Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (I'go urtea. 1950 gko
Azilla-Gabonilla. 11-12 garren Zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Donaphaleu'ra Getari zear

 

Etxaitar

 

Gereziaga'tar Elene'ri atsegin-atsegiñez.

 

Aspaldiko yorana nuenDonaphaleu'ra yoan nai auxe ta eguna eldu dalarik egonezin eta egamin nauzu ara bearrez.

        Izan ere, Donaphaleu'k bai-baitu, neretzat beñepein, alako indar ezkutu bat biotzak beraganako miñez jartzeko.

        Gure «Lizardi» zana ere ez ote arako gogo berdiñak ikutu? Ura ere ez ote kezkati egamiñez eguna urbil orduko? Ba'du beraz zerbait Donaphaleu'k euskaldun biotzak ikuitzeko.

        Lizardi'k idatzirik utzi zigun «Donaphaleu'ra yoan-etorria»ren anai gaxte izan nai idazlantxo onek. Alabaña, idazki onen anai zarra aberatsa ta ederrez betea da, gaztea berriz, txiro, apal, beartsu... Aren aitak bere animaren zati erantxi baitzion bere seme kuttunari; nereak berriz, negu gogorrean billutsik jaiotako aur dardartia iduri... Berorik eman al-ba'nezaio bederen!

        Bergaratar adiskide bat det bidelagun.

        Goizean-goiz, eguna urratze aurretik jaiki (alarik ere ez gaituzu ain-ain goiztarrak, udazkena baita ta goizeko zazpitan oraindik illuna nausi da), meza santua entzun eta ba'goazi geltorkiruntz....

        Egualdia bekoki beltzez agertu zaigu ta bustialdi ederrak artu bearrean gera bat-bateko aldaketa etorri ezik. Mendizale batzuk tren zai daude beren motxilak bizkarrean. Burutik egiñak ote dauden pentsa bide dezu, aize, euri, txingor eta elurgiro arekin mendiruntz! Ni ez niñuten aritu, neroni ere gazte txoro oietakoa izana bainaiz... Urteak emango zentzu!

        Trena nagi ta bildurbera degu gaurko ontan. Izan baitira lur-jausiak burnibidean eta berau garbitu lanean langilleak ari. Beraz, trena motel-antxa dabilkigu mendieri izutuxe begira.

        Noizpait eldu gaituzu Irun'a. Diru trukea egin eta taxi batek sasi-mugako zubiondoratu gaitu.

        «Euskalerri'tik atera, Eskualherria'n sartu» esan zigun Lizardi'k asmorik sakonena iduri xotil biurtuz. Alde batetik muturbeltzak mugazain, bestetik muturgorriak; alarik ere, errigizonak berdiñak ditugu andik eta emendik. Nagusiz aldatu degu; erriz, angoa da emengo, emengoa ango. Andik eta emendik ama baten seme gaituzu. Euskaldunari onela mintzo bere zañetako odola.

        «Endaia'n nago txoraturikan zabal-zabalik begiak», oju egin zun lilluraturik Iparragirre gureak begien aurreko edetasunari begira. Guk ekarritakoa baño egualdi obera izaki nunbait Urretxu'ko bertsolariak alako ederbera bere biotza nabaitu zunean. Bearrik, ez giñan edergose, egualdi txatxarr errek ezpaitzekin biozmiñik ernarazten. Naiko lan ba'gendun geronekin atergabeko txingorraldi nekagarriari buru eman bearrik. Axkar, axkar, geltokira Donibane'rako trena artzera! Bai trenetik arnasa lasai artu ere egualdiaren zaputzari begira! Eta eutsi ere, egun guztian eutsi zion bere kasketa gaiztoari!

        Donibane'ra ezkero ez gaitezke gelditu bertako meza nagusi ederra entzuteke. Meza ondorengo Anjelusak bakarrik balio baitu Donibane'rako joanaldi. Ene biotz-ikara, erri guziak ozenki baño estiki bidenabar Zeru'ko gure Amatxo'ri agur egitean:

 

                Aingeru batek Maria'ri

                dio graziaz bethea,

                Jaun Jainkoa'ren Semea'ri

                emanen duzu sortzea.

 

        Meza asi orduko Monzon Jaunak ikusi gaitu ta gure albora etorririk degu. Bukatzean kalera atera gaituzu ta bere emazte ta beste jaun-andre batzuk agurtu ondoren, Monzon jaunak, beti bezin atsegin, beti bezin prestu, Getari'ra garamazki bere kotxean. Getariarrek euskeraren eguna ospatzen bai dute!

        Ezin asma det nola aditzera eman Getari'ko euskaltzaleak igaro azi ziguten egun aldi ederra.

        Jangelara sartu ta begien asegarri gure ikurrin ederra nabaitu genun maiburu, gurutz zurian «Zazpiak-bat» itz ederrak idatzirik. Gipuzkoa'n ezin ederretsiz gatozkizun eusko-semeak agurtzen zaitute, Euskadi'ren ezaugarri bakartzat aitortuz!

        Ondoren agurtu nai ditut bilkura eder artan bildutako jaun danak eta ondorengo oek berexiki:

        Agur eta ohore zuri, lehenik, Harizpe yaun sendagillea! Zure alboan egoiteko zori izan nuen eta zuk gure eskuara senti ta maita duzuna egiztatzeko emen naukazu. Zaharrik zaude gaixoa, baño urtearen zamak zure gorputza ajeatu ta zimeldu ba dute ere, ez dute gutietsi zure barneko eskual-garra, irazeki ta sukartu baizik! Zorionak biotz-biotzez Getari'n izandako bi Giputzen partez zure solas ederragatik. Ain xarmanki mintzo baitzinan!

        Zorionak zuri ere, Narbaitza yaun kalonjea, ain goxoki, ain eztiki eta bidenabar ain giartsu erabiltzen baituzu gure eskuara, baño batez ere... ain erraz!

        Zorionak zuri ere, Monzon jauna, zeroren aitorrez erdi Giputz-erdi lapurtar zitugun adiskide maite ori! Zure itzaldiaren bizia, indarra, kemena! Ura zan ura biotz guztiak euskalmiñez eta aberrimiñez gal-gal jartzea! Areto artan bildu giñan irurogeitamar gizonek gogamen eta zentzumenez zure itz sakonetan murgildurik giñuzun.

        Getari'ko yaun merari zorionak bere mintzaldi politagatik eta eskerrak anitz guri egin arreragatik, guri urrurik eman bazkariagatik. Zinez erraten dautzut, Getari'ko yaun mera, han izan giñan bi Giputzok eztugu ahantziren Getariarrek guri eskeñitako yai ederra!

        Naiko kantu egin ondoren, orok zutiturik «Gernika'ko Arbola» abestu genun eta bilkura eder ari agur egiñik Baiona'runtz erten giñan.

        Ba'zan trinketean partidu polita. Dongaitz eta Zugasti Haranbillet (isetsa falta du abizen eder onek, frantsesak jan baitiote) eta Olaso'ren aurka. Bi lenengoek aixa irabazi zuten. Haranbillet'ek jokaldi ederra egin zun baño, bakarrik zan biren kontra, Olaso'k makurrerako baizik ezpaitzion balio. Partidua amaitu ta Donibane'ra lotara eldu giñan biaramona genduelarik amets.

        Bai, Donaphaleu baigenun urrengo eguneko elburu. Donaphaleu'n baitegu adiskide bat ona, abertzale bat fiña, idazlantxo au atsegiñez eskeintzen diotan andereñoa.

        Biaramonean, jaikitzerakoan, Lizardi gureak oiari jarritako bertso politak zaizkit eldu gogora. Ain baitzegon goxo, ain baitzegon egongarri gorputzaren beroz epeldutako giza-kabi! Berogarriak kendu bear eta iñoiz baño gogotsuago oe barnean murgildu nai! Etzan giro jaikitzen, baño jaiki bear Donaphaleu'ra joango ba'giñan!

        Utikan nagi ori! Esanda, oetik erabat erten giñan. Arpegia, kattakumien gixa, begiko makarrak kentzeko lain busti, bizar egin, nolarebait txukundu, urdallari asegarritxo bat eman eta ba'goazkitzu Monzon jaunaren etxeruntz. Au, atarian zai genun aspalditxo alpertzarroi begira. Bederatzi t'erditan esan eta amarrak laurden gutxitan eldu. Esandako orduan ezin bil; gogorra gero!

        Senpere-Kanbo-Ahazparne barrena dijoan bidea aukeratu genun joanaldirako. Zuraide pasa ondoren, bide nagusia utzi ta Aiñho'ra eraman giñuzen Monzon jaunak. Ez giñan ara joanaren damuz gelditu. Bai erri polita! Domingo Agirrek esango lukenez, garo usaia darion Euskal-erritxoa, Legorreko Ondarrabi'ren antza ez, baño tankera bizia bai, artu genion.

        Gero, Ezpeleta'ra abiatu giñan eta beribilla janaritzen zuten artean erriari begialdi bat eman genion. Aiñho baño zabalagoa ta jaunagoa degu, baño ezta Gipuzkoa ta Bizkai'ko bere iduriko erritan bezelaxe lantegi ta olarik ezagun. Nekazaritzaz, turismoaz eta.... esango ote? Kontrabando larria egiten bizi dituzu soilki Bidaso'z andiko erri geienak.

        Kanbo'k eztizu «garo usairik». Udaran turistaz eta eriz betetzen da. Bertako ur-sendagarriak ezaunak baitira nun nai ta gure Zarautz'en gixa «Hotelaz» eta «chaletaz» orniturik dago.

        Ahazparne, igarotako erri guziak baño zabalago ta nagusiago degu. Ba'du espartin ola aundi bat eta trinketea ere pelotan aritzeko. Au degu Lapurdi'ko azken erria. Urrengoa, Lekuine, Benaparroa'ri dagokio.

        Ahazparne'tik aurrerako erri guziak koxkor-koxkorrak dituzu, nekazari utsezko erriak. Donaphaleu'ra bide illaran datozkigu Lekuine, Donestehiri, Mehaire, Lukuze ta Garuze.

        Onatx ba Donaphaleu'ra eldu. Kale nagusian barna ba'goazkitzu ezker-eskubi begira ta alakoan andereño bat dakusagu bizikletan gure aurretik. Monzon jaunak neri: ona emen bera.

        Kotxea bere pare geldituz:

        — Agur, Helene! —esan diot bat-batean.

        Berak ere bizikleta gelditu ta ari ta zur gelditu zaigu begira. Ezpaigiñuzen itxaro!

        — Agur!... Bainan, zuek hemengo aldi? Biziki kontent naiz zuek ikustez....

        Azaletik ageri du Helene'k biotza: bizikletari erantxita ikurrin aunditxo bat darama gau ta egun eta bestetxo bat berriz soñekoari atxiki.

        Gaixoa larri zen gaztigatu gaberik eldu giñalako. Bazkaria etxekoentzat doi zuten gertaturik eta ustekabean iru maikide berri agertu. Alarik ere ez giñuzten goseak utzi. Ez ote, Monzon jauna ta ene adiskide... urlia? Orren kezkik ez izan, Helene, bazkari ederra ta ugaria eman zeniguten da. Zer ote, gaztigaturik eldu izan ba'giña?

        Arratsaldean Bitiriñe'ra eraman giñuzten baserri batzuk ikustera. Basetxeak emengoen tankerakoak dira, bañon lurraldeak ba'dute emen ez besteko zabaltasuna. Ogei hectarea ortxe-ortxe ta idi-beietan ogeitsu buru... Emengoen lau alako.

        Arratsaldeko sei t'erditan erten giñan Donaphaleu'tik Gereziagatar sendiari biotz-biotzetiko eskerrak eman ondoren alako abegi onagatik. Eskerrak berriz ere ta barkatu, amaikatxo neke artu baizenduten guri atsegin ematearren!

        Etxerakoan beste bide bat ekarri genun.... luzetxua lenguaren aldian: Arueta, Bidaxune, Berazkoitze, Baiona. Gero, Angelu, Bidarte ta Getari'tik Donibane-Lohitzune'ra.

        Monzon Jaunak sasi-mugaraño ekarri nai giñuzen. Bañan ez ote genun aski nekatu? Bai, aski ta geiegi ere nekatzen da Eskualherri'ko bazterrak guri erakutsi gogoz. Milla esker Monzon, zure borondate onari!

        Taxi bat artu ta mugaratu giñan berriz ere Eskualherri'tik Euskalerri'ra ba'gatozi bi egun zorameneta igaro ondoren gure eguneroko bizibideari lotzera.

        Berriz asi bear onen latza!... Oroimen eztiz eta itxaropen berriz goxatzen saiatu bear, adiskide!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.