Uztailla-Dagonilla. 7-8 garren Zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Uztailla-Dagonilla. 7-8 garren Zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Ereserti—

 

J. S. Bach

Klaviera

 

Ibinagabeitia'tar Andima

 

Ereslarien adiskiderik miñena izan oi zan klabiera, gaur pianua bezelatsu. Beti eskuor, ereskin orri errexenik beren naigabe ta beren ikara ta urduritasunak egotzi oi zizkien. Atsekabe-aldietan klabiera izaten zitzaien aringarri. Eresgille gazteek, batipat, eres-amesen asikiñak bertatik eratzi izan oi zituten. Ez da arritzekoa, Bach aundiak ere klabiera biotzez maite izan ba'zun. Ereskin artarako, bear ba da, beste edozeinetarako baño geiago idatzi zun. Berrogei urte zear, eres-literatura aberats eta yoria eskañi zion.

        Klabierak lau motatukoak oi ziran: bata aundia, teklau bikoa, bestea batekoa, irugarrena luth-klabier zeritzana, doitxeraz ordea, izen bakarrez izentatzen zituten: Klabier.

        Organu lanetan bezelatsu, zati bi egin ditzakegu sail ontako ereslanak ere: aurrenekoak, asi-berriarenak alegia, bere bizitza zear izarradan bezela, or-an ereindakoak.

Urrengoak, ertilari egiñarenak, goitarrak, sakonki mugatuak,geienak bildumetan jasoak.

        Bere emazte Anna Magdalena'k dionez, Weimar'en, batez ere, trebetasun eta antze arrigarriaren yabe egin zan, eta erpiña iritxi arte etzion amor-eman. Antxen, atz-bide berriak ere, obeki ereskiñok yoteko, asmatu zitun, eta orok ao batez, aitortzen zuten aren lentasuna musika barrutian».

        1722'garrenean WOHLTEMPERIRTE KLABIER, aurreneko bilduma argitaratzen du. 1723'garrenean «Asmaketak» (Ilnventions) deritzana. Aldi berean «Prantziar-Yarraikiak» —Suites Francaises—, baita ere «Ingland-Yarraikiak» idatzi zitun. 1731 urtean «Doixtar-iarraikiak» antola zitun eta «klabierubung» izendatutako eres-sorta. Ondoren klabiererako lanik goraipatuenak damazkigu: «Tokata Fugak», Fantasie ut txipian», «Golberg-Aldaketak' 1744'garrenean, eta azkenez, VOHLTEMPERIRTE KLABIER» en bigarren zatia.       

        Eres-lan auetan ordurarteko era guziak kudeatzen ditu gure ereslari bikañak. Lanok, ereskera guzien laburpena bezelatsu dituzute eta maiz musikaria, eresiaren egatzetan, goi sakonenetan sartzen zaigu. Bainan zeru goienean egan zebillen ark, lurtar izaten ere ba'zekian, gizabiotzen ariak antzetsuki dardarazten. Orregatik, sarri, klabieraren aoan yarrita negar-zotinka edo irriparreka atzeman dezakegu Kantari Aundia.

 

Beste Ereskiñak

        Organu ta klabieraren urrengo, biolinak batez ere Bach aundia beretu zuala genesake, Arestian aipatu dugunez, arbasoen artean ere biolinariak izan zitun, eta trebeak alajaña. Bach ere, Weimar'ko orkestan biolinari zenuten, eta buru-belarri ereskin orren ikasteari ekin zion. Aldi gutxi barru, len-biolinari eta orkesta-buru izatera eldu zan. Arlo ontan ere, berak ikutzen zitun arlo guzietan lez, lan asko egin zun, eta idatzi zituenetan zantzu berezia ta ertilari goitarraren aztarna ezabatu eziñak ezarri zitun.

        Zenbait Sonata eta Partita idatzi zitun. Partita oietan ba'du biolinariak amesbiderik, baita trebetasun bearrik ere. Uztaia zailu erabiltzen yakin bearko du aren zatiak adierazoteko. «Chakone» deritzana, biolinari aundietan ospatsuena duzute; ez da, noski eres-lan aren neurrietan edonor murgilduko. Eri ta uztai ziluaren yabe izateke ortan sartzea alper luke. Ango pitzikato, ango yauzi, ango bitarte zabalak, noiztanka zortziren terdikoak! Iñoiz iru ta lau ari batera dardarazten dizkio biolinari: teknika osoagorik ezin amestu ere zitekean.

        Amabi Sonata, biolin utsarekin yoteko, idatzi zitun, beste sei ere bai, klabiera lagun adierazteko. Sonata oietan aurki ikusi diteke Doixland'eko arnasa Itali'koarekin naasita dabillala, Bach'en berebiziko ispirituaz oretuta ordea. Etorri aundikoak dituzute lan guziok eresgilleari dagokionez.

        Biolina ez ezik, tzeloa ere begi-begiko zizun gure ereslariak. Oraindik sortu-berria zenuten ereskin ori. Ordurarte, biola-gamba zeritzan erestailuari zegokion, gerora tzeloak eresertian izango zun gora. Itali'tik zuan bere etorkia, erri artako ereslariek, batipat, erabil eta zabaldu bai zuten.

        Bach laister yabetu zan tzeloraren berezitasun eta egokitasunez. Aren ots durunditsuaren dardara emeak, biotz barneraño sartu zitzakion. Lauko iruko eta orkesta osoarentzat idatzi lanetan erabiltzeko ez-eze, bakarrik abestutzeko ere tzeloa egin-egiña zala oartu zun ereslari aundiak. Bere otsaren indar eta goragune zabalek, tzeloaz bakarlarari egitera bultzatu zun. Ori erakusten digute erestailu orrentzako idatzi zitun suite edo yarraikiek. Eresirik bikaiñenak kanta-erazten dizkio eta bide batez tzelo-lariei erakusten ereskin onek ritmo- erarik xotil eta eres biderik berezienak bere baitan gordetzen dituala.

        Iñun diran eres-iduriak sortarazten ditio; amabirengo eta amabostengo bitarteetan oñarriturik, pitzikato zoragarrienak ateratzen ditio, arpaots (arpege) bizkorrak ere bai, bainan, batez ere, sakon eta samurkiro kanta-erazten dio, ezeren lagunpiderik gabe, tzeloa, Bach'en eskuetan aski baita bere burua bakar azaltzeko.

        Berroegeitabi lan gutxienez idatzi zitun tzeloaren lau arientzako oiek ere era guzietan yasoak.

        Ezin aipatu gabe utzi, Casals tzelo-lari ospetsuenak aurten Prades'en Bach'i egin dion gorasarrea. Ark, iñork ez bezela, adierazi ditu Bach'en eresiak eta aien ederra erti-bizi biurtirik entzuleei eman.

        Orrez gainera, txirularentzat ere zenbait lan ondu zitun. Bainan guziak aztertzeak, urrunegi eramango ginduke. Beraz, beude bertan, ereskin bakarlarientzat idatzi lanak, eta goazen taldekoetara.

 

Orkesta-Lanak

        Orainarte, Kantari aundiak ereskin bakarrentzat idatzi lanak gain-gainetik so-al-di batez aztertu ditugu. Oraingo ontan, ereskin talde edo saldo osoentzat osotutakoak ikertuko ditugu. Arlo ontan ere ugaria izan zenuten gure Bach eta bere eres-antze ugariak amaikatxo eres-paper beztu eragin zizkion. Sonatak, eresaldia, lan onen asieran ikusi ditugun Nekaldi eta Kantatak landa, orietan ere orkestari ez paidagokio nagi ta alper egoterik.

        Iru ta lau ereskiñentzat idatziak, baita zenbait erestaldi ta suite aldebat utzirik, irakurlea ez nekatzearren, «Brandebürg'ko Erestaldiak» deritzen saila, azalki bada ere, ikertzeari ekingo diogu, Bach'en orkesta lanetan entzutetsu eta aipatuenetarik ditugun ezkero.

        «Brandeburg'koak» sei erestaldi edo kontzerto dituzute, Kristian Ludwig, Brandeburg'ko Margraveari eskeñiak. Orra zergatik Brandeburg'ko deritzen. Margrave au doitxerriko printzeetarik zenuten, ertilari eta ereslari azkarra, Bach'ek erestaldion oparian dioen lez. Ara beraren itzak:

 

«Yauna:

«Dagoneko bizpairu urte, Yaun agurgarri orren aitzinean nere eresietarik zenbait adierazteko poz-unea izan nizun, eta zeruak eresgintzarako eman dizkidan doai kaxkarretan ere, atsegin artzen zenuala oartu nuen. Garai berean zeorrentzat zerbait idazteko eskabide benetan omentsua, yaso nizun. Beraz, zure gurari atsegiñai yarraituz, zuretiko nere egin-bear apala, zenbait ereskiñentzat ondu ditudan ERESALDI oien bitartez agertu nai nizuke. Apalki eskatzen dizut alabaina, etzazula arren, lan urri ta pitin au zure musikarako ao-gozo ta antze otsandikoaren izariz neurtu, zureganako menpetasun eta itzalaren agiritzat artu baizik».

 

        Opari onek 1721'garrenekoa darama, bainan ezin gentzake onartu urte berean erestaldi guziok Bach'ek idatzi zitualazkoa. Sei erestaldiok elkarrengandik bereiziak dituzute. Alaz ere, keraz, mintzoz, ereskin aukeraz, Kantari Aundiak gorabiderik egin duala ikus diteke. Biolin eta klabezin bakarlariei dagozkienetan, Vivaldi'ren zantzua ageri zaigu. Beraz, orkesta esakerak, Itali'tik yeistein ditu, ez noski berezko indar ta arnas berri batez inguratzeke.

        Bakarlariek, orain arte beintzat, saldotik erautzita bezela, patxaran erabili oi zituten euren ereskiñak, aizezko naiz arizko izan. Emen ordea, bakarlariek beste saldoekin elkar-izketan diardute, eta noiztanka Bach'ek euren artean autu gogorra sortzen du, trebe ta antzetsuki. Saldoka naiz bakarka, ereskiñak orkesta osoaren erauntsiari arpegi eman bearrean yartzen ditu.

        Orra nundik, geroko sinponiaren oñarriak eresaldi abetan sendotuak arki ditezke, keraz ezpaldinbada' izkeraz bientzat bai.

        Eztu ere klabiera eresaldi oietan betanbera izteko. Ez ditu, ez noski, ereskin ugari klabieraren inguru biltzen. Kamara-orkesta deritanak ogeitabost edo ogietamar ereskinlari or-or egari ditzake, geiagorik ez. Arrituko zan gure ereslaria, nik bezela irurogeitabost ereskinlari ikusi izan ba'litu Brandeburg'ko III'garren eresaldiari ekiten, nik ikusi izan ditudan lez. Obe da bost biolinari batera, ez amar alderrai yoten entzun baino. Lau tzelok ozenago da-beste, zortzik pixuago. Bach'ek ereslari yakintsu ta yatorrentzat idazten du, ereskiñak trebeki ta egoki darabilzkiena etarikoentzat, polifoni eta ereskin bakoitzaren arima zain-zainetik ezagutzen ditun zuzendariaren menpean.

        Bach'ek gaurko orkestaren zimenduak eresaldi oetan lenengoz yartzen ditu, eta gorago esan degunez, sinponiari sor-bidea eman zion: «Haydn baiño lenago beintzat, ez du bestek gure ereslariak giñoan ereskera ori ernerazi.

        Oraintsu, «Brandeburg'ko Eresaldiak» entzun nitun. Txundituta bezela nengoan beren ederra atsartuz. Ango narotasuna, ugaritasuna, eta trebetasuna! Bach'en teknika aberatsa agiri-agirian yarri ziguten ereslariek, antze-yabe bai ziren, bear ere bai. Orkesta-buruak ritmo egokiaren sare-mailetan, talde osoa bere txotx-pean zeraman. Bainan arrigarria! Bach'ek bakarlariei eskatzen dien trebetasuna, batez ere I. III eta VI garren erestaldietan. Alper luke txirulari zailu ta turutalari azkarraren yabe ez litzaken orkestak ortara yartzea. Turutari batipat, iñungo ereslariek amestu gabeko yoaldi ta esakerak egin erazten dizkio. Txirulak eragintasuna bear du, oiu leun eta txintarik bizkorrenak ateratzeko.

        Beraz eresaldiok aurrerantzean eresbide ta kera berrien iturri izango dira, batez ere ereskin-otsak antola eta erabilkeran Bach'ek irakasten digunari zor. Eresaldiok gaztetasun eta aunditasunez mukuru dagerzkigu; Kantari aundia, gaztezaro ta alaitasunez inguraturik ageri zaigu, eta bidenabar barne-izkuturik sakonenak yaulkitzen ditu nabastarrerik zoragarrienean bilduta. Keraz, gogaiez, baita ere antzez, Brandeburg'ko Eresaldiak aundizurenik beude. Ontaz aski.

        Bach eresgille ezik irakasle ere izan zan. Benetako irakasleari dagokionez, beti ere ikasle eli batez inguraturik zebillen, aren irakaspenak yasotzeko arduraz ta gose-egarriz. Eta benetan bere ikasleen gose-egarria asetzen saiatu zan. Naiz organurako, ikasbideak idatzi zitun; gaur egunean ere aren irakaspenak ezo diraute. Eresbidean ere argi ugari yaurti zun berdingabeko ertilari garai onek. Bainan ezin gindezke arlo ontan murgildu lantxo onen mugak bear baino zabalagotzen ari diralako.

        Amaitu aurretik ordea, Bach'en keraz zerbait esan gogo nizueke. Beraz, sar gaitezen erabat, sailean.

 

Bach'en kera

        Ur gardenean antza bezela, keran idazle edo ertilariaren izate osoa islatzen zaigu. Ala ere, irudi bi oien tartean alde aundia dago. Urlo aratzak axala besterik ez digu begietaratzen, kerak ordea, arima dantsua, bere tasun edo keriz inguratua. Orregatik esan daroe, KERA oso, egi ta antzetsuago ere ditekela, ertilariaren barne-izakera ageriago yartzen digun neurrian. Bere bidez nabarmendu oi zaizkigu ertilariaren urduritasunak, itzalguneak, poz eta nare-aldiak, edota ertilariaren arima xokoak iraziz, izadi ta izakien gora-bera guziak.

        Beretik landa, nork bere izateari uko egiñaz dabillanak, ez du ertilari izenik merezi, izanik ere ezpaitu. Beraz, kerak berezkoa bear du, berezkoago eta ertilan bikañagoa sortaraziko baitu.

        Ertilaria alabaina, inguratzen dituenetatik ezin diteke zearo yare izan. Aren adimena, bearrik, beti ere kilikatuko dute, naiz dala izadiak berak, naiz bere aurretik sortu antze-lanek, ots, ayei darien kerak. Maiz artu oi ditugu ertilari aunditzat edo agerientzat, kera berriak asmatzeari ekin diotenak, bide-berriak edo goldatu bearrez ibili direnak. Baina, bide-zar ezagutuak barna ibili diranek, besten giñoan ertilari buruntza yaso izan dute, beren arima, biotz-ondo ta izatea kerari ezarri ba'dizkiote.

        Bach batez ere ontan ikas-iturri yoria zaigu. Gure ereslaria etzegon ezagutu gabe aurretikoek yaulki eres-lanak. Ordurarteko eres-lan guziak muin-muinetik dastatu eta ikasi ere zitun. Alemaniaren erditsuan bizi zelarik, baranoetako eres-aize guziek ikutzen zuten erslaria. Egoaldetik Italia'k bere eresgilleen lan ernegarriak egozten zizkion. Eta ezin uka Bach'ek arima osua ur yori aietan murgildu zuanik. Vivaldi batez ere, zirikalari eragikorra izan, zun, beste amaseitaroko polifonlariak lagun, Palestrina ta Victoria batez ere. Prantzi'k bere eres-lanen ozkirria bialtzen zion, Couperin eta beste ango ereslarien bitartez. Iparretik, Inglande ere etzegoen Bach'en gogoa malgutu gabe.

        Doitxerrian bertan ere, ordukoz zenbait ereslari trebe sortuak ziran eta eresbide bereziak zedarritzen zioazen, goi, be, sor ta sartaldean. Gure ereslariak ayek zekarten zirrara gun-gunetik beretu zun. Irakurle aspergabea, musika oro aren adimen zorrotza aztertu ta aztatu zitun, eta Alemani'n izan ziran eresgille ospetsuenekin artu-emanean eten-gabe bizi izan zan.

        Beraz, gorago aipatu, legetik Bach ezin zitekean itzuri. Gogoa, ezarian aldatzen zioakion eta aberasten. Ondare guzi ortatik ordea, iritzpide zuzen-zorrotzez galbaitu ondoren, egokien, egokien eta goitarrenak beretu zitun, bere antze ta adimen argitara ugaritu ta aberasteko.

        Ez burruka gabe ordea. Eta burruka onek bere bizitza zear iraungo du, lau aize-xokoetatik zetozkion eres-keraen erdian, estetika berezi bat billa bearrez, arik eta bere nortasunez yabetu arte. Kantari aundiaren gazte-aroko lanetan xede ori agertzen zaigu. Orduko lanak nabariegi agertzen zaizkigu ereslari bat edo besteren menpe, Bach'en zildaia ekarri arren; Italiko arnasa edo ain maite zun Bextehude'ren zantzua zerien. Garai artako lanak esangura ta izkiari itsatsiegi dagerzkigu, eta ereslariaren gogoa saremalla aietan atzituegi.

        Matai Deunaren Nekaldian gogo burruka orrek erpiña jotzen du. Arrezkero kantaria inguruetako arnas ta aize guzietatik ezarian eranzten dioa, musika utsa atzeman naiez, soin-gabeko aingerua bezelatsu. Bere bizitzako azken amabost urteetan, inguruetako kutsuetatik askatuz, nortasun betean sartzen zaigu. Giza zar eta aren kutsu guziak gogotik erauzten ditu; bego errexkeria, bego erosokeria, dio Bach'ek. Erti paregabekoz argi-bolada lillurakorrak bidali zitzakean, ez du orrelakorik egiten. Izen ere, ederra erantziago eta bikañago duzute, eta kutsu guziak ezabatuko lituken giñoan are sakonago eta goitarrago.

        Fugaren bidez erti eratzi ta sakonenean sartzen zaigu kantari aundia, Fuga gogo-utsaren lana dala esan diteke, betieraren agerkaririk biziena. Betiera ordea, Yainkoa bera zaigu. Erpin gurenagorik ukitu ote zezaken Bach'ek edota ukitu ote dezake bestek?

        Eta Betiera orren gainean oñarriturik, yauregi lilluragarrienak yasotzen ditu, ez giza lilluraz, gogo lilluraz baizik. Bach utsik, garden ta garbi fugaz eraiki iauregiotan bizi zaigu. Orra nun garaipen osoa iritxi dun bizitza zear yasan dun burruka gogorrean. Alaz ere garaipen au ez da gogo ta arima gabeko etxegille elkorrarena, Yainkoz, edertasunik goitarrenaz bat egindakoarena baizik.

        Berreun urte Kantari Aundia aldendu zitzaigula. Ogeitamar urtez aren oiuak ixilik iraun zuten, lurperatuta bezela, arik eta ertilari ezagun batek aren eres-lanak autspetik astindu arte.

        Geroztik izan diren ereslari aundienak eten gabe artatik edan dute eta bere lanei darien beroak bizkortu ditu: Beethoven, Mendelsshon, Schuman, Chopin, Lizt Brahms, César Frank, Ravel eta abar. Iñortxo ere ez da geratu Kantari Aundiaren iturri bizitik oparo edan gabe; eresgille, biolinari, organulari, eta bat esateko, eresgintzan ar-emana izan duten oro. Aren lanak musikari oro berotu ta argitu ditu, gogo-irakaspenik yorienak emanez. Edestia zear ez dio beste ereslarik ertietan bikañena dan oni arnas zabalagorik eman. Orregatik Bach aundiaren eres-lanak tinko diraute, iraungo ere bai musikari betiko aztarna ondaretzat utzi diolako benetako doistar onek.

        Bidezkoa genuen, aurten, Euzko-Gogoan ereslari aundi au goraipatzea; gure euskera zaarrak ere gorasarre sor zion. Barkakizun izango al nazaizu, irakurle, ereslari aundi onen lan goitarra nere esku baldarrez muskildu ba'dut. Goi zoragari artan eresiz inguratuta bizi dan ari ere, barkakizun izango al natzio.

 

1950grko. Uzta.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.