Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III'garren urtea. 1952 gko.
Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

— Euskera—

 

Euskeraren batasuna

 

Ibalan

 

Azken aldi ontan batzuen-batzuek euskel gaiak berriz astintzen asiak ditugu. Lan ori pozgarri zaigu, jardun orrek oraindik bizi gerala adie razten bait du. Isil eta geldirik egotea okerrago litzake. Lo zorroa «eriotzaren anaitzakoa» Lizardi'tar Xabier'ek idatzi zunez.

        Beraz, esna gaitean eta ikus zagun, begiak ñir-ñir zer dioten euskeltzale ta «euskaltzain berri zenbaitek.

        Aurren-aurrena, literaturako, bederik, euskeraran batasuna bearrezko zaigula gure izkuntzari iraun arazi nai ba diogu.

        Bigarren, tenika-arazoetan, itz nagusienak beintzat, euskerak, izkera landu guzien antzera, griego-latiñetik artu bear dituala; noiz eta ingles edo beste jatorrikoak ez diran.

        Ortan uste degu idazle geienok iritzi bateko gerala. Bidezko deritzaigu alegia: FILOSOFIA-PILOSOPI esatea; QUIMICA-KIMIKA; ALGEBRA-ALJEBRA; Termometro, Barometro abar eta abar. Jakintza bidean ordea ez zaizkio euskerari bide ta ate guziak itxi bear itz berri edo erdi-berriak eratzeko duan gaitasunari. Etorri berezia du orretarako ta ongi sortutako neolojismoak erabilli ditezke arrotzekin batera. Esate baterako: Urrutizkiña ta teleponoa; antzoki ta teatro; geltoki ta estazio; belbil eta automobil: egazkin eta avion. Ongi egin ta zabalduak dauden itz orrek gure Akademia'k lenbaitlen aintzakotzat artu bear lituke. Oraingo teknika ta aurrerabiderako euskel iztegi labur bat osatzea nai ta naiezkoa zaigu; neretzako Euskaltzaindi'k egin lezaken lanik bearrezkoena, lexiko berri ortan batasuna izan dedin.

        Au dala-ta oar batzuek egin nai nituzke. Lenengoa da euskeraz itz zaar egokiak ditugunean alperrik dala erderazkoak artzea, naiz eta beti esaera berdin berdiña adieratzen ez badute ere. Onela gertatzen da; Itzaldi- konferentzi; gaia- thema erriko-erritar- popular.

        Itz arrotza artu ba-degu, adibidez PILOSOPIA, sustrai oneki eraturiko itzak euskeratu genitzakela lasai lasai. Ez degu esango «pilosopikamente» «baizik» pilosopiarauz. Ez «musika-popular» baizik «erri-musika edo musika errikoia». Ez Kimikoa (langintzez). Ta bai Kimikaria.

        Griego eta latin jatorriko itzak eta baita ere Jeografiko toki izenak prantzez ala españolaren bitartez artu bearra daukagu, euskalduna artu eman geienak gai guzietan izkera oriekin bait dituzte. Au ezin ukatu dan arrazoi aundi bat da. Orregatik Gravenhage, Antaverpen, edo Mainz esan bearrean, HAYA, AMBERES eta MAGUNCIA dagokigu. Alaz eta guziz NEW YORK, eta LONDON erabilli ditezke eta beste bazuek ere bai. Euskera-batasunaren gaiera berriz itzuliaz, gorago aitatutako euskaltzain berri bat setati ari da esaten euskera bakar ori lapurtarra, Laburdi'ko izkelgia izan bear lukela. Gai ortan iritzi ez berdiñak azaldu izan dira lenago ere. Iñoren aburua ezetsi gabe, ene ustean asmorik bidezkoena orain ogei bat urte D. R. M. Azkue'k «Gipuzkera osotua» deritzan lan bikaiñean agertutakoa da. Euskaltzaindi'ko lenengo lendakari goitar eta jakintsua il zaggun ezkero (G.B..), aren oroimenari zor diogun omen eta eskerronez bere erakusbide mamitsu ta onuragarriak zabaldu bear genituke. Azkue'k gipuzkera aukeratu zuan, bizkaitarra izanik, gipuzkeraz euskaldunak elkarri obeto ulertzen diogulako. Gipuzkera erdialdekoa bait degu ta osatuaz zenbait bizkaitar-lapurtar eta naparr aldeko itz eta esaeraz, literaturarako euskera auta gelditzen da.

        «Gipuzkera osotua» 1933'ko urtean argitara zan «Euzkera» aldizkarian. Bertan, Garitaonandia'tar Bitor Argia'ren zuzendari izandakoaren itz oiek irakurtzen dira: «Nire aburuz gipuzkoar izkelgia autetsi bear da, beste izkelgiak baño obari geiago dituelako bere alde.

        «Errezagoa, bai zabaltzeko ta bai ulertzeko. Beste guzien erdian arkitzen da; errezago bait da erdikoa bere inguru edo alboetara zabaltzea, ertzak bat egitea baño. Bizkaitarrak ulertzen dute gipuzkoarren izkera; gipuzkoarrak ez bizkaitarrena. Gipuzkoar ta zuberotar edo lapurtarren artean ori bera jazotzen da. IDAZLE GUZIEN EUSKERA EZ DA IZANGO GAUR EGUNEAN ITZ EDO IDAZTEN DAN GIPUZKERA, BAIZIK OSOTUA, APAINDUA. Orretarako euskaltzinak lan egin bear dute. Artu bai Bizkaiko ta Zuberoko, ta bai Napar ta Lapurdiko izkelgi edo izkerak dituzten edertasun eta obekuntza bereziak eta gipuzkoar izkelgiari ezarri».

        Ordu ezkero, zorionez, asmo oiek aurrerapen aundiak egin dituzte gure artean eta alperrikakoa deritzait orain beste asmo berriak sumatzen astea. Idazle asko ditugu ta agian onentxoenak batasun bide ortatik doazenak. Eztabaidan baiño atzera begiratura egi ori argi eta garbi ikusten da. Berrogeitamar urte orietan uzta ugaria bildu da. Eta galbaian lasto ta autsa iragazi ondoren zitu oparo ta mardula gelditzen zaigula dakusgu. Ezin esan diteke gezurrik gabe euskeraz orain arte ez dala funtzezko gauzarik idatzi. Eta besteai ezer kendu barik aitortu bear da gipuzkeraz, ala gipuzkera osatuan, naiba dezute, azaldu dirala lain goitar eta biribillenak.

        Eta auen artean eta nobela diralako irakurgaietan ditugu: Azkue'ren «ARDI GALDUA»; Txomin Agirre'ren «Auñemendiko Lorea»; Pierre Lhande'ren YOLANDA; T. Agirre'ren (Barrensoro) «GAZI-GEZAK» eta «UZTARO»; A. Anabitarte'ren «USAURI» eta «DONOSTIA»; J. Eizaguirre'ren «EKAITZPEAN», Irazusta Jon Andoni'ren JONIXIO eta «BIZIA GARRATZA DA» eta azkenik. Etxaide'ren «ALOS-TORREA.

        Aldizkari eta errebistetan Azkue aundiak eman zion asiera IBAIZABAL asterokoarekin, eta geroztik euskera utzez egindako aldizkari batzuek ezagutu ditugu: eta guzietan zabalduen eta ospetsuena ARGIA Donostia'n argitaratzen zuten asteroko errikoia.

        Aren irudi orri bereziak hueco-grabador; egutegi, elizlibru ta gañerako lanak Euskal-Erri guzian zabaltzen ziran eta gero ta indar eta entzute aundiagoa zituzten. Mingarri danez luzarogoan ez jarrai al izatea. «ARGIA» izen eder orrekin Ameriketatik iñoiz errebistatxoren bat ba-da torkigu. Benetan ordea aldizkari ausarta, sakon eta irakusgaria «EUZKO-GOGOA» Guatemala'n Zaitegi'tar J. argitaratzen duana. Artutako abiaduran ba'dirau «EUZKO-GOGOA» orain arte egin dan euskal aldizkaririk bikain eta garaiena izango da.

        Periodismo gaiean ezin utzi diteke aitatu gabe «Kirikiño» ta «Euzkadi'ko euskel atealean izan zitun lankide ta jarraitzaleak. Gero euskel-idazle oiek beste egunkarietan ere zabaltzen asi ziran, batik bat Donosti'ko «El Dia'n. «Langille oiei eskerrak lurra gertutzen joan zan euskera utseko egunkari bat sortu al izateko. Eta egunkari ori mirariz edo Bilbo'n 1937 guda artean jaio eta il zan. «EGUNA» izeñez bost illabetean, Bilbo erori arte argitara atera zan. Bizia eman zioten gizonek gure omen beroa merezi dute ta lenengo zuzendari izan zan Arzeluz'tar Ander «Luzear» idazle jator eta bulartsuak.

        Musin-jendek, aitzeki-maitzeki billa ibilli oi diranak esango digute euskeraz jakintza-arloan, au da Scienzi ta Teknika gaietan ezer gutxi egin ditekela. Egiada. Baiñan baita ere askok ez uste arren, oraingoz ajola gutxiko arazo degu ori euskeraren iraunpeñarako. «LOBOTOMIA» edo «Existencialismoa» zer dan jakiteko erderara joatea ezdigu ardurarik.

        Aitzitik, Olerti ta Poesi egak dira izkerari indar ematen diotenak. Ez zagun, beraz galdu itxaropena, Parnaso'ko zeru urdiñean oso gora igoak bait ditugu gure olerkariok! Detxepare, Oienart, ik asita ta gero Bilintx, Iparragirre, Elizamburu, Zaldubi, Arres-Beitia, Pello Mari Otaño ta Arrese Emeteri, ta Lizardi'tar Xabier eta Orixe'ren ondotik datozen olerkari guziak aitatzea lan luzea litzake. Azken saritutako Mitxelena Salbatore eta Lekuona gaztea bakarrik jarriko ditut emen.

        Noiz idatzi da obeto euskeraz naiz bertsoz eta naiz itz lauz dala?... 1950 urtea urte-muga siñalagarria izan zan euskal literatura rentzat. «Euskaldunak» poema aundia aski ez dala Orixe'k beste lan gallen bat eskeñiz digu: «Urte guziko meza-bezperak». Beñere ez zan igo gure elertia mail orretara. Eta esan diteke bi liburu eder oiek gipuzkera osotuan daudela. Ots: giputz euskeran zenbait lapurdi ta napar kera tartean dutela.

        Lehen ere eliz-liburu onik ba-genitun, euskeraz geien landutako idaztiak errilijia gaiegoak bait ditigu. Orixe'ren «Urteko guziko meza-bezperak» liburu mamitsu eta aberatsa eredutzat artu diteke.

        Euskeraren batasunari urratz aundi bat egin araziko dio. Astero, gutienez euskaldun millaka batzuek, ebanjelio, epistola ta eliz-otoitzak gogo batez irakurriko dituzte.

        Onek ez du esan nai, bakoitzaren errialdean egiten dan euskera era bat eta zearo baztertu bear danik. Ez! Norberaren izkelgian itzegiñez ez ezik ipui ta izkirimiriek ere idatzi ditezke ta bai beste lan txiki ta berezi asko. Orain, garrantzi aundiko liburu edo idaz-lanen bat egin nai dezanak ongi egingo luke euskera osotu ortan idaztea, guzien onerako.

        Gipuzkera osotua deitu zion Azkue ospetsua'k baiñan beste izenez deitu genezaioke «Amerika-euskera» Bai, Amerika'n egin izan bait da «akademerik» gabe euskeraren batasuna. Ara bizitzera joan ziran euskaldunak eta aien semeak ederki ulertzen zioten elkarri. Uste gabe, oartzeke, Amerika'n bizi izan diran Bidasoz bi aldeko euskaldunak izkera bakar orretara jo dute. Sorterrian gelditu geranok ar zagun guretzat asmo ori. «Amerika-euskera». Ta Jainkoa'ri dakiola euskera ori Etorkizunerako gure izkera izatea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.