Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III'garren urtea. 1952 gko.
Ilbeltza-Otsailla. 1-2' garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

— Euskera—

 

Euskal-iztegia ta Euzkadiren berpizkundea

Azkue zanaren goratzarrez

 

Artzai

 

Iñorarorik eztago gaur. Eskuarki oi dudanez, Azkue'ren euskal-iztegi aundiaren orriak iraultzen yarri naiz. Norbaiten esanez, iñozo antzera omen nauzu itzen billa. Ez larritu. Beste zorakeririk ezpagenu, obeto giñake. Ale ederrak ditugu bazterretan, eta iñor ez da larritzen. Or ditugu zildai-zaleak eta oltxo-sare jokulariak. Gogaikarriagoak ditugu oiek, noski baño noskiago, ta eguzkipean naroro bizi dira.

        Gure artean, bearrik, baditugu iztegi-zale porrokatuak, eta, dirudinez, gorrimin ori gorbizten eta zabalagotzen dioakigu. Gizonok ariurri berezia dute ta zirikagarri zait min ori azaltzea. Aitor dizudanez, ni ere anaidi ortakoa bainaiz. Oarkabean sortu oi da gaitz ori. Alako batean, eskuetara zaizu iztegi bat: Azkue'rena edo L. Mendizabal'ena edo Arbelaitz'ena. Etzaude eskierrik. Eztuzu ezagutzen itz baten esan-naia. Gero, ezari-ezarian zimiko egiten dizue baranoko itzak. Arri ta zur egiñik lotu zera. Ez-ustekoa izan gure ez-yakiña. Naiz ta zerbait ikasia izan, bi orrialdetako berrogei itzetatik ererrak edo erdiak ozta-ozta dituzu ezagunak. Aurrerantzean, zor zaion begirunerik eztiozu iñori ukatzen, zure buruaren ez-yakiña auteman baituzu ta baserritarrei darizkien itzen zur txordoketan ari zera. Geroago ta yakin-min aundiagoa sumatzen duzu zure baitan eta eten gabe areagotuz doa zure onerako. Ziranen artean, or ditugu Arana Goiri, Azkue, Kirikiño, Olabide, Lizardi lekuko. Gizon, euskaldun eta yakintsu zurrian, oiek ditugu eredu ta yarraibide. Amaika orrelako euskaldun bear ditugu gure aldi beltz ontan.

        Noan lengora ta esanari nagokio. Itz baten esan-naia barne-muiñez ikasi duzu. Abagunea egokitu zaizu itz ori erabiltzeko. Amaika lagun zure aurka dira, itz-berri zaleegia zerala-ta. Olakorik!

        Beiñola «sendorra» itza erabilli nizun: nere erkide batek dei egin eta esan zidan. Ez zak orrela idatzi. Zergatik ez? Ulerkaitz idazten duk. Irauli dezagun azken lana. Dril egin zigun «sendorra»k. Gizona! gure yaioterriko itza duk eta Azkue'ren iztegia erakutsi nion aitortzat. Ez zun siñesten nere lagunak. Idatzi zion aita zanari, itz orren berri galdeka. Azkue'k dionez erantzun zion aita zanak.

        Ez ditugu itz-mitzak. Itzak eta egatsak aizek daramatzi. Agerbide bikaiña dugu zaletasun ori: gure gogoan erroak egin ditu euskaltzaletasunak. Nere gardiz orixe duzu abertzaletasunik bikañena. Itz poteka erdera-yario datorzkigun euskaldun motzak bioaz utikan. Ez ditugu oiek euskoabertzale bikañenak, iñola ere.

        Gure aberriaren ezagugarri bikaiñena euskera dugu ta egiz ta egitez ori onartu bear dugu. Euskaldun geranez beste bideak oro okerrak di tugu. Eguzkipean ara ta ona ibilli ondoren, egi ori larru goritan atzeman dizut. Damurik euskaldun zabar asko bidean arkitu ditut: abertzale zindo omen dituzu, euskera, ordea, bertan bera utzi dute. Zerbait erein ondoren, zenbait adaxka lerroan, ezarri oi ditu nekazariak non erein dun yakiteko: zunetzak dituzu. Ala zioten Bizkaian. Euskera dugu abertzaletasun-azia erein eta erroak egin ditun gogoaren ezagugarria.

        Euzkadi'ren berpizkundea aipatzen ari gera yoan diran 50 urteotan: ageri danez, gure erria auldurik eta galdurik dugu: orregatik berpiztu nai dugu. Olerti, elerti, edesti, euskera ta beste yakintza guzietan gainbera yoan gera. Areago. Utsaren urrena gera gai guzietan.

        Ezer edo iñor berpiztu nai ba'dugu, aurrez illa izan bear, edo, illagiñean egon bear.

        Gure erri laztana illik ote duzu? Orrelakorik eztizut uste. Eskualdeka ari izan gabe, auxe esan nai dizut. Gure erria zarra da, noski, ez dago, or dea, illik. Nere ustez gure erria oso atzeratua izan dugu beti. Landola ikusgarriak ditugu, ke-mordo beltza dariotela: bide zabal bikañak ditugu nonnai. Euskaldunen maiak yanari ugariz kunkuin ditugu noiz-nai. Soñeko ederrak maite ditugu. Alderdi kementsuak ditugu gure eskubideak zaitzeko. Ala ta ere, erri atzeratua da gure erri maitea. Eztizut bapikatu nai. Gizonik bikaiñenak izan ditugun aldi bertan erri atzeratua izan gurea. Gizon bikaiñak eurrez izan ditugu. Loiola' ko Iñaki, Xabier'tar Pantzeska, Zumarraga, Elkano, ta abar. Xabier ez beste guziak gogoz etziran euskaldunak. Izatez euskaldun bilaakatu ziran, baldin bait ere. Baditugu euskotar aipatuak: bizitzaldi guzian, ordea, euskaldun ziranik ere ez zuten agertu. Erriko seme xeak, berriz, gizakume diranez, bikaiñak dituzu, noski, ez, ordea, euskaldun diranez. Naiago luteke erdaldun izan.

        Aidor aitortu dezagun: Euzkadi erri atzeratua dugu Europe'ko errien aldean; ta batez ere, zekena ta esku-eutsia.

        Gure gizonik aipatuenak irabazi nai izan dute: besterik ez. Norberaren gogoak edo iñerenak. Baña, beti irabazi nai izan dute.

        Asmo berrien ereillerik eztugu izan egundaño. Ekiñaren ekiñez eta lanaren lanez lur-yota etzan dira euskaldun asko, eta, izan dute, noski, ekin aiña etekin. Gogoaren egoak, ordea, moztu oi dituzte, asmo gorenenak burutzeko alperrik galdu ta lorrindurik.

        Uzkurtza, alderdikeriak eta kirolak kenduta, beste guzietan basaziak gaituzu. Gure gogoaren odei-ertzak zabaltzerik eztugu opa. Beraz, illagiñean ez gaituzu, basagizon gaituzu. Euskaldun danez ez du egin gauza aundirik gure erriak. Yakintza-gaietan larru-gorritan gaituzu yakintsuen aurrean. Bat-edo-beste izan dugu bikain, bururen buru. Beste guziak, ordea, lozorroan datzate. Euskaldun geienak eztizue tautik ere euskeraz irakurtzen edo idazten. Argirik ez duna itsua ote da? Yakintzaren zuzi irazekia eskuetara dezaiogun, ikusi, asmatu ta oldozteko gai ote danez.

        Ez-yakiñez lozorroan etzanda gure erria dagon bitartean, Europe'ko erririk geienak aurrea artu digute. Arin aurrera yoan bear dugu, oso atzeraturik baikaude.

        Labur esan: eztago gure erria illagiñean, ezikasia dugu. Beti izan ditugu zenbait yakintsu, baña, damurik, erdal-zelaietan. Gaitzok, beraz, aztertu, ikertu ta sendatu bear ditugu. Norberak bere burua aztertu, ikertu ta sendatu bear du. Ezkaitezen atera begira lotu. Gaitzok eztatozkigu lekore-aldetik, gure gogo barrenetik baño. Beraz, norberak bere gogoa aztertu, ikertu bear du.

        Arana Goiri eta ikasleen alegin eta eragitez Euskadi geiena abertzale bilakatu zan: berrogeitamar urteotan euskotarrek Aberriaren berri ikasi dute. Areago, oraindik: beuren burua euskotar ateman dute. Ta euskotarrok gorarik aipatu dute beuren aberria. Bestalde, ordea, berrogeitamar urteotan euskal-idazle bikaiñak izan ditugu: ez-ikasiek ere atsegin-bitsetan irakurri detzakete «Kirikiño» ren «Abarrak» edo «Orixe» ren Santa Kutz apaiza ta abar.

        Alare, gure erriko semeek, naiz ta abertzale izan, euskera bertan bera utzi ta erderaz egiten dute. Gurasoek, bear bada abertzale, ta semeek euskerarik eztute entzun etxean. Nondik datorkigu izurrite ori? Nondik datorkigu erdal-yoera ori? Gaitz orren erroa, dana dala, moztu bearra dugu. «Euzko-alderdi Jeltzaleak» zer uste du gaitz oni buruz? Nolatan sendatu lezake erdal-yoera ori bere alderdi-lagunen artean?

        Ogei euskaldun bipil bear ditugu euskeraren bideak barna yoateko. Beste anaiak oro iratzartzeko. Ameslari omen gaituzu. Burugiñak baiño areago egin lezake ameslariak. Batik bat zerbait ikasi uste dugunok. Euskaldun ikasiek batez ere, bide okerra utzi ta norberaren euzko-gogoa aztertu, ikertu ta sendatu bear du. Ori iritxiko ba' genu, etorkizun urdiña luke gure erriak.

        Gu, beintzat, lerrenak egiten ari gaituzue, aurrenik «Euzko-Gogoa» euskal-aldizkaria aurrera eraman nairik. Ezkor eta illun ziranak berebat baikor eta betargi billakatu dira.

        Eztugu, ordea, aski. Dagoneko, beste asmorik badugu: euskal-idaztiak ugari argitara nai genituke, non-nai ta nora-nai barreiatzeko, euskaldunen gosea berdindu ta beste gizakume guzien aurrean Euzkadi zarra ta berria ezaguterazteko. Idaztiok euskera utsean argitara nai genituke. Euskal-idazleak oro zure erantzunaren zai-ditugu.

        Norbaitek amesak dirala uste ba'lu, or dugu lekuko «Euzko-Gogoa» aldizkaria. Norbaiten ustez ametsak omen ziran: eta guzion alegiñez ta laguntzez, «Euzko-Gogoa» mamitu dugu. Ta egia esan: urre-bitsetan murgilduta, zillarretan ustelduta dauden euskaldun aberats okituak ezentzunarena egin digute oraiñarte. Noizpait erantzungo al digute ta ez al da beranduegi izango.

        Bizirik iraun nai ba'dugu, iñolako euskalidazti erauntsia antola ta atondu bear dugu. Mendi-gain goitik bera amiltzen dan zunbil, enbor edo aitz biribilla geldi-erazterik ez dago. Bere onelaxe nora-nai euskal-idaztiak yaurti bear ditugu. Ez ditezela iñon lotu, euskaldun eta euskaldun motzen gogoan baño. Barnea irauli ta azpiak gaiñeratzeko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.