Olerti
Unai-kantak
(Bukolikak)
Virgilio
euskaratzailea:
Ibinagabeitia'tar Andima
Ibinagabeitia'tar Andima'k lateratik euskeratuak
Ameriketara bidean, itsasoan itzuli nitun Unai-kanta auek. Itxaserriko sortzez eta gaiñera kresalez inguratuta, ez dut uste giro egokiena denik baserri-kanta auek euskeraz iazteko. Zerbait egin bear itsasoko ordu luzeak nolarebait itotzeko, eta Bergili'ren bukolikatan murgildu nintzan aren idazlanetatik labur ta txukunenok diralako. Amar baizik ez dira unai-kantok. Ala ere korapillorik aski arkitu nitun nere bidean, landare-izenak euskeratzeko batez ere. Uste ez arren, Bergili'k berreundaz landare berezi aipatzen ditu neurtitz auetan. Okerrena, ordea, izenok erri izkera guzietan tinki sendotzeke arkitzen dira. Maiz izen bakarra landare berezienak izendatzeko erabiltzen dute; ez gurean bakarrik, baita gurea baiño izkera tinkoagoetan ere. Ez, beraz, irakurle, landare-izenak ulertzen ez dituzunean arritu; kaletarrek, erderaz ari diranek ere, bospasei baizik ez ditute ezagutzen. Beaztopa ori nolarebait arintzeko, obeto esan baztertzeko, nere lantxoaren bukaeran euskeraz ta lateraz iarriko ditut landare izenok. Poztuko nintzake norbaitek zuzenkizunik bialduko ba'lit. Mitologi ta giza-izenen azalpenak egin gogo dudan libururako gorde ditut aldizkaria bear baiño geiago ez gizentzeko. Ala ere unai-kanta bakoitzaren asieran laburpentxo bat ezarriko dut irakurlearen orgibiderako. Osorik ematen ditut, iñolako iñausketa gabe; euskeraz ere, mundu guzian bezela, osorik eman bear dirala derizkiodalako. Unai-kanta izena bitxi arkituko dute zenbaitek; nik ez dut egokiagorik arkitu, norbaitek idoro ba'leza, igorri bezait.
I'ngo. UNAI-KANTA
Melibeu eta Titir'ena
Octavius'i eskerrona erakusteko idatzi zun Bergili'k unai-kanta au, lurren iabetasuna utzi ziolako, eta liburuaren aurrekaldean ezarri zun, naiz ta bigarrena, irugarrena ta boskarrena baiño geroagokoa izan. Titir Bergili'ren irudia duzute, ala ere ezin diteke bukolika osoan Bergili'tzat beti artu; maiz zakerregi tu burukoiegi ageri baita. Melibeu'k, aldiz, askoz obeto ageri ditu idazlearen biotz-beratasun ta gogo-argitasuna. Onatx unai-kanta onen mamia: 1-5 n.: Titir lasaiaren eta Melibeu erbestetuaren zori-aldea erakusten digu. 6-18 n.: Titir'ek lurren iabe gelditzea nori zor dion esaten digu; Melibeu'k bere zoritxarra deitoratzen du. 19-45 n.: Melibeu'k galdetuta, Titir'ek nola Erromaratu zan esaten digu askatasuna iristeko, iopu baitzan, eta iainko gazte batek nola itz-eman zion len bezin patxaratsu aurrerantzean ere biziko zala. 46-78 n.: Zorionak damaizkio Melibeu'k ain etorkizun argiaren alderako. Titir'ek berriz ere, iainkoekiko esker-ona agertzen du, Melibeu'k aldiz, erbestetuaren zoritxarra. 79-83 n.: Arratsa da: Titir'ek pozik eskeintzen dio Melibeu'ri ostatu.
I
Melibeu'k. Zu, Titir, pagondo zabalaren itzalpean etzanda basa-musaren eresiak txirul zegail batez ioten ari zera; guk aberriko muga ta soro atsegiñak utzi bear izan ditugu; sorterritik igesi atera gera; Zu Titir, gerizpean lasai, Amarili ederraren izena beresaten, oianei irakasten ari zera.
Titir'ek. Oi, Melibeu! Atsarte auek iainko bati zor dizkiot; beti ere hura, iainko izango da niretzat eta aren opalarria, maiz, nere artaldeko bildots xamurren odolez zipriztinduko dut. Dakusunez, ari eskerrak, ene idiak lasa bazka ditezke nunnai, eta neonek ere basa-txirulaz zernai io dezaket.
Melibeu'k. Ez zaitut bekaitz, miraz nago ala ere; soro guztiak erabat asaldaturik daude! Ara, neonek ere, ozta daramazkit aurretik auntz auek; auxe ere, Titir, doi daramat; urraizti sarri batean antxume bizkiak egin ditu orantsu, artaldearen itxaro; ondikotz, arkaitz gorrian laga ditu. Zoritxar au gogoan dut ortziak iotako aritzak iragarri zigun itsuegi izan ni, ordea. Alare, Titir, esaiguzu, arren, iainko ori nor ote duzun.
Titir'ek. Erroma deritzan uria gurearen antzekoa zala uste nun zoro onek, antxume xamurrak eramaten dituguna bezelakoa. Ala uste nitun ttottoek zakurren antzeko, antxumeak beuren amen ideko; era ortara txikiak aundiekin erka oi nitun. Uri ark, ordea, uztailatze apalen artean nekostak baiño garaigo iaso du bere burua beste guztien artean.
Melibeu'k. Zerk piztu zizun Erroma'rako orren gurari bizia?
Titir'ek. Askatasunak! Berandu bederen begiratu zidan erbail oni; bizarra iñoiz baiño urdiñago mozten nun garaian. Begiratu zidan bai, ta azkenean etorri ere zitzaidan Galatee'k utzi ta Amarili'k artu nindunez gero. Ala ere, aitortu bear dut, Galatee'k nendukanean ez neukan askatasunaren itxarorik, ezta diruaren ardurarik ere. Alperrik ateratzen nitun esi artetik urirako opalgaiak, baita gaztai guriak ere. Ez nun iñoiz ere diruz astun sakelik etxeratzen!
Melibeu'k. Zurtuta nengon, Amarili, zer zala-ta orren its iainkoei deiez ari zidan, eta norentzako uzten ote zenitun igaliak zuaitzetan zintzilik. Ioana zan Titir! Lerrondoak eurak, iturriak, zugazti auek ere zuri deiez zeuden.
Titir'ek. Zer besterik egin ote nezakean? Bestela ezin nindekean ioputzatik irten, ezta iainko laguntzalle auek ezagutu ere, nonbait. Orduntxe, Melibeu, ikusi nun gazte hura, sei-urrenez, urtean birritan, gure opal-arriek kea eskeintzen dien gazte hura. Ela orduntxe nere galdeari aurrenekoz erantzun zion ark: «Aurrak! idiak bazka itzatzute, len bezela; zezenak ezi itzazute».
Melibeu'k. Agure zoriontsua zu! Onezkero soroek zure iraungo dute. Aski dukezu, naiz ta larreak lur-etze biurturik ta ii-basatsuz idoiturik egon! Zure ardi ernariek ez dute bazka ez-ezagunik irrikatuko, ezta auzoko abereen izurriak ere ez ditu ukituko. Agure doatsua! Ibai ezagun auen artean eta iturri guren oien aldamenean, ozkirri ta ozpel giro izango dituzu. Alde bateak, oi bezela, sarats loretsuz hiblar erleak alatzen ditun auzo-mugako esiak, mur-mur goxo ta biguñez lotarako ots-egingo dizu, bestetik, ordea, arkaitz garaipean kimatzalleak bere abestiak aizetara iaurtiko ditu. Auek gora-bera, begiko dituzun usoek ez ditute beren urrumak etengo, ezta zumar-ondoko uxapalek ere beren minkuriña eguratsa zear.
Titir'ek. Aren irudia gure biotzetik ezaba baiño len, orein ariñak ortzian bazkatzen ikusiko ditugu: ibaiak arrain gorriak ertzera iaurtitzen eta Aberri-mugak elkar-aldatuta, Partiarrak Ararin'go urak eta germandarrak Tigri'tik' edaten.
Melibeu'k. Gutariko batzu, ordea, Aprika egartsura ioango gera, beste batzu Eskiti'ra Oaxes ibai lasterraren aldamenera, edota mundutik bereiz bizi diran breiz'tarretara. Iñoiz ikus aal izango ote ditut ene gurasoen mugarteok edota nere etxola txiroaren gaindegia belarrez iosita? Gerora, nere aginterriok ikustean galbururik miretsiko ote dut? Ain ondo landu luberriok gudari gaiztoen batek ukanen ote? Uzta auek arrotzen batek? Orientzako erein genitun soro auek! Orra elkar-aserreak zertaratu ditun erritar errukarriak! Orain, Melibeu, txerta itzatzu udarondoak, mastiak lerrokatu itzatzu. Zoazte ene aldi bateko artalde zoriontsuak, zoazte ene auntzok; gaurgero, ez zaituztet ikusiko leize orlegian etzanda, ezta urrutiko arkaitz goroldiotsutik zintzilika ere. Ez dut geiago kanturik abestuko. Ez zaituztet geiago bazkatuko erratz loretsuz ezta sarats gaziz ere, nere auntz maitcok.
Titir'ek. Ala ere gau ontan, ementxe, nerekin, osto muskerren gaiñean atseden ar zenezake. Baditut 80 igali umoak, gaztain biguñak baita gaztaiak ugari ere. Basetxe urrunetako gaindegiak ke-dario daude dagoneko, eta itzalak, aundituz, mendi garaietatik bera erotzen ari dira.
II'an UNAI-KANTA
Koridon'en deitora
Ezpai gabe, Teokrit ta Memelagru'ren idilietan edan ditu idazleak poema oni darizkion urak, naiz ta besterik esan antxiñako idazleek. Gai lerrakorra berez, arrigarria ordea, alako gaian Bergili'k darakusgun txukuntasun eta garbitasuna. Iruzkinlari zaharrek Polion eta Bergili'ren arteko adiskidetasunari doakola diote unai-kanta au. Orra guna; 1-5m.: Koridon'en zoritxarreko maitasuna. 6-27 n.: Biotza erretzen dion maitasun doakabea deitoratzen du; garbai da beste norbait maitatu eza, eta ez dala ain itsusi dio. 28-55n: Alexi berorekin bizitzera ioango ba'litzaio, txirula, antxume bizkiak, lorak, igaliak eta eskeintzen dizkio. 58-68n.: Bat-batean Koridon'ek maitasun ero au gaitzesten du eta bere garrari arratsak ez dakarkiola bare-aldirik aitortzen du. 69-73 n.: Amets zoroak baztertu nai ditu on diteken esku-lanen bati ekiteko.
II
Ugazabaren atsegin zan Alexi ederraren irrikaz erretzen zegoen Koridon artzaia; itxaro gabe, ordea. Adaburu itzaltzuz estali pagadi sarri batera maiz etortzen zan, an, bakarrean, asperen auek mendi ta oianei gartsuki, alperrik ialkitzera:
«Alexi anker! ez al zera nere kantuez arduratzen? ez al zera nitaz errukitzen? Iltzera beartuko nauzu azkenik! Musker orlegiak etorri-tartean ostendu ta artaldeak ozkirri ta itzala billatzen dituten garai ontan, Testili'k ere berakatz ta txirpotxa belar urrintsuak mozten ditu sapa astunez nekatu itailarientzat. Anartean nik, eguzki galdatan zure urratsen iarrai ibilki, zugaztiari durundi daragiot txitxarra erlatzak lagun. Obe ez ote zitekean Amarili'ren aserre itsak eta neke arroak iasaitea? edota Menalka beltxarana, naiz ta zu txuria izan? Oi, aur eder! Ez uste larregirik kolorean ezar. Zuandor-lore txuriak bertan bera erortzen dira, ahabi beltzak, ordea, biltzen ditute. Zapuzten nauzu, bai, Alexi, ta nor ote naizenik ere ez duzu galdetzen, ez eta zeiñen aberats artaldez, zeiñen ugari esne txuriz. Baditut milla ardi Sikili'ko mendietan alderrai: esne berririk etzait peit ez udan, ezta neguan ere. Anpion Didark'arrak artaldeak biltzekoan Akto'ko Arakintu'n kanta oi zitun abestiak kantatzen ditut. Ez nauzu ain itsusi ere. Oixtion, itsasoa aize gabe zegola, ur-ertzean begiratu naiz. Maiz irudiak lausotzen ezpagaitu, ez naiz Daphni'ren beldur. Ori zuk erabakiko.
Oi! nerekin bizi nai ba'zenu, bederik, landa zikin eta etxola apaletan, oreiñak zirikatu ta aker-taldeak ziguin orlegietara akulatzeko! Nerekin, Pan'en antzera, oianetan abestuko zenuke. Pan'ek, lenengoz, txirulak ezkoz elkartu zitun. Pan'ek dauka ardi ta ardi-iabeen ardura ere. Ez arren garbaitu balin txirulak zure ezpaintxoak igatu baletza. Zer ez ote zun egin Aminta'k gauza auek ikasteko. Badut nik zazpi odi ezberdiñez egindako txirula bat, Dameta'k eskusariz, aspaldi emana. Ara iltzerakoan esan zidana: «Zu zaitu bigarren iabe» (txirulak alegia). Orrela ziñon Dameta'k, eta Aminta ergela bekaitzez zegon. Baditut gaiñera bi antxume, nolabaiteko larre batean arkituak, oraintxe ene larrua orban txuriz iantzita daukatenak; bi-pana ardi-titi legortzen ditute egunero; zuretzat gordeta dauzkat. Aspalditik Testili'k berari uzteko esaten dit, eraman ditzan; eramango ene ditu zuk nere emariak nardatzen bait-dituzu.
Zatoz onuntz, aur eder! Onatx, Ninpak ere, zuretzako otarre-bete zitoriz. Nai txuriek, lili-margul ta urdamutur garaiak bildurik, unanu ta miru-belar usaitsuz naasirik, edota bitxika ta nolanaiko belar biguiñez txortaturik, illerri-lili xamurrak ta ahabi orailak elkartzen ditute. Seska batekin, neonek bilduko ditut sagar-ille leunak (irasagarrak) eta ene Amarili'k ain maite zitun gaztain ta intxaurrak; baita ezko kolorezko aranak ere bilduko ditut: igali auek ere ospe dukete. Zuek ere batuko zaituztet ereñotz eta urbilleko gilloria, orrela elkarturik zuen usai goxoa naasten duzutelako.
Basati aiz Koridon: Alexi ez duk emarien aiola, eta emari norgeiokan ez lioke lola'k berak ere irabaziko. Ondikotz! zertan ari naiz errukarri au! Nere ero-aldi ontan Auster utzi dut lore artean, eta basurdea iturri gardenean. Noren igesi zoaz ero ori? Iainkoak, baita Paris Dardani'koa ere, oianetan bizi ziran. Bego Pala, berak eraiki urietan; guk oianak, oroz gainetik maita ditzagun. Leoiama betokerrak otsoa billatzen du, otsoak, berriz, auntza auntz lizunak erratz-loratua eta Koridon'ek Alexi: bat bederaren atsegiñak garamatza. Ikus: idiek goldeak daramazkite uztarritik eskegita, eta eguzkiak, etzaterakoan, aunditzen ari itzalak bikoizten ditu, ala ene ni, maitasunak erretzen nau; maitasunak ba ote duke iñoiz neurririk gero?
Oi Konidon, Koridon: nungo ero-aldik artu zaitu? Zure matsondo ostotsua, erdi-iñausirik, zumarrean daukazu orandik. Ii ta zume biguiñez zerbaiterako on daitekena egiteko gertu zaite. Orrek zapuzten ba'zaitu, arkituko duzu beste Alexi'ren bat.
III'gn. UNAI-KANTA
Menalk eta Dameta'rena
Gaia. Teokritu'ren IV'gn. Idilian bezela, bukolika ontan ere bi artzaiek elkar-arkitzen dute; batak iñoren ertaldea zoitzen du. Ala ere Bergili'k V'gn. Idilitik iaso du elkar-izketa onen mamia; Teokritu'k Komata eta Lakon'en arteko lipizta bezala, Bergili'k, Menalk eta Dameta'ren artekoa idurikatzen du. 1-27n.: Elkarri sekulakoak esaten dizkie. 28-59 n.: Bakoitzak bere trebetasunak aipatu ondoren, bertso-demarako eupada iaurtitzen die elkarri; Palomon auzoa artzen dute auzi-epailetzat. 60-107 n.: Aldizka ahapaldiak ialkitzen ditute bertsolarien gisa. 108-111 n.: Palemon'ek zein ote dan garaile ezin dezakela erabaki aitortzen du.
III
Menalk'ek. Ezaidazu, Dameta; norena da artaldea? Melibeu'rena ez ote?
Dameta'k. Ez, Egon'ena baizik; orantsu utzi zidan neri Egon'ek.
Menalk'ek. Zoritxarreko ardi ta artaldeak beti ere! Iabea Neree'n inguruan dabillen bitartean bera baiño ni laztanago ez ote naun izango beldurrez, artzai arrotz onek orduko birritan erasten ditu ardiak, abere gaixoak legortuz eta bildotsei esnea lapurtuz.
Dameta'k. Gogora ezazu, orrelakoak arduratsuago gizonei egotzi bear zaizkiela. Badakigu zu ere nork eta zein santutxotan... akerren begirakun okerpean... Ninpha errexek par zegiten, ondea...
Menalk'ek. Mikon'en landare ta matsondo berriak itai gaiztoz mozten ikusi nindutenez agian...
Dameta'k. Edota ementxe, pago zarren ondoan Dafni'ren uztai-geziak autsi zenitunean; zu, Menalk gaizto ori, emari oriek aurrari eskeñiak zirala ikustean sumindu ziñan, ilko ere ziñan, noski kalterik ezin egin izan ba'zenezaion.
Menalk'ek. Zer egin dezakete iaubeek, lapurrak orrelakoetara ausartzen diranean? Ez ote zaitut ikusi, gaizto ori, Lisika'ren zaunkak gora-bera, Damon'en akerrari xedebak edatzen? Eta «nun amiltzera doa? Titir bil ezak artaldea» oiu egin nizunean zarmuka artean ostentzen ziñan.
Dameta'k. Kantuz garaitu nuenez gero; ez ote zidan nere txirul-doiñuz irabazi akerra emango? Ezpadakizu ere, aker hura nerea zan. Damon ber-berak ere aitortzen zidan ori, alabaiña ezin zezaikedala eman esaten zun.
Menalk'ek. Kantuz zuk ua (garaitu)? iñoiz ukan ote duk ezkoz elkartutako txirulak gero? Arlote orrek, txirula motel batez, ez al zenitun gurutzbideetan doiñuak errukarriro lardaxkatzen?
Dameta'k. Beraz, biotan nor ote dan geiago, aldizka ikus dezagun nai al duzu? Nik bigantxa au ezartzen dut (gaitzetsi ez dezazun ere... bi aldiz datorkit erasteko, eta bere errapean bi ume azten ditu). Zuk, berriz, esaidazu zer baituratzen duzun nerekin burrukatzeko.
(Iarraitzeko)
|