L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Enseiucarrean aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Enseiucarrean-3 (1987-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez nuen ezagutzen

 

Juanra Madariaga

 

Hasieran ez nintzen konturatu. Zubi horren gainean nere burua katramilatzen nengoelarik ez nintzen ezertaz ohartzen. Olastak, ostarteak islada erazten zituen ene begietan bakarrik. Ixiltasuna zen nagusi. Ez zen erreka bat. Itxasoa hor berton zegoen eta. Ura eta kresala ene behakoa gelditzen zen lekuan batzen ziren, eta juxtu juxtu han bertan olasta, ostartea eta nere begiak haizearen jostailuak ziren. Ilunabarra zen, luze samar, gaua agertzeke bait zegoen, eta engoitik jendea etxeratua omen zen, oso jende gutxi ikus nezakeen begiratu izan banu. Baina ez, jendea ikusteko ez neukan betarik, ur-kresala horrek liluratua bait ninduen. Halere, itsaso begiratzaile bakarra ez nintzela sentitu nuen.

        Ni nengoen lekutik paraje neska segail bat zegoen, gormuturik infinitoa iman digante bailitzan. Eta bai, hasieran ez nintzen konturatu baina ez dakit zer nolako poderioa zeukan neska horrek, zeren behin eta berriro zegoen lekura begira eranzten zidan. Ez zen higitu baina neri etxera ordua heldu zitzaidan, beraz, neska hori uzteko unea. Gaua ilunabarra bezalakoa ten, luzea. Bere soin eta aurpegi imajinario bat etengabeki agertu zitzaizkidan ene ametsetan, ezagunak izango balira bezalaxe. Eguzkiak ene begiekin jolastu nahi zuenerako, ni eznahirik nengoen, neskaren aurpegi ezagun batekin aldi oroz nere buruan eta nor zen jakin ezinik.

        Eguna han-hor-hemen igaro nuen ilunabarra heldu arte. Une honetan ene erexa guztiak zubirantz zihoazen, itsasoa, erreka, ostartea, olasta eta batipat neska, leku berean zeudela pentsatuta.

        Egun horretan zerua trumonadarrez beterik zegoen arratsaldez ilunduz baina era berean edertuz, eguzkia lotara doan lekutik zohardi tipila erakusteraziz. Bestaldetik izarrak izarniatzen hasten ziren une berean etorri zen neska pauso geldo batekin eta aurreko lekuan jarri ondoren, bertan eman zuen denbora osoa gaua etorri arte, nere etxera ordua, partitze horren unea ailegatu arte.

 

        Egunak barik, ilunabarrak ziren bakarrik neretzat.

        Neretzako ez zegoen beste pentsamendurik, neskaren irudia eta aurpegiak orobat inguratzen baininduen. Egun guztiak, hobeto esanda, ilunabar guztiak berdinak izan ziren, denbora mugigaitza izanik. Infinitoa, itxasoa eta edertasuna bakarrik.

        Halako egun batean, neska hori nor zen nere buruan biraka ibili ondoren, argi bat piztu zitzaidan ene oroimenean. Argi izpi horrek Marga zelakoa, esaten zidan. Marga, nere amodio ezinezkoa. Ni baino helduagoa zen. Nere etxearen aurrean bizi zen eta egunero agurtzen ninduen, ni klasera joatean. Errekadutxo batzuk egiten nizkion eta berak sari moduan, eskertzeko pot ttipi bat ematen zidan, amoltsuki.

        Oso pozik bizi nintzen berak alde egin aurretik. Inoiz ez nuen jakin zergaitia. "Agur Pablo" bestek ez zidan idatzi paper zati batean.

        Eta bera izango ez balitz? Benetan oso antza handia daukala! Bai, bera izango da. Baina egun baten, ilunabarra, inoiz baino ilunago agertu zitzaigun, bestelakoa izan zen guztiz. Egun horretan nehoiz ez bezala, neska, Margaren antza zeukana, nere atzetik pasatu zen bere aurpegi erabat imajinatua erakutsiz. Bai, bera zen, edo bera zelakoan nengoen, hain baizen handia zeukan antza.

        Nere baitan hasi zen gatazka, berarengana joan edo.... zer egin. Bere betiko lekura ailegatu zenerako, joatea ebatzi nuen eta ustekabean ikusi nuen nere burua berarengana abiatzen, juxtu berak barandaren gainean, hanka altxatzen zuen mementuan.

        Salta urran zegoen. Nik korrikari ekin nion bere izena kizkirituz. "Marga, Marga, ez, ez bota". Iritsi nintzenerako, arroka artean hezur zuriak gorritzen hasten ziren. Alboratu nintzaion eta.... .... azala pinpor pinpor jarri zitzaidan. Ez zen Marga, neska ez zen Marga.

        Zanpatze eta infinitoa gorritzen ziren bitartean, etxerantza nindoalarik, "nor zen", "nor zen", "nor zen", buruan bueltaka, "nor zen", begiak anpuluka.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.