1950 gko Otsailla. 2'go Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea.
1950 gko Otsailla. 2'go Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

Saul'en onbideratzea

(Bid. Eg. IX, 1-19a.)

 

Zaitegi ta Plazaola'tar Iokin Ph. D.

 

(Yarraitzea).

 

Erri asarretuaren aurrean, gertaria zabalago yalki zun. Alare bein bakarrik aitatzen du Yesu: bestetan «gure arbasoen Yainkoa» (Bid Eg. XXII, 14) dio. Itzaldia, yudu aserretuak eten erazi zioten: alderantziz, Mois eta igarleen esana ekarriko zun (XXVI, 2). Damasko'ko yudu guzien ederra zeukan Anani, gizon legezaletsua, aitatzen du. Aren berri Yerusalen'goek ere ba-zuten, agian. Yuduei mintzatzen zitzaien ezkero, bidezkoa zun, Anani'k egiñaz, bere burua itzalez agerrerazi nai izatea. Orrelakorik Agiripa ta Pest'en aurrean esatea, alperrikakoa izango zan: Anani zearo ez ezaguna baitzuten. Beraz, oien aurrean, alde batera uzten du, ta Yesu'ren aoan ezartzen du Anani'k Saul'i esan bearra, Yesu'k berak beste bein esandakoaz batera. Yesu'k Saul'i ta Anani'ri esana, ta Saul'ek Anani'ri esana osotara ekartzerik ez dute gogo, ez Luka'k ezta Paul'ek ere. Mamiz berbera esan arren, zegozkien saietsik egokienak aukeratu zituten edestilariak eta izlariak, nork bere kabuz. Iru txostenak duten korapillorik gaitzena, orra askatuta.

        Besteak oro errezak dituzu. Lur yota Saul eta beste lagunak zeuntzala, dio Kaisarai'ko itzaldiak (XXVI,14). Luka'k dakarrenez, ordea, Saul bakarrik lur yota zetzan; aren bidaideak, ordea arrituta zutik omen zeuden: eladerazko itzak, berriz, zeuden bakarrik esan nai du, Olabide'k euskeratzen dunez; zutik edo luryota zeudenik ez dio, arean. Bidelagunak «argia, bai, ikusi zuten» (XXII,99), baña, inor etzuten ikusi (IX,7).

        Itsuturik egon bear, argia ta iñor ez bereizteko. Besteak «mintzoa entzun bai» (IX,7), Luka'k dionez, «zerauskidanaren mintzoa, ordea, ulertu ez» (XXII,9) dio Paul'ek: alegia, zerauskion aren otsa entzuten zuten; otsok, berriz, etzituten bereizten eta etzuten ulertzen aien esan naia.

        Paul'ek bi itzaldietan esandako apur guztiak eztitu biltzen Luka'k bere txostenerako. Parisaitar gaztearen yazarriak azaldurik zitun dagoneko (VII, 58; VIII, I, 3): emen, berriz, «Yaunaren ikasleen aurka oraindik zema-sarraskiak zeriotzala» labur-sur dio: zema-sarraskiok ikasleak indarkeriz biraotara omen zekartziten, Paul'ek eratxiki zunez (XXVI, II). «Eguerdian» agertu omen zitzaion Yesu (XXII, 6, XXVI, 13); oar ori alde bat utzi zun Luka'k, aldiarekikoak ezpaitzitun gogoko, eskuarki. Yesu'k Saul'i eberkeraz, alegia, arameikeraz itz egin zionik ere (XXVI,14) baztertu zun Luka'k.

        Bidalien Egiñen idazleak, alderantziz, baditu bere-berekikoak ere. Adibidez, Yauna'k Anani'ri esandakoetan. «Zuzena deritzan kalera yoan ta Tarso'tar Saul batengatik Yuda'renean galde egiozu; otoiketan or dago» (II).

        Amabigarren idaztunea, Yesu'ren itzaldian, Luka'k tartetu zun oarra besterik ez da. Alegia, Anani'ri Yauna mintzatzen zitzaionetan bertan, Saul'ek «Anani deritzan gizon bat irudipenez ikusi du beragana satzen eta eskuak berari ezartzen, ikustun egin dedin» (12). Idazkune au, taketa artean, dakar Kelmen Apaizpuruaren Vulgata'k, Yesu'ren esana eten egiten dula adirazteko. Idaztune ori ere Yesu'k esana izan bazan, Anani'ren geroko korapilloak etziran ezertarako. Gañera, Yesu'k onela esango zion: «irudipenez ikusi zaitu beragana sartzen... ta ez «Anani deritzan gizon bat irudipenez ikusi du»...

        Paul'en gogo ona, besterik gabe, Anani'k siñetsi bear zulakoan gaude. Alare, Saul izenaren otsak berak lau-orritan yarri du, ta adiskide samur antzo, Yaunari Saul'en berri eman zion Anani'k: «Yauna, askori entzunda nago zeinbeste kalte zure deunei gizon orrek Yerusalen'en egin dizkien. Emen bertan zure izenpean dauden guziak billurtzeko eskubidea apaizpuruengandik artu omen du» (13-14).

        Siñestunak deunak omen dira: Mesiaren yaurerri deuna alde aurrez goraipatu zuten igarleek (Is. XI, 5; LXI, 3; LXVI, 12; Eres LXXI,7, ta abar). Izan ere, ukuziz Kisto'ren morroi egiten dira siñestunak, lurrekoetatik aldendu ta yarauntsitzat Goteuna dute. Izen bera sarri darabil Paul deunak siñestunak aitatzeko (Err., 1,7; I Kor., 1,2; III, 17; VI, 1,2, Epes. I, 1 ta abar). Siñestunok, ba, Kisto'renak dira (I Kor. III, 23), bizi ba'gera, bizi edo il, Yaunarenak gea (Err. XIV, 8).

        Siñestunak Yaunaren izenpean, daude, alegia, invocant nomen tuum. Yesu'ren izena aipatu, aitortu, goretsi, oles egin esan nai du: labur esan, Yesu gurtu, Yesu'renganako yaureskuntza izan. Itun zarrean ere orixe esan nai du (As. IV, 26; XXI, 33;XXVI, 25; Irten. XLIII, 7), baita Paul deunaren eskutitzetan ere (Err. X, 13; I Kor. 1, 2).

        Ta anani eskierrik yartzeko, itz biribillak esan zitun Yesu'k: «Zoaz, beraxe, dut nere izena atzerri, bakaldun ta Isrrael'en semeei eramateko langille autua-ta. Nik erakutsiko diot zeinbeste neke yasan bear ditun nere izenarengatik» (15-16). Orañarteko Elizaren yazarlea, Berri Onaren zabaltzalle ospetsu egokituko da. Ta aurrenik, Yesu'gandik du «bidalgoa emaritzat artuta, atzerri guziak Aren izenean siñestera eratortzeko» (Err. I, 5) ta arlo ori deduz burutu nai izango du (Err., XI, 13).

        Dagoneko langille autua zergatik izango dan ta nondik nora Yesu'ren izena atzerri ta Israel'en semeei eramango dien, sakonago azaltzen du Yesu'k: «Nik erakutsiko diot zeinbeste neke yasan bear ditun nere izenarengatik» (16). Orra Saul'en etorkizuna iragarrita: ori baita Yesu'ren adiskide miñenak yaso oi duten ondarea: neke, durdu ta axanpak yasatea, alegia. Gogora ekarri Yesu'k esana: «Zuen zori ona, Nigatik biraokatu ta esetsiko zaituztenen, ta zuen lepotik gezur esanaz yazarriko zazkizuenean. Poztu ta ikotu zaitezte zuen saria zeruan yoritsu dalako» (Mat., V, 11-12).

        Ta Yesu'ren izena zabaltzearren, zenbat neke yasan zitun Paul'ek, berak esaten digu geroago: «Kisto'ren ordelari al dira? Areago ni, txoro usañez mintzatzeko; neketan aziago, baitegietan aurkituago, ukaldika porrokatuago, illagian maizago egona. Bostetan yuduengatik berrogeyak bat gutxi artu ditut. Irutan zigorkatu ta bein arrikatu naute. Itxasontzia irutan puskatu zait, legorretik urrun gau ta egun bein utzi naula. Osteraka askotan, galurren ibayetan, galurren lapur aldetik, galurren erritar aldetik, galurren atzerritar aldetik, galurren irietan, galurren basoan, galurren itxasoan, galurren senide xurienean, nekatuta ta laztuta, sarritan lo gabe, gose ta egarri, barutan maiz, otz ta billutsik. Eta orren gañean or dago egun oroko auziabarrekin eliz guziekiko ardura nere gain. Nor aultzen da, ni ere aultzen ez naizala? Nor aurikatzen da, ni sumintzen naizala? (II Kor. XI, 23-29). Ta bizitzaldiaren ta nekeen azkena oraindik urrun zegon.

        «Ordun Anani yoan ta arenean sartu zan. Ta eskuak berari ezarririk, esan zion: «Saul ene anaya; Yesu Yaunak, onuzko bidean ikusi duzunak, bidalita natorkizu, ikustun egin ta Goteunez bete zaitezen» (17); alegia, esku-ezartzez ikustun egingo du, Yesu'k agindu arauz: eskuak eriei gañean ezarritakoan, eriak sendatuko dira (Mark XXVI, 18). Ukuzia izatekoan, berriz, Goteunez beteko da.

        Ta bertantxe, Saul'en «begietatik ezkatak edo alakotsu zerbait yaiki zala, berriro ikusten asi ta yaikirik ukuzia izan zan» (1). Beraz, erabat osaturik gelditu zan Saul. Alare, zenbaitzuen ustez, itsualdi ori ezkero, begietako miña izan omen zun beti Saul'ek. Ta ori tinkatzeko bi egiztabide dakartzite. Aurrena, Galatiarrei berak idatzia: «zeron begiak ere, al izatekotan, erauzi ta niri emateko lain ziñaten» (Gal., IV, 15). Begietako min bera omen zan aragian zeraman ñarra (II Kor., XII, 7).

        Ez du egiantzik iritzi orrek. Ain zuzen ere, begiak ere emateko lain norbait dala esateak, urliaren maitasuna nori-nai adierazi oi du. Aragian zeraman ñarra, ostargi istatsu ark sortua izan ba'zan, nik uste, iñola ere ez zula orrelakorik idatziko: «aragian ñarra daramat, zartaka ari dakidan niriemandako Satan'en aingeru bat ( II Kor., 7).

        Ta zerbait yanda, indartu zan» (19a) Saul. Ukuzia izan arte barutan egon zan. Arrezkero, bideak erasanda, goseak aulduta, ta atsekabeak erabat akituta zeukan, zerbait yanda zuspertu zan. Ikustun alazki egin zaneko oarrok, arretaz urrenez urren azaltzean, osagilleari dagokionez idazten omen du Luka'k.

        Esanak esan, eta Saul'en onbideratzea argi ageri dalakoan gaude. Dana, edestiari dagokionez dago, gezurrak ez dira orrela asmatzen.

        Gertari arrigarri au, ordea, bestera azaltzen, egiñalak egin ditute yakintsu siñesgabeak. Alperrik! Egiari ez diote argia kendu al izan. Beren uste ustelak, ezurteko sagarren antzera, arrak yota daude: ta aize putz andi bage, adar gañetik eroritzen diran sagar ustelen antzera, goiz edo berandu, ustelduta lur yoko dute.

        Barne-zimikoz larri ta atsekabe omen zioan Saul, Damasko'ra bide egiñez: bideak nekatuta, egikizunaren arduraz artega, bere buruarekiko gorrotoz, ekurugaitz. Eguzkiak yandako ordeka goritik itzalpe ozkirrietara igaro-ala, nonbait, sukar galgarriak yo omen zun ta zorabioak artu. Bat-batean, egundañoko ekaitza sortu, tximistak odeiertz zabala istatu, ostotsak burrunba egin ta oñaztarriak irauli omen zun. Gero, buruarengo zorabioz sorgor, aldi bateko begi-lausoz gelditu ei zan. Ez al da bitxi?

        Ziri eder au sartu nai zigun Renan'ek etzun irudimen antzurik. Ala izan zala demagun. Euzki-zorabioa ta onbideratzea bestelakorik dira, noski: ura larrienik danean, sena galdurik datza eria: sukarraren lillura besterik ez du uzten atzean, eria baitaratzean. Orrela, bizibide osoa kataskan aldatu, ta erabateko yoera berria artu ditekenik ez dugu uste. Siñesgabeok asmatutako alatza arritzekoagoa deritzagu, Yainkoak esku-artzea baño. Luzeegi ez dezagun yardun ipui oni buruz. Geroago, Paul'ek berak esanari gagozkiola, iñolako barnezimikorik etzun atematen ordun. Gerokoan, beiñolakoen garbai-miñez apalik iraun zun, Yesu esetzi zula-ta; onela, ordea, ez-yakitez yardun izan zun (I Tim., I, 13);

        Yesu Nazaretarraren izenari gogor egiten bearturik zala etsita zegon (Bid. Eg., XXVI, 9); arrezkero, Yainkoaren naya erabat betetzen zulakoan zegon, biotz barnez bakerik.

        Azalkizun oberik, ordea, Germani'ko yakintsuak idoro dutelazkoa antz eman diteke. Ustela, ala ere. Siñestunen aurka, eztabaidan gogor ari izana omen zan Saul, bere esanetara aiek erakartzeko. Ezari-ezarian, berriz, Saul'en burua atzeman zuten aien esanak, ta Yesu Nazaretarra, agindutako Mesia izan zitekela uste izan zun, bere erriaren yareigille ta atzerrien itxoikizuna izan ere.

        Astiro astiro auznarrean erabillitako asmo au, Damasko ondoan, umatu ei zan ala-bearrez. Egin-egiñean ere, bere buruari gogor eginda, Yesu berpiztua ikusi miña bellakaturik omen zan. Balitz'ko olan burni gutxi izaten omen da. Germani'tarrok ez bide dute giza-gogoa ezagutzen. Adimen utsez, iratxo lilluragarririk ez da ekartzen. Adimenaren bide bakarraz barna, Yainkoaren egia arkitzea oso luze ta mingarri izaten da, zenbait onbideratuen atzeak erakusten dunez. Ez da egunetik biaramonera egiten dan lana. Ta urratsez urrats, elburura gogoa eldu ondoren, larrialdi gorri aren oroi zulagarriak bere baitan oi dirau.

        Orrelakorik, baña, etzan gertatu Saul'en onbideratzean. Bat-batean, erabateko kistar billakatu zan. Beste Bidaliak bezain egitan Yesu'ri itz egin ziola, egia da: baita. Bera ikusi ere. Ori, ordea, Yainkoak adeitsuki, ala naita, gertatu zan (Gal, L, 15-16). Saul'ek, ordea, Yesu'ri ostikoka zeragoion; beraz, gogor egin zion, onbideratzean bertan: Yaunak esan baitzion: «lan gogorra dakartzu eztenari ostikoka» (XXVI, 14). Uztarriari lotutako idi zakarrena, ordea, ostikoka ari izan arren, itaurrean danak, bere oldarrez, nai dunaruntz darama. Lur yo erazi zion Yainkoaren eskupean, eskuko da Saul are biurritzeko: alare, onik etziola ekarriko, alde aurrez zirautson Yesu'k.

        Alatz onen gora andia Eliz guraso guziak aipatzen dute. Lazar'en berpizkundeari baño yaramon geiago egiten dio Augustin deunak (Enarratio in Psalmos, II). Bertan, Yesu berpiztuaren egiztabide berria arkitzen du Krisostomo Yon deunak (In act., hom. XIX, 3 garren zenbakian). Zer dala-ta, Saul'en onbideratzea etzan gertatu Yesukisto il ala? Kisto ziñez berpiztu zala erakustearren. Yesu esetsi, aren eriotza ta berpizkundeari buruz siñesgogor izan, eta Beraren ikasleak yazartzen zitun gizon onek siñetsiko ote zun, Gurutz-iltzatuaren al andi bage? Demagun: beteak gogora siñetsi zuten. Zer diogu, ordea, gizon orretzaz? Orrek Elizari egin zion guda, argi ta garbi oartu duzu. Odolketaraño siñestunak esetsi, ta, baitegietan ixten zitun odol-gorri onek bat-batean siñetsi zun. Kisto'ren yarraille izana etzan: ori etzan aski. Ankerkeriz siñestunak yazarri zitun, aren sumiñak geikeri dana onartu zun, beste guziak baño odol-gorriago izan zan. Itsutu zanean, berriz, Yainkoaren erruki indartsua ikusi zun Uzkurtu zanik ez esan, ordea. Apaizpuruengana yo, bere burua galurrenetan yarri, atzerrietan barna siñestunak esetsi ta zigorkatzen zitun odol-zale ura uzkurtu?»

        Aurrerantzean, Amabiak bezela, Yainkoak aukeratuta, aitorle izango da Saul: Yesu berpiztua ikusi ta Ark erakutsiaren aitorra emango du. Aiek bezela, bidali izango da, Israel'ek zapuzten dun Yesu'ren Izen yareigille ta osasungarria atzerrietan barna zabaltzeko. Geroztik, onbidera baikoz, beraren izangoa ezagun zun. Gaurgero yasoko ditun Yainkoaren erakutsiak oro, Damasko ondoan yarritako orubearen gain eraikiko dira.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.