William B. Yeats euskaraz edo Eireann zaharrera bidaia
Josu Lartategi
0. Hiru itzulpen apokrifori sarrera
Eta ene inguruko zuhaitzok,
Eihar daitezela eta desostatu; haitzok
Etengabeko tirainetan arranguratu; eta ene gibelean
Oro bihur ezazu desolazio. Begitu, begitu, neskatxok!
(Beaumont & Fletcher, The Maid's Tragedy, 11,2.)
Lagun min batek diostanez, gure bizitzaren pasarterik eta misteriotsuenak egundo ere ez genituzke publiko egin behar. Misterio handiek misterio izaten jarraitu behar dutela, honixe da ene lagun min horrek dioena. Seguruenik, ez dabil oker. Nik, baina, lau haizetara zabaldu beharrean aurkitzen naizela uste dut, zer zabaldu eta 1992ko uda partean izkiriatzen ari den honi irlandar lurretan jazotakoa. Badakit, ondo jakin ere, irakurleetariko asko, gehientsuenak apika, paktu literariotan pentsatzen hasiak direla honez gero; halabaina, eta ez nuke honetan irakurlea larregi nekatu gura, hemen kondatuko dudan oro hamabost urteko neska baten ametsa bezain benetakoa da. Hortaz, sinistu dezala nahi duenak.
Suposatzen dut Sligo-n hasi zela dena, ene lagunak Drumcliff-eko hilerrira, Ben Bulben izeneko mendi haren magalera joan zirenean. Hilabete bat lehenago Irlandara bidaiatzea proposatu eta nik, pozarren, baietza eman nienean, ez nukeen ezta asagotik ere asmatuko egun hartan gertatuko zena.
Ene lagunen asmoa Irlandara bidaiatzea zen, bai; bidaia literarioa ere eginda bide batez. Dublinen, adibidez, goitik behera korritu nahi zituzten karrika hezeak oro, plano barik, galdu arte, bai eta ere Leopold Bloom sonatuaren pausuei jarraitu. Ene burua imajinatzen nuen, noragabean, Ulyssesen ale bana eskuetan ene argitaraldian ale zein baino zein lodiago bi bait dira, eta ezin imajina jasan. Hala esan nien beraz; haiek, berriz, uste baino hobeto hartu. Orain kondatzeak merezi ez duen beste gauza zenbaitzurekin batean, Yeats poetaren nolabaiteko ibilbidea markatu eta arakatu asmo zuten baita, bizi izandako tokiak, lorratza utzitako bazterrak, ehortzirik datzan hilobia... eta antzeko hainbat lekutara agerraldiak eginez. Nik, definitiboki, ezetz borobila bota nien, eskubidea zeukatela noski egin gogo zutena egiteko, baina ez arren nirekin kontatzeko, eta haiek halakoak egiten zituzten bitartean ni nire kabuz ibiliko nintzela ene uste ez hain umilean bidaia literarioak tintazko geografietan egin behar zirelako, autoreen beraien liburuetan barrena, alegia. Akabuko auzi honetan ezelango adostasun puntutara heltzea ezinezko izan zenez, gaia atzera ez ikutzea erabaki genuen haiek beren osteratxo literarioak egin arau nik nireak egingo nituen.
Egun hartan lagunek Ben Bulben-erantza alde egin eta, nik tren zahar eta turistiko xamar horietariko bat hartu nuen. Jakina da haien gonbidapena ukatu nuela ez bait neukan gogorik batere gizon baten hezurrak ikusteko gizon hori nobel sariduna izanik ere. Hitz egiteko modu bat zen, noski, baina kontua da hala jokatu nuela, harrotsu agian, ez dakit. Bada, nire asmoa Sligo-tik hur omen zegoen kostaldeko naturgune ezagun batera trenez joatea zen, eguneko egurastua hartzen, iluntze partera berriz bueltatzeko
Ez dakit zer gertatu zen. Kilian Bedford antropologo galestarraren The Transmigration of Soul in Ancient Celt's Society saiakera amaitzear neukan eta hain nengoen sartuta irakurketa burtzoragarri hartan, non nengoen ere ez nekiela, ibilbidearen zein puntutan esan nahi dut. Leihotik so egin eta landa zabalak baino ez nituen ikusten, bai eta lantzean behin dorretxeren bat edo beste ere, zut muinoetan. Galdurik nengokeelako dartadak sano erakartzen ninduen arren, azkenik, tren ikustaileari galdetzea erabaki nuen, eskuartean neukan mapan gaingiroki kokatzeko baino ez bazen ere. Tren ikustaileari galdetu eta, halatan, jaitsi behar nintzeneko geltokia pasatua zela jakin nuen. Soilik pare bat geltokiko aldea zenez, bere gomendioa hurrengoan paratu eta trenaren zain lotzea zela jakin erazi zidan. Arazo bakar bat zegoen, tren orduak urritxoak zirela trenbidean hondatutako ez-dakit-zer zela kausa, eta bost bat ordu itxaron beharko nuela herrixka hartan, bestaldetik hagitz interesgarria zena eta ikusteko gauza ugari zeukana, ni eraitsi aitzin ikustaileak ingeles ulergaitz baten jaurtiki zizkidan azkenengo berbak hona ekarriaz
Hankak geltokiko baldosa beilegietan luzatuaz bat, begizabalka jabetu nintzen herriaren izenaz: Innisfree. Lur eta zur eginda, zinez aztoraturik itsumustuan imajina anitz zurrunbildu zitzaizkidan burmuinean, ene memoria ahuleko txokoren batetik jalgita guztiak. Unekada bitxixea izan zen hura niretzat. Hantxe zeuden William Butler Yeats poeta, hantxe John Ford eta José Luis Guerín zinegileak, hantxe, begirada zatar bihotza kraskakor, Wayne boxealari yankia eta O'Hara bere maite ilegorria amodio besarkada baten elkarturik, hantxe Bill Douglas musikariaren Lake Isle of Innisfree kantaren oroimena.
Ez dut gogoan zenbat denbora lotu nintzen han, memeloturik lez, sinistu ezinean. Literatura, zeluloide eta musikazko lausoa polikiño desagertzen hasi eta errealitatea esaten zaion hori nigana parajetu zenean itaunka bihurtu nintzaion ene buruari: egiazkoa da, beraz, Innisfree? ez al zen Yeats-en asmakizun literarioa? ez, Ford eta Guerín-ek kreazio eta birkreazio erreferentzialaren izenean egindako jokoa? amarru publizitario hutsa ote?
Nolanahi ere den, eta hastapeneko zorabioa nahikoa iraganda, herria baino lauzpabost etxeren bilketa zen haren miatzera deliberatu nuen. Xiberuko Muskildi ekarri zidan gomutara lehen begi kolpean, Muskildi lau eta are goroldiotsuago bat. Zentzuak zorroztu arau Euskal Herrikoa ez zen sentsazio... ez, sentsazio baino usaina bereizi nuen, Irlandako bazter berde horrek garagardo beltzaren usain sarkorra bait zeukan. Herritxoan eman nuen denbora aurrerantzean barne muinetan iltzaturik izango badut, pinten garagardo bitsaz gain dudarik ez kantoi orotan taigabe entzun zitezkeen aingeruzko doinu, akordeengatik izango dela. Cantilena diskakoak ziren. Ezagun nituen kanta guztiak. Bozgailu bi zeuden, bata Flaherty's taberna gainean eta bestea okindegi bakarreko hegalean. Azken honetatik arineketan irtendako andreak, nire babotu arpegiak eraginda hurrean, hitz bitan azaldu zidan musika abisu emateko zela, filma hastean zegoelako inguruko etxalde zahar hustu baten. Zein filmaz ari zen ez zidan esan, hain zegoen emakumea artega paraturik, baina bai nahi izanez gero berari jarraitzeko, arazorik ez zegoen eta kanpotarrek ere ikus zezaten.
Damu dut, irakurle eroapentsu hori. Baina, hemendik aurrera ene oroitzapenak, pilatuaren pilatuaz, koherentziaren bidezidorretik aldentzen dira, ez nik hala nahi dudalako, ez bada zine areto inprobisaturiko etxalde handigaitz hartan abiantzadan sartu nintzenez geroztik gertakizunak urjauzi itzel bihurtu zinelako.
Lerro ziztrin hauek baino bestelako komentarioa merezi duen J.L. Guerín-en Innisfree filma kilikagarria, erantsiko nioke, hortera deitzen baina ene ustez ele polit askoak ditugunen gaineko juzkuek nire senetik aise aterako ez banindute pantailaratu zuten, eta irteeran, amaitu eta behingoan, guztioi eman ziguten panfletotxo bat larrosa gorri batez atondua, bezuzatxoa irudi. Haiek eskuzabalki eskaini eta nik, jakina, poz baten koiu. Hamar bat orrialdetan W. B. Yeats-en The Lake Isle of Innisfree poemaren beste horrenbeste itzulpen zeuden, harietariko bat euskaraz.
Horixe izan zen nire aurrenengo aurkikuntza.
Honen guzti honen ondorik imajinak tartekatuta baino ezin ditut agertu, lurrunezko lauso aldi batek iragaziak bailiran. Trenaren txirrin hotsa arratsalde apalean jada. Landa zabalak eta gaztelu garaiak atzera ere pintzeladetan. Sligoko tren geltokia eta jendartearen bultzakadak. Gero Coole Park deituriko tokiren baten lorategiak, beren presentziak, izpiritu ikustezinak, eta bertako urmaelean zisne basatien ahotik bigarren aurkikuntza misteriotsuki jaso, eta nik astean tintaratu. Hirugarren aurkikuntza bat ere egongo zen, gauerdian, eta hau estrainioena duda izpirik gabe, ene burua Dublin-en bait nekusan, Byzantium taberna itzaltsuan. Imajina lausotu, kiribilatuak. Imajina gorri infernu hagitzez gorriagotatik txarrapatuak. Imajina multikoloreak ere bai. Artez, halere, belzturak nagusitzenago. Eta atsoaren kanta, kanta mehatxugarria, eta segidan dorre beltz infinitoa, eta dorre beltzetik behera haizea arnaska, kantarekin berarekin nahaspilatuz. Eta nik kanta beltza transkribatu. Imajina gehiago tropelean. Berriro trenez karrakan eta berriro banda zabalak eta Sligo eta parajetsu Ben Bulben. Gero ene lagunen buru iletsuak niri beha, ostatuko gure gela freskoan, non arraio harrapatu nuen kolokoia galdezka. Akabuan ohe gogor luzea eta iluntasuna.
Behin euskarazko hiru itzulpen apokrifooi ahal izan dudan modurik onenean sarreratxoa egin eta, noan agudo azken oharra paratzera, nik baino ezin ikus dezakedan kotoizko gela karratu eta itxi honetan zer esploratu asko dago eta.
Bada, edozein motatako oker estilistiko, gramatika aldetiko hankasartze larri edota sinpleki desoreka psikotikoak erruz topatuz gero ez dezala inork pentsa, itzulpenok irakurrita, Yeats-en esku errimearen hobenez suerta litezkeenik. Halakorik gerta baledi, jakin erazi beharrean nengoke ni desnorabidetu hau nindukezuela errudun bakarra.
Goiko aitzaki zuhur eta diplomatikoaren bidez aitor dut ene burua zuritu nahi dudala, horren beharrik ez izanik ere, bizitza betirako eta zorionez, esan behar markatu zidan egun hartako transkribatzaile umila baino ez naiz izan eta. Kontxo!! Hara non datorren, pasabide buzetik honuntza, ene erizain partikularra! Egunean eguneango ene ero... barka, desorekatuxe papera zintzoki bete behar dut orain: indar-jaka bitxi hau gogorki birlotu, sinistu dezaten haiek laga bezala dagoela oraindik, eta irrifarrerik eta alaiena zabal zabal eskaini. Inork deskubri ez zaitzan kontuz ibili beharra daukazu hemen gainena, ez pentsa, ene minuturako bildurra horixe bai bait da, ni deskubritu eta kalera, aingeru beltzen zirkura, benetako zoro arriskutsu horien artera ipurdikada batez bidaltzea.
Sin: Josu Lartategi
Kotoizko Gelan, 1993ko apirilaren l9an
Hegotopia (Heartland)
1. Lehen aurkikuntza ametsak Innisfree izena hartzen duenean
Innisfree lakuko irla
Jagi eta alde egingo dut oraintxe, eta alde egin Innisfreera,
Eta txabolatxo bat, buztin-sasiz egina, bertan altxatuko
Bederatzi ilada indaba ditut zanga han, erleentzako erlauntza,
Eta erlaroaren argiune baitan bakarrik biziko.
Eta pake apurra izango dut han, astirotxu isuriz bait doa pakea,
Ttanttaka goizaren estalkietatik behera txirri-txirriaren kantuetarantza
Brist eta brist dago han gauerdi osoa, purpurazko dindina batean eguerdia,
Txokaren hegoez beterik arratsa.
Jagi eta alde egingo dut oraintxe; gau eta egun, aldi orotan,
Lakuko ura dut entzuten erribera apalkiro txipristinduaz;
Bidean nagoen artean, edo espaloiaren arrean,
Berau dut entzuten bihotz hondoko muin muinean.
The Lake Isle of Innisfree
I will arise and go now, and go to Innisfree,
And a small cabin build there, of clay and wattles made:
Nine bean-rows will I have there, a hive for the honey-bee,
And live alone in the bee-loud glade.
And I shall have some peace there, for peace comes dropping slow,
Dropping from the veils of the morning to where the cricket sings;
There midnight's all a glimmer and noon a purple glow,
And evening full of the linnet's wings.
I will arise and go now, for always night and day
l hear lake water lapping with low sounds by the shore;
While I stand on the roadway, or on the pavements grey,
I hear it in the deep heart's core.
2. Bigarren aurkikuntza: presentzia ikustezinen gainean
Presentziak
Gaua hain izan da estrainioa ematen zuela
Buruko ilea latz eraziko zidala.
Eguzkiaren abailtzetik hona amets egin dut
Emakumeek, botsor edo basati,
Farfailez edo zetazko ehunez ipurditan,
Nire eskailera kraskakorretan gora igoten zutela. Irakurria zuten
Zer izugarri horren gainean bertsotan nuen oro
Elkarrekiko maitasun, ondikotz, erantzun bakoaz.
Atean paratzen ziren, bai eta paratu ere
Nire zurezko atrile handigaitz eta sutondo bitartean
Euren bihotzak taupaka sendi nitzakeen arte:
Puta da bata, eta umea bestea
Ezein gizonezkori desiaz egundo begitu ez diona,
Eta hirugarrena, baliteke, erregina bat.
Presences
This night has been so strange that it seemed
As if the hair stood up on my head.
From going-down of the sun I have dreamed
That women laughing, or timid or wild,
In rustle of lace or silken stuff,
Climbed up my creaking stair They had read
All I had rhymed of that monstrous thing
Returned and yet unrequited love.
They stood in the door and stood betwen
My great wood lectern and the fire
Till I could hear their hearts beating:
One is a harlot, and one a child
That never looked upan man with desire,
And one, it may be, a queen.
3. Hirugarren aurkikuntza: zaharrak, erotasuna eta (H)egotopia
Zergatik ez lukete zaharrek burutik egon behar?
Zergatik ez lukete zaharrek burutik egon behar?
Zenbaitzuk ezagutu dute mutil etorri handiko bat
Arrantzaleen eskutur sendoa zeukana
Kazetari mozkorti bihurtzea
Dante osoa behin ezagutu zuen neska
Astapito bati umeak emateko bizitzea
Aurrerapen sozialaren ametsa, Helena bat,
Oihu egiteko, bagoneta batera igotea.
Zenbaitzuren ustetan da halabeharraren kontua
Gizon onak goseak hil eta gaiztoek aurrera egitea,
Euren auzokoak apaindura barik ikusiz gero,
Argiztatu pantaila batetan lez,
Istoriorik eta singleena ere ez luketela arkituko
Ukibako buru zoriontsu batez,
Hasieraren amaiera duin bat.
Gazteek arean ez dakite auzi honetaz,
Edadetu zoliek ondo ezagutzen dutena;
Eta jabetzerakoan liburu zaharrek diotenaz
Eta onenaren ezin jadetsiaz
Dakikezue zergatik zahar batek ero beharko lukeen egon.