L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954 gko
Epailla-Yorrailla. 3-4 garren zenbakiak) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Donostiar baten azkena

 

Aurraitz

 

Gure aberriaren askatasun-bideak ondatu guraz menpetzaille ankerrak lepaldu euskun uda odol-zaleak urratu eutsezan seme edo alabaen baten azkena nun eta zelan izan zan eztakien ainbat sendi idoro daikeguz, oindiño, Euzkadi'ko bazterretan.

        Bizkai'ko zauritegian zaurituta atzitu ginduezan gudariak, zauritegirik zauritegi ibilli ginduezan, erruki asko barik, batak gura ez, eta besteak bear ez, ondo osatu baiño len baitegien bateko burdiñezko ate sendoen barruan nekerik baltzenen erdian utzi arte.

        Erabiltaldi negargarri areitan ezagutu neban, irakurle. Algorta'ko Irutasuntarren lekidetxean egoan zauritegian, edatsiko dautsudan yazoera tamal onetako gudari au.

        Atsekabe-tokietako zoritxar larrien artean samintasun itunak yo-ta egon oi diran biotzak adoretzen, ipuin eta barregarrikeriekaz ibili oi-dirianetako zan mutil yator baizen lagungin au.

        Ni nengoan arean (salan) barik beste baten egoau, eta al eban guztietan igestalditxurik egin oi-eban gu gengozan tokira.

        Ni neu, zauriz beterik nengoan eta enintzan ogetik yagiten ezetareko eta neu netzan oge-ertzean yarririk, neugaz izketan yardun oi-zan al eban guztietan.

        Alkarren lagun-lagun egin giñan, ba beingoan. Bere izkirimiri ta barregarrikeriekaz amaika bidar arindu zituzan nire oiñaze ta samintasunak, aratustel eta odol-sundezko toki negargarri areitan!

        Egunero irago eroien, ni netzan oge aurrez, ildakoen bat esku-ogean arturik eta egoera negargarri a aztuteko bear-bearrezko zan ipuin edo zeozegaz gogoak adoretutea.

        Gauza itun asko dira munduon, baiña, gudako zauritu-barriak dagozan zauritegia baiño samingarri ta nergargarriagorik, asko ez. Eta, alata-ba samingarriagoa gu egon giñan lez, zauriturik eta menpetzaile odolzale baten erpeartean baitu dagoanarentzat.

        Ango erostak, ango alaruak eta «jauna!» deadarrak!

        Nire aldamenean zetzan gudari batek sabela eukan «metrailaz» zulatu-ta, eta andixik urten oi-eutsan yaten ebanak, yan eta beingoan.

        Aurrez-aurre zetzanari garezur zati bat peitu (palta) yakan «metrailakada» batek kenduta, eta burua galduta, billuts-billutsik, biri-birika ibilten zan oge-ganean. Egun iturn baten, bear eban baiño geitxuago yan ebalako-edo, korrokadaka asi zan ta garunak urten eutsien buruan eukan zuloko beldorra, mintza apurtuta. Gixaxo andiak an ankea luzatu eban.

        Ni neu barriz, sei egunean euki ninduen, osakuntza egin barik, zaurietatik yarioten neban zorneaz ogea onda-ondatu egin-da, eta ogepea be, bururdia igaroki, zikiñezko idoia egin-da.

Beste baten, lau egunean edo, ikutu barik euki niduen, eta lokarriak askatu eustiezanean, arrez baterik agertu yatazan zauri guztiak.

        Guzurra dirudienarren, egi-egiak dira oneik, neure begiekaz ikusitako egi negargarriak, eta orren antzeko egia asko esango neukez; baiña, gaurko nire gogakizuna ezta eritegietan neure lagun kutun izan zan donostiar ari yazorikoa atzaldutea baiño.

        Bilbao'ko auzotegian dagoan «Ave Maria» deritzon lekaimetxera aldatu ginduezan Algorta'tik.

        Ni ezarri niduten aretora barik beste batera eroan eben, au be, nire yasankide kutuna, baiño beingoan arkitu eban ni ikertuteko ebagunea.

        Algorta'ko antzera, al eban guztietan eldu oi-zan ni netzan tokira, eta, oi-eban lez. oge ganean yarrita, beti gogaro onaz, ipuin barregarri edo itz-bitxi ganorabakoren bat edatsi (kontau) oi-eustan nekeak arintzeko.

        Zauritegi aretan guretzako gertuta eukiezan oge-adar bakotxean, zurezko kirtendun ikurrintsu españar bana ezarri-ta eukiezan geixozaime zitalak alakoak, arein margo naskagarriekaz geuri amurruazotearren.

        Arratsalde samin baten, betiko antzera, yostari, yolas-gure eldu yaten aldamenera.

        Eztakit zein yai zala-ta, ospatuteko, nunbaitetik loturiko txokor at ekarran eskuetan, kea ateratzeko gogakizunaz.

        Yezarri oge-ganean eta, —«bai daukak zotz bat, lagun, txokor oni zuloa egiteko, kea obeto atera dagitsodau?»— esan eustan irribarrez.

        «Ez, ba, etxekoat; erantzun neutsan».

        Orduan artu eban oge-buruko ikurrintxua eta txokorra zulatzeko kirtenean zoztxu bat kendu bear eutsola-ta, zapaltzen ebalakoa egin eban.

        «Ez egik egin mutil, alegiaz be, olakorik; gaixozaime sorgiñen batek ikusiko au-ta» yardetsi neutsan.

        Neuri amurratu eragitearren, oinpean zapaltzeko egiramua egin eban, baiña zapaldu ez gitxiagorik be ezeban egin.

        Laga eban barriro, artu eban tokian, gura-nai gura-ez begien aurean ikusi bearra izaten genduan ikurrintxu iguingarria, eta amitu zan gure ikertaldia. Baiña zelatari egozan geixozaiñen baten gorrotozko begi zitalen batzuk zaindu zituezan gure zirkin guztiak eta arrezkero eneban ikusi mutil begikoa.

        Gexozaime sorgin-zital aren guzurrezko salaketa dala-ta galdu zan, betiko, nire nekekide eta lagun kutun a.

        Berialaixe eroan eben Larrinaga'ko baitegi illun-itzalera, bape erruki barik, osatu barik egoan arren.

        Andik egun bat edo bira gizon itxusi bi «palankista» yantzi-ta eldu yatazan, gogamenez beterik, ogean nentzan lekura. Orduan enekian zelakoak ziran «palankistak» eta zelako yazkia erabilli oi-eben, baiña argi ikusi neban, biotz zital bana estaltzen ebela euren alkondara urdinen azpian.

        Nungoa nintzan eta beste itaune batzuk egiten asi yatazan, espaiñarrak oi daben labankeriz.

        Nigana zetan etorri zeitekezan-da, zurtz-egin neban lenengoan, baiña beingoan igarri neban españartxu areik zer gura eben.

        Koipekeriz itandu eustien mutil arek ikurriña zapaldu ebana egia ete zanentz. Zapaldu ez gitxiagorik be ezebala egin esan neutsoen; baiña baitu baten egiak baño geixozaime buruarin baten guzurrak indar geiago izan oi eben gorrotozko aldi larri areitan.

        Alde ziran «palankista» biak, eta etxatazan barriro agertu.

        Arik ilebete batzukarrenera sartu ninduen, ni be Larrinaga'ko ormatzar illunen erdian. Itandu neban an egoanentz alako ta alako mutilla; baiña, au tamala! «Emen egoan, —erantzun eustien—, emen egoan; baiña... il zan «.

        Begi bien erdi-erdian, bekokian, «metrailakada» sakon bat eukan, eta erdi osatuta eukan-arren, egunero osakuntza egin bearrean eukan baitegira eroan ebenean, azur zaurituak zorne apurrik emoten eutsan-da.

        Zelako osakuntza egiten ete eutsien, eta zelako oiñazeak yasan ete zituzan espetxe zikin aretan!

        Zelako idizilkadak artu ete ebazan, gaixoak, leiza baltz artan!

        Zauritegiko neure lagun kutun arek izan eban azken negargarriak erdi-bi egin eustan biotza.

        Aren etxekoak yakin ete eben, edo ete dakie, nun eta zelan galdu zan gudeak euren artetik uxatu eutsien mutilla?

        Sarri egon izan naz donostiar aren sendikoai nundik edo zelan aitzen emon ete leiuen asmau eziñik. Eztakit, ba, aren gurasoen izenik ez arrebenik, ez zein kaletakoa zan. Esaten eustanez, anairik ez eukan, aita okiña eban eta okintegia eukien. Iru arreba edo, eukazala esaten eustan. Bik, bera baiño zarragoak, Algorta'n gengozanean ikertu eben. Batek ermaingua eukan anka baten: errena zan.

        Bera, nire nekekidea, etzan yasoa, baiña txiki-txikia bez. Ogei urte eukazan orduan. Uleak gorri-gorriak eta aurpegikera alaia. Tximislari (eletrizista) ikasi-ta egoala-edo, esan oi-eustan. Ukabilkari (boxeoan) zeletasunez ikasten ibillia be ba-zan. Matxiñadearen besoetan Donostitik aldegiñik, «Zabalbide» gudaritaldean (batalloian) ibili zan aurki. Ikasten ibilia zan, baiña gitxi ekian euskeraz. Tamalez, aztuta nago zelan eritxon.

        Lagun baten izena ezelan be ezin gomutatik alde leitekela esango dozu, irakurle, bear ba-da; baiña ba-liteke. Geroz millakaz gizakumen artean baitegirik-baitegi ibilli ginduezan, iru urte baiño geiagoan; izen batzuk ikasi eta beste batzuk antzi, eta ezta gaitz alako aldi bildurgarrietan norberagaz illebete edo bian yasankide izandakoen izenak buruaren bazter ezkutuen baten, beste izen batzuen azpian, estali-ta gelditzea. Orduan, barriz, eriotz-ategorrietan zazpi yaurtada eginda nengoan eta nire ulermena ez egoan izenak eta beste txikikeri asko antzi barik yaboteko eran.

        Beti nago donostiar zintzo aren arduraz, etxekoak euren mutillaren azkena zelan, nun eta zegaitik izan zan ete dakien.

        Au irakurri dagien donostiarren batek-edo, esan donazan ezaugarrien bidez sendi a aurkitu ba-ledi, alako poza artuko neuke neure biotz urratuan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.