Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

«Basarri'ren bertso sorta»

 

Ibinagabeitia'tar Andima'k idatzia

 

Udaberriak Euskalerriko oian, aran eta zelaiak bere bizkortasunez, bere kolore ñabarrez iantzi ditu. Sagastiek, mendi mazelan lore txuri gorri atsegiñez estalita, serora-txuri taldeak dirudita komentutik igesi. Izadiaren indarrak oro berriz ere mugitzen asiak dituzute, eta il-iantzipean bilduta bizi-indar guziak, bapatean zoragarriro lertzen ari dira. Ara emen, olerkari, bertsolarien garaia! Kilkerrak, egotxoak igurtziz inguruetara euren ots-erestunak bialtzen dituten bezelatsu, olerkariek ere biotz barnean pil-pil dabilzkien bertsuak iaulki oi ditute. Izadiaren bizi-naiak, izakiena erabat iñarrosten dizute, eta benetako olerkariaren poesi-ariak bere esku miresgarriz dardarazten. Onatx olerkaria kanta-kantari.

        Gaurkoan, liburutxo apain bilduta, Basarri'ren txintak eldu zaizkigu. Geienok ezagun duzute Basarri bertsolari sendo ta zindua, Euskalerriko txokoak oro kantaz betetzen ari izana eta oraindik ari dana, Iainkoari eskerrak. Bertso-pesta nun, Basarri an, beti ere neurtitzik atseginenak dariozkala. Beaz, bertsolari iator orren irudia mugatzerik ez dagokit, ezagun duzutelakoz, bainan aren bertso bildumaz zerbait esan gogo nizueke.

         Liburutxoa Lekuona'tar Imanol apaizaren itz-aurre bikain batez apaindua datorkigu. Erri-olerki ta bertsolaritzan Lekuona garaienetarik eta aizemalle iakintsuenetarik dugu. Ark bezin egoki ez digu iñortxok oraindik eman eusko-bertso ta bertsolarien berri. Basarri'k ezin zezakean ua baino idazle egokiagorik billatu bere bertsoen ataria bear bezela antolatzeko. Eta benetan atadi ederra Lekuona'k iarri diona, euskera txoragarriz.

        Exeri gaiten pixkatean atadi eder ortan andik iaulki irakaspenak iasotzeko.

        Bertsolaritzan, Lekuona'k dionez, era bitakoak bereizi ditzakegu. Eskola-gabeak eta eskoladunak. Gure bertsolari geienak, eskolagabeak izan dira, etorriz aberats diran arren. Zenbaitek, eskolak ain bertsolari iatorrak eta ixuri aundikoak txukunagotu eta bertso-mailan garaiagotu zitzakela uste dute. Ez dio ezetzik Lekuona'k, bainan arrisku aundia ere dagola dio, eskolak bertsolariek duten zer berezi ori kentzekoa alegia. Eta bertsolari eskola-gabeen zer ori, pizkortasuna, gatza, askatasuna nunbait, eskolak bere bide ta lege taiutuegiz ito dazake, moztu dezake. Naturak lorerik apain eta diztikorrenak berez ematen dizkigu, eta gizon antzetsuenak ere, bere esku eta arteziz aiek bezelakoak egitera iarriko ba'litz, muskildu besterik eluke egingo izadiaren, naturaren lana.

        Iakiña, eskolatuak ere egin ditzake lan egokiak. Orregatik dio Lekuona'k eskola arrizkua dala, ez noski zearoko eragozpen bertsolari izateko.

        Basarri bertsolari eskolatua zaigu; ala-ere ezin ukatu dezaiokegu bertsolari eskolagabeen ziri, askatasun eta gatzik.

        Bertsolari eskolatuak izan genitun Bizkaian, Enbeita eta Arrese Beitia, biak bikainak, osoak, eskolagabekoak baino izkuntza apainagoa erabili arren. Gipuzkoak ere bereak izan ditu, Iparragirre, Otaño Pedro Mari. Iparragirre ordea, etzenuten beste au bezin bertsolari, urrik eman ere. Lekuona'k dionez, arlote kutsua zerion, eta eskolak bertzolaritzako egoak moztu zizkion: bi bertso edo kenduta, «Ara nun diran» bata, «Giltzapean sartu naute» bestea, ederrak benetan, gainerakoak bertsolari kutsu gutxikoak.

        Basarri ta Otaño, lerro-lerro dabiltz bertsolaritzan. Biek eskolatu, biek benetako bertsolari. Eta Basarri'k maite du Otaño eta aren bertsuetan ikasia duzute. Maitasun orren agiri bilduma ontan bertso-sail bat PEDRO OTAÑO'RI eskeintzen dio:

 

                O, Zizurkil'go izar argia

                gaur nator zure gorantzan

                zauden tokitik neri entzuten

                ote zauden esperantzan;

                zure mingaña bezin iaiorik

                garaia artan emen etzan.

                Etxe ta kanpo, zure ametsa,

                jakiñekoa izaten zan...

                Lorerik mardulena zu ziñan

                bertsolarien baratzan.

 

        Oda eder ontan Basarri'k argi aski diosku Otaño'ren iarraile dala, esan ezpazun ere, bere bertsoek ozen aski aitortzen digute. Bion iarioa iturri berdiñetikoa esan diteke. Aukera gaiak ere berdintsuak. Otaño ez omen maite-kantari. Basarri ontan, ez da bere irakasleari iarriki, bada maite-kantan ere saiatzen zaigu, ur otzetan murgildu aurretik, biatza tatika sartzen duen bañuzalearen antzera bada ere. Otaño'k bertsu txororik ez, Basarrik ere ez. Otaño bertso eder eta «ongilleen» ernerazle, Basarri ere bai. Biak itzal aundiko, biak sermogille antzeko, oitura onen begirale ta goratzalle.

        Nik beintzat, atsegiñez eta eztitan irakurri ditut Basarri'ren bertsoak: badute ziri, gatz eta etorri, baita sendimendu ere. Zer geiago bear du benetako bertsolariak? Liburu guzian arki ditezke olerki ederrak eta irakurleak saiatu besterik ez dauka aren orrialdeak barna. Euskera ta neurriarekiko landuago, txukunago zitekela? (Ez naiz gero itz berrietaz mintzo), ba'liteke. Noizpenka etorria moztu bearrez ageri zaigula? Baita ori ere egi. Eskolak ezik, inguruetako trabak ere bertsolarien etorria moztu dezakete. Eta gure Euzkadi maitagarrian oraingoak aundiak dira eta bertsolariek ezin nai luketen bezela euren egoak zabaldu dezazkete. Nagusia beti so... eta soa beltz... gainera.

 

                Gure lurrean len xamurra

                gozatzea kerizpean,

                garai artako patxarrak orain

                zeinek artu lezazkean.

                Negar malkoak datozkit sendo

                egun bat eta bestean,

                Euskal mendien burusoilketa

                ain nabarmen ikustean.

 

        «Euskalerria Itxusten» bertsotik artu dut goragoko ahapaldi ori, ez noski olerkariak bertso oietan ematen dien esanguraz, asmo-aldaz baizik. Zuaitzei kantuz ari zaigu ortan Basarri. Ahapaldi bera Euzkadi osoari buruz kanta dezakegu airerik samin eta minkaitzenaz bilduta:

 

                Negar malkoak datozkit sendo

                egun bat eta bestean,

                Euskal mendien burusoilketa

                ain nabarmen ikustean.

 

        Ai euskal mendien burusoilketa, garratza benetan, bainan garratzago eta are deitoragarriago Euzkadi'ren gogo ta odola dan euskeraren burusoilketa negargarria.

        Kanta, kanta Basarri burusoilketa negargarri ori. Kanta agintarien erra, kanta ere euskaldunen lo zoroa, «Txistulari Zarraren» inguru euskotar oro pozezko dantzaldi batean berriz ere bildu arte. Ez utzi geure ondasun bakarra itotzen, GEROAK ikus dezan Euzkadi-beteko olerkari, bertsolari izan zaitugula.

 

Paris'en

8-V-51

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.