Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Erria, erria!

Berriz eta azkenekoz

 

Ormaetxea'r Nikola

 

Oraindik ere zirika ari zaizkigunak ba-ditugu an-emenka, naiz agerian, naiz eskutitzez, euskera zailla darabilgula. Ez ote diegu adieraziko bein, betiko, zer ari diran ez dakitela; atzerrietan zer gertatu dan ere ez dutela entzun edo irakurri.

        Lenik, yakinkizunak ez daude erriaren mende, ez Euskadi'n, ez iñon. Zerbait ikasi uste dugunok, eskubide dugu, naski, ikasientzat ere egiteko. Eta au gauza bearragoa da. Erriarentzat egin nai dunak, bial dezala gure Aldizkari ontara, ta pozik emango diogu atsegiñ ori. Ikusiko dugu auzia nork irabaziko dun. Esaten digutenez, gu gera nagusi orain arte gure Aldizkarian, geiena euskera zailla omen baita. Erritar oiek, batere balio dun gauza baldin bada, tokia dute gurean,eta ia gu baño geiago ta obe ateratzen diran.

Ez dago bildurrik!

        Zer da erria, erri irakurlea? Hendaia'tik Donosti'ra, ez naski eleluma aiña. Gure erriak ose gutxi irakurri oi zun edo baterez, karlisten aldiko euskera errexa. Mezako liburua besterik etzun irakurri nai gure baserritarrak. Eta bein edo bein liburu kaxkarren bat argitaratzen ba'zan beste gai batez, azken-aldean bederen Meza'rik ba-zun galdegiten zuten. Ba dira Euskadi'n ola argitaratuak. Ez da ala, L. Mendizabal, adiskidea? Ezean, etzuten erosten. Au da erria, gure idazle errizale oiek adierazten duten ERRIA. Berak erderaz egin, yakiña!

        ARGIA oso zailla zanik ez digute esango. Ala ere zenbatek irakurtzen zuten asi ta buka? Gure aita zanak igandeko Ebangelioa besterik ez. Beste etxeetan ere gutxi gora bera.

        Entzuten ari naiz azpitik, Hendaia'tik gorako Euskalerriak asko irakurtzen dula, ango idazleek errezago egiten dutelako. Goazen poliki. Zer irakurtzen du ango erriak ere, gurea baño gogatsuago dalarik? Berriak, kontuak, pellokeriak. Ikusi dugu beintzat Bidarrai'n, urte t'erdian bizi izanik, zenbatek erosten zuten HERRIA. Iru bat dozena Eliz-atarian? Eta zenbatek arpidez? Lau edo bostek eskas. Eta irakurri? Apaizak ezik, eta Bezperetara ezin yoan ziteken etxeko-andreren batek, xokoan. Batere yolasteko gauza zanak, pilotan, naiz musean artzea maiteago du. Ni egon nintzaneko auzo batean, bederatzi etxe, batean bakarrean, eta ez asteoro. Beste errietan, ariora.

        Au da gure gizon oien erria. Gurea ez. Zein da, bada, gure erria? Eun apaiz, berreun praile, berrogei ta amar galtzadun, ikasi samar oietakoak, eta kito. Alde batera uzten ditut Eliz-liburua irakurtzen duten emakumeak. Eguneroko Misala ere gutxik irakurtzen dute, ez baitira egunoro Mezetara yoaten, eta, ezbaitute erosteko dirurik ere? Emakume auek ere ez dira erri soil ori. Ez dira mordollozale. Gure erri dira, ta oieri ere eman diegu zerbait. Berriketontzi oiek baño geiago.

        Oraiñartekoan ere, nongo erritan arki diteke gurea baño literatura erri. Tarragorik? Erri soil orri ere eman diogu, bada, bere literatura. Eta arritzekoa! Ikasiek ezin ulertu dutena, erritarrek ari zaizkie argitasunak ematen. Esana dan bezala: «Baigorrin baxera urrez; ni arat orduko, lurrez». Provenza'r yakintsu batek esan du, Henri Bremond'ek, Mistral «bitan ulerkaitz» dala, «doublement inaccesible,» ; ango nekazari ta itsasgizonen buruan ez dala sartzen.

        Goazen gorago. Dabid'en Salmuak berak Elizan kantatzeko zirala ere, etzeuden erri-izkuntzan idatziak. Izkuntza ua sekulan etzuten ikasi ordurarteko hebertarrek. Eta, au bai arritzekoa! Erri orrek izkuntza ta lurra ere oso galdu zitun; bañan orain, millaka urte ezkero, Ierusalen'go karriketan Dabid'en izkera zail ua dabil aur hebertarren agotan. Zer erakuskizun guretzat, eta zer bizkorgarri! Nork esan dezake, gure euskera zail au, naiz Eusko-Gaztedikoa-ez baita Dabid'ena baño zaillago, berritik ikasteko, emendik milla urtetara ez ditekela berritu? Ala ere, begira galdu! Ez baikera yuduek bezain abertzale.

        GUK EGITEN DUGUN EUSKERA ZAILLAK EZ DU ERRI-EUSKERA ILARAZIKO. ZUEK NAI DUZUTEN EUSKERA ERREX ORREK EZ DU EUSKERAREN ERIOTZA GALARAZIKO. Ez al dugu ikusi Laphurdin, Naparroa Beheren, Xuberon, EUSKALDUNA'ren aldietan euskera galtzen asi zala? Ta oraiñaldi ontan, HERRIA'ren aldian, errietatik iges doala? Ez al ditugu ikusi erririk txikien eta euskaldunenetan ere, aurrak barra barra erderaz, nexkatoak batez ere?

        Zaudete ixilik, Yainkoaren izenean, errexzale uts oiek, bear ez danik esan gabe.

Zenbat aldiz entzun diegu errex-zale oieri: «La literatura es la vida de las lenguas»? Noiz ezkero? Ez al dira il literaturarik ederrena zituten izkuntzak? Edota osotara endakatu. Zein errik izan du Grezia'k baño literatura oberik? Ala ete nora yoan da aien izkuntza yatorra?

        Negar egingarri da. Oraingo grezitarrak lotsatzen dira beren izkera erritar edo demotike'rekin. Beste bat asmatu nai izan dute, garbia, kathareousa, ta gure artean baño burruka latzago egin dute, bi alderditan zatiturik. Azkenean, elkar artu bearra. Yuduek ez dira lotsatzen Dabid'en izkuntzarekin. Izan ere, ezin siñetsizko da greko zarra nola kaxkartu dan ortaraño. Ez, naski, turko edo eslabu itzez nasirik dagolako bakarrik; batez ere Gramatika eder ua erabat lardaskatu dutelako. Demotike'ori bezalako auntz-erdera zikin bat edo auntz euskera zikin bat naiago al duzute? Nik ez, beintzat. Euskera orrenbesteraño itsusitze ezkero, iltzea berdintsu zaigu.

        Erriak euskera galtzen ba'du, berak galduko du; ez guk galarazten diogulako. Bizi ba'ledi, ez du zuengatik iraungo. Alper alperrik da. Ez etorri neri, guk eutsi genezaiokela.

        Kalea dala, eskola dala, zinea ta liburuak dirala, gurasoak euskaldun izanik ere, aurrek nai ta ez euskera galdu bearra omen daukate. Etxeko zokoan ere ez omen dute itzegin nai. Gurasoak euskeraz ari ba zaizkie ere, erderaz erantzuten omen diete. Noren obena da? Gurasoena. Aitzaki uts utsa da besterik esatea. Zergatik ez ditute beartzen etxean bederen euskeraz egitera? Bi ama ta aita bat ezagutzen ditut aiputan egon bear luketenak. Iruñan aurrek ez dute euskerarik entzuten, ez karriketan, ez eskoletan; baña nik ezagutzen ditudan bi aurrek euskeraz ederki egiten dute, amari esker. Eta aitak ez daki. Beste ama bat ba da Bordele'n edo Burdeos'en. Senarra prantsesa du; aurrek ez dute tutik entzuten euskeraz ez karriketan, ez eskoletan. Amarekin etxean ikasi dute, ta Donibane Lohitzun'en bezalaxe mintzo dira.

        Aita bat bizi da Bilbaon, nere adiskidea. Andrea erdalduna du; eziñ ikasi izan dio euskeraz; aurrek ez dute kaleetan euskerarik entzun; eskoletan ere ez; etxea dute eskola. Aitak bezalaxe ikasi dute. Areago, adiskide onek neskame arabarra zun, euskeraz ezer etzekina, ta onek ere euskera ederki ikasi zion. Zertako dira beraz aitzaki oiek? Euskaldun izateari ez diogu eskerrik aski ematen, eta beraz, euskera ez dugu maite.

        Zenbat gera idazle euskaldun? Ogeitamar? Zenbat irakurle? Berreun ta berrogei ta amar? Auen artean euskerak iraun ba'leza, euskera ez da galduko. Galduko da, bai, erriarengatik, beste errietan gertatzen dan bezala.

        Ba-dakizute zer eran zion A. Olabide'ri Ledóchowski yesulagun guzien Buru zanak? «Me han dicho que cultiva Ud. un vascuence académico. Siga por ahí, porque, andando el tiempo, eso se llegará a apreciar, como ha pasado en mi pueblo polaco». Euskeraz irakurtzen dutenen artean, zein irakurri da ogei urte auetan Olabide aiña? Iñor ez, nere ustez. Eta irakurtzen dute apaiz oiek, praile oiek, atzerrietan; bai Ameriketan ere.

        Amar yakintsuk Olabide irakurtzea geiago da berreun erritarrek Kirikiño'ren Abarrak baño.

        Ots, idazleok, ez yaramon egin errez-zale otsaputz oieri. Aurrera zuek, errexean eta zaillean.

        Latiña il omen zan. Ez osotara. Elizaren izkuntza da. Ba dira zenbait milla, Erromako erri soillaren latiña bañon ederragoa gaur darabiltenak. Euskera demotike'edo auntz-euskera gelditzekotan, iltzea berdintsu dio. Gelditu dedila eder idazle ta irakurle batzuen artean, eta ez dedila galdu errian, orain dagon bezain eder.

        Zerk eutsiko dio euskerari? Abertzaletasunak. Baña, zenbat abertzale zintzo agertu dira Sabiñ ezkero? Bera lenik, euskera ikasi baitzun, gure Lendakari yauna, Monzon, Lizardi; onek, ia oso galdurik zeukala ederki ikasi baitzun. Oiek ditugu abertzale ereu. Oien egiazko bidetik okerturik gabiltza. Ortara etorri bearra daukagu, berriz ere, euskeraren eriotza nai ez ba'dugu.

        Gure egunkariek ere erdera geiago egin zuten euskera baño, euskera ez baitzien dirurik ematen.

        Diruzale ziran, EUZKADI barne. Euskaldun danak ez du aski euskaldun izatea, euskerari iraunerazteko. Ez dezala aztu zer dan euskotar izatea, eta eman dezaiola esker bere buruaren ezaguerari. Euskaldun ez dan euskotarrak ez du aski euskotar dala esatea, ez ta abertzale dala esatea, ere, gure izkuntza ikasten alegiñak egiten ez ba ditu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.