L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (III. urtea. 1952 gko
Azila-Gabonila. 11-12 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Ola zarrai begira

 

Jose Errota

 

(Donostia'ko idaz-lan guduan 1951'ko Abenduan, bigarren saria irabazia).

 

Bein baño geiagotan igo izan naiz Aitzkorrira. Gallurra jo ordukoxe luza-ala luza oi ditut nere begiak balkoi zoragarri artatik euskal-mendi-zelaiak zear. Kuadro ederragorik...! Min ematen dizu ordea bazter guziak jo al izateko begiaren motxegiak. Aurreneko inguruak ainbeste ainbestean. Arutzago ta illunago, areago ta gaizeiago. Azken aldera laño urdiñ-txurizta batek estali nai dizu dana. Urruti-urrutienean, itxasoa bakarrik ozta-ozta igarri begiak.

        Ogeigarren gizaldi-gallurretik, Aitzkorritik antzo, euskal-burni-ola zarren edestiari begira naukazu. Ikuspegi ederra begientzat! Neurriduna ordea emen ere begiaren ikusmena, dana zearo ta mearo ikusteko. Igora berriak ditugun gizaldietan ainbestetxe. Aurrerago, illunaren asiera. Ta an urrutian, jakin-ezaren lañoz naasturik...

        Irudipena Aurrerago dijoakizu begia baño, ta edestiaren muga-mugan Jaungoiko Algustiduna bera ikustarazi euskal-mendi-erraiak aberasten. Ez noski urre-zillarrez. Burni-mea bikañez. Badantzu irudipenak Jaungoikoak edestiaren asieran euskalerriari esana ere gizaldiak zear askatasuna ta oitura zintzoak gordetzen etsi-eziñak izan bear dezutenok, obe dezute burni gogorra, urre ta zillarra baño. Torizue burnia erruz!

        Mugatik onutzago, lañopean erdi galdurik Plinio jakintsua dagiokigu, euskal-mea-tokiai begira-begira, bere jabetasuna Erromarentzat iritxi minez. Baño ara zer dioten euskaldun askatasun-zale trebeak Zesar Augusto berari: «gure mendiak etzizkigutek ematen urrezko mearik iri eskeintzeko, burni-meak ire arrokeria oinperatzeko baizik».

        Erromaren ondoren ia beste erri guztien begiak euskal-mea piñ eta bikañetara zorrozturik dauzkatzu, jira-biran usaika dabiltzan beleak begi-zudurrak sarrazkira luzatu oi dituzten antzera.. Badu munduak beste meatokirik, baño euskal-mendietakoai iñungoai baño piñagoa, euskaldunak berak bezelaxe gogor ta aparta derizkiote nunbait.

        Urteak onutzago; amaikagarren gizaldia daukazu begien aurrean, lenengo euskalburni-olak erakusten. Legazpi ta Berastegi inguruan, Urumea ertzeko basoetan, Oiartzun eta Irungo ingurumarietan... meatokia eta egurra duten baso guztietan jaiotako burni-ola. Neke aundiko lana uraxe. Egur eta ikatzaren bero-galdatan burnia urtu ezezik, langillearen gorputza ere izardietan zijoakizun. Lanbide auetarako oraindaño asmatuak izan diran aurrerapenak utsa izaki, ta gaur eguneko txondarrak egosten diran bezela, lur gañean urtu oi zan orduko burnia. Lerrenak egiñaz eskuz aizeatu bear zan labea, karobi-zulo antzeko edo zugaitzez egindako beste zulo aietan. Auntz-larru bat duten ortarako auspoa, lepoan kañaberazko aize-bide bat erantzita, ta atzekaldea zabalik, eskuz eragitean aizea sartu zeikion.

        Geroxeago amabost garren gizaldian, badijoazkitzu basotik igesi gure ola-gizonak. ¿Aspertu egin ote dira? Ez. Ibaietara alde egin dute burni gaiztoa garaitu ta astintzeko laguntza eske. Ta euskal-ibai ugariak eskatuala eman. Urak erabilliko du emendik aurrera auspoa, urak estutu, gogortu ta garbitu agoa, gabiari eragiñaz. Amaboskarren gizaldiak berak aurrerapen berriak asmatu ditu, ta gure burni-olak Genoba'ko ospetsu aiek bezin dotore jantzi dira. Gero datozenak ez dute auekin alde aundirik izango. Badirudi aurrerapenak gizaldi ontantxe jo dutela gallurra. Auspoetan bakarrik berdiñeztasun ta aldakuntzarik. Batez ere irutarikoak agertzen zaizkitzu: larruzkoak, zurezkoak, eta «aize-arkak». Burni-olak berak ere ez dituzu danak berdiñak. Batzuek, «zearrolak», aundiagoak, agoa asko urtzeko; besteak, «gabiak», txikiak, zearrolatik ekarritako «totxoak» lantzen dakitenak.

        Erne bizi izan dira amaika-amabigarren gizalditik asita Kastilla ta Gipuzkoa'ko agintariak gure burni-olatara begira. Onuragarriak eta diruiturri onak zirana oartu ta eskuzabalak izan dira beti burni-ola-gizonai laguntzeko eskubideak eta legeak ematen.

        ¿Azkenik olak zenbatzen asiko ote maiz? Urrutienekoak alperrik, jakiñ-ezaren laño tartean ezkutatzen bai zaizkit geienak. 1625'an larogei zearrola ta ogei ta amazazpi ola txiki ikusten ditut. Zearrola bakoitzak 1500 kintal burni urtzen ditu. Geiegi luzatuko ez banintz ez nituzke zenbatu-gaitzak geroxeagoko burni-olak. 1802'an, larogeita amalau, gero ta gutxiago. Batez ere 1860'garrendik onuntz oso gutxi, 1880'garrenean lau bakarrik.... Agur, badijoaz gure ola zarrak.

        Goazimazu, irakurle, ola oietako batera ta gelditu baño lenago, ikusi dezagun nola egiten duan lan.

        Nere biotzak, nere jaiotetxe inguruan dagoan ola zar batera narama. Aralar ta Otsabio mendi anaiak, maite-miñez, bere urezko mingaiñ garbiak errekatxoetan beera luza-luzaturik alkar mun dagioten tokian altxatzen dan ola batera. Ola onen txinboan gizentzen da Otsabio-mendiaren mingaña ta bere tikinoe-kurpillari eragiñaz beroturik, maitekiro, gabiaren durundiarekin batera, pa!!! soñutsu bat dago Amezketa-ibaian beera luzatzen dan Aralar anaiari.

        Alegi'tik Amazketa'runtz bideari jarraiturik joko degu ola onekin, Egi ontan aurrera, urrezko gari-sail eldutzear, pagotx buru-gorri eta arto berdezko soro tartean goazela goazela bideari ordu laurdentxo bat edo jarraiturik, «Inpernu» deritzaion errotan gera. Ondoan, bide-ertzean, berdetasun artean ao aundi bat, ezpañetan lux gorrizka agiri duala. Nork egiña ote du ama lurrak zauri ori?... Zulobarrendik istillu ta zalaparta! Nungo etsaiak or barruan atzaparka? Zer ote?

        Txistuka, Aida gorri!, Aida motza, tarteka diola, itzai bat dator bidean beera, bere idipare ta gurdiaren kiii-kiii soñutsuarekin,

        — Egun on Jaungoikoak dizula! Ze demontre dago zulo ortan —esan nion.

        — Or ez dago demontrerik gizona. Langilleak or lanean gogotik.

        — Langilleak?

        — Bai; ori meatoki bat da. Ortik ateratzen dute burni-gaia. Ta nik or dagoan zearrolara daramat. Ta onerakoan burni egiña ekarri. Begira ze burni-barra, ederrak!

        — Noraño daramazkizu?

        — Nik Alegi'ra, gero auskalo noraño. Ingalaterra'raño ere eramaten omen dituzte-ta.

        — Asko eramaten al dezu

        — Urtean milla kintaletik gora beintzat.

        — Asko egiten du orratik ola batek! Nun dago ola ori?

        — Bertantxe. Emendik bost bai minutura.

        — Aspalditikan nekarkian nere barruan ikus-min bizi bat. Ea gaur ikusten detan. Erakutsiko dute e?

        — Esku-utsean baldin bazoaz muturra bai ta gañera beltza. Ardoa edan dezaten diru pitin bat eskeñi ezkero berriz, diran da ez diran zoko-moko guztiak ere bai.

        — Ori bakarrik bada, oraintxe bertan noa. Eskerrik asko. Agur!

        — Agur!

        Pozaren pozez banoa burnitegiruntz. Ta len aitatuko lekuan, Otsabio ta Aralar laztantzen diran tokian, gainkaldetik ta ertzetik urak miazkatzen diola, erdi-uretan erdi-eguzkitan patxadan dagoan aate baten antzera, arkitzen da ola zar ori.

        Ateak zabalik daude. Barrura noa... Jesus, Maria eta Jose!!! Zer da au? Ormak beltz-beltz, kedarra darietela. Aurrean labe aundi bat, su ta fu, bere-biziko galdatan. Ondoan auspo aundi bat puzka ta puzka sua aizeatzen. Emen izugarrizko tresna zar bat dinba-danga, ormak dardarka jartze añeko durundiarekin. Lanean... gizonezkoak izango al dira! Itxuraz ez beintzat: arpegiak ikatza bezin beltzak, kopetatik beera txirrian darieten izerdiak egindako arrasto nabar batzukin; begiak gorri-gorri, bi txinpart. Giza-arpegien baño katamotz-buruaren antz aundiago ez ote? Soñean obrera utsa, atorra zatar bat, tarratakoak nun-nai dituna, aragia agirian uzten duala; buruan txapel erdi-erre bat eta... kito. Ezertxore ez geiago, galtzarik ere etzaie agiri. Besoak ere beltzak, baño bai sendo, zaintsu, lodikote te giarre utsekoak! Nork eraman auei indarrean? Erkules berak ere ba ote?

        Itz egitera noa. Arrera ona egingo al didate. Danga ta danga mallu aundi batekin burnia meatzen ari dan berrogei bat urte inguruko gizon morrozkote onekin itz egingo det.

        — Egun on Jaungoikoak dizula!

        — Bai zuri ere.

        — Gogor ari gera lanean.

        — Bai, ari gera bai. Ola ikustera zatozen bat?

        — Erdi parrez, burutik orporaño begira.

        — Bai, artaraxe etorri naiz. Ikusi al leike?

        — Bai, auxe da ola. Ikusi zazu —erantzun zidan otz-otz nere patrikak ondo itxiak zeudela ikusirik edo, ta lanean asi zan tutik ere esateko gogorik ez baleuka bezela.

        Nere barruak parrezka zeuden, gogoan bai neukan itzaiak esandakoa: ola-gizonak esku utsai muturra. Ta berriro itz egin nion:

        — Lan gogorra auxe! Eztarria napar beltzez askotan buzti bearko dezute.

        Bestela...

        — Ortarako euki egin bear —asarre antzean.

        Txanpon mordoxko bat eman nion esanaz:

        — Lau pitxar ardo erosteko.

        — Eskerrik asko! Jaungoikoak bedeinka zaitzala; Banuan asmoa geroxeago emengo baztarrak zuri erakusteko, baño ain eskuzabala zeran orri oraintxe bertan erakutsiko dizkitzut —zurikeriz ta illea leunduz esan zidan.

        — Aspaldiko nere asmo bero bat auxe da ba: zearo-mearo ola bat ikusmiratzea.

        — Zure asmo ori oraintxe bertan mami biurtuko da. Galdetu nai dezun guztia.

        — Zenbat langille zerate?

        — Lau: igela, bi urtzalle ta gatzamalle bat.

        — Zer esan nai dute itz oiek?

        — Nik burnia meetu edo igezten detalako igela izena det. Burnia urtzen dutenai urtzailleak esaten zaie. Bi dira, txandaka ibiltzen dira. Ago-aldi bat egin arte, bestea lotara dijoa. Ta ola-morroiari gatzamallea deitzen zaio, berak zaindu bear bai du eltzea ta eltzeari gatza eman bear. Orregatik bada gatza-emallea. Meallea ere esaten zaio, berak mea txikitu bear izaten dualako.

        — Makiña onek ze izen du ta nola dabil?

        — Au gabia da. Urak eraginda dabil. Urak tikinoe-kurpilla darabil jira-biraka. Ona emen bere ardatza lau ziri auekin. Jiratzen bada, ziriak bultzata gora igotzen da gabi-kirtena (lau metro luzeko pago abea). Azpian daukan arriaren pixuz berriz, bera jexten da, ta beste ziriak jotzean, gora. Orrela dabil gora ta bera abeak erdian daukan ardatzaren jiran. Ta abeak muturrean daukan ia zazpireun kiloko mallutzar orrek astintzen du ingurearen gañean dagoan agoa edo burni-orrea, minutuan eundik eunda ogei zartadako ematen dizkiola. Agoa girotzen danean ikusiko degu nola ibiltzen dan.

        Ez nuan uste diruak orrenbesteko indar zuanik. Mutur utsak ziruditen aiek, orain ain serbitzari leialak. Aurreratzen naiz gero urtzallearen gana, ogeita amar bat urteko gizon sendo bat, eta onek ere erakusten dizkit zintzo asko labe ta labe-inguruak. Ango beroa! Aren izardi jarioa! Nik ez dakit gizajoa bein da betiko nola ez dan urtzen! An dabil ler eginda ikatzez ta meaz labea betetzen. Erakutsi zidan labeak azpian daukan zoko bat ere, arragoa deritzaiona. Burni-galda labetik igeska arragora jesten da. Arragoak goi aldean zulo bat dauka, zearzuloa. Orrik dijoaz zepa edo burni-zikinkeriak. Labe-aldemenean larruzko auspo aundi bat, gabiaren antzera urak eraginda dabillena.

        Gatzemalleakin ere itz egin nuan. Borra txiki batekin mea txikitzen ari zan, jo ta ke, aspertzeke. Emezortzi-ogei urteko gazte indartsu bat.

        — Gogor ari zera lanean orratik —esan nion.

        — Bearko; mea jotzea dala, eltzea zaindu bear dala. Urtzalleari agoa ateratzen lagundu bear zaiola, emen nabil alde guztietara iritxi ezinda, lo egiteko ere betarik gabe.

        — Lo ere emen egiten al dezute ba? Gau ta egun emen zaudete, ala,?

        — Jaietan ez beste, bertan gau ta egun, ekin da ekin.

        — Beraz asko irabaziko dezue?

        — Geiegi ere ez. Lanik geiena nunbait nik egiten det, ta diru gutxiena nik artu.

        — Geiena zeñek artzen du ba?

        — Lan gutxiena egiten dunak eta beti agintzen dabillenak, igelak alegia. Baño urteak badijoaz ta gero irabaziko det nik ere ezkondu ta ondo bizitzeko aña.

        — Mea jotzen edo ola-morrontzan zenbat urte jardun bear dira ba?

        — Iru. Bi igaro ditut. Datorren urtean urtzallea izango naiz.

        Onela geundela urtzallea ez da ba asten oiuka:

        — Eup!!!, eup!!!

        — Bat-batean an dira igela ta gatzemallea.

        — Ze, agoa girotu al da? dio arek.

        — Bai, eldu palankari.

        — Bat, bi, ta... iru!!!, eeeeuppp!!!

        Ango beroa! Ango su-zipriztin ta txinparta-jarioa! Orrela atera dute arragoan zegoan agoa.

        — Eldu txirikinai. Aiba... eeeeuppp...

        — Et!, et!, et!...

        — Ze arrio! Elduiok motel, geldo alako ori!!!

        — Erre egin naula!

        — Ori ez dek ezer ere motel, moldegabea! Aiba, aaaupppa!!!        .

        Ura zan, ura ikustekoa! Ura burni galdarekin burruka egitea. Gizajoen izardi-patsak.... Aien arnas-estuak! Nola nai ere jarri dute beintzat agoa gabipean. Orain gatzamalleak artu sutegitik gori-gori dagoan burni-aga bat, atala, ta jartzen dio kirtentzat agoari. Igelak ematen dio urari ta asten da gabia gora ta bera, berealdiko istillua ateraz. Ur geixeago edo gutxixeago emanaz or dabilki aguroago edo geldiago, binbitartean urtzalleari agoa nola jarri, aginduz:

        — Atzera! Oneago! Ezkerrera! Aruntz!... Jo ta ke, su ta fu, dingi-danga, txinparta-jario bizian, galanki astinduz, estutu, garbitu, leundu ta apaindu dute agoa. Ondoren atxurra antzeko bat jarri diote gabiari muturrean ta berriro jo ta ke, dinba-danba, agoa erdibitu dute; atalarekin edo kirtenarekin gelditu dan zati bat, txangoa deritzaiona, berriro sutara eraman dute; bestea berriz, totxoa deritzaiona, igelak artu du burni-barra biurtu dezan. Bitartean gatzamalleak uragari eldu dio, gabia ibilli dedin, baño ez nola-nai, igelak nai duan bezela baizik. Gizajoa or dabil buruzagiaren naia ezin asmatuz. Treznatzar auek dabilkien istillu ta zalaparta! Badirudi erritan dabiltzela, batak baño besteak gogotiago diola: ardatzak auspoa ibiltzeko daukan puiomakurrak zorrak! zorrak!; auspoak: paga!! paga!!; gabiak: aurten ez!!!, aurten ez!!!

        Urtzalleak bere jarduna bukatu duanean, txistu luze bat dagi. Begiak ezin irikiz, zarata aren artean lotan lasai zegoan urtzallea, nagiak ateratzen or dator.

        — Bukatu al dezute ago-aldia?

        — Bai motel, lau ordu igaro dituk.

        — Orain ni lotara noa-zion lanean jardundako urtzalleak.

        — Itxoin zak pixka bat motel, berealaxe jatordua diagu-ta.

        — I, artu zak zagia ta joan adi axintxika batean ardo billa —esan zion igelak gatzamalleari—. To, jaun onek eman digun dirua, gaur bere izenean naikoa edan bear diagu-ta.

        Neri arren da arren an gelditzeko esan zidaten, baña ez nuan nai izan. Salda pixka bat bakarrik artu nuan, ta goxoa gero! Presaka nebillela-ta agur egin nien, an egotea atsegin litzaidakelarik ere, ikatzezko atzapar zikin aiek kutsututakoa ezin janaz janakarnankar muxinkerian ez ibiltzearren alegia. Ni sukaldetik atera nintzanean, orduntxe sartu zan gatzamallea. Atea itxi zuan ta ni ate-txirrikistutik begira gelditu nintzan. Ura zan ura ikustekoa ta entzutekoa! Ura babarruna sartu bearra! Ura atzapar txukun aiekin aragia eltzetik artu ta aora erarnatea! Aien zurrutadak sagitxoa eztutuz! Eta entzutekoa ere entzutekoa zan beren jardurioa!! Gatzamalleak marka jo zuala ardoa debalde ekartzean. Nola ta: baxo-erdia artzean bi txalburu bota zituala ardo-ondarretara, otsegin ziola ardosaltzalleari ta, bere aurrean bota zuala maira basokoa txalburu ta guzti, ta eunda berealdikoak esan zizkiola: ura al zan kuxindarea! Ura naastekotan iturrikoa naasteko beintzat!... Ta ardo-saltzalleak: ixo, ixo, iñortxori ere ez esan, ta joan adi ordaindu gabe esanaz, bialdu zula... An eta emen pestak zirala, naiko dantza egin bear zutela... Arako senar-emazte arei tobera galanki jo bear ziotela... Alkatea onela ta orrela izurratu bear zutela... eta ez dakit eta badakit nik zenbat geiago...

        Onela izketa bero-beroan utzirik, agur egin nion olari... geroz ez det entzun gabiaren oiartzunik, Alegi'koa gelditu zan... besteak ere banaka-banaka gelditu... Azkenekoak ere azkena eman...

 

                «Au ere gelditu zan...

                An zan gure pena!...

                Gipuzkoan Bengola

                gelditu zan azkena.

                An zan gure pena!

                Olatan azkena!... »

                        (M. Lekuonarena).

 

        Geroz ez dira ikusten ola-gizon alaitsu, berritsu, ziri-sartzalle ta langille gogor ta trebe aiek... Ez da entzuten gabi-oiartzunik... Aurrerapenaren labe aundiak ito nunbait ola zarretako labe txikia... Ola-zar gizajoa! seme mardulak azi. Orra or urietan tximini luzeakin dotore ta-galanki... Ta zu, errekondoko bakardadean, ixilik, geldi, otzez dardaraz il.

 

                Agur ola zar izana...!

                Gaur orma zar zerana...

 

 

IZTEGIA

 

Agoa = Burni-salda.

Arrago = Krisola, ots, meatza urtzeko labepean zegoan zulo aundia.

Atal = Agoari ezarten zaion kirtena.

Gabi = Ola'ko mailu aundiena.

Gatzemalle = Ola'ko sukaldari ta laguntzallea.

Igela = Laminatzallea,

Ingure = Burnia mallukatzeko maia.

Mealla = Ola-gizonen morroia, meatza txikitzen duena, gatzemalleak bezala.

Mea =Meatza, minerala.

Obrera = Ola-gizonen atorra.

Puio-makurra = Zurezko kako bat, burni puxkak mugitzekoa.

Tikinoe = Turbiña.

Txinbo = Ola'ko ur-tegia.

Totxo = Agoa edo burni-saldaren erdi bat; atal edo kirtena ezarten zaion beste erdiari txangot deritzaio.

Uraga = Ura jasotzeko aga edo taketa.

Urtzalle = Burnia urtzen duena.

Zearrola = Uraren indarrez dabillen ola.

Zearzulo = Burni-errekiñen aterabidea.

Zepa = Burni-errekiñak edo eskoriak,

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.