L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Garziarena aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Garziarena Berria-5 (1998-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Festival of Saint Fermin in Pamplona, Catalonia

 

Damiana Garziarena

 

Batzuetan, errakuntza batek, izen nahaste batek, edota esan nahi zena esan beharrean esaten denak, errakuntza eta nahaste ezak baino gehiago, edo esan nahi zela uste zenak baino gehiago adierazten du.

        Ideia horretan oinarritzen da, Freuden errakuntza deitzen dena: berez sexuarekin zerikusirik ez duen esaldi batean sexu inguruko hitzak agertzen dira, hiztunak gogoan benetan zer duen adierazirik. Badira, haatik, sexuarekin zerikusi handirik ez baina munduaren egoera adierazgarriago-edo egiten duten errakuntzak. Har dezagun 1997.eko Urriaren 31.eko The Times Literary Supplement argitalpen ospetsua. Bada ale horretan Sir Raymond Carr historialari ezagunak idatziriko «Inventing Euzkadi» artikulu luze samarra, argitaratu berri den liburu bati buruzko azalpen eta eritziak ematen dituena. Liburu horren izena, jakinmina duenarentzat, The Basques, the Catalans and Spain da eta egilea Daniele Conversi. Harira ekarri nahi dudana, baina, ez da Carr-en iruzkina, ez eta Converse-ren liburua ere. Oraingoan harira ekarri nahi nukeena, artikulu hori hornitzen duen argazkia da; argazki horrek hamaika liburuk baino gehiago adierazten duela uste baitut.

        Ikusten den lehenengo gauza, eskumaldean, jaietan pusikaz egurra ematen aritzen diren buruhaundi horietako bat da, gizonezko bizardun baten itxura duena. Ezkerraldean, zuriz jantzita eta lepoan zapi gorria, eliza baten aurrean-edo, buruhaundiak janzteko abagadunean dauden lau mutiko gazte. Argazkiaren oinak honela dio: «Festival of Saint Fermin in Pamplona, Catalonia».

        Niri neuri, zer pentsatu nahikoa eman dit argazki oin honek, eta sarri bueltatzen naiz, ostera eta ostera ere, hura ikuskatzera.

        (Dena den, zain gelditu nintzen, ea inork protestarik egiten ote zuen. Azaroko aleetan ez zen txintik entzun. Azkenik, Abenduko lehenengo alean, gutuntxo bar agertu zen, Salamancako Universidad Pontificiako liburutegitik bidalia, zeinetan Esteban Pea izeneko irakurle batek errakuntza aipatzen baitzion argitalpenaren editoreari, eta ondoren: «Espainian askok eztabaidatuko lukete Iruña Euskal Herria den ala ez (liburuaren izenburua kontutan hartura), dena den, Iruña ez dago inondik ere Catalunyan, Nafarroan baizik, gure autónoma-etatiko batean)».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.