Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Antzerti—

 

Amayur!!

 

Uarrain

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

Mitxel, Joxe-Miguel eta Josetxo

 

        Jox.— (Bost-sei urteko aurra. Basetxetik atereaz). Aita , amatxo etorri al-da?

        Mitx.— (Aurra besotan artuz). Oi, Joxetxo, naiko lo egin al-dek?

        Jox.— Ondotxo gosaldu ere bai. (Mitxel'i belarrira aitak aitu ez dezan). Urdaiazpikoa ere arkitu baitet!

Mitx.— Bapo, Josetxo!

Jox. Mig.— Bapo Joxetxo ez; lapurrontzi Joxetxo. Urdaiazpikoa ebakitzen ez autela ikusi uste al-dek?

        Nik, esango zioat amatxori datorrenean. (Joxetxo'k irri parre egin bezaio, aitaren bekoki beltza gozatu naian).

        Mitx.— Ta zertarako nai dek amatxo etortzia nai beste arrapatu ba-dek?

        Jox.— Elizondo'tik abarka berriak ekartzekoa da-ta.

        Mitx.— Alperrik abil bada, Joxetxo.

        Jox.— Zer dala-ta?

        Mitx.— Amatxok dirurik eraman ez paitu. Ez al-da ala aitatxo?

        Jox. Mig.— Bai, bart asarretu egin niñuken amatxorekin eta etzioat dirurik eman, eta dirurik gabe ez ditek abarkarik ematen.

        Mitx.— Orra, Joxe, txautu au aitak!

        Jox.— (Itun baño ematen egiteke). Amak ordea eltzetxoan bere dirua izaten du.

        Jox. Mig.— Bai, baño bart alkarrekin asarretu giñukanean giltzapean sartu nioken.

        Jox.— Eztio ajolik. Abarkagilleak emango dizkio biar ordaintzekotan.

        Jox. Mig.— Et, et, et! Abarkagilleari neronek esan nioken ez abarkarik emateko baldin-eta aurretik ez ordaintzekotan.

        Mitx.— Orra, Joxetxo, alper-alperrik abil.

        Jox.— (Bat-bateko burutapenak emanda). Zuek ordea tontuak zerate. Ba'al-dakizute amatxok zer egingo dun? Esneak eta bestelakoak saldu ta diru orrekin abarkak erosi.(Mitxel'ek eta Joxe Migel'ek ler gaizto egin bezate ta onek besotan ar beza aurra).

        Mitx.— (Aurrari musu batzuk eman ondoren). Azkarra aiz Joxetxo, azkarra. Aitatxo ta biok garaitu gaituk.

        Jox.— Eta zuk, gerratea irabazi al-dezu?

        Mitx.— Ez, enetxoa. Ori eztek ain erreza.

        Jox.— Eta noiz irabazi bear dezu bada?

        Mitx.— Agian, iru edo lau loaldi egitean.

        Jox.— Bai, beti ori esaten ari zera, ta atzo ere Agerreberri'ko Beñat'ek zionez, Matxin Otso (1) Ziga'ko kanpaterrik jendea iltzen ari omen zan.

        Mitx.— Gaur, otordurako, Matxin Otso aurrez-aurre izango dek.

        Jox.— (Bildurtuta). Etzera egitan ari.

        Mitx.— Bene-benetan.

        Jox.— Bañan, ez dit okerrik egingo.

        Jox. Mig.— Bai, noski, kutxa azpian ezkutatzen ezpa'aiz.

        Mitx.— Ez, Joxetxo, ez, txantxetan ari zaik aitatxo. Ez beldur izan, Matxin Otso lotuta ekarriko diagu-ta.

        Jox.— (Bat-batean). Ixo, Mitxel. Amatxo ba'dator Elizondo'tik bueltan. Ez al dezute entzuten astoaren anka-otsa? (Itz auek esanda bijoa lasterka amatxoganontz). (Deadarka). Amatxo, abarkatxoak erakutsi!

 

        (Joxe-Migel bere andreari sor-gor begira gelditu bedi. Mitxel, zurbil).

 

        Jox. Mig.— Andereño aundikiren bat datorkio lagun nere emazteari. Nor ote?

        Mitx.— Goñi'ko jaunaren alaba da. Zerk ote dakar onontz?

 

 

LAUGARREN AGERRALDIA

 

Mitxel, Joxe-Migel, Madalen, Elisabet eta Joxetxo.

 

Irurak alkarrekin sartu bitez, Joxetxo bere amaren gonetara elduta.

        Jox.— Amatxo, amatxo, ekazkidazu abarkak!

        Mad.— Seme, utzi nazak pakean, emango dizkiat-eta. Ez al-dek ikusten andereño batekin natorkikala? (Ontan antzeslekuan sar bitez). Eraman zak astoa ukullura. (Joxetxo, agertu ala ostera joango da).

        Mitx.— (Elisabet'engana urbilduz). Elix, nola etorri zera onontz?

        Elis.— Gaizki al-deritzazu, Mitxel?

        Mitx.— Gaizki... eztira auek ordea zuretzako tokiak. Nun nai tiroka gabiltza.

        Elis.— (Eztiki). Ez naute tiroak izutzen, Mitxel. Benetan diozut.

        Mitx.— Ba'liteke orrela izatea, baño etxean zure kezketan egon ditezke.

        Elis.— Irutita'n nago ordea, osabanera txango etorrita. Andik etorri natzaizu.

        Mitx.— Irurita'n bizi ta neri deus gaztigatu ez?

        Elis.— Bart eldu bainintzan.

        Mitx.— (Irriparrez). Beraz, osabanean eztezu egote aundirik egin.

        Elis.— Doi-doi, gaua pasa... gero, egurasteko gogua nuela-ta onontzaldi erten naiz.

        Mitx.— Eztiozu gorputzari atseden aundirik eman nai.

        Elis.— Gorputzak ez-ezik animak ere atsedena bear du. Izan ere, nola ote zeunden kezkatuta nintzan. Iruña'koa ezkeroz ezpaitegu geiago alkar ikusi.

        Mitx.— (Txeratsu). Eskarrikasko, Elisabet... (Une bat itz bage gelditu ondoren). Etxeko jauna ta biok alkar ezagutu bearrean zerate. Etxekoandreari esan diozu noski nor zeran...

        Mad.— Bai, aski mintzatu gera.

        Mitx.— (Nor izateak azalduz). Elisabet, Goñi'ko jaunaren alaba. Joxe Migel, Mutuberria'ko nagusi gaztea. (Bostekoak alkarri eman bizaizkie).

        Jox. Mig.— Adur onekoa izan zera nere emaztea idorotzen, ezpaita erraza basetxe ontarako bidea lenengoz datorrenarentzat.

        Elis.— Ezta gezurra, Joxe Miguel.

        Mitx.— Eta nola jakin dezu Mutuberria'n nintzala?

        Elis.— Iruritan esan zidaten etziñala Amayur'en egoten, emen baizik. Larritu nintzan orduantxe, baño ala ere Elizondo'-raño joatea erabaki nun, «gero gerokoak» nere buruari esanaz. Onerako bidea galdetuta, Elizondo'ko gizontxo batek Mutuberri'ko etxekoandrea errira jatxia zala esan zidan ta beronekin etortzea nula onena. Alaxe, beraganaño eraman niñun eta onontza iritxi al izan naiz.

        Mad.— Etxerakoan niotsan Elisabet'i: nai izan ezkero eragozpenak aixa austen dirala.

        Jox. Mig.— (Biziki). Guk ere amaika eragozpen eta korapillo autsi genitun gureakin ateratzearren. Ez al-da ala, Madalen?

        Mad.— Egirik ba'da, oraintxen esan dezu.

        Jox. Mig.— (Gazte biai begira). Gure-ak egin zun, orain zuek saiatu bear dezute.

        Elis.— (Musugorrituta). Gu ezkera ordea... Oraindik beintzat.

        Mitx.— Adiskide utsak gera.

        Mad.— Gu, senar-emaztegaiak ziñatelakoan da... Tamala!

        Mitx.— Zer bada?

        Mad.— Alkarrenganako ain egokiak eta... ez izan!

        Jox. Mig.— Oraindik ez izanarren, izatekoak edo-dira, Madalen... Ezta billatzen Iruña'tik Mutuberri'rañoko biderik maitasunak eragin bage.

        Mad.— Esango nuke.

        Mitx.— Beste zedozer ere izan liteke ordea.

        Jox. Mig.— Mitxel, amar illabete daramazkigu alkarrekin Mutiberri'an eta gure anaitasun sakonak eztu ixilpekorik bear... Zuk ez esanarren, aspaldi igarri dizut zedozer. Zuzen ote nabil, Mitxel?

        Mitx.— (Lotsakor). Ba'liteke, baño gauza oiek...

        Jox. Mig.— Gauza oietan zirt edo zart egin bear da denbora luzatzen utzi gabe. Zuk nai dezu, aspaldi igarri dizut, berak ere ba'dirudi baietz; bai gorputzez, bai gogoz alkarrenganako kidetasuna dezute... zertan orrela egon?

        Mad.— (Geiago bultziaz). Ongi mintzatu zera senarra. Bikote ederra agingo lukete Xabier'ko jaunak eta Goñi'ko jaunaren alabak.

        Mitx.— (Lotsakizuna etenaz). Guztia igarri digute, Elisabet. Zuk zer diozu?

        Elis.— Nik? Ori zuk esan bear dezu. Zuk diozunari poz-pozik burua makurtuko diot.

        Mitx.— Atorkit bada, laztan ori! (Bi eskuak estutuaz). Gaurdanik nerea aiz.

        Jox.— (Poz algaraz atera bedi baserritik abarkak eskuetan dakartzila). Aitatxo, amtxo, Mitxel! Ona emen abarkak! (Guztiok parrez begira bezate mutikoa).

        Mad.— Nun topatu dituk?

        Jox.— Astoaren otarran, ama.

        Mad.— Dana lardaskatuko uan alproja orrek!

        Jox.— Ez ama, abarkak atera besterik eztet egin.

        Mitx.— Eta astoa ukulluan sartu al-dek?

        Jox.— Astoa ukulluan? Zikin askotxo dago ukulluan ni ara sartzeko. Ez ardurik izan, sartuko baita bera gosetzean.

        Jox. Mig.— (Parrea ezkutaka). Akullua eltzen ba'diat sartuko aut nik ukulluan eta etzaiz berealakoan aterako, Barrabas ez besten Barrabas au!

 

 

BOSKARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Belatz-Medrano'tar Jaime ta Yatsu'tar Joanes.

 

        Mitx.— (Bideruntz begira). Jaime Belatz buruzagi nagusia datorkigu nere anaia lagun duela.

        Jox. Mig.— Bai, bera da. (Emazteari). Madalen, jateko ugari ipiñi dezaken, bazkaldar asko izango gaitun da.

        Mad.— Bai, ba'nua. Zenbaitzu izango gera?

        Jox. Mig.— Etxekoz gañera Elisabet eta beste bi oiek zeuzkanagu. Amaika ditun orrela, ezta? Bada-ezpada ere dozena batentzakoa ipiñi.

        Elis.— Madalen, lana sortuko da ta lagunduko dizut.

        Mad.— Lotsagarri ba'da ere, gaurko ontan ez dizut ezezkorik esango, Elisabet. Astia urri det eta zeregin asko. (Joxetxo'ri). Ator, Joxetxo, Katalintxo'ri kontu batzuek egitera, gaizto orrek goiz guztian ez ioken jaramonik egingo-ta.

        Jox.— Ederki eman ere! Zu etorri artean berarekin egon naiz-ta.

        Elis.— Neri erakutsi bear didazu ordea zure arrebatxoa. Nola du izena, nola?

        Jox.— Katalin. Alako poxpolintxorik eztezu zure bizian ikusi. Ederragoa da gero! Etorri, etorri! (Bijoaz bi emakumeak eta Joxetxo).

        Mitx.— Joxe-Migel, alako aurra izatekotan itxu-itxutan ezkondu liteke.

        Jox. Mig.— Bidian zaude, Mitxel. Agian, nerea baño jolaskoiago izango dezu.

        Mitx.— Bera jostakoiago izatea ba'liteke baño urkorentzat onen jolaskarri , nekez. (Belatz-Medrano ta Joanes sar bitez ezpata beste izkillurik eztarkartela).

        Mitx.— (Gudari tankeran agur egiñaz).

Agur, buruzagi jauna.

        Bel.— (Legunki). Agur, Mitxel. Zer gizon modu.

        Mitx.— Mutuberri'n ezin obeki.

        Bel.— Kaixo, Joxe-Migel; bakarrik al zera etxean?

        Jox. Mig.— Aita ta bi morroiak mendian izatea, gañerantzekoak etxean gera.

        Bel.— Ez al-datoz bazkaltzera?

        Jox. Mig.— Ez, bazkari ta guzi joan dira Auzamendi'ra egun-sentian aterata.

        Bel.— Belarretara noski.

        Jox. Mig.— Bai, udaldera bildu bear neguan abereak jatenik izango ba'du.

        Bel.— (Irriparrez). Baserritarrak txingorri ta erleak bezela dagizute: udan bildu neguan jateko.

        Jox. Mig.— Neguan ere sortzen da basetxean zeregiña, Belatz jauna. Emen eztago alperkerirako betarik. Gure legea lan da lan izan oi da uda ta negu.

        Bel.— Bai, egia diozu. Nekazariaren bizitza izenak dion bezela neketsu da.Zuek ordea, morroi ta guzi etzerate gaizkitzo bizi.

        Jox. Mig.— Ala da, Jainkoa'ri bearrik. Nik beñepein naiago det baserriko pake santua gudarien bizi artegabea (2) baño.

        Mitx.— Zuzen mintzatu zera, Joxe Migel, bakoitzak bere bizibideari etsi bear baitio.

        Bel.— (Mitxel'i). Ta, zuk, Mitxel, deus jakin al-dezu?

        Mitx.— Zelatariak etzaizkit eldu oraindik.

        Bel.— Noiz bidali zenitun?

        Mitx.— Gaur bost egun. Aurki etorriko dirala uste det.

        Bel.— Atzeman ezpa'dituzte.

        Mitx.— Ez deritzat. Nere zelataririk (3) oituenak eta erneenak bidali baiditut. Aita Txomin eta Pello Erasun. Pello, gaitz izanarren ere atxi lezakete baño gure prallea arrapatuko dunik ezta oraindik munduan jaio.

        Bel.— Beraz, aurki etorriko diran itxaropena dezu.

        Mitx.— Onezkero emen bear lukete. Alabaña, luzeenera jota gaur arratserako emen dira. Berri zeatzak ekarri bide dizkigute.

        Bel.— Ori bear degu. Ultzama'ra eldu ba'dira, ibarra laga ta gazteluan bilduko gera.

        Mitx.— Zurrago izango da.

        Bel.— Beste gauza bat aitatu bearrean natzaizu, Mitxel. Enrike gure errege jaunak eskutitz bat egin dit... eta asarre xamar. Ain zuzen ere onetxegatik etorri natzaizu.

        Mitx.— (Arriturik). Asarre?... Zer dala-ta, ordea?

        Bel.— Erritarren batzuk kejatu zaizkio nunbait arrazoirik gabe multatzen eta espetxeratzen dezutela jendea. Egia ote?

        Mitx.— Barkatu, baña, gezur aundi bat besterik ezta guziori, Belatz jauna. Gure erregeri kejak bidaltzen dizkiotenak, gu auldu ta ondatu nairik dabiltzan beaumontarrek dira. Orra, bart atzeman degun zamaltzaña ere. Bidean oztopo egin dezu noski, Balentin nere lengusuak gaztelura zeramala...

        Bel.— Bai, konta-katillu lanean arrapatu dezutela esan dit, baña eztegu gelditzerik egin, presaka genbiltzanda.

        Mitx.— Tafalla'ra omen zijoan ardotara... Ba'liteke; baño baita bidebatez zelataritzan egitera ere. Balentin'ek ninganaño ekarri dunean, erregeri kejakin joango zaiola asi zaigu bera bezelako gizon errugabeak (4) espetxera bidaltzen ditugulako. Gero, bere pekatuaren agiria azaldu diogunean bere burua garbitzen naiko lan ba'zun . Zamaltzañoak batez ere, beaumontarren lurretara ardo-iriñeterako joan-etorritan kalte aundiak egiten dizkigute.

        Bel.— Sinisten det dazaidazuna (5), baño nik, nere eginbearra bete bearrik, Enrrike Errege jaunak egiñiko eskutitza irakurriko dizut. (Larrutx zatia sakeletik atereaz). «Nere gudalburu, Belatz-Medrano'tar Jaime'ri, Amayur'ko gazteluan».

        «Bortzerrieta, Baztan eta Doneztebe'ko bizilagun batzuen kejak izanik, ibar oietako jende zintzoekin ez iñolako gogorkeri ta bidegaberik egiteko agintzen dizut nere zintzotasunera gogotsu etorri ziran ezkeroz. Norbaitek okerkeri ta ilketarik ba'legi (6), beroien berri izan nai det epaia bota aurretik. Nere mendekoen berriak arras atsekabetu naute, orretxegatik agintzen dizut zuzen jokatzeko gaurgero, gure erritarrentzat maitagarri izan gaitezen, ez gorrotagarri.»

        Pabe'n, 1522'ko garagarrillaren 5'an. Naparroa'ko Errege. Enrike Albret.

        Mitx.— (Suminduta). Guztiori beaumontarren laidokeria da, Belatz jauna. Lenago esan dizudan bezela, berri oiek beaumontarrak igortzen (7) dizkiote gure artean asarreak sortzearren. Nik giltzaperatu ditutenak gutxi batzuk besterik eztira, ta beroiek, errua (8) ageri zutenak. Bost konta-katillu il ditugu zuri jakiñarazirik; bostak errudunak. Oiez beste, eztegu gure mendeko lurretan iñor il.

        Bel.— Eta zuk jakin ezik ez al-zuten gudariren batzuk geiegizkeririk egingo?

        Mitx.— Ba'liteke zedozer, baño ez gauza aundirik, orrela izan ezkero nere belarritara elduko bailitzake.

        Bel.— Aurrerakoan saiatu bada orrelakorik gerta eztedin.

        Mitx.— Aleginduko naiz, baño zuk ere idatzi zaiozu erregeri emen gertatzen danaren berri emanaz.

 

 

SEIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak, Luis Belatz, Joanes Olloki, Bitor Mauleon, Matxin Urtsua ta bere mutil-taldea.

 

        Luis Belatz, Joanes Olloki, Bitor Mauleon eta Matxin Urtsua aurreratu bitez. Iru lenengoak napar gudari jantziz, ezpata ta arkabuzez. Azkenekoa izkillu gabe, espe baidakarte. Atzekaldean espe sail bat agertu bedi napar gudariak zaitzen dituztelarik.

 

        Ollo, Luis eta Bit.— (Agurtuz). Agur, buruzagi jauna!

        Bel.— Agur zuei ere. Au al-dezute Matxin Urtsua dalakoa?

Ollo.— Auxen da Baztan osoa bildur ikaretan zeukan beaumontar buru-koxkorra.

        Bel.— Zenbat espe egin dituzute?

Ollo.— Irurogei. Ogeitamartsuk iges egin.

        Bel.— (Matxin'i). Zure izen-abizenak eta jaioterria esango al-dizkidazu?

        Matx.— Matxin Urtsua Astitz, eltzaburuarra jaiotzez.

        Bel.— Matxin Otso ez al-deritzazute ez-izenez?

        Matx.— Baztandar petralok bai, agramontarrak baitira geientsu.

        Bel.— Euskaldun zintzoak diralako ta beren Erria ta beren errege maite dutelako.

        Matx.— Euskaldun onak? Eta prantzes erejeakin alkarturik zoazte?

        Bel.— Prantzesak laguntzat artu ba'ditugu zuek beartu gaituzute. Naparroa aske ta zoriontsu zalarik, zertan eraso ginduzten gaztelarrak, askatasuna galerazi ta gure erregeri zegokion agintea kendu? Ta zergatik zabaldu zenizkien ateak arrotzai ta lenengo egunetik aien morroi jarri zuen errege ta zuen anaien aurka?

        Matx.— Albret'tarrak prantxuteak eta erejeak diralako.

        Mitx.— (Kiskalduta). Gezurra diok! Zuzendu itzak itz oiek zugaitz batetik zintzilik bukatu nai ezpa'dek!

        Bel.— Ixo, Mitxel; baretu zaitez. Ikusi dezagun beronen mingañez Leiringo konde etoiak (9) zenbateraño galdu ditun Naparroa'ko biotz zintzoak.

        Matx.— Leirin'go kondea ezta etoia ta eztu iñor engañatu. Naparroi egia nun dan erakutsi digu.

        Mitx.— Bakalderria arrotzai salduz eta gure errege maiteak ostikoz boteaz? Euskaldun bikañak!

        Matx.— Alako erregerik! Prantzesa ta erejea! Euskeraz bai esaten ere ez daki eta Naparroa'ko euskaldun erriaren errege nai. Utikan bere errira!

        Mitx.— Ezta euskalduna izango baño Naparroa'ko erregetza zuzenki datorkio arbasoengandik, Aritzatarrak VII'garren Santxo'rekin amaitu ziran ezkeroz ondorengo gabe. Orain ipiñi diguzuten plandestar ori ote degu euskalduna? Ezta española ere; zuen lotsagarri!

        Matx.— Biotzez ordea españolik onena baño obea da.

        Mitx.— Esan zak biotz-biotzeko euskalduna ere ba'dala. Gezurra zirudik naparra aizena!

        Matx.— Ez nau ezertxore arrotzen napar izateak. Etoiak Eliza'ri, etoiak euskaldunakin, etoiak gaztelarrakin. Zuek etzerate españolak, prantzesak baizik!

Bel.— (Mitxel ixilduaziz eta lasa-lasa). Eta noiz ezkeroz gera españolak Naparroa'ko jendeak?

        Matx.— Fernando España'ko errege Iruña'ko korteak erregetzat zin egin zioten ezkeroz.

        Mitx.— (Biotza lertuta, Belatz'i itza janaz). Iruña'ko korteak, ez! Naparroa'ko Korteak, gutxiago! Beaumontar korteak zin egin zioten, Leirin'go konde etoiak eta bere taldeko lau traidore kiskillek Iruña'ko Kortetan bilduta! Orain ordea Baztan'en zaude ta ez Iruña'n eta Baztan'en eztute agintzen plandestar erregek eta bere jende kiskillak, Enrrike Albret Naparroa'ko erregek baizik!

        Matx.— Aldi gutxiko dezute.

        Bel.— Ba'liteke zuk diozuna egia izatea. Baño, istoriak azalduko du noizpait Naparroa'k izan zitula bere izena garbi gordetzearren eta aberria arrotzen mende ez ikustearren bere alde bizia ematen jakin zuten semeak.

        Matx.— Naparroa'ren etorkizuna España'rekin alkartuta dijoa ta geroak, zuen izenak goratu ez-eze madarikatu egingo ditu Españia'ren aurka jaiki zeratelako.

        Bel.— Gaztelar eta aragoitarrak madarikatu gaitzakete gure etsai diralako, baño Europa' ko gizonak eta, entzun ondo, Gipuzkoa ta Bizkai'ko euskaldunak goretsiko dute noizpait gure azkena.

        Matx.— (Ler gaizto). Ja, ja, ja! Entzun bearrak! Giputzak zuen izenak goretsi! Laga ezkero bizirik erreko zinduzkete. Giputzak, Eneko Loiola'tarrak Iruña'n bezelako oldarrez traidorien aurka borrokatzen dakite.

        Bel.— Irañak ez garamatzi iñora, Urtsua; arrazoitara jo dezagun. Egietan diozut; VII'garren Santxo'ren garaian gure Bakalderritik itzuli zitzaizkigun anai euskaldunak odolaren anaitasunak deituta gugana biurtuko dira noizpait.

        Matx.— Agurea, ametsetan ari zera.

        Bel.— Gaurko ametsak; noizpaiteko egiak. Eta nik etorkizuneko euskaldun oiek onesten ditudanez, auek ere goretsiko gaitute zuzentza ta askatasun alde borrokatu degulako.

        Mitx.— Belatz jauna, ikusmen zolia daukazu. Egia esaten ari zerala uste det. Gu izango gera azkeneko naparrak, azkeneko euskaldunak aldi luzean. Baño gure Erria ezin liteke il eta etorriko da noizpait Naparroa ta Euskalerri osoa gastelarren mendetik aterako dun errege aundi bat.

        Bel.— (Luis'i). Seme, eramatzik espeak gaztelura ta morrollopean sartu epaitu arte.

Luis.— (Agurtuz). Esan ala egingo det buruzagi jauna.

        Bel.— Zuek, Olloki ta Mauleon eramazute Matxin Urtsua gaztelura ta ezkerreko torrean bakarrikan giltzapetu ezazute.

Bit.— Bi barrandari (10) dauzkagu ezkerrekoan, jauna.

        Bel.— Atera bada, Urtsua bakarrikan egotea nai det-eta.

        Bit.— Ala egingo degu, buruzagi jauna.

        Bel.— Zuen kontu bada espea. Joan zaitezkete.

Luis.— (Bere gudari ta espeai). Irmo, gudariak! Amayur'era, ekin!

 

Bijoaz gudari ta espetaldea antzeslekuaren gibelaldetik lerro-lerro igaroaz. Belatz eta lagunak begira gelditu bitez azkenekoak ezkutatu arte.

 

 

ZAZPIGARREN AGERRALDIA

 

Mitxel, Jaime Belatz, Joanes eta Joxe Migel.

 

        Mitx.— Pizti ederra! Orrelako asko ba'ditugu gure artean ez da bear ez Fernando ta ez Kardenalik Naparroa purrukatzeko.

        Bel.— Egia diozu, Mitxel; barruan ditugun etoi auek arrotzen gudozte osoak baño txarragoak dira. Gudozteak erri bat zapaldu ta birrindu lezakete, baño erriaren gogoak bere sinistean gogor ba'dirau, ez da ilko, ta noizpait, abagunea (11) datorkionean, erri orrek burua jaso ta askatasuna iritxiko du. Baña erri bat barrutik usteltzen ba'da, bere askatasun aldeko gogoa oztu ta arrotzen izakeraz, gogoaz ta izkuntzaz kutsutu ta nasten ba'da, erri ura betiko il da. Españarrak ongi jakin-dakite guztiori ta Naparroa beren mende artzeko, napar semien gogoak ondatu ta usteldu naiez dabiltza, azi txar ori ereiten beaumontarrak lankide bikain dituztela.

        Joa.— Ez dute ordea gure askatasun aldeko gogoa itoko.

        Bel.— Gurea ez, ajolik ere etzaie gaur-gaurkoz. Agintea beren eskuetan dutelarik, erri xea beren alde irabazten saiatuko dira. Naparroa'ren nazio izatea, bere erregien nortasuna, gure Korteak eta mintzaira ezti au zertzuk diran aztuaziko die. Gauza oienganako maitasuna kenduko, oztasuna sartu beren Bakalderria orain asmatu duten España ori dala erakutsi ta ura maita-azi. Alaxe, gizaldi batzuk barru mendi oietako semeak ez dute jakingo naparrak diranik ere, ta baldin ba'dakite beren izenak nardatzeko (12) eta gorrotatzeko izango da. Erri guzia galdu ta ondatu dadinean gure ondorengoak ere bizigiro gaiztotu orretan oztu ta galduko dira España'ko pozoiaz kutsututa... ta napar gogoa pizteko iñor jaiotzen ezpa'da gure Erri eder oni lur ematen ez dute lan aundirik izango.

        Mitx.— Gaztelarrak amets duten ondakin ori irixteko morroitzako bikaña begiz jo dute.

        Jox. Mig.— Bai, Matxin Otso asko ba'dabiltza gure mendietan, ezta aurki Naparroa'ren aztarren aundirik geldituko lur gañean.

        Mitx.— Matxin otso gaiztoa ba'da ere ongarri zaigu, Joxe-Migel.

        Jox. Mig.— Matxin Otso ongarri? Orrek esaten eta egiten ditunakin! Gizon ori bizirik uzten ba'dezute ezta Naparroa'n landarerik ere aziko.

        Mitx.— Landareak ez baña abertzaleak bai. Astakeriak egiñaz eta napar zintzoak jarraikituz gure aldeko azia ereiten du. Orrek, bere nagusiaren sermoiak buruz ikasi ditu baño eztaki betetzen. Luis Beaumont, Leirin'go Kondea, ori degu Naparroa'ren etsairik gaiztoena.

        Jox. Mig.— Orrenak al-zitun oraintsu bota dizkigun sermoi bikaiñak?

        Bel.— Bai; orrenak naparrak españolak bear degula, euskaldun onak Eneko Loiola'tarrak bezela borrokatzen dutela gaztelar arrotzakin alkartuta, gure errege-erregiñak erejeak eta prantzesak dirala ta orretxegatik beroiek ostikopetuz, Españi'koak aitortu bear ditugula ta abar. (Joxe-Migel'i sorbaldako atseginkor bat emanaz). Joxe-Migel, pozoiez betetako itz oiek eztira Matxin Urtsua'ren buruan sortu, kaikuegi baita orretarako; guztioiek bere nagusiagandik ikasi ditu.

        Joa.— Bai, Leirin'go kondearen ebangelioa orixe degu. Gizon oiei asko zor diegu jaunak, ez genekizkin gauza asko erakutsi baidizkigute. Adibidez: Fernando aragoitarrak Naparroa'z jabetzera pentsatu zunean gure errege-erregiñak Aita Santuaren izenean eta arek jakiteke eskomulgatu zitun. Isabel bere lengusuarekin ezkondu bear zula-ta, bere etxean antolatu zun Aita Santua'ren baimena. Erroma'ko Aita Santua'ren bearrik ba'ote zun ba? Nor bera baño Aita Santu egokiago? (Algarak).

        Mitx.— Azkeneko asmaketa berriz ba'dakizute. Egundaño naparrak giñan Bakalderri'z, euskaldunak odolez eta mintzairaz. Orain ez napar eta ez euskaldun, «españolak» deritzaioten kasta berri ortakoak baizik. Onelako dotriñakin zerua lurreratu ta lurra zeruratuko digute jauntxo auek.

        Jox. Mig.— Beaumontar auek kapaz lirake zerua lurrerañotu ez-eze inpernurañotzeko, baño lurra ez digute oraindaño zeruratu, alajainkoa! (Algarak).

 

 

ZORTZIGARREN AGERRALDIA

 

Lengoak eta Orbara kanonigoa.

 

        Mitx.— Orra, zein datorkigun aldatzean gora.

        Bel.— Joanes Orbara, kanonigo jauna!

        Joa.— Ez al-zegon Baiona'n arestian?

        Bel.— Bai, arritzen nau emen ikusteak. Onontzaldi degunean, etorri-bearra sortu zaio noski.

        Orba.— (Gudari batek lagundura sartzen da). Kaixo, Jaime ta lagunak!

        Orok.— Agur, kanonigo jauna. (Jaime'k). Nola zaitugu emengo aldi?

        Orba.— Zuek ikusi bearrak eta zuekin mintzatu naiak narakar. Baiona'tik, Aiñho barrena Amayur'era eldu naiz eta antxen esan didate Elizondo'ko «Mutuberri'n» zeundetela Mitxel'ekin egotera etorririk... A! Ez dute eize makala egin Olloki, Mauleon eta zure semearen artean! Aldatzen gora topatu ditut gaztelura zijoaztela.

        Bel.— Matxin Urtsua edo emen esaten diotenez Otsua, ezagutzeko aukera izan dezu, beraz?

        Jox. Mig.— (Itza janaz). Bai, otso lanetan ez-eze axeri kontutan ere ongi jakin-daki lotsagaldu orrek. Oraintsu iru illabete, jorraillaren bigarren amabostaldian edo sarturik giñan, ollategi osoa uztu ziguten bere mutillak. Lapur kiskillak! Oiek orrelakoak ba'dira, zer ikustekoak ote gera Gaztela'ko oien adizkideak datozenean?

        Bel.— Ez nituzke Baztan'go lurretan ikusi nai. Aleginduko gera oiek garaitzen. (Orbara'ri). Urtsua ta biok alkar mintzatu al-zerate?

        Orba.— Zure semeak aurkeztu dit emengo beaumontar taldearen buru-koxkorra. Ez dit agurrik egin ere, baña mingañari bere gustora eragin dio.

        Mitx.— Zer esan dizu bada?

        Orba.— Zure lengusuari auxe esan dio: «Au al-dezute alako entzuteko kanonigo erejea? Pisa'ko batzarrean alkartu ziran kardenalak Aita Santu aukeratu ba'lute, Iruña'n ipiñiko liguke onek Batikanoa».

        Joa.— Aurrez-aurre alakorik esango zizun?

        Orba.— Ni, alako irain zakarra entzunik txundituta gelditu naiz. Joanes zuen lengusuak, suminduta, ezpata atera ta guzti egin du ta tartean sartu ezpa'nintz bertan erdibituko lukela uste det.

        Jox. Mig.— Orrek dauka mingaña, orrek. Beaumontar oiek Aita Santua ere elukete errespetuko Leirin'go kondearekin gaizki ba'letor.

        Orba.— Azkenengo itzak gure erregearentzat izan ditu.

        Joa.— Alakoxeak botako zitun.

        Orba.— «Esaiozu Enrriketxo'ri naparrok eztegula errege prantxute bearrik. Errege bikaiña idoro degula España'ko partian eta ez dezala bururik nekatu Iruña'n nolatan sartuko». Ni ixildu natzaio. Zertan erantzun eriotzaren bildurrak eraginda orrelako gorroto itzak botatzen ditunari? Baño Joanes ezin ixildu, ta arek erantzun dio niketz (13): «Benazko naparrak Enrike zeukagu erregetzat. Zuek ez; naparrak izanik gaztelarrak berak baño okerragoak baitzerate. Aiek, auzoko zaizkien etsaien aurka borrokatzen dute. Zuek, zuen Amaren Aurka. Ai, Naparro maitea, —amaitu zun—, seme zintzoak erditu ustez, amaikatxo, suge erten zaizkizu!»

        Jo nuen goralde ta oraindik entzun bear izan nun ume zorikabe aren azkeneko ukoa: «Tamala gaztelarra jaio ez izatea, napar odola zeramakitala aitortzeak lotzatzen natxiok-eta».

        Jox. Mig.— Ori ere esan al-du?

        Mitx.— Arritzen al-zaitu, Joxe Migel? Norbere erriaren aurka jaikitzen danak bere izena ta bere odola gorrotatuz bukatzen du.

        Bel.— Beaumont, Beaumont! Ire izena amaika bider madarikatua izan go dek gizaldi zear egiazko euskaldunen artean! (Ixilune luze bat darraikio ta ondoren berriz mintzatuko da Belatz baño abots ixilagoz). Eta Baiona aldetik itxaropenik ba'al-dezakegu?

        Orba.— Mariskalaren semea gudariak biltzen ari da Baiona'n. Aurki bi milla ta bosteun gizon ongi eratuak izango ditu.

        Bel.— Noiz da aurki ori?

        Orba.— Bi illabete barru.

        Bel.— Bi illabete, Orbara jauna? Eztakizu azkeneko berriak izan genitunean, oraindik amabostaldirik ez, españarrak Iruña'tik gora ekin ziotela? Onezkero Ultzama aldean dira. Laister jakingo degu. Ta Amayur'ko gazteluan bi illabete irauterik ba'degula uste al-dezu?

        Orba.— Iraun egin bear da, Jaime, iraun. Lenago ezin omen liteke-ta.

        Bel.— Erraza ba'litz! Españarrak lau saietsetatik minatuko dute gaztelua, ta ondakiñetan borrokatu bearko degu, ez aterpe, ez janari, ez sendakai ta deusik eztegula. Ta gudakiñak (14)? Ori ere illabete baño len aituko zaigu. Ez, Orbara jauna, bi illabete ez dezakegu iraun.

        Orba.— Guztiok il bear degula jakin da ere goazen barrura zalantzik gabe. Guk gordetzen ezpa'degu Naparroa'ren izen ona ainbeste loikeri artean, nork gorde bear du? Leirin'go kondea ta Matxin Urtsua bezela ainbeste beaumontar ikusirik gure Amaren izena loitzen, ez al-gaude beartuak Naparroa'ren seme zintzoak bizia ematera bere alde orrela bear ba'da? Jakin beza geroak, gure Erria'ri seme asko suge biurtu ba'zaizkio ere, bere izen garbia gordetzearren iltzen jakin duten seme zintzoak izan ditula.

        Bel.— Baño zu ere gaztelura al-zuaz, Orbara jauna?

        Orba.— Nere lekua zuena bezela antxen dago. Zuek izkilluz borrokatuko dezute. Nik, iltzear datzaten gudari gaixoai laguntza emanaz eta zaurituak sendatuz jardungo det.

        Bel.— Ba'ditugu ordea apaiz gazteak orretarako zu bezelako kanonigo jaun batek bizia arriskatu gabe.

        Orba.— Gure gudariak beren artean nakustelarik, kemen geiagoz borrokatuko dute. Argiro ikusiko baidute, napar-askatasunaren aldeko gudate au, gure etsaiak ukatuarren, zuzena ta Jaungoikoa'ren gogokoa dala ta gaztelarrak dirala soilki Jaungoikoa'ren lege kontra diardutenak.

        Mitx.— (Biotz-ukituta). Kanonigo jauna, ekatzu bosteko ori! (Eskuak estututzen dituzten artean). Zu zera Euskalerri'ko semea! Zu napar gudaria!

 

 

BEDERATZIGARREN AGERRALDIA

 

Lenguak eta Aita Txomin.

 

        Ez bat eta ez bi sartu bedi domingotar lekaidea.

        Txom.— (Lenengo bezela nekazari jantzian agertu bedi). Agur jaunak.

        Mitx.— I emen, Txomin? (Orbara kanonigoari aita Txomin'en nortasuna azalduz). Sasoi beteko artzai gazte au, aita Lakuntza domingotar gaztea dezu.

        Orba.— Asko poztutzen naiz. Urrutitik al zatoz?

        Txom.— Iruña aldetik. Azpi lanean edo pixkabat jardun degu.

        Mitx.— Ta, ongi?

        Txom.— Bizirik beñepein. Pello gizajoak larrua bertan utzi du.

        Mitx.— (Asaldaduta). Bai ote?

        Txom.— Bai, gizajoa adur txarrekoa izaki. Gudari buru batekin adiskidetasun polita egin ondoren berak nai zitunak ateratzen asi zitzaizkion. Alakoan, Eluete'ko beaumontar bat urreratu zitzaien berekin izketan aritzeko. Pello ikaragarri larritu zan, bera ere eluetarra baita ta bi-biak txikitandik alkar ezagutzen zuten. Ari ta ari, ta eluetearrak etzun Pello ezagutzeko itxurarik egiten. Bañan agurtzeko asmotan asi ziranean, ez bat eta ez bi, beaumontarrak esan zion españarren gudari buruari: «Ona emen agramontar bikain bat, kapitan jauna». Estuasun artan zer egin? Bere buruaren jabetasuna galduta Pello gizajoak txarrenetik jo zun, igesiari ekin baitzion. Altua bota zioten eta arek anka lenago baño biziago. Besterik gabe bi tiro bota zizkioten eta zerraldo utzi.

        Orba.— Goian beuka Jaungoiko gure jaunak.

        Mitx.— Eta ik ezer ikasi al-dek?

        Txom.— Bartarratsian eldu ziran Lantze'ra gaztelar oñezkariak. Oni ta ari galdezka atera detanaz amabost milla inguru dirala jotzen det. Sunbilla'n berriz zazpireun giputz daude Aintziondo mendi-gudari iaioa buru dakartelarik.

        Bel.— Naikoa ta geiegi.

        Mitx.— Eta artilleria?

        Txom.— Ori da txarrena. Amabi kañoi dakartzite Arraitz'era. Bat, amabi idi parien artean, bestea bederatziren artean eta beste txikiago bat bosten artean. Gañontzekoak ariñetakoak dira ta gizonak berak dakartzite.

        Bel.— Eta zeintzuk datoz beroien buru?

        Txom.— Iruña'ko alkaidea ta Frances Beaumount, Leirin'go kondearen semea.

        Bel.— Mitxel, kabi ontaz oso zaletu ba'zera ere utzi bearrean zaude. Españarrak etzi edo etzi damu sartuko dira Baztan'en eta azkeneko prestaerak egiteko gazteluan bear zaitut.

        Joa.— Berealaxe abitu bear al-degu?

        Bel.— Gaurko bazkaria emen egingo degu, Joxe Migel'ek zedozer gorde ba'digu beintzat.

        Jox. Mig.— Nai litzake! Mutuberri'n jatekorik dan artean ezta faltako zuek bezelako gizon bikañentzat.

        Bel.— Eskarrikasko, Joxe-Migel. Bildur naiz alabaña, zure etxean gaurkoz ez ote degun azkena egiten.

        Mitx.— Gizonak eztu utzi bear beñere bere burua gaitz usteak menderatzen, Belatz jauna. Etsaia indartsua dala? Irauterik eztegula izango? Orrela pentsatzen asita eztegu erdirik egingo.

        Orba.— Besterik ezpa'da ere gure egin-bearra beteko degu. Zer egin zuten gure asabak Kalagorri'n? Orok il etsaiari atea zabaldu baño len. Orra ba, gure eredua.

        Mad.— (Atarira azalduz), Bazkaria gertu dago, jaunak.

        Jox. Mig.— Sartu jaunak, eta bazkaldu dezagun. Gaur ba'degu; gaurgero, Jaungoikoa'k bakarrik daki izango ote degun.

        Orba.— (Sartzen dijoazela). Izango da, Joxe-Migel, izango da. Jaungoikoa'k beti sortzen du janaria gizonarentzat abere ta egaztientzat bezela. Batzutan ugariago, bestetan urriago, obea edo txarrago, baño beti zutik eusteko lain. (Sar bitez orok eta oiala geldiro jatxi).

 

(1) Agramontarrak ematen zioten izena Matxin Urtsua'ri.

(2) Inquieto.

(3) Espía.

(4) Inocentes.

(5) Esaten didazuna.

(6) Egingo ba'lu.

(7) Bidali.

(8) Culpa.

(9) Traidor.

(10) Espía.

(11) Ocasión.

(12) Repudiar.

(13) Nere partez.

(14) Munizioak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.