Elerti
Gau donea
Selma Lagerlof
euskaratzailea:
Insausti'tar Yosu
Selma Lagerlof'ek ondua Insausti'tar Yosu'k itzulia.
Bost urte doi-doi nitualarik, pena aundi bat izan nizuan. Ez dakit geroztik aundiagorik izan ote dedan.
Nere amonatxoa il zitzaidan. Ordurarteñe, bazter baten egon oi zitzaizun exerita kontu kontari. Beti kontari.
Antxe dakust beti gaxoa, bere txokoan exerita, goiztik gabera eten gabeko ipui-kontaketan. Ixil-ixilik egoten gintzizkitzun, aurrok, amonaren ezpañetatik zintzilik. ¡Ura bai aro zoragarria! Gu baño aur zoriontsuagorik etzan munduan. Lausoz betea dut amonaren oroitzapena: algodoi moltsu antzeko ille zuri ederra, gorputz bi-erdi egiñik, eskuak beti galtzerdieginketan.
Beste ontaz re badet oroitzapen. Ipuiaren azkenera irixten zitzaizunean, eskua yarri oi zidan buru gañean, esanez: «Eta au guzia egi-egia da, nakustazula eta zakustala egia dan bezelaxe».
Abesti polit galantak kanta oi zizkigula ere badet oritzapen, baño etzan izaten egunerokoa. Abesti oietako baten gaia zaldun bat eta itxas-sirena bat ziran, eta kantaleioak auxe zion gutxi gorabera:
«Zital eta iotza bai dezula ur-putzu zabalean aizearen aala».
Badatozkit ere burura berak erakutsi zizkigun otoi labur bat eta salmo-bertso zenbait.
Orduko ipui eta kontuak, auldurik, lausoturik dauzkat. Alabaña, bat orraatik, argiro dago nerean. Batere zailtasun gabe konta nezake. Josu'ren yaiotzari buruzko ipui labur bat dezu.
Bere eriotz-yoanerak utzi zidan miñaz gañera, eta auxe tinkatu zan sendokien nere biotzean, ipui orixe da gutxi gora-bera nera amonatzaz oroi dedan guzia.
Argiaren argiz datokit burura amonaren txisillua utsik agertu zan goiz ura! Eziña zeritzaidan, egun aren luzeak yoan zitezkeala! Onetaz bai, zeatz den oroitzapen. Etzait bizi naizen arteño aztuko.
Illaren esku-muiñ egitera, aurrok eraman ginduzten goiz ura. aztu-gaiz zait. Bildur ginduzun; baño norbaitek esan ziguan, azken-aldiz, amonatxoa esker bearrekoa zala opa izan zizkigun alaitasun guzien ordañez.
Eta itzul-biderik gabe alaxe irten ziran etxe artatik, ipui eta abestiak ill-anda luze eta beltz barnean.
Nik uste, bizitzari buruzko zerbait galdurik zala guretzat. Edertasun eta lillura argiz beteko mundu baten atea itxi balitz bezelaxe izan zan, ordurarte sarrera eta irteera, gurekikoak izan ziralarik. Eta geroztik iñok ez dizu iriki al-izan ate ura.
Poliki-poliki andare eta jostalluekin asi gintzaizula ere badet oroitzapen. Beste neska-mutillen biziera berberean sar gintzaizun. Amonatxoaz azturik giñala zeritzaidan berriz, gure oroitzapenetan aienaturik izan balitz bezelaxe.
Ordutik gaurdaño, berrogei urte pasa diralarik, Sarkalde eguzkiz-betean Josu Kristo'tzaz entzun nizkizuan ipui-bilketan ari natziazunean. Josu'ren yaiotzari buruz nere amonatxori entzun nion ipuitxoa, argi, garbi, kolorez beterik dator nerera.
Eguberri zan. Amontxoa ta ni ez beste guziak irten ziran Eleizako asmoz. Bakar-bakarrik gintzaizkizula etxe-guzian nik uste. Guretzat eziña zan beste guziekin yoatearekikoa: bata aurregia zan; bestea zaarregia. Tristuraz beterik geunden biok Elizara yoan eziña-bide zala.
Bakarrik eta ixiltasun aundienean giñalarik, ipui-kontaketan eraso zitzaidan amonatxoa:
«Ara ba... Gauez su-billa irteriko gizon bat zan. Etxerik-etxe ziyoan ate oyuka, esanez: Lagundu zaidazue; aur bat izan du nere emazteak oraintxe areixtian eta ez det surik, ama ez aurra berotzeko.
«Alabaña, berandu zan, gaua illunaren illun eta danak entzun-gor ziran bere ate-yotzeari. Gizona ibilli eta ibilli. Ateak yo ta yo... Azkenik, sugar baten argitasuna ikusi zizun urrutian. Araxe bideratu zan bizkorki. Soro erdi batean ikusi zuan sugarra argi emanez. Ardi zuri taldetza ageri zan suaren iguruan eta artzai zar bat artalde-zaitzan.
«Su billako gizona ardi-ondora iritxi zanean, iru zakurtzar begiztatu zituan lo artzaiaren oñetan. Irurak esnatu ziran eta irurak iriki zituzten aotzar ikaragarriak zaunka-gogoz, baño etzan zaunka tutik entzun. Zakurren ille-goratzea sumatu zizuan gizonak, bai ta ere, sugarraren argira, ortz zorrotz eta zurien dizdira. Eta zakurtzarrak su-billako gizonari yauz egin zioten. Eta bere eztarritik zintzilik ikusi zizuan zakurretako bat, besteak ozk zeragion oñean eta irugarrenak eskuan; alabaña, zakurren matrallezur eta ortz-zorrotzak , elbarriak yo ta bezela ziruditen, eta suarekiko gizonak etzizuan iñolako okerrik izan.
«Aurrera-gogo zan su-billako gizona sugarrera iritxi naiez. Baño ardiak bata besteari yo-ta ziralarik, biderik ezin urratu. Eta besterik ezin-da. loak arturiko ardien gañetik pasa zan. Ardi bat bederik etzan esnatu. Eztare imintziorik egin».
Nerekiko galde-umerik gabe iritxi al izan zan oneraño amonatxoa ipui kontaketan; baño galdera itxumustuka irten zitzaidan: Eta zergatik etziran esnatu ez ernetu, amona? - Laxter yakingo dezu erantzun zidan. Eta kontaketari yarrai zitzaion.
«Su-ondoratze zorian zalarik, esnatu zan artzaia. Gaiztoa zan, gogorra eta errai gabekoa. Ezezagunen bat zekusanean, akullu zorrotz bat artu oi zizuan, ardi zainketakoa, arria balitz yaurtirik. Txistuka irten zan makilla gizoneruntz; alabaña, bera yo ordez, bidez okertu eta urruti erori zan soroan».
Itz kendu nion berriro amonatxoari: Amona, eta akullua zergaitik etzan gizona zauri-gogo? Amonatxoak etziran ordea erantzun eta aurrera yarrai zitzaion:
«Ondoratu zalarik, artzaiari mintzo zitzaion gizona: Opa zaidazu, arren, su pitin bat, adizkide; oraintxe areiztian aur bat izan du nere emazteak eta su-bearrik naiz bero ditezen.
Artzaiak ezezkoa zizun mingain-ertzean, baño zakurrak kalterik egin etziotelakoa bururatu zitzaion, ardiak izutu etziralakoa, akulluak zuri-egin etziolakoa, eta alakoxe bildur antza sentiturik, ukapena ez zegokion egoki.
«Ar zazu bear dezun guzia, erantzun zion.
«Alabaña, sua igatu zorian zegoan. Ez enbor ez abar, ausbero galanta baizik. Eta atzerritarrak etzeraman ontzirik ez palarik ikatz-gorriak yaso-bide.
«Artzaiak, konturaturik, berresan zion: Eramazu bear aña. Eta gizon ura ezer eraman eziñik zala yabeturik, poz zan. Baño, su gañean makurtu zan, aurbero-artean esku-utsez ikatz ontuak banaka atera zituan soingañekoan iarririk. Eta ikatz-gorriak etziran erre-bide eskuetan ez soingañekoetan. Eta, intxaur edo sagar balira bezin errex zeramazkin gizonak».
Irugarren aldiz eten zan amonatxoaren ipuia: Zergatik etzuten ikatz-gorriak gizona erre, amona?
«Yakingo dezu erantzun zuan amonatxoak. Eta ipui kontaketari yarrai zitzaion.
«Ura ikusirik, biotz gogorrekiko artzaia begi-aunditu asieran izan zan. Zergatik ez dira gaur zakurrak ozk-gogo, ardiak ez ikara, ezten-makillak ez eriotzdun, zer ote gaurko gau au? zion berekiko. Eta atzerritarrari ots egiñik galde zion: Zer da gaurko gau au? Zer dala-ta gauz oro ain biotzberak?
«Eta gizarajoak erantzun: Zerorren begiak ez badakuste, uts lirake nere itzak. Eta ama semearentzat berogarri bear zuan sua lenbailen piztu-naiez, itzul bideari eraso zion.
«Guzi ura yakin naiez, gizona yarrai-gogoa nabari zizuan artzaiak. Altxa, eta atzerritarra geratu zan lekuraño atzetik yoan zitzaion.
«Bizilekutzaz, txabola bat bederik gizonak etzizula ikusi zuan artzaiak, eta bere emaztea eta aurra arri gorrizko ormakiko mendi-zuloan zekustan. Biotz gogorrekoa zalarik ere, aurra izotz-biurtu zitekeala yabeturik ukitu egin zan. Eta bizkar gañean zeraman sakeletik, arkumelarru zuri gozoa atera zuan, eta atzerritarrari eman zion aurra bere gañean yarri zezan. Eta errukiari buruz bere biotz-ateak itxirik etzeudelako agerpen izan ziran une ber-berean, ona bere begiak iriki. Lentxeago ikusi ezin zizuna ikusi zizun, eta entzun ezin zizuna entzun.
«Zillar-egozkiko aingerutxoak ikusi zituan bere inguruan. Lira bat zeraman bakoitzak eskuan, eta kantari ziarduten abots eztiz, gau artan munduaren obenak kenduko zituan Gaizkatzallea yaio-zala-ta.
«Eta orduan yabetu zitzaizun gau artako gauz guzien poz-alaitasunaz.
«Eta ez bere inguruan bakarrik, edonun baizik, aingeruak zekustan artzaiak: mendi-zuloan eta baitare ega-bizian ortzi zabalean. Konta-ezin alako taldeak.
«Maitasunyario zan Izadia. Aingerutxo yolaskorren kantuak ziran edonun erregin. Eta, une bat aurretik itxu eta gor zalarik, ura guzia nabari eta zekusan arizaiak gauaren illuntasun eta ixiltasunean. Bere biotza alaitasunez blaitu zan eta belaunikaturik, otoitz zeragion Jainkoari».
Eta nere buru-gañean yarri zuan amonatxoak bere eskubi-eskua: «Oroi zaite ondo esan dizutenatzaz, zakustela eta nakustazula egi dan bezelaxe, egi da-la. Ez dira nai ta naiezko argi ez argiontzi, Eguzki ez Illargi, Jaunaren aunditasuna begiztatzerari buruz, begiak bear dira pekatuz garbi».
|