Azilla-Lotazilla. 11-12' grn zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954'go
Azilla-Lotazilla. 11-12' grn zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Edesti—

 

Irlandara. Haren historia eta egungo estatua

 

Mirande'tar Jon

 

II.—GORATZAPEN ETA ERORTZAPEN

Ikhusi dugu Irlandako bizitzaile guztiak, indieuropar ethorkiko izaki ala ez, goidel izaturik zirela Germanen lehen invasioneen garaian (VII-eta IX-garren mendeetan), eta populu bategin bat moldatzen zutela hizkuntzaz den bezembatean: Irlandara zen orduan Irlandarren mintzara kommuna. Gehiago dena, herriko mintzara nazionala zen egiaz, erran nahi baitu, ez bakharrik gizarte-mail guztiek zerabiltela egun orozko beharki bakhunen adieraztekotz, bainan Estatuak, Jakintzak, Irakaskintzak, hots, giza-lantzaren sail orok hura zuela usatzen. Bertzelako agiri zaizku ikhusgune hortarik gainerateko Sarthade-tar herrialde guztiak: hoiek, nazione bihurtu diren egunetik, Latina hartu edo, zehazkiago erran, begiratu dute gizalantzaren kontzeptu gorenen expressatzekotz, herriko hizkuntza, jakintsuek eta eskoladunek gutietsirik, jende arrunten usantzarako zegoelarik soilki, berari ere «hizkuntza arrunta» edo «populu-hizkuntza» arbuiozko deithura zatxikola. Adibidez, denek dakite bertzerik ez duela erran nahi «deutsch» izenak: Alamaniako elizagizon latindunek izen hori asmatu zuten beren herritar eskolatu gabeen mintzarari erraitekotz («teotisca lingua» = «teuta», h. d. populuaren hizkuntza).

        Halaber ari izan ez ba dira Irlandako jakintsuak eta eskoladunak, ez othe da izaro pherdea Erromak beretu ez zituen Europako lurralde urrietarik bat delakotz? Horrela ez daritzait, ezen ez da ahantzi behar Irlandarrak politikaren aldetik beren gain egon ba ziran ere, asko goizik Latinen kultura eta hizkuntza ezagutu zituztela Khristiarren propagandari esker. 451-garren urthean zuen Zelestin aitasainduak Palladius misionesta Hiberniarat igorri; eta hartarik landa laster, Patricius hospetsuak harrigarriko obra egin zuen erlisione berriaren hedatzeari buruz, hala non erran baitaiteke Irlandarrik gutiz gehienak khristiar zirela 500-garren urthearen inguruan. Uste izaiteko da Latin kultura ezagutu baino lehen Irlandarrak ez zegozela ispiritu-eta enthelegu-laneginik batere gabe, ezen Keltak ezziran basati batzu; aitzitik, metaphysika bat oso landua irakasten zuten aho-mihiz, oihan sakonetako zuhaitz sainduen gerizan, beren sakerdote druida zaritzaienek, Aitzinateko authoreen idazkietarik dakigun bezala lurhandiko Keltez den bezembatean. Druidak izaroetan ere ba ziran, Britannian eta Hibernian, eta heiei esker beren oguzko kultura bat zedukaten Goidelek; gainera, enda guduzale batentzat egoki den araura, epopeia eta kantu heroiko andana bat belhaunetik belhaunera heleraziak ezagutzen bide zituzten. Egia da hargatik mundu klassikoaren hunkitzeak duela egiazko kulturaren hazia erein Irlandan. Oroz lehen Latinen ganik Goidelek idaztea ikasi zuten egungo hizkuntzaren hiztegiak oraino erakhusten duen bezala: «scriobhaim» = scribo; «léighim» = lego; eta bertze hitzik anhitz idazteari dagozkienak Latinetik dathoz.

        Zer nahi den, beren burua Erromaren influentzari emana ganik eta Latinnen ganik ikasi ba zuten ere zer den kultura, beren hizkuntzan dute Irlandarrek kultura hori mintzerazi nahi ukhan, Europako nazione errandelako argituek asko berantago segitu behar zuten bide bat erakhusten zutelarik horrela. Exemplutzat, XVI-garren mendean baizik ez du Frantsis Lehenak, batezere Villers-Cotterets-ko manamenduaz, 1529 Frantsesa ezarri Frantziako estatu-hizkuntzatzat; eta ez ditzagula aipha nazione ttipiak, Euskalherria eta Bretainia bezala, beren hauzo etsaien mintzararen onhartzekotz baizik Latinaren usantza utzi ez dutenak...

        Hala ere, Irlandara ba da izan kultura-bide Irlandarrentzat, horrek ez du erran nahi den ttipien aiherkunderik ba zutenik Latin handiaren eretzean. Aitzitik, eskoladun guztiek ba zakiten eta ba zerabilaten herriko hizkuntzarekin batera eta hobekiena da erraitea ispirituaren bizia bi hizkuntzetan expressatzen zela Irlandan. Bai eta, aski paradoxalki, Irlandarrei zor zaie Latinaren irautea Europan: Gallia, Italia, Hispania, Britannia, hots, Europarren-sarthalde guztia Germanen memperat erorten zelarik eta enthelegu-bizi oro dembora batentzat itzaltzen zelarik herrialde hoietarik, Irlanda, bere egonguneari esker, bazter zegoan Basatien invasioneetarik eta haren elizagizon eta bertze letradunek aitzina joan ahal izan ziran Kikeroren hizkuntza atxikiz, Cú Chulainn-enarekin batera... Eta German nagosi berriok, beren authoritatea segurki sendoturik, berek ere kulturaren atseginak ezagutu nahi ukhan zituztenean, Irlandarrak behar izan zituzten deithu Latinaren jakitea lur handiko ikasetxeetan berphiztekotz. Irakasle parte hau begiratu zuten Irlandarrek German guztiak Khristen erlisionerat, eta dembora berean hunen lagun zethorkien Grek-Latinen zivilisazionerat bil arteo-izari handian Goidel misionesten zabalkundeari esker, gaineraazken hauiek baitzuten orduan kulturaren zaintzeko eta hedatzeko ardura beren gain hartu Europan, Afrikako eta Asiako basatien aitzinean.

        Bertze phondu batean ere Irlanda berezten da gainerateko Europar nazioneetarik: erlisione berriaren sartzeak ez du hemen herriko tradizionea itzalerazi; khristiar fraideek ez dituzte arbasoen ganikako hitzak eta sinhespenak satsu bezala eduki, paganismuaren khutsua zekhartelakoan, bainan aitziki, piadoski atxiki nahi ukhan dituzte beren idazlanetan, zor ezinago handian baigaitzaizkie horrengatik, Europako populu zaharren gainean arrgimendu jakingarririk anhitz eman derauzkigutelarik heien gogo-zabaldura hau dela zio. Elizaren onginahi bakhana Goidelen tradizione-aren alde enthelega daiteke khonduan hartzen ba dugu nola sarthu zen izaroan khristiar legea. Garai hartan Irlandarrak errege batzuen pean zegozen: ba zen «ard-ri», hots, «goi-errege» zaritzaion bat Tara hiriburuan; errege bat eskualde bakhoitzaren buru; bai eta errege ttipiagoak gizeli (tuath) bakhoitzaren gainean. Hargatik erregeok ez ziran autokrata batzu; heien ahala mugaturik atxikiten zuten gizarteko hirur erronka jathorrek zeduzkaten eskubide bereziek, erronka hoik sakerdoteena (druida), gudari-ena eta ofiziale-ena baitziran. Druidak batez ere bhotheretsu ziren; heiek zedukaten ahalmen ispiritual guztia, erregeak ahalmen temporalaren zathi baten jabe baizik ez zirelarik, eta, erlisionearen araura, druiden neko zegozen; edozer deliberamendutan hauien aholkua hartu behar zuten. Erran gabe doa erregeok nekhez jasaiten zutela theokrazia hori... Khristiar misionestak ongi-jin izan ziran beraz heientzat eta errextarzun handiak eman zerauzkieten beren propaganda aitzina eman ahal lezatentzat, druiden kaltetan eta ondorioz buruzagi temporalen onetan. Bai eta poeten onetan ere. Ezen ba ziran sakerdoteen erronkan, egiazko druidak baino mail bat beherago, «file» edo poetak. Patricius zuhurrak, druidak anhaltzea gatik, fileak goratu nahi ukhan zituen hierarkhian, eta hauk, ezagutzaz betherik, khristiar neophyto suharrak bilhakatu ziran; asko elizagizon aiphatuak izan ziran ere. Hargatik poeta egon ziran eta beren herriko tradizionea ez zuten arnegatu. Phondu jakingarri bat aiphatu behar da hemen. Irlanda khristiarreko authoreek ez dituzte bakharrik aitzinako paganoen mythoak idazgaitzat erabili —hori bertze herrietako idazkuntzan ere erideiten da bada— bainan poetek, neurthitzetan ari direlarik, khristiar direla ere ahanzten dutela ba dirudi askotan: ez soilki jainko eta jainkosa zaharrez amultsuki eta heietan osoro sinhets ba lezate bezala mintzatzen direlakotz, bainan gainera paganoen gizalezeak handiesten, eta Judu-Khristiarrenak gaitzesten, dituen berthuteak laudatzen dituztelakotz gizandietan: nagosi izan-nahia, berekoitarzuna eta atsegalea. Nehor ez zen joera hortaz skandalizatzen, eta elizagizon ziren poetak ere jarraikiten ohi zitzaizkion...

        Xehetarzun luzeska hoik ez dira alpherretan, nire ustez, Irlandarazko litteratura bere egiazko atmosphairan ezartekotz; hizkuntza baten historia behar den argian ikhustekotz, aldiz, haren litteraturaren berri jakin behar da. Dugun beraz gain-so bat eman irlandarazko idazkuntzari lehen textuetarik gure egunetara arteo.

        Linguistek garaietan banatu ohi dute hizkuntza baten bizia. Irlandarari dagokionaz, eman hauk onhartzen dira:

        Irlandara zaharra, 600-garren urthetik 900-garren urtherat;

        Irlandara artekoa, 900-garren urthetik 1.600-garren urtherat, eta

        Irlandara berria, 1.600-garren urthetik gure egunetara.

        Ez zaiku idazkirik heldu 600-garren urthea baino lehenagoko demboratik. Hala ere dembora hartako hizkuntza hein batean ezagut dezakegu geroagokoaren ikhertzetik, bai eta «ogam» edo «ogom» (Irlandara berrian: «ogham», mintza. «ôm») deitzen ziren ikhur berezi batzuetan dagozen harridazkietarik. Ogam hoik phondu eta marra zut edo zeihar batzu ziran, harri baten kantoinean bernuzatzen zirenak. Germanen runen antza ba dute aphur bat. Oinharri sendoko ustekizuna da ikhur hoik Latin ethorkiko direla (runak ere hala direla erran izan da) eta heietan dagozen harridazki gehienak anthroponymu batzuetan baizik ez dautza; harriaren eraikitzailearen izena, genitivuan, gero elkharrekilakoa darakhusan hitz bat (erraiterako: seme, morroi etc.) eta eraikitzaileare-kilako (aita, buruzagi etc.) denaren izena, hauk ere genitivuan. Ogam-harridazkiotako hizkuntza txit arkhaiko da, eta hitzen desinentza betheak oraino erakhusten derauzkigu, zaharrenetan bereren. Huna exemplu bat:

        Colomagni avi Ducagnie, hitzez hitz; Colomagnos-en bilobaren Ducagnos-en erran nahi baitu: Colomagnos, Ducagnos-en bilobaren (harria).

        Ohargarri da exemplu hortan Keltararen eta Latinaren ahaidegoa: i-genitivuak; avi, akkusativuan avos, ahaidegoa erakhusten duen hitz bat (biloba, edo ondoreko; lat. avus ber erroa du).

        Irlandara zaharrez errantza hori: Colmáin aui Docháin lizate (eta berrian Colmáin ui Docháin).

        Irlandara zahar arkhaikoenaren aroa bezain goizik, idazkuntza bat aski zabala erideiten da. Egia erran, orduko idazkiek ez dute balio handirik litteraturaren eretzean; gehienak glosa batzu baizik ez dira, Goidel fraideek istudiatzen zituzten Latinezko textuen marginan emanak. Idazki zaharrenetarik bat Cambrai-n (Frantzian) hatzeman izan den homilia baten zathia da, VIII-garren mendeko azken urtheetan ondua izena. Gero ba dira Würzburg-eko glosak, Jondoni Paulen epistolen gainean; Milano-ko glosak, Sen Kolombanen psalmu-argipen baten Latinezko laburtzapenaren gainean; Armagh-eko Liburua, hau Irlandan berean idatzia, bertze textu gehientsuak lurhandiko komentuetan hain ugari zegozen Goidel fraideen lumatikoak direlarik; delako liburuak glosa zembait edeiten ditu Irlandarazko; Sankt Gallen-go eta Torino-ko glosak; Sankt Paul-en (Karinthian) eriden izan den 850-garren urthearen inguruko eskuzidatzi bat Irlandarazko lau poema editen dituena, e. a.

        Ikhusten den bezala, erlisionezko dira textu hoietarik haboroenak, eta maiz hizkuntza-jakintzaren aldeko balioaz bertzerik ez dute. Hala ere idazki zembait erideiten ditugu berantago onduak izan direnak, Irlandara artekoaren garaian, heietako hizkuntza hargatik Irlandara zaharra baita. Galdu izan diren textu zaharrago batzuen kopiak dira, eta heietarik zembaitek egiaz balio dute litteraturaren aldean ere. Hala nola «Lebar na h-Uidre» edo «Behi beltzaranaren Liburua» (behi-beltzaran-larruz azaldurik dagoelakotz delako liburua), zathirik gehiena idatzi baitzuen Moelmuire, Celechar-en seme, 1.106-garren urthean hilak. Irlandara zaharrezko textu bat ba dakhar: «Táin bó Cuailnge», h.d. «Cooley-ko behi-laphurketa», Goidelen epopeiarik aiphatuena —eta aiphagarriena— Connaugh-Ulsteren arteko guduketak khondatzen dituena, bai eta Ulstereko gizandia zen Cú Chulainn hospetsuaren eginak.

        Irlandara artekoaren garaiko laneginak dira «Leinstereko Liburua»; jadanik aiphatu dudan «Lebor na Gabala» edo «Invasioneen Liburua»; «Mac Conglinne-rerr Ikhuspena», etc. bertzerik asko ere. Poema andana bat, anhitzetan balio handikoak, ba ditugu gainera. Ez da alabainan ahantzi behar poetak bethi ohoratuak izan direla Kelten gizartean, eta, XIII-garren mendekotz fileak, leheneko olerkari offizialak, itzalirik ba dira ere. Engel-Normanen invasionearen ondorioz, bardoek bethatzen dute orain heiek utzi hutsunea. Handiki orok bere bardoa ba zuen, buruzagiaren bikhaintarzuna eta goieginak neurthitzetan hospatzea baitzen hunen lana. Eskolak ere ba ziran heietan ikas baitzitzakean neurthizlarigaiak poesis bardikoaren arau oso korapilatsuak. Bainan alpherretan lizateke orduko poeten izenak eman nahi ukhaitea...

        Idazki didaktikorik ere erideiten da Irlandara artekozko idazkuntzan: bereziki Tigernach entzutetsuaren «Annalak» (Donmacnois-eko abade izandako hau 1.088-garren urthean hil zen).

        Bertze jakintzek ere beren langileak ba dituzte, oroz lehen sendakintzak: poetak bezembat ohoratzen ziran «liaigh», h.d. sendakinak Irlanda zaharrean, eta poeta-familiak bezala, sendakin-familiak ba ziran, osagailuak eta formulak aitatik semera helerazten zirela.

        Baina 1.367-garren urthean Engelandar buruzagiek eragozten dute Irlandara ikasetxe guztietan eta orduandanik, jakintzaren konzeptuak areago ezin dituelakotz zabalki expressatu, erorbidea jo du orduandano hain sendo izan zen hizkuntza horrek. Litteratura hutsezko laneginak baizik ez ditu geroago ugari emanen. Egia da hori ere ez dela guti, egiazko balio bat dutenean delako laneginak, eta hala izan da Irlandar.

        Hala ere era orotako jazarpenak gatik: jende-aldatze, presoindegi, isun, gizerhaite (1.654-garren urtheko Ephailaren lehenetik landa Shannon-en hunaindian hatzemanik izanen zen Irlandar oro heriopean zegoan) eta abar, jakintsu batzu jarraiki ziran herriko mintzara usatzen beren idazkietan eta irakaskintzan. Gizon bihoztoi hoiei esker, hizkuntza berriaren garaiaren hatsarrean, Irlandarazko kultura bizi da oraino. Bertzeen artean, 1.633-garren urthean, Norman ethorkiko aphez batek, Ceffrey Keating izenez, herriaren historia idatzi zuen Latinez eta Irlandaraz, eta gaitzeko lan horrek idazkuntzarako hizkara herriaren oinharriak eman zituen.

        Eskola bardikoek ere iraun zuten, orain lastola batzuetan antholaturik, bainan nabari da baldintza hoietan ezin ukhan zezaketela lehenagokoen errekasta. Gainera, poeten laguntzaile eta ongigile ziren handikiak deus ez ziran gehiago. Horrengatik bardoen antzea gatzoztu zen izigarritan eta orduko neurthizlariek bertsolari-deithura hobeki hartze dute ezen-ez egiazko poetena. Baserritar bilkhurak alegeratzekotz koblak egiten zituzten orain, baserriko gerthakari xumeak zituztela kantagai. Hargatik gizon jakintsuago zembaitek neurthizketa bardikoaren arauak think begiratu nahi ukhan zituzten, eta XVII-garren ahunurthekoan oraino ikhusten ditugu eskola zaharreko poeta batzu, hamarren bat urthe iraun zuen zeingebiagokan, Irlandako familia handi ohien ohoretan neurthitz oso klassikoak ontzen... «Iomarbháigh no bh-Fileadh» edo «Poeten Eztabaida» deithu izan da zeingehiagoka aiphatu hori. Bertze poeta batzuek neurthizketa bakhundu nahi ukhan ba dute ere populuak enthelega ahal litzantzat heien laneginak, egiazko antzelariak izan dira hala ere eta heien bertsoek aiphamen bat merezi dute, batez ere Brian Merriman-en «Cúirt an mheadhon oidhche» edo «Gauerdiko Gortheak» (1.808). Irlandara berriaren garaiko idazki hoberenetarik bat da hau, azken menderdiko berphizkundea aitzin.

        Hargatik ezagutu behar da Engelarak duela ordukotz Irlandararen lekhua hartu kulturaren alhorrean eta herriko hizkuntza sentimenduzko, edo bertze zioak gatik, oraino darabilaten idazleak geroago eta urriago agiri dira. Zer izan ere heien talendua, ezin molda dezakete egiazko litteratura bat, hots, ispirituaren ekhintza osoa besarkatzen duena, Irlandara zaharraren eta artekoaren garaietan izan zen bezala. Alta ugari dira oraino egun orozko mintzaratzat Irlandara darabilatenak, nahiz Engelara den hizkuntza offiziala. XVIII-garren mendearen lehen erdian, kasik 8.000.000 bizitzaile ba ziran izaroan; hoietarik erditsuek herriko hizkuntza ba zakiten. Irlandara mintzatzen zen Derry-tik (Ipharraldean) Waterford-erantz (Hegoialdean) doan marra baten haraindiko eremu guztian, lekhot hiri handietan.

        Bainan eremu hedatu hortan ere, jende ttipiak baizik ez ziran Irlandaraz mintzatzen, batez ere lurginak. Dembora hartan ordea izigarriko makhur batek jo zituen Irlandako laborariak. Jakin behar da ezinago erromeski bizi zirela laborari hoik; Engelandatik jin «Tighearnai talmhan» edo «Landlord» (lurjabe) higuingarrien etxetiarrak ziran gutiz gehienak —hobeki erran, atzerritar nagosi hoien jopuak— eta heien lanaren ekhoizpenak lurjabea aberastenago zuelarik, berek behar gorrian zirauten. Lursagar eta esne zuten janhari bakharra, herrian hain ugari ziren abelgorri eta ardiak zergen ordaintzekotz eman behar zituztelakotz. 1.846-garren urthean bada eritarzuna lothu zitzaion lursagarri, eta hunen ondorioz Gosete ikharagarri batek despopulatu zuen herrialde guztia: bi urtheren artean 1.000.000 iendeen ingurua gosez hil ziran, eta bertze 1.000.000 herria utzi behar ukhan zuten bertze lurraldeetan
—Amerika, Australian e.a.— bizimolde jasangarriago baten bilhatzekotz. Ondoko urtheetan bertze bi rniliunek ere herbertzerako bidea hartu zuten, hala nola 8.000.000etarik 4.000.000-etara aphaldu baitzen Irlandarren kopurua hamar urtheren buruan.

        Hain gogorki phorogaturik izan ziren zorigaiztokoak, Sarthaldeko baserritar irlandaldunak ziran ororen lehen. Miliunka hiltze eta herbertzeratze hoien ondotik beldurgarritan ttipitu zen beraz irlandaldunen zembakia, eta herrian bizirik egon zirenek ere pentsu bat baizik ez zuten alhatzen: ahal bezain laster joan handik, eta bizitzeko baldintza hobeagoak bertze nombait bil... Berak ez ba ziran ere, esperantza zuten heien haurrak bereren baliatu ahal izanen zirela salbabide hartaz. Hortarakotz ordea Engelara iakin behar zen: Estatu Elkhartuetan edo Kanadan edo Australian bizitzekotz, Irlandara ezertarako ez zen; eta zio horrengatik burhasoak, herrikoa bazter utzirik, hasi ziran atzerriko hizkuntza beren haurrei irakasten. Hori zeraukoten bertzalde Irlandar populuari aholkatzen orduko gidari nazionalistek berek, Daniel O'Connell handiak (1775-1847) batez ere, ezen ikhusten zuten Engelara ez jakiteak zituela Irlandarrak jopu batzuen mailean atxikiten atzerritarren eskupeko: atzerritar etsaia beraren iskiluaz garhaitu beharra zen, hau da, beraren hizkararen bidez. O'Connell eta haren jarraikitzaileen guduketari esker, Irlandarren bizi-baldintzak geroago eta hobekitu ziran ondoko urtheetan, bai eta azkenekotz Irlanda berriz iarri da bere gain Engelandaren uztarria egotzirik. Hargatik hizkuntzak ez du orduan galdutako eremua atzera bildu ahal izan, bainan aitzitik, orain duela ehun urthe baino askoz ttipiago da egun irlandaldunen kopurua...

        1.855-garren urthean, Gosete Handitik landa, 1.100.000 mintzatzen ziran oraino herriko hizkuntzan: heietarik 313.000 baizik ez zakiten Engelararik.

        1.955-garren urthean, Estatuak eginerazi duen zembakundearen araura, jaiotzatiko mintzatzaileak, hots, Irlandara dakitenak burhasoen ganik ikasi dutelakotz (native speakers) ez dira 37.000 baino gehiago.

        Irlandara oraino ere mintzatzen den eskualdeei «Gaedhealtacht» erraiten zaie. Hamar bat gaedhealtacht ba dira, gehienak Sarthaldeko itxasbazterrean sakabanatuak. Huna non dagozen eskualde arau.

        Ulster: 12.000 mintzatzaile edo hor inguru, Donegal Co.-ko bazterrean.

        Connaught: 5.000 bat Ipharraldean, Mayo Co.-an.

        12.000 bat Hegoialdean, Cois Fhairrge deithu eskualdean.

        Bertze ehun zembait izaroetan.

        Munster: 5.000 bat Kerry Co.-ko sarthaldean, Dingle-ko eskualdean.

        Bat edo bi mila Cork Co.-an (West Muskerry).

        Leinster: zembait mila Ring-eko eskualdean, (Waterford Co.).

        Ba dira orain 3.250.000 bizitzaile Irlandan (Eiren), gutiz gora behera. Heietarik % 1 baino gutiz gehiago Irlandaraz tradizionalki mintzatzen dira beraz, eta heien zembakia egun oroz ttipituz doa. Orhoitzen ba gara hizkuntza zahar hori oraino ez duela hain aspaldi herri guztian erabilten zela, eta Aitzinateko garaian lurhandiko eremu zabaletan ere mintzatua izan dela, dirudianez, bai eta, Euskaratik landa, hura dela gure egunetara arteo bizirik iraun duen Europa-Sarthaldeko, mintzararik zaharrena, deus ez da hunkigarriagorik gaedhealtacht batean egonaldi bat egitea baino, munduaren biraldakuntzari ohartu gabe bethi ere arbasoen mintzoaz mintzatu ohi diren laborari, marinel edo bertze jende bakhun hoien artean: hizkuntzak nola dagozen hiltzorian ikhusten da orduan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.