Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (II'garren urtea. 1951 gko.
Uztailla-Dagonilla. 7-8' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Euskal-elertiari buruz

 

Tauer'tar Norberta

 

Nere adizkide maite-maitea den Zaitegi ta Plazaola'tar jaun agurgarriari esker, EUZKO GOGOA izeneko aldizkari eder-ederra zenbakitik zenbakira artzen det. Euskaltzale sutsu bat naizelarik, ez da arritzeko, barnean dauden idazlan guziak arreta aundirekin irakurtzen ditut. Nere aldetik EUZKO GOGOA'n argitara eman det irakurgai txiki bat, EUZKADI ta nere aberria den TXEKOSLOBAKIA'ren arteko adiskidetasunaz itzegiten duena.

        Aldizkari au agerkai berri bat da jakintza-gaiak euskeraz erabiltzea ez dela zailla, batzuek uste dutenez. Euskeraren aberastasunari esker, geyenetan gure gogoetak obe ta zearoago azaltzen ditu beste izkuntzak baño. Bearrezkoa da euzkotar guziak, ayen oitura txarra den erderan idaztea utzirik, idazlan guzietan euskeraz baliatu ditezela. Asmo au beteaz, urte batzuen buruan euskera izango da euzkotar guzien ele bakarra. EUZKO GOGOA irakurtzean ikusten degu zein idazle ta olerkari argitsuak euskal-baratza lantzen duten eta ayen euskerak zein edertasuna ta joritasuna iritxi dituen.

        Gaurko irakurgai onetan lerro batzuek zuzendu nai dizkiet aldizkari onen irakurleei euskal-elertiaren gorestetan.

        Ogeitabost urte dirala euskerarenganako nere maitetasuna sortu zanetik euskal-elertiaz arretatzen ari naiz eta orain-arte euskal-idazti berriak al den lenen eskuratzen ari naiz. Oraingo denboretan etzait errez euskerazko idaztiak erbestetan erostea: emendik atzerrietara dirua bialtzea aizu ezdalako. Bañan nere adiskideen laguntzarekin ezkeneko urteetan argitaratuko idazti geyenak nere eskuetara eldu zaizkit. Nere etxean euskal-liburutegi eder ta aberats bat daukat. Azkeneko urteetan argitara emandako idaztiak ez ezik, baita ere idazti zarrak dauzkat eta ayen artean batzuek, egungo egunetan txit bakanak diranak. Adibidez aipatzen ditut: «Origen de la lengua Bascongada» izena duen idazti bat, Perotxegi'tar Jon'ek egiña (1760), Chourio'k euskerara itzulitako Jesu-Christoten Imitacionea (1720) eta Larramendi'ren lanen lenengo argitaldiak.

        Euskal-elertiaren sortzea ta igoera begiratzean, nere aberriaren elertiaren edestia gogora datorkit. Txekoerazko elertia ere asiera txikietatik mende baten buruan malla goienera igo zan eta gure egunetan txekotar idazle nagusiak ongi ezagunak dira mundu osoan eta ayen lanen itzulpenak atzerrietan argitaratzen dira.

        Bañan, goazen euskal-elertiaz itzegitera.

        Euskal-elertian mota guzietako lanak arkitzen ditugu, nai itz-neurtuetan, nai itz-lauetan, jatorriak ala itzuliak. Euskal-elertia biziki abertzalea da ta euskerarenganako maitetasun bizia agertzen du. Euskal-idazle ta olerkariak Euzkadi'ko nekazari ta arrantzaleak, baita ere ayen oitura jatorrak goratzen dituzte eta onela euzkotarren abertzaletasuna bizkortzen dute.

        Sarritan entzuten degu esaten, eta, tamalez, euskaldun abertzale askoren iritzia da, euskal-elertia garrantzirik gabekoa dela eta euskal-idazleak ez dutela jakingarririk ezer idatzi. Nere ustez au ez da zuzen eta abertzaletasun epela agertzen du. Egia da euskal-elertiaren igaliak orain-arte ugariezagoak dirala Europa'ko beste enderriak begien aurrean ba-ditugu. Bañan euskal-elertia begiratzean, ezin zaigu aztu abenda txikiaren izkuntza den euskera, egoera arras illunean bizi dela. Beste enderrien izkuntzak azkatasunean bizi diren artean, euskeraz idaztea debekaturik dago Euzkadi'ko zati aundian. Egungo egunetan euskaldun idazlerik argitsuenak aberri'tik kanpo munduko bazter guzietan sakabanaturik bizi bear dute, eta euskerazko idazti geyenak atzerrietan nekez argitaratzen dira. Beste lurraldeetan erritarrak beren izkuntzan idatzirik dauden mota guzietako idaztiak su ta garrarekin erosten dituzte eta atsegiñez beterik irakurtzen. Euzkadi'n eta euzkotarren artean, zoritxarrez, au ez da gertatzen. Euzkotarrak, euskal-ikastetxerik ez daukatelarik, ezin dezakete beren izkuntza ongi ikasi eta orregatik ez daude oiturik euskerazko irakurketara. Gañera, euzkotar asko erdeldun utsak dira eta geyenak, abertzaleak izan arren, zabarkeri aundia erakusten dute euskera ikasteko. Euskeraren ez-batasuna beste eragozpen aundi bat da euskerazko idaztiak Euzkadi osoan zabaltzeko; izkelgiak irakurgaiei ipintzen dizkioten mugak gauza beltza da irakur-zale ta idazleentzat.

        Gauza oyek guziak gogoan artu bear ditugu euskal-elertia aztertzen ari ba-gera. Alaz ere, euskal-idazleak neke guziak garaiturik, mamiz baita ere tankeraz egunetik egunera ederragoak diren idazti berriekin, aberatsen ari ba-dira euskal-elertiaren lorategia, euzkotar guzien eginbear nagusia da idazleak lan zail onetan al den eran laguntzea.

        EUZKO GOGOA'n idazten dutenak euskera eder ta joria erabiltzen dute. «REVISTA EUSKARA»! izeneko euskerazko lenengo aldizkaria irakurtzean ikusten degu zein edertasun ta aberastasuna euskera'k iritxi duen iragan laurogei urteen buruan.

        Orain munduko bazter guzietan bizi diren euskaldun eta euskaltzaleak irakurtzen dute EUZKO GOGOA. Onela betetzera dijoaz Detxepare'tar Beñat'en neurtitz ospetsuak:

 

                Euskera

                Jalgi adi mundura.

                Lenegoayetan oi intzan

                Estimatze gutitan

                Orai aldiz hik bear duk

                Ohoria orotan.

                Euskera

                Abil mundu guzira,

                Bertzeak orok izan dira

                Bere goyen gradora

                Orai ura iganen da

                Bertze ororen gainera.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.