Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Euskeraren kabia

Beloke'ko beneditanoak

 

Elantxobe

 

Beneditano izenak bazterrak oro bere otsandiz aspalditik bete ditu eta oraindik betetzen ari da. Beneditar edo beneditanoek, yainkozko ta bestelako yakintzetan, eliz barrutian, lan aipagarrienak osotu ditute. Lan-aipagarriak, eta aundiak gainera. Gure auzo-erresumek, egite tzar ta aundi baten neurria emateko urrengo esakeratxoa erabiltzen dute maiz: «beneditano-lana duk ori». Aiek burutu lanak ez dituzute izan ere edonork eta edozelan bete zitezken lanak, ego-arri-lana, ekin-lana, eten-gabeko lana baizik.

        Aiei zor, antxiñateko idazle ospetsuen idazlanak gureganatu ziran. Beneditarrak izan ezpalira, zenbait idazlan aipatu, Lati ta Grezi'ko idazleenak batez ere, betiko galduko ziran, eta aien eragin ta ziri gabe gaurko literatura, pilosopi ta beste yakintza mota oro, utsaren pare.

        Kasino-mendi'tik beneditar ordenaren argia Europa zabalean barreatu zan. Andik atera ziran aurreneko praileak erlijio ta yakintzaren zuzia eskuetan zeramatela, baita lur-lantzearena ere. Lekaretxe ospatsuak eraiki zituten, giza-aurrerapidearen iturriak, erlijioa sustatu, iakintza pizkortu ta lurra oparotzeko.

        Euzkadi'ko mugartean, Naparroan batez ere, beneditanoek lekaretxe ospatsuak eraiki zituten, eta mila ta lareun urte lenago loraldi betea ezagutu zuten. Ia Iberia guzia maometarrek menperatu zutenean, Naparroako erreinuan lekaretxe aiek kristautasun eta iakintzaren kabi gertatu ziran; Leire, Iratxe ta beste asko.

        Korduba'ko Eulogi'ren aitorra benetan iakingarria. Eulogi, Kristo ezkerozko bedatzigarren eunkian, Naparroan, obeki esan, Uaskonia'n, Euzkadi'ko lekaretxeak zear ibili zan bidari. Zurturik geratu omen zan ango Yainko ta yakintza garra oartzerakoan. Ala zion beintzat adiskide bati zuzendu eskutitzean. Ez ori bakarrik, ango lekai-buruek zenbait liburu eder oroigarritzat, eskeini zieten, Augustin deunarenak eta Lati'ko klasiku edo iatorrak; danak, Eulogi bizi zan lurraldeetan, ez-ezagunak.

        Arrezkero komentu ertaluntz aietan kultura ta erlijio argiak tinko iraun ba'zun, etzun noski Euzkadi'ko kulura bereziaren onerako iraun. Aiek ere, garai artako euskotar guziak bezela, arrotz-kultura besterik etzuten landu euskera ta Euskalerriaren ondamenditzat. Etziguten euskal-lanik ondaretzat utzi. Ordurako, euskalerriko beneditano zenbait, romance edo gazteleraz idazten asi ziran, Berceo ta beste batzu, «Andre Mari'ren goraipamenak» eta erdel kronika aunitz lekuko. Euskeraz berriz, ezer ere ez. Gure izkuntzak, yaio orduko, uko ta ezespenaren xakia soinean zekarren antza, euskotar burugabeak ezarrita.

        Aldi zoritsuagorik etorriko zan. Aberri-garra inguru guzietan piztuko zan, erri, baserri, eliz ta komentuetan. Lekaide batzu, garraren ikutuz, berotu ziran eta euskerari eman. Gutxi ordea, ta bakarka.

        Lekaide-batz osorik etzan euskeraren berpiztera iarri. Ari ziren bakarrak, naigabe ta atzekabez zekioten, euskal maitasuna ixillean pizkortuz. Lekaide batzak, geienetan, euskeraren kalterako izan dira Euskalerrian, naiz ta euskaldunak sortuak izan. Ori ere aitortubear, lotsagarria dan arren.

        Or duzute Jesus'en Lagundia. Euskaldun batek asmatua eta Euskalerrian loraldi betea ezagutu dun biltzarra. Izan ditu noski, euskal idazle ta euskaltzale zenbait; aiek ere bakarrean ari ziranak, lanik aski egin zutenak, prantsesak esango luketenez malgré Lagundia. Lagundia lagundi bezela, euskera ta Euzkadi'ren arerio izan da eta ori argi ta garbi erakutsi du azken amabost urte abetan. Euskaltzale ziran lagunak, Euskalerritik erbesteratu zitun: Amerika'ra, Txina'ra, erdalerrira, nik dakita nora. Lagunartean berriz, euskera sakaildu eta erail.

        Ez ori bakarrik. San Inazio'k Euskalerria, oso-osorik gorde nai izan zun talde batean, Kastilla izenpean iarri ba'zun ere. Eta euskotarrak, Euzkadi'ko mugartean elkarturik bizi ziran. Aita JANZEN generalak, orain lau urte, Franco, Azkona ta zenbait jesuita napartar francozale txatxuen eragitez, euskotarrak elkarrengandik bereizi zitun: batetik Bizkaia ta Araba, Burgos Soria ta Valladolid buztantzat ezarririk. Bestetik Gipuzkoa ta Naparroa, Aragoi ta Españi'ko beste puska batzu buztantzat emanik. Buztanok elkar-itsastea besterik etzeukan Jansen generalak, Euzkadi berean utzirik. Buruak orratio, Bilbao ta Donostian ezarri zitun, andik bai datorkie diru ta aberastasuna Españako buztanak indartzeko. Orra Jesus'en Lagundiak Euskadiri buruzki bete duen erailketa zakarra. Euskaldunak, ez, arren, inoiz ere jesuitek Euzkadi'ri egin dioten iseka, laido gorria aantzi, bestela zuek ere, aiek bezala, Aberriaren gorrotopean eroriko zerate.

        Utz ditzagun gertakari itunok eta sar gaitezen Beloke'ko beneditanoen komentu ederrean. Orra euskeraren kabia. Iratzeder, Arinbart, Pons Lertxundi eta nik ez dakit beste zenbat praile gazte. Euskeraz ari dira, euskerari indar ematen, Euzkadi'ren gogoa osorik Iainkoaren eskuetara euskeraren bidez eramateko. Bainan, ez dituzu mintzoz besterik ari, egitez baizik.

        Lertxundi Aitak, «Kantikak» deritzan eliz kantu liburu ederra argitara du, gure artean egin dan libururik ederren eta osoena, abestietaz beintzat. Benetan beneditano-lana. Inguru guzietako euskal eliz-kantikak bildu ditu. Bakoizka aztertu, kanta bakoitzaren itzak ere banaka ikertu. Lan ontan, Iratzeder olerkari gaztea lagun etorri zitzaion. Komentuko nagusiak ere, bere txalo bizienak io dizkio Lertxundi'ri, eta liburu atarian dakarzki. Ziaro, liburu ortan, euskal eliz-musikaren oñarri ta aldaketak ikasten ditu. Kantika zorogarririk bada an, baita neurtitz ernegarririk ere.

        «Ezkila-Argitaldaria» ere sortu dute. Argitaldari orrek liburutxo asko argitara ditu, euskaldunen gozo-azkurri, euskera txukun eta argiz idatziak: «Aphez» eliz-antzerkia, «Organbide» antzerkitxoa, Iratzeder'ek ondu ta apainduak. Ua euskeraren goxoa, ua mamiaren guria. Txoraturik irakurri ditut lantxo oiek. Euzkadi guzian zabaldu bear genituke idazlan ederrok, eta zuek Euskalerriko apaizak, laguntasunik aski aterako duzute beneditano maiteek dagiten euskal lan yator abetatik. Or ez daukazute orrelakorik. Gure lekaide ta apaiz guziak, Francopean mintzul ta mutu gertatu diralako. Izkuntzak iges egin die, eta erdera zabaltzen ari dituzu, Euzkadi ta erlijioaren ondamendirako. Oiek bai eliz-gizon bitxiak. Eliz legedia errekara bota ta Francoren aginduak aintzat arturik, or dabiltza txakur geldoak bezela, piztitzarra limurkatu ta eskukatzen, otso gaiztoek, yaunak zaitzeko eman dizkien, artaldeak zear sarraskia ereiten ari bitartean.

        Begira zaitezte Beloke'ko beneditanoen ispilluan. Begira zaitezte eta ikas ezazute.

        Beneditano maite oiek, gainera, euskal-gramatika eder bat ateratzen ari dira, euskera bazter guzietan zabaltzeko. Ori, ori da zintzo ta egoki Aberri ta Euskalerriaren alde jokatzia, eta bidenabar, erlijio ta Iainkoaren alde ere bai.

        Ez prankopean bizi diran gure gotzaitxo ta apaiztxoak bezela. Ardura gutxi aiei euskotarren arimak, Prankoren ederra izan ezkero. Bainan ez dezatela geroenean negarrik eta erostarik jo. Prankorenak, Euzkadirenak baino lenago egingo du noski, alaiainkua. Eta kasu, Euzkadi bere buru iabe izatera eltzen danean. Ez uste geiago par eta isekarik guri egiten utziko dizutegunik, ez zuei ezta Erroma'ko apaizei ere. Ondo ikasirik eta ikusirik gaude. Eta zuek bezela, manu militari, ariko gera, gere ondarea betiko gaizka edo salbatzeko. Yainkoak emandakorik gizonek ezin dezakigute kendu, naiz gona beltz more, gorri ta txuriz iantzirik ibili. Are gutxiago monja ergel ta txatxuek. Idazten ari naizen onek, ederki dakit nundik nora nabillen, asko ikusi eta ikasi ere baitut.

        Agur zuei, Beloke'ko beneditano maiteak. Zuek zerate euskeraren gogo bizi, Euskalerrian arima, euskal-zuziaren zaitzalle. Zuek Euskalerrian erlijioaren begiralerik yatorrenak. Zuek bezelako lekaideak maite ditugu biotz-biotzetik, eta edonoiz ta edonun aldezteko gerturik gaude. Gure erri atsekabetuarekin bat eginik bizi zerate, eta erriaren atsekabeak atsegin biurtuko diranean, zuekin izango gera gu ere. Eta elkar arturik Euskalerri ta euskerak iñoiz ezagutu ez duen berpizkundea barna sartuko gera, Euzkadi berria, bere oñarri jatorren gainean eraikitzeko: tinko betiko, edonondiko aize zakarrei arpegi emateko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.