L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-4 (1998-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Lege doilorrak doilortu egiten gaitu

 

Koldo Biguri

 

Eta ez gobernu tiranikoen azpian bakarrik, tamalez. Azken urtarrilean bertan gertatu da, hemendik urruti gabe, Gironan. Isilpeko emigrante magrebiar edo afrikar batzuk kamioi batean zihoazen, Frantziara edo Italiara iristeko itxaropenaz, eta mugatik gertu zeuden, aurkituak izateko arriskuaren beldurrez, berriro, etengabe. Baina halako batean kamioia hondatu eta gidari italiarrak ezkutuko guztiak gordelekutik aterarazi eta bultzaka hasi behar dutela esan die, baita haiek hasi ere. Hau zorte petrala!, pentsatuko zuten. Bidaia penagarri horrek kostatu zaienarekin, pentsatzen dut nik, paperak zuzen dituen edonork joan-etorri ezin erosoagoa egingo zuen hegazkinean, eta hotelik onenean pasatuko zuen gau bat edo beste, ondo janez gainera. Haiek ez, haiek bultzaka hasi behar izan dute, otoitz eginez poliziaren batek ikus ez zitzan.

        Eta ez, poliziak ez ditu ikusi. Baina bai hiritar batek, handik pasatzen zen edonork. Eta hiritar horri arraroa iruditu hainbeste afrikar edo magrebiar kamioi bati bultzaka, eta Kataluinako polizia autonomikoari deitu die: «Mossos d'esquadra? Ascolti...». Istorioaren bukaera, jakinekoa. Gidari italiarra atxilotuta, emigranteak harrapatuta, beren herrietara noiz bueltatuko dituzten zain, dirurik gabe, itxaropenak zapuztuta. Zerbait lazgarriagorik ez ote dute zain?

        Telediarioetan, «...gracias a la colaboración ciudadana» esan dute harrapatu dituztela. Kolaborazioa. Kolaborazionismoa. Kolaborazionistak. Juduekin bezala nazien garaian, errepublikarrekin edo euskal abertzaleekin bezala frankismoaren garaian... Orduan bezala gaur ere; izan ere, lege doilorrak egiten dituen gobernuak horixe lortzen du beti, hiritar soil batzuekin behintzat: haiek ere doilortzea, hiritar soil horiek heren gizatasunaren zati bat galtzen dutela ez konturatzea, legez kanpokotzat jotako pertsona ondikozkoekin izan beharko luketen elkartasuna ahaztu eta bidegabekeriaren kolaborazionista bihurtzea.

        Bai, emigrante gixajo horiek ez dute errausketa-labe batean edo pelotoi baten aurrean aurkituko akabua, hainbat juduk, hainbat gorrik, beste hainbatek aurkitu zuten bezala... Miseriara bidaliko dituzte berriro. Miseriara bakarrik?

        Eta, agian, hiritar kolaboratzaile/kolaborazionistak lasai egingo du lo, egin beharrekoa egin izanaren satisfazioaz, pentsatu gabe berak salatutako pertsona horiek ez berari ez beste inori ez diotela kalterik egin, urrutira joan nahi zutela, bizitzeko eta lan egiteko toki baten bila bakarrik, eta haiek direla biktimak, biktima bakarrak egiazko istorio doilor honetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.