Antzerti
Abere-indarra
(La Fuerza Bruta)
bi ekitalditan
Jacinto Benavente
euskaratzailea:
Jokin Zaitegi eta Andima Ibinagabeitia
Yarraituko
Benavente'k erderaz idatzi ta Zaitegi-Ibiñaga'k euskeraz.
ANTZEZ-LAGUNAK.
Nel
Simplizi Aizpa
Madame Henri
Madame Richard
Diane
Berte
Fred
Bob
Ugo
Dick
Kayetan
Monsieur Henri
Monsieur Richard
Raja Gurena
Groom bat
Beltz bat
Gaixo-zai bat
Zirku-morroi bat
Arroztetxeko morroi bat (kamarero bat)
Lenengo ekitaldia
Ertilarientzat zirku baten atseden-aretoa dager antzokiak. Pistaruntz daraman ate aundi bat barrenean. Eskubi ta ezkerrean ertilari ta morroyen geletako ateak.
LENENGO AGERRALDIA
Oyala yasotzean, Morroi bat ageri da. Gero barrenetik GROOM bat azaltzen da. Ondoren kaleko sarrera dirudin ezker-aldetik RICHARD yauna irtetzen da. Antzez-oyala yaso baño len, zirkuetan yo oi dituzten eresi bat entzuten da. Oyala yaso-ala, eresia ixildu ta barrenetik GROOM bat datos.
Gromm. Mais, q'est que vous faites lá, vite la barriére! (Baña, zer dagizu or? Arin esia!)
Morroia. Bai... bai...
Gromm. Mais madame attend. (Anderea zai dago)
Morroia. Itxoin dezala.
Gromm. Pas de faineants! (Alpertzarrok!)
Morroia. E... aizu. Zer diozun begira. Ulertzen baidut.
Gromm. Je mén plaindrai á la direction. On vous mettrá á l'amende. (Artezkariari esango diot, eta zigorkatuko zaitute).
Morroia. Sayoetara yoan bearrik ez degu.
Diane. (Barnetik) Yon, Yon!
Gromm. Madame!
Diane. (Barnetik) Mais j'attende depuis une heure. Vite la barriére. (Ordu bete bada itxoiten nagokizula. Askar esia).
Gromm. Tout de suite, madame! Mais, vous entendez! (Bereala, andere. Baña, badakizu!)
Morroia. Baña, zer esi nai dezu? Esi guziak aroztegian atontzen dauzkagu...: gauero apurtu oi dira esiak. (Ezkerreko barnetik RICHARD yauna dator).
Morroia. Egun on!
Gromm. Bonjour, monsieur! (Egun on, Yauna!)
Richard. Saiaketan dagona anderea ote?
Gromm. Bai yauna... Esiak bakarrik falta zazkigu... Zaldi berrian saiaketan ari da anderea... yauzikari izugarria.
Richard. Orregatik musika yotzea eskatu al du?
Gromm. Oui, monsieur!... Baña, esi gabe...
Richard. Baña, ez ote dago esia ipiñita? Zergatik ari da esi gabe anderea?
Morroia. Esi guziak apurtuta baidaude... Aroztegira eraman ditugu.
Gromm. Orrezkero, ezingo du sayorik egin. Esi gabe ezpaiditeke saiaketarik egin.
Richard. Ongi dago. Beraz, ezin dula saiaketarik egin esaiozu... Eztagola esirik...
Gromm. C'est bien, monsieur. C'est madame qui ne va pas contente. (Ederki, Yauna. Anderea, ordea, ez da poztuko, noski). (Barrenetik diyoa).
Morroia. Esia badegu..., baña, zuk agindu diguzu andere orri eskatzen digun ezertxo ere ez emateko...
Richard. Bai, bai... Ongi dago orrela. Eskatzen dun ezer ez... Aserretuta lenbailen yoan dedilla nai baidet. Ekitaldi gareztia ta iñori ere atsegin etzaion yarduna. Emendik alik ariñen alde egin dezala nai det. (Barreneko ezkerretik arrotz-etxeko morroi bat dator, bandejan edontzi ta koñak bonbil bat dakarzkila) Or ipiñi... utzi dana... (Eskubian dagon maigañean uzten ditu) Beste nori dagokio goizean saiatzea? (Arrotz-etxeko morroia sartu dan aldetik diyoa).
Morroia. Henri-ta, burestun berriaz... eta indiarrak ere saiaketa eskatu du... Orregatik, kaiola ateratzera etorri gera...
Richard. Baña, egiteko ori berak ordaintzen du; gai ontan Artezkaritzak ez du ikustekorik... Berak eskatzen ditu morroiak... eta berak ordaindu ere...
Diane. (Barrenetik dator amazona-antzera yantzita bere zaaroa eskuan dakarrela) Good morning, Mr. Richard (Egun on, Richard yauna).
Mr. Richard. Good morning to you; englanderaz esaten didazulako bakarrik; españarra baizera... ni bezela!...
Diane. Batek badaki nungoa zaitugun eta zer izkera darabiltzun... Nere zaldi yauzilariakin saiaketarik gaur ere ezingo dudala egin badakizu. Ez esan gero ikusleak beti bat ikusiaz aspertu egiten dirala... Osterantzean, ikusle oiek ez dituzu ain burutsuak.
Ezpaitakite zaldi gañean doi-doi ibili eta soñua lagun bear duten ergel batzuengandik Biena'ko Kaisar-Ikastolan zaldiketa ikasitako ni bezin zaldilari aipagarria bereiztea.
Mr. Richard. Bai, bai; guzi ori badakit...; ikusleak, ordea, ez; ta gauero zu pistan azaldu ordukoxe, ikusleak pum... pum... pum... (Maia ukubillakin yoaz dio). Ori ikusleentzat eta neretzat aspergarri zaigu.
Diane. Iñun ere orrelakorik etzait gertatu. Biena'n, Berlin'en, London'en, San Petersburgo'n laister-tokia lorez betetzen zan.
Mr. Richard. Orregatik orain ez degu lorarik.
Diane. Zorionez, egun gutxi falta dira itunbena amaitzeko. Alperrik berritu nai izango dezu.
Mr. Richard. Ez, ez... Nik ez det ezer berrituko; itun nago, baña, ikusleak badakizu... pum... pum... pum... (Len bezela).
Diane. Ikusleak-edo ortarako erosten ditun baten batek.
Mr. Richard. Ez! Ergelkeriak dira oiek... Iñork ez du ortarako ordaintzen... Ikusleak bai, ordea...
Diane. Bai, ba. Taldeko Ertilari guziak bekaitzez dagozkit.
Mr. Richard. Nere taldean iñork ez du bekaitzik... Nere taldea yatorra da... Irudi utsak dituzu... Zaldi-yardunak bakar-bakarrik aspertzen ditu. Nik ongi nekian, baña obekiago yakin nai nun. Orregatik egin nun itunben au. Baña, aurrerantzean, ez zaldi, ta ez zaldiondo.
Diane. Au ezpaita zirku...
Mr. Richard. Zer diozu...
Diane. Emen egiten dana ezpaita ertit-tsua.
Mr. Richard. Zer diozu...? Eztagola antzerik-nere zirkuan...? Ludiko goren-goenak... zortzi mila eta bederatzi mila frankoko ekiñaldiak.
Diane. Antzoki-ekiñaldiak bai, baña, zirkokoak ez; emen ez dago ertilaririk; emen ertilariok sobre gaude.
Mr. Richard. Baliteke, baliteke...
Diane. Yaztera noakizu... Eta badakizu, nere erruz ez da: gabean ere, betikoa.
Mr. Richard. Bai; badakit, badakit; betikoa. Pum, pum, pum. (Len bezela).
Diane. Nere aipua guzion gañetik dagola yakin ezazu! (Deituaz). Yon, Yon!
Groom. (Barnetik dator). Madame.
Diane. Venez m'habiller! (Laguntzera zatozkit).
Groom. Quand vous voudrez, madame. (Nai dezunean, Andere). (Diane groomekin ezkerreko lenengo gelan sortzen da).
BIGARREN AGERRALDIA
Richard eta Henri ezker barrenaldetik datoz.
Henri. Ene! Richard yauna, nola zaude?
Mr. Richard. Oso ongi, Henri yauna. Zure menpeko!
Henri. Richard anderea ere ongi ote?
Mr. Richard. Bai, oso ongi. Zure menpeko. Henri anderea?
Henri. Laister etorriko da neskatillekin.
Mr. Richard. Zer edo zer artu nai al dezu?
Henri. Ez, eskerrik asko...
Mr. Richard. Bai, gizona, bai; zerbait artu zazu. (Ezkerreko azken-ateruntz urretatuaz). Eup! (Arrotz-etxeko otseiña dator). Akeit-etxekoei esan ekartzeko... Gizona, zer artu nai dezu?
Henri. Garagardo apur bat.
Mr. Richard. Garagardo bonbil bat... otz otza... (Mutilla badoa. Maiaren aldamenean exeritzen dira biak). Orain saiaketa egitera al zatoz?
Henri. Bai... ertilari berriakin... Itunduta gaude... Oso ongi diyoa... Pozik nago... Zuk ez dezu siñestuko, baña españarertilariak ludian garaienak dituzu.
Mr. Richard. Nik ezer ere ez diot... Baña, zuk agirietan englanderazko izenak yartzen dituzu. (Mutilla dator bandejan txola ta garagardo bonbilla dakazkila: guzia mai gañean uzten du eta Henri yaunak edaten du. Mutilla etorri dan aldetik diyoa).
Henri. Ikusleegatik, lankideegatik... Baña, nere taldea españar-ertilariak osatzen dute... Ta zuk esango didazu lenengo mallakoa ez ote danentz, Sheffer, Montroses, Kremos añakoa.
Mr. Richard. Bai, bai. Baña, zuk asko galdu dezu mutil orren utsaz. Yauzilari yatorra zenun...: ikusleei oso atsegin zitzaien... Gañerontzekoa gaizki dagonik ez diot; baña, beste yauzilari ain indartsurik ituntzeko biderik ez dezu izango. Fred gaixoa zenun burutsuena. Orain berriz, ezin dezakezute lanik egin zirku andietan, aren yarduna geiago sayatzen ez dezuten bitartean... Orregatik ez det itunbenik berritu nai.
Henri. Egitan diotzut: laister Fred'en utsik ezertarako ez dala nabaituko. Berria ere azkarra da... Billatzen yakin ezkero... Ta nere ikasketaz... neronek ertilari andiak sortu izan ditut... nere ta nere emaztearen semeak... ta orain taldean ditudan besteok... Nik beti España'n arkitzen ditut, ta beti España'n... Parantzetar ertilaria apañagoa, inglesa gertuagoa, alemana indartsuagoa, amerikarra bulartsuagoa... baña odol beroa.... españar ertilarien sua ez da iñun arkitzen... Orregatik dituzu ludiko yauzilari bikañenak.
Mr. Richard. Ta nola dago Fred gixajoa? Iru bider yoan nitzakion gaixotetxera... itun uzten nau... diru apur bat eman nion. Anka galduta dula orok diote. Badakizu... zartako uskeri bat zala uste genun guziok.
Henri. Ala da... Zoritxarra. Neronek ere ankak, besoak, ta burua ausi ditut eta iñoiz etzait ezer gertatu. Ta mutil ori lenengo zaztakoan...
Mr. Richard. Ta orain gizon gixagaxoa... ezin geiago ezer irabazi... Ertilari-Alkartasunaren saririk ez al du yasotzen?
Henri. Zoro bat izan da... Entzun zegokiona ordaintzen... Orain ezer ez du yasoko... Nik zer edo zer utziko diot... Beraren lagunak ere bai. Baña nik ezer geyago ezin dezaket egin.
Mr. Richard. Yakiña. Nik ere ezin nezake ezer. Gertatu bai, ta itzuli ezin dezaken zoritxarra baita. Ni bein bakarrik erori nintzan, ertilari nintzanean... Zoriongarria izan zan; ikusleen gañera erori nintzan...
IRUGARREN AGERRALDIA
Lengoak eta ezkerreko lenengo atetik datorren Diane eta Groom. Diane kaleko yantziz.
Diane. (Giltza bat groomi emanaz). Prenez la clef. Monseiur Henri. (Tori giltza, Henri yauna...). (Groom ezkerreko azken ate barna diyoa).
Henri. Mademoiselle...
Diane. Eta madame?
Henri. Onik dago. Bere zai nagokizu. Sayaketarik egin al dezu?
Diane. Ez, ez, emen ezin liteke sayaketarik egin. Badakizu zer gertatzen dan txabola ontan.
Mr. Richard. Um...
Diane. Itunben azken-egunaren erpai nagokizu. Zuek bart amaitu al zenuten?
Henri. Bai. Eta gaur goaz.
Diane. Nora zoazte?
Henri. Taldea berriz zuspertu arte, ezingo degu lan txatxarrik baño egin.
Diane. Ain zuzen ere: nola dago Fred gixagaxoa? Bein bera ikustera yoan nintzala esango zizun. Baña, ain ituna baita! Alde guzietatik espaka ari diran gaixoak. Berriz yoateko adorerik ez det.
Henri. Gaur goaz gu, askenengoz, agur egitera. Ordu laurden txar bat!
Diane. Bai..., ituna benetan... Ezertarako ere ez da gauza izango, beraz?
Henri. Ezertarako, ere ez.
Diane. Au tamala! Ain gazte ta ain belatz Fred gixagaxoa izaki! (Banko-txartel bat emanaz) Nere ordez emango al diozu?
Henri. Ezkerrik asko, mademoiselle Diane.
Diane. Al dedana... Henri andere, bere neskatil eta lagunak nere ordez agurtu itzatzu, eta ez diotzut agur... ikusi arte baizik. Ludia zabala da, baña alaz ere noizbait edo alkartu oi gera. Irugarren aldiz emen arkitzen gera. Ez da azkena izango, noski.
Henri. Ezpaigabe... Ikusi arte, mademoiselle, eta zoriona izan.
Diane. Ikusi arte, eta ondo ibilli. Monsieur Richard, gaberarte.
Mr. Richard. Gero arte. (Ezkerreko azken atetik diyoa). Ori bai txoria! Lapurtu nau. Illeko bi milla franko ta yarduna etzaio iñori atsegin... Bi zaldiak, esan oi danez, asto zar bi dira...; ta andrea, beste ain beste. Au lapurreta bat izan da.
Henri. Ara. Rajá gurena!
Mr. Richard. Ori ere ez da makala...!
LAUGARREN AGERRALDIA
Lengoak eta azken atetik datozen Rajá ta Beltza.
Raja. Egun on, yauna.
Mr. Richard. Bonjour.
Beltza. Egun on.
Raja. Au beroa!
Beltza. Leoiak ikustera noa, yauna.
Raja. Zoaz, zoaz... (Barrenetik diyoa Beltza).
Mr. Richard. Ta zergatik zoaz kalera horrela yantzita? Itundu degunez indioyantziz beti ibilli bear zera. Ori ona da irabazteko, baita ikusleak ere ekartzeko!
Raja. Baña, ni ezin nindeke sorkalderaz yantzita ibilli. Guztiak neri begira ta nere atzetik etortzen baidira.
Mr. Richard. Ori nai det, ba, nik.
Raja. Baña, nik ez. Nik gustora ibilli nai det kalean.
Mr. Richard. Sayatzera al zoaz? Zer dala-ta gaur?
Raja. Leoiak bearra baitute. Bart leoi-emea etzegon eskurakoi; ta oski baten kosk egin zidan. Orregatik leoia zigortutzeko sayaketa egin bear det; ikusleen aurrean ezin det zigortu...: ez da ongi. Orain, baña, zigorkatuko det: gogor...! Piztia ta emakumea... biok berdin...: bein arrotu ezkero, ezin baretu. Amaika pizti izan ditut... baita amaika emakume ezagutu ere... Nola eskuratu badakit.
Beltza. (Barrendik dator). Yauna, leoiak gertu daude.
Raja. Zoaz, zoaz...; yauna... yauna... (Beltza lagun dula barrendik doa).
BOSKARREN AGERRALDIA
Henri ta Richard yaunak.
Henri. Nere sendikoak astiro dabiltz.
Mr. Richard. Ez dago presarik... Orain ari da sayaketan basatia.
Henri. Indiar Rajá gurena! Iragarri oi danez... Ta zuk badakizu ori nungoa dan benetan?
Mr. Richard. Nere ustez Arjeli'ko arabitar bat. Ezilari baten morroia zenun eta leoi oiek erosi zizkion. Badakizu. Lapurretan egin didate! Illean iru milla franko... ta leoiok lau katakume dituzu. Gizon ori berriz beti edaten ari da... Zirkuan beti zabuka... Au ezin diteke... Ertilari batek ezin dezake edan. Ni ertilari nintzanean, yardun baño amabost miñutu aurretik ez nun iñoiz edaten.
SEIGARREN AGERRALDIA
Lengoak, Ugo, Dick eta Kayetan ezkerreko atetik datoz.
Henri. Emen daude nere ertilariak.
Ugo. Egun on, Monsieur Richard.
Dick. Osasuna, Monsieur Richard.
Henri. Nola etorri zerate ain berandu?
Ugo. Au etzan agertzen. Lo gelditu zan.
Kayetan. Nekatuta nengon.
Henri. Lan egiñaz?
Kayetan. Lo ez egiñaz... Batek badaki askenengoz noiz oe gañean lo egin nun? Udan, yakiña, izarpean.
Mr. Richard. Yauna, au ote ertilari berria?
Henri. Berau dezu... Zer deritzazu?
Mr. Richard. Ain kementsua ez deritzat.
Henri. Bai, indartsua dezu, bai... Ator ona... Aizak, zer arraio dek ire izena? Iñoiz ere ezin nauk oroitu...
Kayetan. Kayetan, zure menpeko, baita zure ere...
Henri. Ez, ori ez dek izena... Kayetan ezin ditekek... Beste bat ezarriko diagu.
Kayetan. Nai dezunez.
Henri. Urreratu akit. Ikusi zazute: zaintsua da.
Mr. Richard. Bai, bai...
Henri. Aspaldi ezkero, ordea, etzun yango ezer... Ez ote da horrela?
Kayetan. Ikusten dezu... Al zanean... Azken-aldi oietan Docks'etan yatera yoaten nintzan...
Mr. Richard. Ta nun ikasi zenun gimnasi egiten?
Kayetan. Beste nere lagun batzukin... Orma zarrentan... Luebakietan... Erri zear ibillia naiz eta baita zinetan ere... Txalo ugari irabazi ditut.
Henri. Ori ez da ezer. Orain izango aiz ertilari... Ugo ta Dick bezelakoa. Baña, lan egin bear da. Ia gaur truko guziak ongi egiten ditugun!
Kayetan. Bai, yauna! gaur ederki yan det... Neronek bakarrik aragi pusketa eder bat.
Mr. Richard. Ta txairo agur egiten ikasi bear dek. Pista ta esian lerden ibiltzen, beti dotore.
Ugo. Ari da, bai, ari da. Ia, agurtu ezak. Kayetan'ek parregarriro agur dagi).
Mr. Richard. Ez, orrela ez; dotoreago, liraiñago. Beste era batera yantzi bear dezu. Orain arlote bar dirudi.
Henri. Txukunago yantziko degu, berak lanez ordaindu dezakenean. Orain ertilari-yantziak egin bear ditu. Nik diru-mordo bat aurreratu diot... Baña, berak bitxiak erosi naiago izan ditu. Begira zazu: kate ederra, erestun bat...
Kayetan. Katea ederra da, noski; iru ogerleko kosta izan zait... Erlojoari, daukadanean, eusteko. Erestuna ez da ona, baña, beste ainbeste dirudi; batez ere gabaz diz-diz dagi.
Henri. Ederki; goazen sayora, aldirik ezpaidegu. Gero gaixotetxera yoan bear degu Fred'i agur egitera. Ta zazpiretan... anka!... Ama ta neskatilak?
Dick. Eraman bearrak atontzen gelditu dira. Laister etorriko dira.
Henri. (Richard anderea datorrela ikustean). !Oi! Madame Richard! Madame! (Agur egin eta barrendik diyoazen Ugo, Dick, eta Kayetan'en yarrai, Henri ere aldentzen da).
ZAZPIGARREN AGERRALDIA
Richard Yauna eta Richard Anderea. Au ezkerretik azalduaz.
Mad. Richard. (Agurtuaz) Henri...! (Richard'i) Richard!
Mr. Richard. Zer?
Mad. Richard. Zu beti edaten... Orrek asko naigabetzen naula badakizu. Zenbakolatik natorkizu. Txartelak gero ta okerrago. Bart 667 peseta ta 55 xentimo. Orrela ezin diteke; Ertilariak garezti, ikusleak merke, ta zu txurrut eta txurrut... Neronek artu bear ditut Artezkaritza, Zenbakola, guzia... Orok lapurreta egin dizute; orok ziria sartzen dizute... Endekatu bat zera zu...! Richard...!
Mr. Richard. A... andera! Utzi, utzi... Garatzak ezagutzen ditut; egun batean gaizki, bestean ongi.
Mad. Richard. Zu ertilari zera, baña, ez garazlari. Nere lenengo senarra bai, ura bai gizona! Iñork etzun atzipetzen...
Mr. Richard. Ergelkeriak!
ZORTZIGARREN AGERRALDIA
Lengoak; Mad. Henri, Nell eta Berte, ezkerreko azken-atetik sartzen dira.
Mad. Henri. Madame! Monsieur Richard! Eta Henri ez al da etorri?
Mr. Richard. Bai, Madame! Yolas-tokian dago. Eta nere lagun politak... Geiago ezingo ditut ikusi...
Mad. Richard. Benetan. Gaur zoazte. Zoriona opa dizuet, Madame Henri.
Mad. Henri. Zearo atsekabetuta noakizu, Madame Richard. Ezertarako ez diran itunbenak. Fred'en ezbearrak...
Mad. Richard. Bai orixe... Ezbearra.
Mad. Henri. Ta eralgi bearra ugari...; eralgi bearra. Zure baimenez, ikasle berriaren saio bat ikustera noa... Henri pozik dago... Nere ustez, ertilari kaxkarra da... Fred bezelakorik gutxi! Yazten ez luzatu! Sayoak ere egin bear dituzute.
Mr. Richard. Ni ere zurekin niyoa ertilari berria ikustera.
Mad. Richard. Ni dana ikustatzera noa. Norberak dana zaindu bear du. Guziak lapurretan, ordea. Nere senarrak adorerik ez du... (Barrendik diyoaz Mad. HENRI eta Mr. Richard; Mad. Richard ezkerretik).
BEDERATZIGARREN AGERRALDIA
Berte ta Nel.
Berte. Yaztera bagoaz?
Nel. Ez, ni ez noa.
Berte. Beti arpegi illun egon bear al zera? Beti Fred'en oroipenez bizi bear?
Nel. Bearko. Iñor ezpaita oroitzen. Lotsagarria da, lotsagarria... Orrela bertan bera utzi, ezer irabazi ezin dezakenean...
Berte. Zer egin diteke, ba? Errurik iñork ez du... Guztioi gertatu dezaiguken zoritxarra da... Mr. Henri'k gure lanak ordaintzen dizkigu...
Nel. Ordaindu...? Bai zera... Geuk bai berari... Ta Fred gaxoa... Ez, agurtzeko kemenik ez det izango. Zuekin ez naiz yoango.
Berte. Zure aitak Mr. Henri'kin izenpetutako itunbena bukatu da. Beraz, nai dezuna egin dezakezu.
Nel. Badakit... Berak gaur indarrez berritu eragin nai zidan. Ugo basatiak larderiatzen niñun. Ezpaitago Fred nere al yartzeko...
Berte. Zer dala-ta Ugo ez dezu maite bear?
Nel. Iguingarri zaidalako. Astotzar bat baida, trakets bat. Orrentzako abere-indarra besterik ez dago.
Berte. Fred ere ez ote zan beste ainbeste? Ukabilka zure maitasun'arren Ugo'kin ari izan zan. Ordun garaille egokitu zan... Orain, berriz, Ugo'k eskubidez lortu nai du zure maitasuna... ta, alegia, iritxiko du...
Nel. Baña, ni, zuekin ez yoango...
Berte. Zer diozu?
Nel. Ez, ez; emen ekuratuko naiz. Naiz ta gosez il. Fred iñoiz ez det utziko.
Berte. Ta alogerarik irabazi ez dezaken gizon batekin zer egingo dezu?
Nel. Neronek irabazi dezaket... Nik bik aña lan egingo det.
Berte. Zerorrek bakarrik? Amets zororik ez egin. Fred zapuztu ezazu. Obe izango zaizu. Ugo laister izango taldeburu... Dirua ere badu... Mr. Henri'kin bere itunbena amaitzean guztiok berakin yoango gera. Lan-sari ugariago izango degu... Zu beraren emazte izango zera... Zirku baten yabe ere bai... Richard senar-emazteak bezela... Zuen aberaskiak London'go diru-etxean izango dituzute... Paris ondoan landetxe bat... Ertilarien amets urdiña.
Nel. Bai, Ugo'kin dana.
Berte. Ta Fred'ekin zer? Ori etokizun ederra. Ijotoak iduri, azokarik azoka... Besterik ezingo baidezute.
Nel. Ez nauzu diru-egarri... Orrela nenbillen nere aita-amakin, azokarik-azoka... bideetan barna... gurdi batean... ta nere bizitza alaia zan.
Berte. Bejondeizula. Sayaketarik ez al dezu egin bear?
Nel. Ez.
Berte. Yaztera noa... (Ezkerrezko atetik Bob irtetzen ikustean). Bob'ek lagun egingo dizu... Au ere maite-mindurik dezu... Ori etorkizuna.
Nel. Baliteke. (Barrendik diyoa Berte).
AMARGARREN AGERRALDIA
Nel eta ezkerreko azken-atetik bere txakurrakin datorren Bob.
Nel. Zer degu, Bob?
Bob. Nel, andereño ori. Zu ikusiko ziñudanik ez nun uste.
Nel. Ta neri agurrik egiteke yoatekotan al ziñan?
Bob. Zertako? Illunago egoteko... Nere ikasle berria adeiez aurkezten dizut.
Nel. (Txakurrari so-egiñaz) Au itxusia.
Bob. Baña, oso burutsua... Beste adiskiderik ez det... Lurbira zear bakarrik noa... Orrela lan egitea, benetan ituna...
Nel. Lenago bazenun lagun bat.
Bob. Nere anaia... Egizko anaia... Beti elkarrekin lan egin genun... baña, emakume bat bitarte yarri zitzaigun... ni maite niñula esan, esta bestea maite zuna... Zergatik ez zion lenengotik bera maite zula, neri iñoiz ezer ez esan-arren?...
Nel. Gero maiteko zun-eta... bakarrik utzi ziñuten Bob gaixoa?
Bob. Biak elkar yoan eta nere ogasunak, nere dirua, eraman zituzten... Espetxean sartu nezazkean, baña nere anaia zan-eta... aserre baño itunago nengoan ni... Arrezkero bakarrik nago.
Nel. Ta berriz ere beste emakume batez ez ote zera maitemundu?
Bob. Berriz ez maitemintzea naiago izango nun. Baña, zuk badakizu... Ni, bai, maitemiñez nagola...; zu, ere lepotik parrez ari zera.
Nel. Ez, ez... Maitemin ori ez dizut siñesten, ordea.
Bob. Bai, egia da... ez da aski, «maite zaitut», «maite zaitut», esatea... siñesterazteko. Baña, nik, esan besterik ezin dezaket egin... Gehiago al banu...
Nel. Maitasun-agerkai berezi bat? Maite-agiri berezi bat neri azaltzeko gai ba ote zera?
Bob. Maite-agiri bereziena azaltzeko lain nauzu.
Nel. Ja! Ja!...
Bob. Zergaitik par egiten didazu?
Nel. Parre dagit... yolastokian galdetzen dizutenean erantzun oi dezunaz oroitzen bai naiz: «Yauzilari indartsua ote zaitugu?». Ta zuk: «Bai, yauna; eguzkipeko yauzilari indartsuena nauzu»... Oraingoa, ordea, ez da indar-auzia, Bob. Au da: nolabait, baliteke... beste indar batena... Laisterregi erantzun didazu. Nai dedanez... maite izateko lain etzerala badakit.
Bob. Zeorrek nai dezun guztia; eskatzen didazun guztia... Zaude ezpaiganbe. Ludian zu besterik ezin dezaket maite.
Nel. Nigandik iñoiz ere aldentzeke pozik biziko ote ziñake?
Bob. Zer diozu? Ez da egia... Iseka egitearren, illunago neu uztearren ori diozu.
Nel. Ez. Nai ez dezuna zerori izango zera... Henri'ekiko nere itunbena bukatu da: aurrerantzean eurekin ez niyoa.
Bob. Zer diozu?
Nel. Nerekin etorri nai ba'zenu...
Bob. Egia al diozu?
Nel. Zu, zure lanez... ta ni, burni-ari ta trapezio lanekin... ta ikasiko nituzken beste batzuekin... itun-eske ibiltzeke... erriz-erri ibilliko giñake... gurdi batean zaldi edo mando batez, bideetan barna... ta deritzakegun tokian lan egingo genuke... aizea bezin aske... ez iñoren mende... Bizitzeko aña izango genuke.
Bob. Bai, bai...; biok elkarrekin; biok bakarrik...
Nel. Bakarrik ez, Bob.
Bob. Oraingoz bai...: geroago... ezetz badakit... Ertilari txikitxoak etorriko lirake... Neronek eziko nuken talde osoa...
Nel. Ara or. Ez degu biot bat nai. Edozer egiteko lain ez zerala ez ote dakusazu?
Bob. Orduan...
Nel. Ez, ez... eziñezkoa dala badakit... Nere amets utsa dala badakit; gizon baten maitasunari geiegizkoa eskatzea dala badakit...
Bob. Ez, dana esadazu... Bakarrikan ez giñala yoango esan didazu. Nor letorke bada?
Nel. Fred.
Bob. Oraindik ere maite dezu.
Nel. Ta oraindik maite izan ez ba'nu, gaur iñoiz baño areago... Zuk, ordea, ez niñuzuke maitatu bear... Ara nolakoak zeraten gizonok. Biotz-okerdun nerau izatea naiago dezu biotz au besterena ez izateko...
Bob. Baña, ordun bera litzake... Zu berea ziñake... Ta Bob beti bakar...
Nel. Ez, ez; nere maitasun guztiaz... arreba-maitasunaz, alaba-maitasunaz... maitasunik indartsuenaz, gartsuenaz..., bizitza baño areagoaren zor natzaizukelako. Ta Fred, zure anaia litzake... besteak bezela, salkeririk egingo ez lizuken anaia...
Bob. Ez da bearrezkoa; bera maite dezula esanaz asten baizera.
Nel. Eta egi orrek... zure maitasuna porrokatzen du. Badakit. Agur, Bob. Ez gera iñoiz ikusiko.
Bob. Ez, Nel.
Nel. Uste zenun bezin kementsua ez zerala ez ote dezu ikusten?
Bob. Bai, Nel, bainauzu... Elkarrekin yoango gera... Fred gurekin etorriko da, beretzako lan egingo degu... Ta ni zuen zorionez zoriontsu izango... Baña... baña, errukigarri ura, zuk maite dezunez, maitatzen ezpazaitu. A! Ordun abere-indarrarena litzake... Pozik al zaude? Nere maitasunaren agiri egokia ba ote dezu?
Nel. Oi, Bob. Nola maitatuko zaitudan... Nola maitatuko zaitugun guztiok. Gaur Fred ikustera yoango gera. Gure asmoa azalduko diogu. Zein illun dagoken. Guziok uzten baitute... bere lagunak, bere egun zoriontsuetakko lagunak... Ene Fred gaixoa. Eskean ibilli bearko luken elbarri gaixoa. Ain ona izango ziñanik ez nun uste, ezta ainbeste maite niñuzunik ere.
Bob. Nik ere ez nun uste. Norberak uste bezin on edo oker iñor ez da... Ara! Ni zu pozik ikusiaz poztu bear nintzake... ta negar dagit... Ni, nola maite dezun ikusita, illundu bear nintzake, ta pozik nago... Lana bear da biotza eskuratzeko... Baña, ezi ez dedan abere bakarra orixe litzake.
AMAIKAGARREN AGERRALDIA
Lengoak eta barrendik datorren Ugo.
Nel. Ene.
Ugo. Zer dio Berte'k? Sayorik ez dezula egin nai? Itunbenik ez dezula berritzen?
Nel. Ez... Henri'k badaki... zuk ere badakizu.
Ugo. Nel. Itunbena izenpetuko dezu.
Nel. Ez, ez det izenpetuko... Orain azke naiz...; nere aita il zan... buru-yabe naiz.
Ugo. (Eskuetatik elduaz). Izenpetuko dezula diotzut.
Bob. (Tartetuz) Utzi, utzi...
Ugo. Ta iri zer?
Bob. (Nel adeztuaz) Asko. Nel nerekin baidator. Gure itunbena izenpetu degu.
Ugo. Irekin?... Ai! Txantxetan ote? Atoz, oraintxe bertan izenpetuko dezu (Berriz eskuetatik elduaz).
Nel. (Bob'i deituaz) Bob! Min dagidazu. Azkatu.
Bob. (Bitartez) Yarein! bestela...
Ugo. A, benetan da. Orduan ikusiko degu...: gizon batekin aritzea naiago det. (Ugo ta Bob alkar yotzeko gertu-gertu dira).
Nel. Ez... Bob... Ugo... Etorri.
Bob. Ni baño indartsuago zera... Baña, ilko zaitut.
Nel. Ori ez, Bob... ori ez... El, el! (Ugo ta Bob burrukan ari dira ta Nel'en orruak entzunaz batera guztiak biltzen dira, batzuk barrendik, beste batzuk ezkerreko azken-atetik datozela).
AZKENENGO AGERRALDIA
Lengoak, eta Ugo ta Bob aldentzera datozenak.
Guziak. Zer da?
Mr. Richard. Nere zirkuan burrukan?
Ma. Henri. Aldendu itzazute... Elkar ilko dute.
Mad. Richard. Ori, adorerik ez dezulako da.
Mad. Henri. (Ugo ta Bob aldenduaz). Zer da, Ugo?
Dick. Zauritua al ago?
Berte. Zer da, Nel?
Raja. Yauna..., yauna...
Bob. Atoz, nerekin, Nel; atoz nerekin... Zugatik... iñor baño indartsuagoa naiz. (Nel laztandauz darama. Oyala arin yetxi bedi. Antzoki-aldaketa egin bitartean zirku-eresi bat entzungo da).
Aldaketa.
|