscheren esaldi bat, hitzez hitz hartuz gero desbideragarria, baina egiaren metafora argigarria dena: «Zentzurik ba al du hizkuntza dohakabe batez maitemintzeak, gure amek hitz egiten zutelako bakarrik? Zergatik izan behar ote dut nire auzokoaren etsai, nire baitan eta nire gurasoen baitan maitatzeko moduko hain gutxi dagoelarik?».

        Izaerarekiko obsesiotik libratzeko erarik onena, hura beti bere gutxi-gorabeheratasunean edo kolokan jarri eta hartaz ahaztea da, norbere sexuaz, egoera zibilaz edo familiaz denbora guztian pentsatu gabe bizitzen den bezala; hobe da, halaber, bizitzaz gehiegi pentsatu gabe bizitzea ere. Ongi dago geure mugak onartzea, baldin eta haien erlatibotasunaz ohartuta bagaude, geure etxeko mugak onartzen ditugun bezalaxe. Mugak era horretan biziak izanez gero, sinpletasunez eta bihozkortasunez, pertsonaren bultzagarri bihurtzen dira. (...)

        Azken urteotan, harresiak lurrera botatzeko eta Europaren batasun berri bat eraikitzeko aukera eman zuten gertakari askatzaileen ondoren, muga berriak eta harresi berriak —harresi etnikoak, txobinistak, txokokeriazkoak— eraiki direla ikusi dugu. Bestalde, gure etorkizunean mamu baten itzala ageri da: hainbat eta hainbat gizon-emakumek, oinazeak eta goseak akuilatuta, beren sustraiak, beren mugak bertan utzi eta beste herrietara aldegingo dute, gorrotoa eta beldurra sorraraziz, eta ondorioz hesi gehiago altxaraziko dira. Eta orduan, herri-aldaketa horiei emango zaien erantzuna nolakoa, halakoa izango da etorkizun hurbilean Europaren existentzia edo haren duintasuna behintzat. (...)

        Beharrezkoa litzateke norbera bestaldean sentitzeko eta bestaldera joateko gauza izatea. Beharrezkoa litzateke norbere herrialdeko abertzaletasunaz lotsatzea, norberak beti horren erru zati bat duelako. (...)

        Jugoslaviaren kasua nonahi ezkutatzen den gaixotasun hilgarri baten adibide garbia baino ez da. (...) Tamalez, gure horizontean tiratzaileak gero eta gehiago agertzen dira, gero eta muga altuagoetan kokatuak, Babelgo dorre batzuk bezala. Munduaren irrealtasun gero eta handiagoan, gero eta zailagoa da Nietzscheren beste galdera honi erantzutea: «Non senti naiteke etxean?».

Koldo Bigurik euskaratua

Milabidai, Erein, 1992

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.