L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Uztaila-Dagonila. 7-8 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Olerki berritze

 

Andima

 

Olerki berritze. Itxaropena Argitaldaria - Zarautz 1952 - Arrese'tar Emeteri

 

«Larraulen deus onik bai ote?» Galdetu oi zuten aintxinago, lurralde artatik gauz onik atera ezin zitekelakoan. Nik ere aspaldi orren antzeko galdera egiten diot nere buruari: «Euskalerrian deus onik bai ote?» Eta oraingoan BAI borobilenez erantzun bear izan diot nere galderari. Bai adiskideak, ez bakarrik zer onik, baita bikainik ere.

        Adiskide mami batek Donostia'tik biali dit OLERKI BERRIZTE deritzaion poesi liburu be [...] zaarrenaren uzta gazteena, poesi-lili yoriz ernari. Larogei ta iru urte bete ondoren ARRESE'tar Emeteri Olerkari garaiak eskeintzen digun olerki-sorta, atxon ta urringoxoz gantzutua.

        OLERKI BERRITZE dio liburu-izenak. «Adiskide zenbaitek eraginda —dio olerkariak— olerki zaarretatik berezitako mordoxka bat» argitara dut. «Alperkerizko lastai bigunean etzinda» egoteko garaian ba'dago ere gure olerkari aundiak ez du oraindik «lastai bigun» ortan goxo egin nai izan. Lanean ari da, zintzoki alajaña, euskal lorategia bere esku dirdaritsuz zaindu ta arthatzen. Ez da ez zartzaro alperra gure olerkariarena, are gutxigo elkorra. Ai litza ain emankor gazte aunitzen bizitzaldia. Beste txoriño batek txinta joko liguke baiki!

        Nork ez du gure artean Arrese ezagutzen? Antxiñatik aren olerkiak atsegin-eztitan irakurtzen. Gazterik olerkari apainak darion argi xotilak beretu gindun, eta nere biotzak zirrara osasungarrienak nabari oi zituen aren neurtitz ozenak darion poesi goitarra urrupatzean.

        Doai bat bereziki bulartzen zitzaidan aren poemak barna: izadia bete-betean kolore goxoenez inguraturik. Gaur ere izadiaren olerkari dala esango nuke Arrese. Ez ordea izadi soil ta legorrarena, bere gogo-giro, arduraz, sendimenduz oretutako izadia damakigun olarkariarena baizik. Bere biotzondoaren ukitura bizitz ta arnasaz yazten dakian poeta garaiarena. Ez da ez auxe beti ere eginkizun, eta poeta guzien esku ez dagoelako ainbeste ta ainbeste olerkari antzu ta aspergarri gertatzen zaizkigu.

        Natura ta naturazko oro norbere gogo-giroz ernearazten dakian olerkaria olerkari gallena noski. Eta ortan maizu andi ageri zaigu Arrese'tar Emeteri. Bere barnean kantari nabaitzen duen arima bertsularia izadi yantzipean xotil aski gatzaturik damakigu:

 

                Ene txoriño maitea,

                orren ixilik zer dezu?,

                zer naigabe latz illunak

                ikaraz ipiñi zaitu?...

                Txindor gaxoa!, ez beintzat

                zure kabitik urrundu,

                zapelatz gaiztoen poza

                ori egingo bazendu.

 

                Zaude, maite, zaude bertan,

                ez izan toki aldakor,

                nere zartzaroan ez det

                zu beste lagunik iñor.

                Berriro jardun zaite, ba,

                len bezin alai t'adikor,

                yoranez abesten asi,

                Gogotxindor, Gogotxindor!

 

        Gogotxindor ori ezin zitekean ixildu. Kantari yarraitu du urteak zear, ekaitzaldi beltzenak barra, eta izadiarekin bat egiña, txindor ori olerkaria bera baita. Aipatu dudan natura beti erre pizkor, poesi indarrez ernerazia, aurki dagoela Arrese'ren olerkietan ikurteko irakur itzatzute urrengo poema zoragarriak: «Txantxangorri», «Nere basetxean», «Artzaiaren abestia» eta «Lore-jai» batez erre. Ementxen xomorro apalenak erre poesi pitxi istatsu biurtzen dira olerkariaren arnaz ta antze berora:

 

                Nere gelako leyatillan gaur

                argi-jai dute liliak

                ta jai eder au osatzearren

                txuriz ta gorriz jantziak

                irabioka or dabiltz

                beste ega-lili dantxariak.

 

                Lili-gañean erle bat orain

                ego txabalez jarririk eta abar...

 

        «Ego aize», «Basatiaren oiua» «Gau eder» «Uzturre», esandakoaren beste ainbeste agerkari dituzute.

        Lur au begi argiz ikusten du gure olerkariak eta lur ontan, ortzi urdin ta itxas apartsuz inguratutako lur ontan, bere jauregia dauka oraingoa eta gerokoa ere. Maragal'eri beste ainbeste gertatzen zitzaion, eta ala ageri du «L'Oda al infinit» deritzan olerki giartsu artan. Olerkari au ere ludiaren edertasunak txundituta zeukan, ementxe egin gogo luke bere yauregi yatorra eta betikorra, urdin ta legorrraren bitartean. Arrese'k ere naikari berbera ageri du bere olerkietan, eta gogo luken bezin argi adirazten ez ba'digu ere, irakurle ikasiak laister atzeman dezake aren gogo barneko kardaba. Ez dut esango panteista danik, bai ordea munduaren, izadiaren ederrak menperatu olerkaria: antxen du bizi toki, antxen amets-kabi. Gorago? Galde-atz (interrogante) nabari bat islatzen da Arrese'ren olerkien gainean. Nere esaeraren sendogarri orra or liburu ontako olerkietatik bikañenetako bat: ZER NAI NUKEN:

 

                Mendi-mendian etxe koxkor bat,

                lizar batzuek aurrean,

                baratze txiki bat inguruko

                xakonik babesenean.

                Bertan iturri gerezi-ondo

                zardai baten gerizpean,

                eta basauntzen edantokia

                aitzalde-txulo batean.

                Ixil osoa... Iñoren, zantzo

                t'aztarnik ez beiñ-ere an;

                ametsak lagun, amets egin bai

                amets mendi magalean.

                Ori nai nuke, geiago ezer ez

                bizi naizen bitartean.

                Gero... ezurrak arri biurtu

                Uzturre-mendi gañean

                ta «ni» naizen au betiro

                bizi goiko zabal urdiñean.

 

        Goiko zabal urdiña beste bein ere ageri da poema-bilduma ontan «Laister Igana» olerkian adiskide baten eriotz egunean egindakoa:

 

                Ibar ontatik, maite ori

                amaigabera joan aiz. Goiko

                urdiña nunbait ire Aberri!

 

        Goiko urdin ori zer dugu? Sinistedunen zerua? Agian bai. Bainan gure olerkari yatorrak beste zeru bat adirazo nai lukela nik uste «goi urdin» orrekin.

        Yakiña da, olerkariak bere barneko auziak ere azalerra bear dituala gogo-giro betea irakurlearen baitara aldatzeko. Gaurko olerkariek aidorki nabarmentzen ditute barne-muinak urra oi dizkien auzi latzak, gureak aldiz, argi ta apalki, gogoz irakurriko lukenak atzemateko eran.

        Arrese'k poesi-indar berbizikoa txertatu dio gure euskerari. Ortan gutxi izan dira gure artean ain lan ederra egin duenik. Aren eskuetan poesi-tresna egin-egiña duzute gure izkera: apain, egoki ta neurrikoa; pin eta zailua.

        Labur esan, benetan zoragarriak agure olerkariaren poesiak. Ziria ta zirtoa ere antxen ageri dituzu, beti ere apain eta atsegin ordea. Irakur ezazu «Katalin» pertsu sailla, ta or ikusiko duzu.

        Luzaro iraungo al du Arrese maiteak gure olerki arloan. Larogeita iru urte, urte zama ederra. Bainan gure olerkaria bizkorraldi berri batek yo digu:

 

                Bizkorraldia...! Bat batez orain

                urrats arin, gogo txosper,

                ain txingar sortu zaidan kemenak

                zut zutik narabil, gallen.

 

        Orixe ageri du egun eman digun liburuak ere. Euskaldun guziak eros ezazute liburutxo ori, etzaizute damutuko, ez noski «pixkanaka, txolartietan, begaldi bat emateko». Orra olerkari agurgarriari atseginen izango zaiona.



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.