Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Auzi-mauziak

 

Elentxu

 

Orantsu arte ez dut eretirik izan «JULIO URKIXO'RI GORASARRE» deitu liburua, liburu mardul bi, irakurtzeko. Nere diruak gosta zaizkit, biali dizkidana txanpon oien zai ba'dago ere.

        Euskalari ta euskaltzale zenbaitek Euskalerriari buruz egin idazlanas ederrez ornitutako liburuak. Ederrago zitezken euskeraz idatziak, baina liburu orietako euskaltzale geienak erderaz euskera zabaltzekoak dituzute, euskal-arloan lerrenak egiten ari gaituzunoi erderaz lezio merkeak salduz nola euskeraz idatzi bear dugun irakasteko.

        «Agustin Deuna euskal auzi bati buruz» «Araxes» izenpean zugurki estaltzen dan norbaiten lana irakurri dizut, gogotik edo.

        Zer dugu euskal-auzi ori? Euskal-bidean nola ari bear dugun, alegia. Ots, edestia zear edonondik itxatsi zaizkion itzak onarturik, edota itz ok zapuzturik, zearo garbi ta yatorrak erabiliz.

        «Auzia, dio Araxe'k, aspaldi garbitua ziteken, ao ta autarki yabe berez ditugun gizon gurbilen esanetara oro makurtu ba'lira, bainan ba'dira oraindik etsi nai ez dutenak, zenbait urte lenago baño gutxiago, zorionez».

        Nor ditugu ordea, ao ta autarkidun yaun aundiok? Urkixo yauna (zeruan bedi) lenik, urren, Araxe'k dakarzkin esanetatik, Altube, Maistre, Menendez Pidal, Americo Castro, Julio Dantas, Agustin santua. Bi ez beste guztiak, arrotzak.

        Lenago idatzirik nago («Nori Berea»- Alderdi 1951-V) euskera, izkuntza dalarik, beste izkerak bezelako legeen mende dabillala. Damu dut, geitxokeria idatzi ez ote nuen. Araxe'n lanak, ordea, lenagoko nere esanetan esti eragin dit, itzaiak uztarriari yarkiz beiai esti eragiten dien bezela.

        Aipatu gizon ok, bi ez beste guziak, izkuntza egiñetaz ari dituzu. Eskola txiki erdi ta nagusien yabe diran izkuntzetaz. Aien teoriak egoki-egokiak nunbait, aien izkuntz-barrutietan. Gurean ez noski, osorik beintzat.

        Aien izkuntzak aspaldi loraldi betea ezagutu zuten. Gurea loraldi ori ezagutzeko daukagu. Erri aldun, idazle ta erritarrak ere, gerturik daude izkuntza aiek berean zaitu eta are ederragotzeko. Gurea berriz, erri-agintari ta erritarrek ere, erdeñatu, zapuztu eta leozpetuta daukate. Beaz, gure izkera ez da beste izkuntzen legemenduan bizi, ez urrik eman ere.

        Ikus dezagun bestela Agustin deunaren garaia. Aldi artan Ipar-Aprika'n latiña bizi zan, bizitz iraunkorrez atan be. Erri xe, agintari ta elizgizonen artean tinko. Erlijio berriak, kristautasunak, berekin gogoeta berriak ekarri zitun eta ain zuzen, Agustin deuna gogoeta oiek beren izkuntzaz nola egokien azalduko zebillen, jator-jatorrak etziran Aprika'ko itz eta esakera zenbait onartuz. Orregatik zion: «Gramatikarien zorrozkeriak guri zer? Beti ere gure asmoak egoki ta argien azaltzeko itzak eta esakunak erabiliko ditugu». Yakiña, aldian-aldiko. Erriarekin ari zanean, erritar, iakintsuekin ari zanean yatorki ta yakintsuki.

        Ez digu Araxe'k ukatuko Agustin santua idazle apain ere izan zanik eta latiña dotore aski erabili zuenik, arrotzkeri edo barbarismo zenbait aintzat artu ba zitun ere. Hipona'ko Arranoaren egaldi zerutarrak erri-abarrak iarraitu ote zitzakean? Ez dut uste.

        Zein bide artuko lukean gure artera ba'letor? Orain berreun urte Aita Larramendi'k erantzun zion galdera orri, eta zoritxarrez bere-berean dirau aren erantzun garratzak:

        «Zer esango ote luke San Agustin'ek gaurko izlari oetaz? Ai, zeuen eginbide deunaren zikintzalle zeratenok! Yainkoaren itza nasi ta ondatzen, egi-aulkia gezurrez betetzen, Kistoren eskolatik igesi, deabruaren ogipeko, gezur irakasle biurtu zeratenok, yauntxo txoraxka batzu zurikatzeko.»

        Erderaz eta euskera kutsutu ta zikin batez ari ziran izlarietaz diardu Larramendi'k. Beraz, gaur ere orrela ari baitira gure izlari geienak, orra San Agustin'ek esango ere liekena, Larramendi aundiaren ustez.

        Americo Castro ta Menendez Pidal izkuntzariak, beaien izkuntza gazteleratzaz ari bai liran mintzo zaizkigu. Erara gaude aiekin, beste, izkuntzetatik euskerak bereganatu ditun zenbait itz ez ditugula arbuia bear diotenean.

        Bainan euskal idazleak ez ditugu oraindik euskerak berak damazkigun itz eta esakerak landara yauzi-azi, ez orixe. Oraingo idazle geienak ortara iarriak gaituzute, gere-gereak diran itzak datzaten leozpetik yarei ta argitaratzen. Araxe iaunak besterik uste arren, gure izkeraren indarrak ez ditugu oraindik yali-azi. Orainarte gure izkuntzaz idatzi dutenek amestu gabeko edertasunen yabe da euskera, eta aietan murgildu nai dugu oraingo idazleak, gramatikari ta batez ere erdel euskaltzaleen zorrotzkeriei Agustin deunarekin erantzunik: «Guri zer?»

        Abertzale-sur ari gera, euskeraren gaizkabiderako beste biderik ez daukagulako. Beude urruti Menendez Pidal ta Americo Castro euskeraren ondamendia begi ñirñari ta parre murritzez, pozez gainezka, begiratzen duten izkuntzariek. Ondo dakit zer erantzun zion Menendez Pidal'ek nere adizkide bati Gazteiz'ko Seminarioan ango apaizgaiei euskera irakasten ziela esan zionean. Euskeraren arerio gorrienak ontzat artuko luken maketokeria.

        Julio Dantas, bere izkuntza eder eta xamur portugueraz ari zaigu. Ai genuke euskaldunak aiek beren izkuntzaz duten ardura ta zaletasuna. Gazteleraren auzokide ta aide izan arren, portugaldarrak bere-berean izkuntzari eusteko soin ta gogo oldartzen dira. Oiek dituzute gure iarraibide, ez noski euskera museu-apaletan nai luketen pilologoak. Orixe'k azken Euzko-Gogoan zionez, «GUK EGITEN DUGUN EUSKERA ZAILLAK EZ DU ERRI EUSKERA IL ARAZIKO, ZUEK NAI DEZUTEN EUSKERA ERREX ORREK EZ DU EUSKERAREN ERIOTZA GALARAZIKO».

        Utz ditzagun alde bat izkuntzariok eta ekin dezaiogun arloari bakoitzak bere indar ta iakintzaren neurrian, euskeraz ordea, beti euskeraz, eta gere-gere ditugunen esanak ez ditzagun antzi. Onatx Larramendi'k, euskera ederrez, bere Korografian dioskuna:

        «Ez dakit zer esain dizutedan. Aspaldi nabil nola Euskal Erriak edertu ta jasoko ditudan. Bost gau illun, eta bost egun argi iragoak ditut egiteko onetan; baita gure euskera, izkuntza guzien zarrena aien garai nola ezarriko dedan. Baña ezta sinistekoa zer gertatzen zatan.

        Batzuek diote bestelako lan txarretan nabillela. Ezta ezer, oiek jakiñezak dirade, zer derauskioten ere ez dakitenak. Besteak obeto nukela itxeki beargai goragoren eta ederragoren bati. Ezta auzi; oiek alperpotzak dira berok, ez gorago, ez berago dan lanik ukitu ere nai eztutenak.

         El akio, itzontzia, beargai txar diokan orri, ta ara ni itxatxiko natxeok prestuagoari. Ainbeste urtean nabil ezagutu naiez gure izkuntza miragarriaren txitezkoak, ta etzeatiek oraindik osoro ezagutu; ain dek beargai au andi larria. Eta lotsatzen ez aiz ita ire lagun oietzaz, oriek lan txarra deitzeaz, lanik gaitzen ta Iatzenari? I ta ire ballerakoak besterik ezpaliz mendarte oietan euskeraren saietsetik euskaldunak galduak, baita ondatuak ere gindukek erdaldunen bekaitzez, ezin-ikusiaz ta yuzku gaiztoaz.

        Baldin alkar artzen bagendu guziok, nor bere sallari ditxekala Francian ikaratuko gintuke frantziar guziak, ta Ezpañian españiar guziak. Non da ordea elkarte ori? Nagoan isillik. Nere min garratzena da, are estakuskula onetarik darraizkun kalteak eta gaitzak, eta dirudienez, ezagutuko ere eztitugula, ditugun on piskak galdu ditzagun artean.» (Korografia.  Ekin-ekoizpena. 1950).

        Larramendi maitea, galdu genitun, galdu genitun «on-piskak» eta ikusi ere ditu gu yarraiki zaizkion «kalteak eta gaitzak». Euskeraren ondapena ere ezagute dugu Euskeraren ondapena ere ezagutu dugu Euskadinerakin batean. Bainan gertu gaude, zuk esan itzontzi ta alperpotzei kasurik egiteke, gere bidean eten gabe iarraitzeko, arik eta euskera ta Euskadirentzat askatasun osoa iritxi arte.

 

Paris'en 18-7-51.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.