Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Ilbeltza-Otsailla. I-II garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Antzerti—

 

Amayur!!

 

Uarrain

 

Bigarren egintza

 

Antzeslekuan Iruña'ko plaza nagusia agertu bedi. Atzean edo alde batean obeto egokitu ezkero Naparroa'n España'ko erregeren ordezkari dan Najera'ko dukearen etxea. 1521'gn. urtea da. Bederatzi urtebeltz eta illun igaro ondoren españarren uztarpe laidotsua jasanaz, berriz ere naparrak prantzitarren laguntzarekin Iruña'z jabetzen diran egun pozkarria. Iruña'ko eliz eta komentu guzitako kanpaiak jo ta ke ari bitez lenengo bi edo iru agerraldiak dirauteño, beren dilin-dalan alaiaz naparr-prantzitarren gudozteari ongi-etorria emanaz. Jendea kalez-kale bebil kantari ta ojulari Naparroa'k berriz ere bere buruaren jabetasuna iritxi dulako pozak mozkortuta. Ontan gizonezko pila bat biltzen da Najera'ko dukearen etxe aurrean enborr lodi bat erakarki ta atejoka asten dira ideki dezaten.

 

 

LENENGO AGERRALDIA

 

Erri jendea asaldatuta.

 

        Buru.— (Iñork eztu erantzuten zalapartarien ojuai ta orduan, buru egiten duna asten da karraxika). Zabaldu ezazute lenbailen atea baldin etxe gabe gelditu nai ezpa'dezute!

        Ingurukoak.— «Ori, ori», «Dukearen burua bearr degu!», «Eskuratu zaiguzute dukea baldin guztiok urkamendian bukatu nai ezpa'dezute!», «Eriotzak gal beza Gaztela'ko zapelazkumea!», «Bera Gaztela ta Naparroa'ko gaztelkumeak!», «Gora Enrrike Labrit gure errege gaztea!», «Beramatzi deabruak Emperadorea ta kardenala!», «Gora Naparroa!».

        Buru.— (Artega ta sututa). Erriaren izenean zabaldu atea edo bera botako degu. (Ez dute erantzunik jasotzen eta orduan buruzagiak aginduak zabaltzen ditu). I, Beltran, Gartzia, Otxoa ta zuek (beste batzuk izendatuz), artu enborra ta irauli atea kolpearen kolpez. (Gizonok arr bezate ondoskoa ta danbada ikaragarri batzuk emanaz lurreratzen dute atea. Buruzagia aurretik dutelarik sartzen dira barrena makillak eskuetan eta otso gixa ojuka ta uluka. Erasotzaleok etxe barruan dirauteño beroien oju ta karraxiak eta mueble ta tresnen jotzearen kolpeak entzun bitez kaletik),

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Andre Mari ta Patxi bere semea.

 

Kalez-kale datozelarik agertzen dira. Arpegian poza ta alaitasuna nabari bizaie gaztelarrak beren aberritik uxa dituztelako.

        And. Mar.— Nun ote dabiltza Mitxel eta Joanes gureak? Ezta errexa topatzen, alako jendez daude kaleak¡

        Patxi.— Erribera aldera jo ezpa'dute gaztelarren jarraiki, onezkero laisterr ikusiko ditugu.

        And. Mar.— Bein bihar, Iruña'ko kalerik geienak ibilli ditugu-ta.

        Patxi.— Alkar ikusi naian ez ote gabiltza alkarren igesi?

        And. Mar.— Onenian bai.

        Patxi.— Ez niñuke batere arrituko Mitxel Leirin'go konde traidorearen jaraiki joana izatea. Donibane-Garazi'tik itzul egin zioten eta ura atzeman arte eztu Mitxel'ek arnasik lasai artuko.

        And. Mar.— Alperrik etorri ote gera bada Xabier'tik beren ikusmiñez eta berak laztantzeko lei biziaz? (Ontan, etxe barruko zarata ta iskanbillak iñoiz baño ozenago entzun bitez, muebleak ankaz gora joatean atera oi duten burrundara nabarmena ta abar.)

        Patxi.— (Arritua). Bañan ama, zer gertazen ote da etxe ortan onelako zalapartak izateko? Lapurrak ote dabiltza?

        And. Mar.— (Begira jarrita). Izan ere! Etxe guztia txirtxillatu bear dutena ba'dirudi!

        (Ontan, buru egiten dun gizona ateratzen da ojuka ta gaizki esaka etxe barruan arrapatu ditunak amorruz puskatuz).

        Buru.— Urde arraioa! Anka egin dik koldar alen orrek! Alperrik abil ordea, maketo dollorra, orain ezpa'dek geroxeago gure atzaparretan bear dek-eta.

        And. Mar.— (Buruzagiarengana biurtuz). Barkatu jauna, noren zabiltzate?

        Buru.— (Zakar), Najera'ko dukearen, andrea. Atzo, gure guda-gizonak sartu aurretixe Iruña'ko kale auetan ikusi gendun eta bere billa etorri gaituzu etxean ote zanentz. Enperadorearen zakur leialak itzul egin du ordea.

        And. Mar.— Eta zer ari zerate orain?

        Buru.— Nere gizonak ari dira.

        And. Mar.— Ari? Zertan baña?

        Buru.— (Maltzurki parre egiñaz). Ezta gaitz ulertzen. Berak, urkamenditik zintzilik bear eskuartetik itzul egin digu. Tamala litzake beraz, urde kiskil orrek iñoiz-edo onerako aukorik ba'lu etxea oso-osorik topatzea.

        And. Mar.— Barkatu jauna, baño oker egiten dezute ortan. Ori ez da Jaungoiko'aren legeak erakutsi biguna.

        Buru.— Jaungoikoa'ren legea? Izan al dute berak guretzat? Edo-ta berak nagusi ziranean ez ote zan Jaungoiko'rik goi ortan?

        And. Mar.— Bai, noski. Zuri ordea ez dizu eskatuko Jaungoikoa'k aien okerregiñaren kontu; zurearen bai.

        Buru.— Zuk ez dezu nozitu (1) nunbait nik bezela gaztelarren mendean ez bide dizute urde kiskil oiek neri añako kalterik egin. Gañontzean etziñake ain barkabera izango. Odola darion zauriak barka ote lezake agian?

        And. Mar.— Zuk uste ezarren ere nere biotza odol-jario dago. Ba'liteke zuk aña ez nozitua, zure berririk ezpaitet, baño azkeneko bederatzi urte auetan, gaztelarrak gure erriaren jabe egin ezkeroz nere bizia gurutze aztun bat besterik ezta izan.

        Buru.— (Arrituta). Nor zaitu bada, andre agurgarri ori?

        And. Mar.— Nere nortasunak garrantzirik eztu. Naparroa'gatik beren nekeak eskeñi dituzten ainbestetako emakume bat besterik ez naiz.

        Buru.— Alabaña ezagutu nai ziñuzket, zure abertzaletasunak eta kristautasunak arriturik utzi bainaute.

        And. Mar.— Esango dizut nortxo naizen baña orren trukzuk bestetxo bat agindu. Zure gizonak dukearen etxetik ertenaziko dituzu ortarako almenik baldin ba'dezu beñepein.

        Buru.— Bai pozik ere, andrea. Zure izena?

        And. Mar.— Mari Azpilikueta, Joanes Jatzu'tarra zanaren alarguna.

        Buru.— (Arriturik). Andrea! Zu zera, beraz, Xabier'ko jauna zanaren alarguna?

        And. Mar.— Berbera.

        Buru.— Mitxel eta Joanes'en ama.

        And. Mar.— Baita.

        Buru.— Eta zuk, andre agurgarri orrek jasan dituzunak jasan (2), gaizki derizkiozu zuri hainbeste kalte egin dizutenoi gaitz egitea?

        And. Mar.— Zerorrek diozu. Orain, neri agindutakoa bete.

        Buru.— Berealaxen, andrea. (Etxe barrura sar bedi ojuka). Kanpora

danok, mutillak, Xabier'ko jaunaren alargun errespetarriak alaxen agindu du-ta!

        Patxi.— (Amarekin bakarrik gelditzean). Baño ama, nola agindu dezakezu orlakorik gure etxea apurtzea Najera'ko dukeak agindu zula jakinda?

        And. Mar.— Egia, seme. Baño bere errua ez uken ainbestekoa izan, Najera'ko dukea Cisneros kardenalaren esanetara baitzegon eta onek, gaztelu ta etxea urratzeko agindu zioken garaian, egoitza zutik utzi ziken, beronek lekarkioken ondoren gaiztoa leporaturik. Guztiori eskergarri dek, Patxi.

        Patxi.— Egoitza zutik utzi, diozu, ama? Obia litzake ziaro urratu ba'ligute. Zer gelditu zitzaigun etxe barruan? Etxe osoa ustu ziguten pareta gorritan utzi arte eta ezin eraman zutena aizkoraz jo ta txikitu beroentzaz balia ez gintezen.

        And. Mar.— Ala ta guztiz ere biotz-biotzez barkatu bear diogu, Jaungoikoa'ren legeak gaizkiñai ongi egitea agintzen baitu. Beñere ez diot gorrotorik izan ez Najera'ko dukeari, ez Villalba koronel ankerrari, ez Cisneros kardenalari, ezta enperadoreari ta Fernando aren aitonari ere. Patxi, goguan euki zak ire bizi guzian ire amaren esan au: barkatzen ikasi bear diagu iñoiz Jaungoiko'k gureak barkatzerik nai ba'diagu. (Ontan, Najera'ko dukearen etxetik ateratzen dira arrapaketan egitera sartutakoak buruzagiaren esanetara makurtuz. Atera ala, gizon guztiai utziazten die ostuta dakartena ta gogo txarrez bada ere obeitzen diote buruzagiari. Azkenik, mutil gazte bat enperadorea ren ikurrin aundi arrastaka dakarrela ateratzen da).

        Mutil.— Ona, jaunak, zer topatu detan kutxa batean gordeta. Au, ankapetan puskatzeko besterik ezpada ere ateratzen utziko diguzu.

        Buru.— Ori bai. (Ori entzuteaz ikaragarrizko algara ta ojuak sortu bitez). Ankapera ori! Txistu orri! Bera Enperadorea! Bera gaztelarrak! Ostiko Españi'ko trapu zarrari! Gora Naparroa'ko kateak! Alde, alde, maketo ustelak! Alakoxeko ojuak egiñaz, txistuka, ostikoka ta atzamarka España'ko ikurra txiki-txiki eginda utz bezate. Patxi, zalapartarien artean sartzen da ta ikurrin urratuari zati bat erauziz (3) amagana biurtzen da.

        Patxi.— Ama, bandera au zapaltzea ezta pekatu noski.

        And. Mar.— Ez, seme. Ori zapaltzeak ezpaitu iñorenganako gorrotorik sorrarazten. Ori, katepeturik euki gaitun Erria'ren ikurra da ta Erri ori Erri bezela gorrota dezakegu, gure izatea kendu nairik etorri baitzaizkigu.

        Patxi.— (Ikurrin zatia oinpian jartzen du ta amorruz zapaltzen). Bera, gaztelarrak! Bera, gu itto nai gaituzten gizon makurrak!

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Mitxel

 

        Mitxel ustekabean azaltzen da Patxi ikurriña zapaltzen ari dalarik.

        Mitx.— Ama, zu emen? (Laztandu beza).

        And. Mar.— Seme! (Atsaldi baten ondoren). Ba'zan garaia noiz edo noiz!

        Mitx.— Esan gendun etorriko giñala ta emen gauzkazu zuen artean.

        And. Mar.— Eta Joanes?

        Mitx.— Ez al-dezute ikusi?

        And. Mar.— Guk ez; zuk ez ote dakizu nun dan?

        Mitx.— Ezta errexa, beste gudari sail baten buru baitzetorren. Azkenekoz Pabe'n ikusi nun onontz erten aurretixe. Baño ez kezkatu, zerbait gerta izan ba'litzaio jakin izango bainun. Zaude lasai, ama.

        And. Mar.— Bañan, Iruña'n ote dago?

        Mitx.— Baietz uste, bere gudari saillekoak ikusi baiditut amen. Jakitekoa egingo det.

        Patxi.— Mitxel, ez al-diok kasorik egin bear ire anai gazteari?

        Mitx.— (Laztanduz). Zer diok, Patxi?Itz erdi bat esateko betarik eztiat topatu. Ta, gogor al-abil?

        Patxi.— Ainbestean. Izan ere, beaumontar eta gaztelarren artean eztago gauza onik. Gaurgero besterik izango al-da!

        Mitx.— (Amari). Ta Xabier'ren zer modu?

        And. Mar.— Orain ere lengo gixa. Zangoitze'ra orduko beaumontarrak beatzarekin egiten digute ta zenbaitetan iraindu ere bai. Patxi ikastetxera bidaltzeaz etsi det azkenerako, beaumontarren semeak astakeriak esaten baitizkiote ta maiz odolduta datorkit etxera. Bizi modu merkeago gendula-ta, iraun degu oraindaño Xabier'en.

        Mitx.— Eta nola etzerate etorri emengo etxera?

        And. Mar.— Nola ordea? Etxea pareta gorri utzi ziguten. Nondik sortu, beraz, dirua etxea pittin bat jantzi ta antolatzeko?

        Mitx.— Kezka guziak amaitu dira, amatxo. Orain garaille gaituzu. Gaztelarrak antxintxiketan dijoaz beren erriruntz eta beaumontarrak bildurtuta ta beren buruaz lotsatuta datzate. Jaungoikoa'k noizpait gure eskaria entzun du ta gaurgero, bai Iruña'n eta bai Xabierr'en eroso bizitzeko lain izango degu.

        And. Mar.— Jaungoikoa'k entzun bizaizu!

        Mitx.— Eta ik, Patxi, nun dek naiago Xabierr'en ala Iruña'n?

        Patxi.— Iruña'n naiago. Emen, estudiatzeko aukera obia izango baitiat.

        Mitx.— Ik beti liburutan burua, Patxi. Eztek gure odolgirorik!

        Patxi.— Gogoa ba'diat, adurrak ez natxiok laguntzen ordea. Gerrate zikoitz au dala-ta, gabetasunean erori gaitu eta eztiat bear besteko aurrerarik egin al-izan.

        Mitx.— Orain ire gogoa asebete al izango dek.

        Patxi.— Bai, baño Iruña'tik beste norabait joan bearko diat aurki, emen ezpaitute erakuste aundirik egiten.

        Mitx.— (Zirika). Salamanca'ra joan bearko dek.

        Patxi.— Salamanca'ra? Ez, ez, naiko Salamanca izan diagu bertontxe joandaneko urtetan, orain ara gabetanik. Ni, joatekoz Paris'era joango nauk.

        Mitx.— Arrazoi dek, Patxi; jarrai akio lege orri. Prantzitarrak gure alde jokatu ditek, baño besteak ...

        Patxi.— Besteak, naparr-askatasunaren alde zabiltzatelako bizirik larrutuko ziñuzkete atzeman ezkero.

        Mitx.— (Begiak jasoaz). Ona emen Eneko Etxauz, Baigorri'ko kondearen seme bipilla. Beronek esitu zun Garazi'ko Donibane ta Leirin'go kondeari anka egiñazi. Onetxek emango digu Joanes'en berri.

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Eneko Etxauz.

 

        Eneko Etxaus atzekaldetik igaro bedi Mitxel'engan oartzeke.

        Mitx.— Eup, Eneko!

        Eneko.— Bat-batean burua biurtuz. Kaixo Mitxel, ez aut ikusi.

        Mitx.— Ikusteko modukoa nauk ba(Morrosko bikaña dalako dio).

        Eneko.— Bai, orixe. Naiago nikek Leirin'go kondea i orain bezela aurrez-aurre ba'legokidak. Il edo bizi egin genikek bion artean.

        Mitx.— Ark, iltzeko gogo aundirik eztik itxura danez.

        Eneko.— Eztek gezurra. Koldar orrek, bi milla gizonik alderatzen nintzaiola ikusirik anka egin ziken. Ez izaki, nunbait, gauza berdiña arrotzari etxeko ateak zabalzea edo etxe orri eutsiz norbere erregeren alde bizia uztea.

        Mitx.— Geiago bere berririk izan aldek?

        Eneko.— Bai, gizona! «Aita Txomin»ek ekarri zizkidak arestian.

        Mitx.— Berarekin egon al-aiz?

        Eneko.— Kalean oztopo egin diat oraintsu, alabearrez edo.

        Mitx.— Nerekin egotekoa dek.

        Eneko.— Alaxe esan zidak. Korrika ta presaka zebilleken beti bezela. Zeregiñen bat izango ziken irekin egon aurretik.

        Mitx.— Ta, zer esan dik Leirin'goaz?

        Eneko.— Onezkero Ebro'tik aruntz dek ura, bera Gaztela'tik onontz zetorrelarik Biana'ko lurretan topatu omen zian-da. Arrapazak!

        Mitx.— Biana'ko lurretan! Lekutan! Arrezkeroz ere orrela ibilli ba'dek onezkero Burgos'eratu zaiguk gure gizontxoa.

        Eneko.— Ez likek arritzekorik, egaz ere nekez egin omen litekek alako antxintxiketarik, esaten zidaken gure aita Txomin'ek.

        Mitx.— Gaztela'koen berririk eman al-dik?

        Eneko.— Ez, etzidak ezertxore ezan. Izan ere, kale bazterrean egonalditxo bat besterik eztiagu egin alkarrekin.

        Mitx.— Oraintxe dek etortzekoa. Kantoi onetan berarekin itz artua niok. Azpaldi, Gaztela'ko gure adiskideen berri bage gagozkik eta onetxek kezkati naukatxiok. Enperadoreak irabaziko ba'lik aspaldi ontan komuneroen aurka dakarren gerratea, bere erraiak otsoarenak baño gehiago ez litukek bigunduko.

        Eneko.— Bera okerra ba'dek ingurukoak okerragoak dizkik. Iñork eztik oietan gure mariskal gizarajoaren errukirik. Batzuek bere eriotz egarriz zioztik eta biotz obeak diranak ez ditek bere alde ekiteko kemenik.

        Mitx.— Ala izan oi dek. Eta alakoetan beti okerrenak nagusi, beren asmo biurrietan alkartuta ta kementsu baitzijoaztik. Gure gurendaren (4) indarrez askatzen ezpa'diagu mariskala gizajoa koldarki ilko ditek.

        And. Mar.— Guztioiek egi aundiak dituk, Mitxel, baño ez al-dek gogoan zer dala-ta ots egin dioken Eneko'ri?

        Mitx.— Izan ere! Auxen burua neria! I, Eneko, Joanes nere anaia ikusi al-dek?

        Eneko.— Joanes? Ain zuzen ere bere billa ninjoan oraintxen.

        And. Mar.— Bai ote?

        Eneko.— Bai andrea. Bere billa al-zabiltz?

        And. Mar.— Bai, orixe. Mitxel'ek ezpaitzun bere berri. Urruti al-dago?

        Eneko.— Bai zera! Naparr-erria'ko plaza nagusian nere zai dago. Nai al-dezu onontz erakarri dezadan'

        And. Mar.— Nekagarri litzaizuke. Ajolik ezpa'dizu gerok lagunduko dizugu, noraezean baigabiltz semea ta biok.

        Eneko.— Nai dezuten bezela.

        Mitx.— (Mitxel'i). I ba'al-ator edo bertan gelditzen aiz?

        Eneko.— Nik ez daukat emendik mugitzerik, ama, gure gizon batekin kantoi onetan itz artuta bainago. Zuazte zuek.

        And. Mar.— Ta nun alkar ikusiko degu berriro?

        Mitx.— Nai dezuten lekuan. Nik adiskide onekin laister bukatzen ba'det neroni joango natzaizute Naparr-erri'ra, ta azalduko ezpa'nintz zuek onontzaldi etorri zaitezkete.

        And. Mar.— Ongi ziok, seme. Geroarte.

        Patxi.— Agur, Mitxel.

        Mitx.— Agur danoi ta ondo ibilli.

        Eneko.— Ikusi arte, Mitxel.

(Bijoaz andre Mari, Patxi ta Eneko Etxauz)

 

(Yarraitzeko)

 

(1) Sufritu.

(2) Sufritu.

(3) Arrancar

(4) Victoria

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.