Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Antzerti—

 

Amaiur

 

Uarrain

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Elisabet Goñi ta Mitxel

 

        Elis.— Agurr, Mitxel.

        Mitx.— (Bostekoa emanaz). Kaixo, Elixabet! Auxen da alabearra!

        Elis.— Bai orixe! Nik ere'ez nuke esango emen idoro bearr zindudanik.

        Mitx.— Au poza ematen didazu, Elisabet, okerrik gabe ta osasun bete ikusiz.

        Elis.— Eta zuk neri, Mitxel. Beti zure beldurr naiz bala gaiztoren batek noiz joko ote zaitun.

        Mitx.— Ni ostera, etengabe zugan pentsatzen egon naiz Iruña artzeko borrokaldiak iraun bitartean.

        Elis.— Eskarrikasko, Mitxel, baño zuk añako arriskurik ez det izan nik.

        Mitx.— Berdintsu, Elix. Kañoi balak nun nai lertzen ziran eta gudariak bezela il dira kaletarrak ere gudaldi ontan.

        Elis.— Tamala, ainbeste jende errukabeak biziarekiko zorra bete bearra Enrrike gure errege jauna bere erriaz jabetu dadin.

        Mitx.— Are tamalgarriago, batere tirorik gabe artu litekean uria tirobidez artu bearr izan degulako.

        Elis.— Ala det aitzea. Zer gertatu da?

        Mitx.— Giputz egoskogor baten burutaldiak beartu digu uria. indarrez artzera. Ona, gertatutakoa; Gure gudoztea Iruña'ra urbiltzen ari zalarik, Iruña'ko erriak aldun sail bat bialdu zun Asparrots gure gudalburu nagusiarengana, erria eskuratzeko baldintzetan bat egitera etorri zitezen. Alkarr-izketa auek Arakil'go Iriberri'n izan ziran ile ontako emeretzian. Erriak bialdutako aldunak Enrrike jauna zinpean erregetzat aitortu zuten eta Asparrots prantzitarr gudalburuak bidebatez Naparroa'ko eskubide-legeak zinpean aitortu zitun.

        An artutako erabakiari jarraiki, biaramonean uri barruan sartu giñan eta Francisco Herrera gaztelarren Iruña'ko alkaideak (1) ematen egin nai izan zun, gure gudozteari bularr egiteko indarrik etzutela-ta. Alabaña, lenado aitatu dizudan kapitan egoskorrak...

        Elis.— (Itza moztuz jakinbera). Nor da bera?

        Mitx.— Eneko Loiola'tarra deritza. Itxuraz, morrosko sendoa baño gizon tatarra dala obeto esan liteke, baño biatzez amarr gizonek alako oldarra ba'du. Onek berotu zien burua gaztelarrai ematen ez egiteko ta alaxen etorri da beren burugabeko bukaera.

        Elis.— Eta bizirik erten al-da kapitan egoskorra?

        Mitx.— Bizirik bai, baño eztakit anka moztu bearr izango ez ote dioten.

        Elis.— Zer izan du bada?

        Mitx.— Granada bat bertan lertu ta diotenez zauri ikaragarria egin omen dio.

        Elis.— Gizajoa! Izan ere, euskaldunok egoskorrak gera izatez. Il arte gureortan iraungo degu.

        Miitx.— Anka orri bearrik gaizkatu (2) du bizia, bestela ez luke ematen egingo ilotzik jausi arte.

        Elis.— Atsegin litzaidake gizon kementsu ori ezagutzea. Non ote dago bera?

        Mitx.— Lenengo sendaketa erori zaneko gaztelu bertan egin diote, ezpaitzan iñorako egokera artan bizia arriskatu gabe. Gaur dira Gaixotegi'ra eramatekoak.

        Elis.— Tamalgarria benetan, giputzak gure odolekoak izanda Gaztela'ko errege arrotzarekin bat eginda gure aurka orrela ibiltzea.

        Mitx.— Oraintxen bota dezu egia, Elisabet. Oiek gizonak genituzke, Naparroa'k garai batean bezela Gipuzkoa berea ba'lu...(Norbait somatuz). Baño zaude pixkabat, Elisabet, okerr ezpa'naiz gure mariskalaren semea degu onontzaldi, bere aitaren berri zeatzik ez degu aspaldi ontan eta pitin bat geldiaziko det.

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Peru Nabarra Gaztea

 

        Mitx.— (Ots egiñaz). Perutxo, eup!

        Peru.— Kaixo, Mitxel. Zer diok, aspaldiko orrek?

        Mitx.— Berriro ere gure erriratu gaitukala Jainkoa'ri bearrik. Azkor ezpa'nauk Orthez'koa ezkeroz eztiagu alkarr ikusi.

        Peru.— Egia. Illabete bi pasatuxe, noski.

        Mitx.— Aitaren berririk izan al-dek?

        Peru.— Eskutizak oso beiñik-bein irixten zaizkiguk, eta soil-soilki ondo ziokala, bere kezkarik ez izateko, gutzaz askorik oroitzen dekala ta alakoxeak esaten zizkiguk. Ez dek zailla igartzen eskutitz oiek noren eskutik igaro bearr ditekan. Espetxeko eskutitz begiratzea izugarri estua ditek eta iñolaz zedozer zillegi etzaiotena idatziko ba'litek ber-bertan puskatzen ziotek. Itz bitan, espetxeko ondasun eta zorionak besterik ez zitzaketek konta. Gaixorik egonda ere esaterik etzeukatek, iñork enperadorearen espetxeko tratu txarren ondorena dekala pentsa ez dezan. Alaxe ba, eskutizen esanai kaso egin ezkero zeruan bezin ondo bizi dek

        Alabaña, bere osasunaren bildurrez gaituk; etzekiagu ezertxore, baño biotzondo onek zedozer esaten zidak. Eskutitzetan bere letra ezagutuko ezpa'nik onezkero lurr eman ziotela egingo nikek.

        Mitx.— Eta eskuazpitik ez al-dezute berririk izaten?

        Peru.— Bai zera! Iñolako artu-emanik gabe zeukatek gela batean eta iñor bere ustekorik ezin urreratu zaiok espetxera. Iñork ezin ikusta lezake enperadorearen uste betekoa izanik ere.

        Elis.— Ez dakit nola eraman lezaken bakartasun orretan alako nekaldia. Eriotza bera milla biderr opagarriago litzake.

        Peru.— Bai orixe! Jaungoikoa'k eta berak bakarrik jakingo dute egokera negargarri orrek ekarri dizkioten etsialdi ta lorrak (3), berak daraman nekaldia gizonik bioztiena lurr joarazteko da-ta.

        Mitx.— Eta orain bi urte Bartzelona'ra zertara eraman zuten jakin al-dezute?

        Peru.— Bai, Catalunya'ko nere lagun batek kontatu al izan zidan, oraintsu bost illabete. Iru urte zeramazkinean Atienza'ko espetxe ikaragarrian, enperadorearen aginduz Bartzelona'ratu zuten eskerr eta emaitzez txuliaturik enperadorea jauntzat aitortzea ziñeratuko zutelakoan. Orretara beartzeko, enperadorearen aurrera eraman baño len, bere korteko aundikiak gure gizona Carlos'en alde irabazten saiatu ziran. Jare (4) utziko zutela agindu zioten, bere lurraldeak itzuli ta berriak ere emango zizkiotela. Alabaña nere aitak bere erabakiari pentzatzeko eperik ere emateke ezezko biribila bota zien. Esan ere auxe esan zien: alakorik egin ezkero bere egizko errege-erregiñari egindako ziña urratuko lukela ta alperrik zebiltzala bera zirikatuz, egiñalak egiñarren ere bereartan ilko zala-ta.

Mitx.— Ori da gizona ori! Gure eginkizun guzitan eredutzat bearr genduke.

        Peru.— Pizkorr ibilli bearko degu nere aita bizirik aterako ba'da.

        Mitx.— Gudaldi gogorr batera beartu bearr ditugu gaztelarrak eta bertantxe zapal-zapal egin. Orrela bakarrik eutsiko diogu artutako lurrari ta berai egindako espe batzuen truk zure aita gutarteratu.

        Peru.— Ori da nere itxaropen bakarra. Esan bezela, nere aitaren osasunari buruz susmo txarrak ditut txit eta beralakoan ateratzen ezpa'degu bildurr naiz ilko ote zigunentz.

        Elis.— Mitxel, orra zure ama ta anaia onontzaldi. Izan al-zera berakin?

        Mitx.— Egotia egin det zu etorri aurretixe. Eneko Etxauz'ekin joan dira Joanes nere anaia ikusten ote zuten. Nunbait, eztute ikusi al-izan eta nere zai aspertuta onontz datoz berriz ere.

        Peru.— Ni presaka nabil eta utzi egingo zaitutet. Agurr.

        Mitx.— Noiz arte?

        Peru.— Etzekiat, bi ordu barru Logroño'rantz ertetzen baigaituk

        Mitx.— Agur, Peru, adurr on bat opa diat.

        Peru.— Eskarrikasko ta orobat. (Bijoa)

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Mitxel, Elisabet, Andre Mari eta Patxi.

 

        And. Mar.— (Irriparrez). Garaia dek, mutil, esandako lekura biltzeko!

        Mitx.— Oraintxen nintzan joatekoa, ama. Nere zai aspertu zerate, noski.

        And. Mar.— (Atsegiñez). Gogoko lagunakin orduak igarri gabe joaten dituk gero, Mitxel.

        Elis.— Etzazu pentsa bitarte ontan nerekin bakarrik egon danik. Beste jaun batzukin izan ditu bere zeregiñak.

        Mitx.— Ta, Joanes ez al-dezute topatu?

        And. Mar.— Berarekin egotia egin degu. Alabaña, lanpeturik zebillen eta ementxe itxaroteko esan digu.

        Patxi.— Berealakoan etorriko omen da giputz espe bat gaixotegira erakarki.

        Elis.— Eneko Loiolatarra ote da?

        Patxi.— Berbera.

        And. Mar.— Kañoi granadak anka eraman dion kapitan gaztea.

        Elis.— Bañan, eraman ote dio?

        And. Mar.— Eraman edo... erdibitu edo...

        Mitx.— Eramateak edo erdibitzeak alde aundirik ez dute nere ustean, ama. Bañan, egia esan, ez dio ez eraman eta ez erdibitu.

        And. Mar.— Jendeak ala dio ba...

        Mitx.— Jendearen esanak erdiak gezurrak. Emakumezkoak batez ere etorri aundiko asmamena dezute ta uskeri batez beralaxen egiten dezute ikaragarriren bat.

        Elis.— (Irri parrez). Egundaño entzun ote degu gizonen bat emakumezkoaz ondo mintzatzen?

        Mitx.— Ez ote det egi aundi bat esan?

        And. Mar.— Utzion, Elisabet, oraingo ontan arrazoi zerbait badin-eta.

        Elis.— Zer da, Andre Mari, zu ere gizonezkoen alde?

        And. Mar.— Bai, neska, lotsatzen naun aitortzen, baño, neronek ere zedozer geitu baidiñat kapitan orri buruz.

        Mitx.— (Sorbaldatik artuz bere ama, atseginkorr). Ia, amatxo, esaiguzu zuri konta dizutenez.

        And. Mar.— Egia esateko, anka zintzilik utzi ziola.

        Elis.— Eta zintzilik uztetik anka eramatera tarterik ba'ote dago ba? Ba, ba; orduan zintzilik zegona onezkero eroriko al-zan!

        Mitx.— Orain artean, sendakiñak, moztu bearrekoa izatea gerta litekela esan du soilki, zauria oso sakona dala-ta.

        Patxi.— Ori besterik da.(Amari ta Elisabet'i parrez ka begira). Emakumeok ikaragarriak asmatzen dituzte!

        Elis.— (Lerr gaizto egin bearrez). Ona beste Petrikilo! Oraintxe gureak egin du Andre Mari!

        And. Mar.— Arrazoi den, neska; ba'-ezpa'da ere obe izango diñagu ematen egi, ezpaiten ixurazkoa bi emakume aul-alako sasoiko mutillen aurka aritzea. (Mitxel'i). Ta, sendatu ondoren zer egin bearr dezute berarekin?

        Mitx.— Ori erregek esango du, bere espe baita.

        Elis.— Gaitz aundirik ez al-diozute egin go!

        Patxi.— Zer nai dezu, orrek egin ditunak eginda gero goxokiak ematea?

        Elis.— Ainbestekorik eztiat esan, motiko. Nik ordea pake-pakean etxera bialduko nikek.

        Patxi.— (Suminduta), Zuk bai, emakume guziak berdiñak baitzerate! Bizi guzian gu nondik galduko ari diran oietako bat gure eskuetan erori ta ala ere beren kupidaz urtutzen zerate! Guretako bat aien eskuetan erori dadinean ez dute beste mundura bidaltzeko kezka aundirik izaten!

        Elis.— (Patxiko'gana maiteki urbilduz). Guk ordea obeak izan bearr degu.

        Patxi.— (Ajolik gabe). Obeak!... Beti lelo berberarekin zabiltzate. Asper-asperr egin naiz oraintxe gorputza beaumontarren ukaldiz ubelduta eukitzez orbeak izate-arren. Ona izan liteke zigorkadak artzeko astoa izateke.

        And. Mar.— (Akarr egiñaz). Patxi, aski da! Zuk jasan dituzun guziok edo geiago ez al-ditugu bestiok jasan? Eta entzun al-diozu iñoiz zure amari etsaiaganako gorrotozko itzik?

        Patxi.— (Burumakurr). Barkatu, ama, beroaldi bat izan da-ta. Aurrerakoan ez diot iñori gaitzik opako.

        Elis.— (Mutikoa maiteki estutuz). Beroa aiz, Patxi, baño baita biotz aundi baten jabe ere.

        Mitx.— Orain, aurr-motikoetan dituken jokatzeok(5) gizonezko aldian egintza aunditara bultzako autelakoan aldia, ire buruari uko egiñaz bearbada, Jaungoikoa'k jarriko dikan bideari jarrai akio ta bide orren galen-gallenera iritxiko aiz.

        And. Mar.— Ene! Ona Joanes eririk datzan kapitanarekin.

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Joanes, Eneko Loiola'tarra ta gudari batzuk.

 

        Eneko Loiola'tara esku-kumaña batean luze-luze etziñik bekarte bi gudarien artean. Joanes Yatsu kapitan gaztea ta onen agindupeko lau gudari soil betoz bere alboan, zuritua askatzeko ba'lizko erasoari begira.

 

        Joa.— (Bere amaganaño pareratzean gudariai, aginkor).. Gel... di! Atseden pitin bat artzazute nik ama agurtzen detan artean. (Gure jendeai). Agurr danoi. Ez dezute noski egote aundirik egin nere zai.

        And. Mar.— Ez, seme, irixtea oraintxen egin diagu.

        Joa.— (Elisabet bereziki agurtuz). Zer modu, Elisabet, aspaldi etzaitut ikusi.

        Elis.— Gau ikaragarri artan zuen gazteluan Mitxel eta biok ikusi zinduztedan ezkeroz.

        Joa.— Alaxen da. Jaungoikoa'ri bearrik arrezkeroz egun obeak etorri zaizkigu.

        Elis.— Zu al-zaitugu giputz oldartsu orren zaitzale?

        Joa.— Ba'dirudi. Ezer nai al-zenioke?

        Elis.— Ezaumiñez natzaio.

        Joa.— Ori besterik ezpa'da oraintxen mintza zakioke. (Gudariai ots egiñaz). Ekartzute eria onontzaño. (Bekarte).

        Elis.— (Gaixoagana urbilduz). Ezagutu gogo zindudan, zaldun gazte!

        Eneko.— (Aldi artan zaldun gazteak neskatillai mintzatzen zitzaien txeraz). Nor ote zaitut, damatxo ederr ori!

        Elis.— Nere izena aizeak daraman orbelaren irudi da; entzun orduko aztu litzaizuke.

        Eneko.— Zu bezelako dama baten izenik ezin aztu dakidake nere zañetan bizirik dudaño

        Elis.— Orrela ba'da esango dizut. Elisabet Goñi nauzu.

        Eneko.— Orrelako izen ederraz nola aztu? Zure izena nere biotzean josita geldituko da gaurgero.

        Elis.— Ez nuen uste nere izena ain atsegin lekizukenik.

        Eneko.— Zergatik?

        Elis.— Gu zuen kontra ari geralako gerratean.

        Eneko.— Guda-gizonok gudan gera etsai, bakoitzak bereak zin egindako erregeri jarraitu bearr baitio. Emakumeak berriz, etsaiartekoak izanarren, gudan ere maitagarriak zerate, ain baitzerate lilluragarri.

        Elis.— Leunkeri asko darabilkizute galaiak emakumientzat

        Joa.— (Itza ebakiz). Aski mintzatu al-zerate?

        Elis.— Bai zera! Nere berri jakiteko gogoa ba'zun, baño oraindik eztit esan bera nor danik!

        Eneko.— Barkatu, damatxo orrek! Nere berri ba'zenula uste bainun.

        Elis.— Ba'det, baño zuk nere berri nere aboz jakin dezunez, nik zurea ere ala jakin nai nuke.

        Eneko.— Eneko, Loiola jauregiko aitorr-seme natzaizu.

        Mitx.— (Espatsu ta izketaldia zearkatu nairik). Loiola! Ori izen gozo ta ederra! Zergatik alkarren kontra ibilli bearrean, Eneko zaldun gazteori, ez ote gera alkartu giputz, eta naparrok betiko etsai izango zaizkigun gaztelarrak zapaltzeko?

        Eneko.— Barkatu, Yatsu, baño gizon artean ari gera ta garbi mintzatuko natzaizu. Gaztelarrak gure adiskide aundiak izan dira beti ta naparrak berriz beti aritu zerate guri kalte nondik egingo, gure eskubieak nondik zapalduko.

        Mitx.— Okerr zaude, Loiola. Orain gaztelarrak leunkeri batzuk egiten dizkizute gu zapaltzen laguntzeko bearr-bearrekoak baitzaizkiote. Gipuzkoa ta Araba beren alde aukita Naparroa esiturik daukate ta gudaririk gogorrenak eta iaioenak Naparroa'ren ate-atetan. Bañan entzun nik esandako auxe: egunen batean Naparroa erabat garaitzen ba'dezute gure ondoren zuek eroriko zerate arrano berberaren atzaparretan itota.

        Eneko.— Yatsu jauna, etzaidazu parrerik eragin.

        Mitx.— Denbora izango da lekuko (6). Nik ez dizut esaten gerok ikusiko degunik baño bai gure semeak. Gaztelarrak izkuntzez arrotz eta odolez etsai zaizkigu ta orain Naparroa bezela noizpait Euskalerri osoa irentsi nai izango dute. Ez dute noski erabat egingo beren egitekoa. Poliki-poliki joango dira, maltzurki jokatuko dute berak beti oi duten bezela, azpi-lanari ekingo diote sitsak zura jan oi duen bezela. Zuen gobernuko legetan sartuko dira, indarra beti baita nagusi ta urratzen eta murrizten joango zaizkizute zuen Erri'ko lege bikañak...

        Eneko.— Yatsu, zu ametsetan ari zera

        Mitx.— Ez, Eneko; zuek, giputzok ari zerate ametsetan goxo-goxo, bañan esnatze samiña etorriko zaizute uste baño len. España'ko erregien aundinaikeria oraingo Carlos enperadorearen aitonarekin asi zan eta ezta aseko euren gose-egarria auzo-erririk aulena zapaltzeko indarrik duten arte. Ikusi bestela: aurrena, Españi'ko erri askeak menderatzen asi ziran. Etziran ase, Itali'ko zenbait erreñu ere bearr zituzten; Flandes'en ere eskubideak zituzten berak ziotenez. Bañan Europa txikitxoa gelditu zan berentzat bearrez. Oien nausikeri egarria ez da sekula asetzen. Bost euki, amarr nai, amarr eskuratu, ogei bearr... Mundu osoaren jaun da jabe egin eta zuek, gaixuoiek, osorik utziko zaituztela uste al-dezute? Zuen egunak gurien ondotik etorriko dira. Gure magaletik aldendu ziñaten eta arrezkeroz Euskalerria'rentzat egun onik eztago.

        Eneko.— (Sutsu). Gu ez gera ari Euskelerria ondatzen!

        Mitx.— Zuek ala uste dezute ta ba'liteke asmo txarrez ez aritzea. Alabaña, zuen jokabidea dala-ta, biotz-biotzean sartzen diozute sastekaia (7) Euskalerria'ri. Euskaldunok, arrotz zaizkigunon aurka ez alkartuak ondoren ikaragarriak ekarri bide dizkio Euskalerria'ri.

        Eneko.— Alperrik gabiltza eztabaidan, Yatsu, zuek zueani eusten diozute ta guk gureai ta bakoitza gureonetan ilko gera. Nor dabillen zuzen eta nor okerr Jaungoikoa'k bakarrik daki. Bitartean, bakoitzak gure erregetzat aitortu degun jaunari morroi egiten ondo ari gerala deritzat. Agur danoi ta zuri batez ere...(Elisabet'en izena eztio buruak ematen berealakoan).

        Elis.— Ja, jai! Aztu al-zaizu dagoneko?

        Eneko.— ...Elisabet! Barkatu, gizonezkoen izketaldi satsu onek une batean aztuazi ba'dit zure izena.

        Elis.— Noiz arte, Loiola?

        Eneko.— Zuk nai dezun arte. Ba'dakizu nun naukazun zure soin lirañak ikusterik egin nai ba'dit.

        Elis.— Azalduko natzaizu. Emakumezkuok gizonezkoen etsai ezin ba'gera, gizonezkoak ere ezin emakumezkoenak izan. Agurr, Eneko.

        Joa.— (Gudariai ots egiñaz). Eup! Aurrera gudariok! (Bijoaz).

        And. Mar.— (Egonaldi baten ondoren). Guk ere joan bearko degu emeki-emeki, bazkaltzeko garaia urreratzen ari da-ta.

        Elis.— Bai, bai, goazen. (Bijoaz beste aldetik)

 

Bigarren egintzaren azkena.

 

(1) Gobernador, jaurlari

(2) Salbatu

(3) Deseperaciones y tribulaciones

(4) Libre

(5) Reacciones

(6) Testigu

(7) Puñal

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.