Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Iraila-Urrila. 9-10 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Orixe'ren gizakume izengabeak

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin

 

«Euskaldunak» idaztian atseginik aundiena ematen digute inguruko gizakumeak. Ez dira mintzul, itzontzi baño. Badute koipe ta abazuzia gizakume oien iruzkiñak. Noiz-nai ta non-nai, edozer dala, kiroletan batez ere, ingurukoek bar-bar ari dira, yalkitzen dun gertaria dala-ta.

        Yaiburuak dirala-ta, Zubieta'ko Pontxo danbolin-jotzallea errira etorri dan ezkero,

 

                «Apaltzera danbolin zeinetako ote da?

                neskatxa zar ta gazte galdezka dabiltza».

 

        Dantzan zubi egitekoan,

 

                «Gainekoak diote: «Ark ba dik itzala!

                Andik bigarrengoak ba dik ere ezpala!

                Sokaburu dagona bai mutil martzala!

                Jaunak guziak onik atera ditzala!»

 

        Dantzarako dei ez izan neskak, esteak yaten, ortzak eta mingaiñak zorrozten ditute; guzien ordez, «Goldemutur» deritzan Urlireneko neskazar gaixoak itz-yarioka dio:

 

                «An zian Magal-arro soin berriarekin

                —asto bat senartako dezala berekin—;

                Ara Txeterene'ko andere pinpirin

                —ark ere mandazai bat goraraziko al din!»

 

                «Or, berriz, iztar-nagi, beso asto-kako

                —Ikazkin baldarren bat sortuko orrendako—;

                Or beste Epur talata nork aukeratuko?

                Ona dun ezagutzen ez dunarentzako—»

 

        «Goldemutur»ek bazun gatza gatzontzian, neskazarraren eder-itsusia miña izan noski baño noskiago.

        Neska-mutillak zortzikoa ateratzen ari diranean, gaiñeko neska guziak «Goldemutur» barne, ixil daude begira.

        Urren aari-talka. Aariak enparantzara sartzerakoan, ikusleak bar-bar asi dira:

 

                «Bikaiña aria!» «Ba dik bikainen bearra.»

                «Lepoa; lodia ta egokia adarra!»

 

        Aari-talka asi baiño len, erri ta atzerritarrak izkatzen ari dira, berenak eta asto beltzarenak esanaz:

 

                —«Aza-salda naikoa izan al duzue!

                —Etxean ez-ta zuek etorri al zerate?

                Ortatik nai duzuten guzia ar zazute,

                ta gaineako pesta utzi gure mende.

 

                Aria bildur al da onera azaltzeko?

                —Emengo larre piñez al uan aseko?

                Gurek alea gainez, ardantzopa naiko...

                —Denak bearko ditik gaur irabazteko.

 

                —Uitzi'n ere ba duk artoa ta gatza...

                —Zeinek jango ote dik gaur lotzaren larratza?

                —Kristauek jate ezue artatxarra ta aza...

                ariek, zuen gisa, illea aski latza.

 

                —Akalde zabal zuek! —Zuek kemen gutxi»...

 

        Beltzenak esaten ari dira: elkarren errien gaitzizenak aitatu ditute: Uitzikoak «keigorritu» omen dira ta Leitza'koek «arrandi» ei dute gaitz-izen. Bitartean, aruntzago beste bi izpixoka ari dira:

 

                —Utzar-beirik onena leitzarraren alde!

                —Isillik ago mutil: itxi zak akalde;

                Iri joka nezaikek baiño... ba duk andre;

                ez diat nai gaisoa negarrez ikuste».

 

        Beste zokoan zenbait mintzo zur dute Peru ta Ankamakurrek. Ontan agertu dira aariak, eta tartekoak, orroa egiñaz, ardi-dunba bat zillar yasotzekoa erakusten du. Aari-talka asi ta gizabar txeiari muiñak ikaratu, apustutarrei, aldiz, odola berotzen zaie. Ango oiua ta ango takela! Eun eta berrogeitamar ukaldi emanik ditute aariak eta adarretik mintzera odola daritela

 

                «Ken! Ken! —Andre-jendeak dio batez ere—

                olako sarraskirik nork ikus bein ere?»

 

        Aari beltza, lurrean etzanik, gurpil antzera lurra irauli-arren, irabazle gertatzean, beraren aldekoak oiuka diote:

 

                «Tximisten Gartangorri» ala duk oitura;

                legea nola daiten ez orain ardura.

                Lengoak balio dik gaur ginun jokura.

                Urrengoan, or ikus; eizute zer-gura.»

 

        Aztertu dezagun orain satai edo balanka-yokuari begira diotena gaiñerakoek. Oi danez, erronka edo eupada oiua aldarri egin dunean Makil Ezkurra'k, Antxo labaindar mingain-zabalaren ordez Beltxa'k erantzuten dio, ta gaiñerakoek irri ta parra, zear-mintzoz adarra yotzeko ez dituzu aketsak. Orra erakusburuz:

 

                «Gaiñeko batek zipoz erantzuna azpitik:

                «Mingaiñez bezain besoz motx geldi baledi,

                ba ziakek basora Antxo motel ori.»

                Bestek: «Mingaina bete kentzea dik aski».

 

        Alare, Labaindar Antxo egokitu da garaille. Neguz badator Olentzaro: aurre aldetik goizean goizik bide, baso, arbi-alorra ta ikusterre osoa elurrez zuri ageri da.

 

                «Jendeak esaten du: «Zai-bageko iriña

                Etxean badaukagu este-bete diña,

                sugaia naikoa ta beien iñaurkiña.

 

                Mandioa betea ostoz ta belarrez,

                agotzez eta lastoz ta baba-malkarrez;

                abere ta kristauak gaude osasunez;

                ez gara noski bizi iñoren bekaitzez.»

 

        Eguberriz dugu, ain zuzen, aizkora-yokua: Leitza aundi'k eta Uitzi'k elkar billatuko dute. Iztar-erdiraño elurra izan-arren, gizataldeak bideak betean doaz. Oi danez, oiua arrandiz egin ondoren, enborrera igo ta «Aitaren» eginda, asi dira aizkolariak.

 

                «Artean gaiñekoek ba zuten mar-mari

                —alaxe erle mulkoak, umatzen dala ari—,

                baiño orain isil dire, lasaiena larri;

                autu usoak ala pagoetan jarri—.»

 

                Leitzarrak asi dira: «Gurea gorago;

                ortaz, sartu bear dik aizkora barnago.

                Bazkaria lenera; guk baietz lenago».

 

        Aurrenengo enborrean len itzuli da Leitza: ontan leitzarrak

 

                «Eu, motell, gu gaituk, gu! Ik duk apustua!»

 

        Ango oiuak! ango istilluak! Bigarren enborrean amar ukaldi ken dizkio Uitzi-arrak eta erritarrak oiuka diote:

 

                «Ez duk i aiñakorik mundu zabalean"'.

 

                «Jozak, motell», leitzarrak diote erdi-damuz;

                «Oraindik ba duk lana; jeki adi buruz;

                arnasa lasai artzak bularra anpatuz;

                emak kolpe, ta atera ezak belaunburuz'.

 

                «Ontzako urre bat» oiu Uitzi-aldetik.

 

        Egur-erdi batez, aizkora-yokua Leitza Aundi'k galdua du, ta bukatu baiño lenago leitzarrak etxera doaz.

 

                «Aundi» malkoka da...

                Uitzi-aurrak irriz ondora bil zaizka».

 

        Eztaiondoz Donostiratu dira Garazi ta Mikel ezkonberriak. Ain zuzen ere, «Estropadak» garaiean. Donosti, Getari, Zumai ta Zarautz dituzu norlenka ortan leikide.

 

        Ontziak barran agertzean, Donostiarrei:

 

                Albotik batek esaten die:

                —«Begira aztien itzekin!

                Joku aurreko igertze orrek

                ez dik gauz onik berekin».

 

        Ontziak joku-lekura dira: bitartean, apustulariak asi dira:

 

                «Ogeiez betik»: au, entzuten dan

                aize-burrunba aundiena»...

 

        Baietz ogeiez azpitik, alako bian donostiarrek eskaintzen dirua goitik:

 

                «Diruak diru balio dik, i,»

                diotsa batek albotik;

                «Erdi-dirua bi alakotan

                biur duk uste bagerik».

 

        Zotz eginda, asiera-oiua aldarri egin ondoren, asi dute norgeiagoka. Ango oiuak eta lekaioak!

 

                Txanpa buka ta joa bakandu

                patroi-besoaren neurriz;

                aren oiua «ots, nere seme

                ederrak» bein eta berriz».

 

        Mugan bira artzekoan, itxasontziak,

 

                «Itsasoak doi isil lezake

                legorrekoen takela;

                batzuek lenik Donosti eta

                besteak Getari dela».

 

        Azken-unera eldurik dirala,

 

                «Alako batez, «ondoan gaituk»

                patroiak oiu egiten,

                «Donostigatik, seme ederrak,

                gizon atera gaitezen».

 

        Asi-tokira urreratuz ontziak, ikusleak nork beretarra ikusi nai du irabazle, ta ikusleok

 

                «Oiu-furrundaz laguntzen die,

                lepoz ere egiten keiñu;

                ez aurreratzen aiek nai anbat;

                sortu zaie bildur-listu».

 

        Azken-mugara Getari aurrenengo eltzeko etetean, Zumai ta Zarautz oldartu dira, ta atzean gelditu bear Donosti. Ikusle artean,

 

                «Andere batek Urgull-aldapan,

                aurra zintzil bularreti,

                eskuak jasoz esaten die

                belaunez eutsiz azpiti:

 

                «Donostiarrak, non dugu gatza?

                Gure aitona ba lengo or.»

 

        Gorabera oien artean, Getari k aurrenik erre zun lengo marra.

        «Euskaldunak» irauli-ala, orra zenbait erakusburu. Egia esan. Ez dakigu nortzu diran gizakume gañerako oiek: izenik ez dute «Euskaldunak» poema nagusian. Errex ezagutzen zaie, ordea, euskaldun-yatorria. Gure errietako urli, sandi ta berendia orrelakoxeak dituzu.

        Gizakumeok gure lurrari, gure Euskalerriari soin eta gogoz erabat atxikiak dituzu. Lursagarrak lur barnean ditu erro aundiak. Gizakumeok ere bai alare, ez dituzu lursagar edo basoetako pago.

        Lurrari itsatsitako pagoak adar eta adaburu bikaiña ere erakusten ditu ozkarbiari buruz ta iñon ez dut ikusi gur e errietan aiñakorik.

        Bereonelaxe, gure lurretako gizon arruntak, lurrari erroturik, lurren izerdia bere egiten dute, ta biotz-begiak gorantz jasotzen ditute, berebiziko egin bide ta ateraldi argiak sortaraziz. Ortan bereizgarri dituzu.

        Landare ta zugaitzetatik aruzkaldera dituzu on eta gaiztoren mugak. Landare bat baditeke ongarri, ez, ordea, erabateko on.

        Ari ontara, moxala edo idia bikaiñadoak ditugu, txantxiku edo armiarma baño. Zaldi edo idi ori zindo omen ditezke. Baña, oriek ere ez dute erabateko on eta gaiztoren berririk.

        Poeman ageri diran gizakume xeok, ordea, on eta gaizto dituzu, abaguneak eskatu-ala; beuren burua gizon atera nai dute, ta ori, edonoiz eta edozer tan. Gaiñerako gizabarrok gizakume osasuntsu, alai ta zirtolari ageri dira, bizitzaldiko gorabera eta aziorrazi zuri-heltzetan.

        Ta ariurriz gain-gaiñeko euskaldun dituzu, euskaldunaren onbide ta makurretan ere. Nolakoak dituzu, ordea, euskaldunok?

        Erdaldunari edozertan azala zaio gogoko: euskaldunari, ordea, barne-muiña. Geroztik, erdalduna axal-zale duzu, euskalduna, berriz, mami-zale. Ikuslerik izan edo ez izan, euskaldunak berdintsu yardungo du; erdaldunen artean soñekoak gora aundia du, ta sarritan, soñeko ipin-apain besterik ez ditute. Euskaldunak, berriz, axola aundirik ematen dio barneko soñekoari. Poema ontan soñekorik ez da aipatzen, eztaietako etxe-sartzean baizik. Aita-ama, endore ta apaiz yauna beste agintariak ez da ageri poema ontan. Beste agintariak oro ezpaitute allara dirdaitsurik euskaldunen biotz-begietan. Aien aginduak onartu bai, egin, ordea, ez, eskualdeka ari ba'dira, beintzat. Itzetan lander, egiñetan eder omen dira euskaldun gizabarrak. Poema ontan itzetan ere eder ditugu, egiñetan ederrago, ordea.

        Euskaldunok baikor, osasuntsu dituzu ta oraiñaldi ta geroari begira betargi, gogatsu ta garaille doaz. Oiñak lurrean eta besoak gora, begiak ozkarbi argiz blei-blei, euskaldun xeiok lerrenak egiten ditute bere bizibide yatorrari soin eta gogoz eusteko. Auxe darakuskigute Orixe'ren gizakume izengabeak.

        Esanak esan, zerbait nagusiago dira gizabarrok gizakume ta euskaldun ez dute aski. Guzion gain fededun dituzu. Ta siñesteak euskaldun oien biotz gogoak samurtu ta beratu ditu ta aberei buruz ere adeibera dituzu, batez ere idi, bei ta astoei buruz, abereok Yesu yayo-berriari lagun egin baitzioten. Arrezkero, eguberriz, yanari berezia ematen die abere zindo oiei. Ala dio poemak:

 

                Aundia! noizean bein —ala bei-umatzez—

                Nagusia ikullura jetsi oi da gauez;

                bei oro, buru-aundi, etzan-eta arnasez;

                eztituzu jekiko ostiko jo bagez.

 

                Gaur orde, erne ta zuti, Gau Aundia usmatuz,

                janaren eske daude elkar milikatuz.

                Etorri da Jainkoa, pakea zabalduz,

                eguzki itzal-bageko zizkuak billatuz.

 

        Gizabar-saillok Garazi doatsuaren elizatxora ta Aralar'eko Mikel Goi-aingeruarenera dute yoera aurrenera Leitza, Beruta ta Larraun-aldetik bideak betean doaz «zer-diozu»ka, igaz ta aurtengo berri galdeka.

 

                «Meza-denbora urbildua da;

                jendea barnera da asi:

                aldare-erdian, argiz betea,

                an dago Santa Garazi.

                Aldarearen goiko zizkuan,

                San Isidor Nekazari,

                —eskua zabal lurrerako,

                ta zerura begira aurpegi—.

                «Otoitz ta kanta, gogoz diraute.

                Mezak dirauen guzian;

                ango bakoitzen eskariari

                Andre Santak du zer-eman»...

 

                «Sagarakoan isilgunea...

                atarin beor-irrintzi,

                ardi-joale, beor-kalaska

                ta beien kaskoin-zintzarri...

                aien gañetik ezkilarena,

                biotzen eragingarri,

                ta begientzat, lurrin-tartean,

                Opari-Ogia zuri.»

 

        Legorte gorria dutela, gizabar kopurutsuak Aralar'eko Mikel Goiaingeruari euri eske doaz. Ogeta amazaapi errietatik gora doaz gizakumeak oiñuts eta baru, otoi ta asperen egiteko, belauna lurrean yosita

 

                «Jeki, Jauna, ta lagun gaitzazu!

                zure izenarren gorde gu!

                gure belarriz aiteri egin

                zeniena aditu dugu.

                Kyrie eleison, erruki, Jauna.

                Besterik merezi dugu.

                Gurasoetaz oroi zerala

                ordean, entzun iguzu»...

 

                «Erruki», «entzun», «barka» diote:

                irutara dute eskari;

                azkenik, berriz, irutan Agnus

                oiu Jainko-Bildotsari.

                Begira, beintzat, fede bizizko

                aurreko Naparroari.

                Ez uka, damuz fedea biztu

                nai duan oraingoari».

 

        Orra gizabarrok gizon gordin, euskaldun zintzo ta fededun zindo. Onelako zenitun gure arbasoak. Oien antzeko izango al dira oraingo ta geroko euskaldun xeiak!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.