Azilla-Lotazilla. 11-12' grn zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (V. urtea. 1954'go
Azilla-Lotazilla. 11-12' grn zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, galde, iruzkin ta berri

 

Bi illabete auetan egin uzta ez da alako andia ere. Txoko ontara iristean idazleak beti izaten ditu oztopo, tupuztarri ta buruauste nai lukenez betetzeko. Gutunak irauli, aldizkariak astindu, burmuña estutu, zerbait aterako dugu ala ere. Askoz geiago aterako genuke gure irakurle ta euskalduntxoek gizabidetsuago balirake, ots, euskerakiko ta gure aldizkariakiko sentibera ta arduratsuago. Baiña, nork guretarrak idaztera iarri? Lenago lertu itz eztitxo bat edo kritikatxo neurtu bat iaiki baiño. Eta gure lana, euskal idazleen lana aurrera eramateko alegia, euskaldun guztien arnas bero ta akullu leuna (iltzegabekoa gero, emengo itzaiek darabiltena bezelakoa) bearrezko ditugu. Iakiña, akulluak noiztanka iltze ta guzti erabilli bear ditugu gure izkeraren il edo biziko auzi larrian batez ere, erdeljarioak ziztatu ta zulatzeko. Orientzat bear luke gure erriak Triku-erri, euskal-idazle ta maitarientzat aldiz, Uxoerri. Baiña triku-aieruak euskeraz ari geranontzat izaten dira damurik.

        «Alferrak xoil dira iztun eder, solastari handi» dio Axular'ek. Neri ez begokit orrelakorik; beraz «zuentzat audientzi guztia» uztera noa.

        Saminduta. — Orril-Dagonilleko zenbaki bikoitzean agertu zan «Ataurrekoa»k irakurle zenbait mindu edo ditu. Min orren lenbiziko oiartzuna Mexiko'ko Euzko-Deyan ateman dugu. Aipatu «Ataurrekoa»ren aitzi iaiki da aldizkari artan Ogoñope euskal-idazle ezaguna, bidetsu ta neurritsu, ordea. Ondo genekigun esakera batek maiteen ditugunak naigabetuko zitula, eta ala gertatu da. Ez gaitu beraz arritu Ogoñoperen idazlanak. Arekin gaude «euskerak, beste azeri baiño geiago, abertzaletasunari zor diola» diñonean. Egi ori ezin dezake iñork ukatu, eta guk ere ez genun ataurrekoan ukatzen. Azken-aldi auetan, ordea, abertzale askoren artean ez da ageri len-aldietako euskaltzaletasunik. Antxiñakoei negar-eragingo lizkieken gertari asko ezagutzen ditugu, abertzaleen artean gertatuak, euskerari buruzki gertatuak. Abertzale aunitz erdel-uiolaren ur zikiñetan narraz dioazkigu, eta orixe eragotzi nai genun gure ataurrekoan. Ez da goxo maiteen ditugunak iotea baiña noizipein bearrezko gertatzen da gogoz bestera ere. Pillosopuek ziñoen bezela, «bonum ex integra causa, malum ex quocumque defectu» ona osotasunetik, txarra edozein makurretik. Eta makur aundia da euskera nardatzea erderari loxintxak egiteko. Argi argia da gure iomuga, ez diteke argiagorik: euskera ta euskera soilik Euskadi'ko bazter eta gizamailla guztietan.

        «Alderdi»ri. — «Euzko-Gogoa»k argi ta garbi zuk ederki diozuna egiztatzen zun: «Jel-alderdiak ez duela bear ainbat egin, euzkera zegokion mailletan ipintzeko» eta ortan zerorrek diozunez, zuzen omen-gaude damurik. Bestalde, pozik auxe aitor dugu: 50 urteotan egin dan geiena Jel-alderdiari zor diogu nolarebait. Ez da, ordea, aski, iñola ere. Ta Sabin bizitan izan ba-genu kementsuago ari izango zan «enda-ezaugarri bakar ta garaientzat» dugun euskeraren alde. Ori ezin uka.

        «Euzko-Gogoa» bera, abertzaleen laguntasunik gabe, zer izango ote litzake?» galde egiten diguzu. Abertzale ta jelkideengandik eskura dugun laguntza utsaren urrengoa izan da zoritxarrez. Mexiko ta Venezuela'ko abertzale, jelkide ta euskaltzaleen artean bospaseik bakarrik ordain izan dute beuren arpide-saria; ta ala besteak. Laguntasun apur ori gorabera, «Euzko-Gogoa»k kementsu ta bizkor dirau euskal-barrutian lanean aleginka. Beraz, norbaitek eralgi bear aundiak lepora izan ditu euskaldunon izozkeri artean, gure aldizkaria aurrera eramateko. Obe litzake guzion laguntasuna ba'genu.

        Aldizkariaren inguruan. — Askotxo dira gure idazle ta irakurleen artean E.G. itxuraz ta azalez aldatu nai luketenak. Mamiz, orregatio, geientsuek ez dute nai aldaketarik egin dezagun. Izenez ere alda bear genukela euskeraren zabalkundea errexteko. Olerkari batek «Goramin» edo «Elerti» izenez ber-bataiatu bear genukela dio. Beste batek, au ere olerkaria, ikur guztiak erauzi bear genitukela. Gertu gaude gure irakurleen gurariak betetzeko arrazoizko derizkiegunean, eta ala egin dugu askotan azken aldi auetan batez ere. Ikus dezakezutenez, banako berriok iñolako ikur gabe azaldu dira. Izenarena orratio, zailtxoago da. Sendatza ezarriko liguken gotzai euskalzalerik bagenuke bederen! Nungo gotzaiak gure aldizkariari izena aldatzeko konpirmazioa eman? Nere lengusu bati «Felino» ipiñi zioten bataioan eta «Deograsias» Sendatzan. Natxituko Pillar-Monikari ere egun berean aldatu zioten izena. Aiek izan zuten gotzaia, Cadena y Eleta euskaltzale porrokatua, euskera itotzeko kateak eta eletak asmatu zituna ondokoen irakasbiderako. Jainkoak bitza oiñ-azpian! Guk nun billatu? Orain ez dala gotzai bearrik izena aldatzeko? Egia ori ere, or ari dira bada erri-agintariak gotzai billakaturik euskal-izenak, beste gabe, aldatzen, bataioko ur garbiak ukatuz. Ala ere pozik iasoko ditugu bialduko zenizkiguteken zuen iritziak. Igorri izenak ere gure konpirmaziorako: laburrak eta politak bitez; azkenean, Bilbao'ko gotzaiarena egingo dugu: esanak esan, ialkiak ialki, geuk erabaki! (Esakeratxo au poliki xamar atera zait).

        Gure sariketa. — Zertan dan gure sariketa galdetu digute. Berri txarrak irakurle. Epea aurtengo Aberri-Egunera (1955) luzatu arren, etzaigu iñortxo ere aurkeztu. Saria etzan ain kaxkarra ere! 150 dolar, ots, 6.375 peseta (sei milla peseta ta akats). Ondo dakigu zergaitik iñor etorri etzaigun sari-billa. Errex da euskeraz olerkitxo bat, ipuitxo bat egitea, ez ordea, ats-andiko lanak burutzea. Ortik ageri da benetako euskal idazleak sortzeko daudela, euskera gogo, odol ta bizi-arnastzat daukaten idazleak. Gure artean ez da euskera edozertarako izkera, lan aundi ta lan tipietarakoa; iakintza ta ipuietarakoa. Eta ortara iritsi bear dugu, bestela aberri izkerak ez du iñoiz ere onik izango. Kanpotik etorri ez eta etxetik aurkeztu nai ez; orra nun gelditu dan gure sariketa «oiñetako miñez». Ez kexkatu. Txanponak artu ta bankuan iarriko ditugu beste 50 dolar geituz. Datorren sariketa, beraz, 200 dolarrekoa izango da, ia beratzimilla peseta. Ez egon amarmilla dolarretara iritxi arte zai, idazleak, gu kapaz gara dauzkagun txanponok bat batean garbitzeko-ta. Laster iragarriko dizuegu sariketa berri ori. Gertu idazleak!

        Gizon zuhurrak eta bertze. — «Emen guk bezelako euskal-miñik ez ditut billatzen. Euskal-idazle-artean ere, nere aldean oso patxara aundiko jendea ikusten dut nik. Zerbait esaten ba'diezue «integrista» zerala-ta erasotzen dizue; lengo aldean asko egiten dala, gauzak astiro artu bear ditugula... Prudentetan ba'dago inguruan...! Nik gaiñera ez dut Zaitegi'ren kemenik bakarrik lan egiteko. Ain nazue illunabar zalea! Eztakizue nere illunaldi auek zenbat ordu eder gal-erazten didaten lanerako. Orregatik uste izan dut askotan zuek bezelako langille sutsuen ta euskal-minduen ondoan askoz geiago emango nukela neretik.» Prudenteak diñozu A. adiskide? Bai orixe, inguru guztiak gizon zuhurrez beterik dauzkatzu Euskalerrian, eta zuhurtasun ori zeiñen galgarri dan ez dute ezagutu nai. Zerbaitxo esan eta edasiko nizuke ortaz. Eta orain andre Anastasik Donostian egin digun ioko likitsa?... Eta euskera gaixoa, prudentez inguraturik, amilbera dioakigu. Obe lukete aipatu gizonok zuhurtasun ori euskal-idazleak pizkortu, adoretu ta xuspertzen erabili. Ez da arrigarri illunaldiak izatea izotzez inguraturik egonezkero. Ain zailla ote urkolagunak eta batez ere euskal-idazle adoretsuak pizkortu ta aizatzeko itz bero batzuk arkitzea? Ez dut uste. Burukoiegiak gera euskaldunok eta orixe dugu makurrik txikiena; ez dakigu gereak miazkatu ta gozatzen baizik, katu mizkarien eduz, eta ori ez dago ondo. Biotzak zabaldu bear ditugu euskera darabilten idazle guztiak onartuz ta laztanduz. Gure elerti-arloa burkoikeriak ondatu digu geienbat. Eritasun zital ori erro errotik erauzi bear dugu erri egin eta oso bat izan nai baldin badugu. Elkar berotu dezagun idazleak, adoretu ta lagundu: orra elerti-mailla garaienak iristeko bide bakarra. Ikas dezatela zuhurrak ere.

        Elesariak. — Itz polit au Oienart'i zor diogu, eloge, louange esateko. Neurtitzetan dakar. Orra «Gazteiztarrak» Paristik: «Bai, artu nuen zure gutun maitekorra baita aldizkaria ere; bata ta bestea atsegiñez beterik irakurri dizkitzut». Alberdi'tar Andolin'ek: «Ordu ederrik eman det or emen aurkezten dituan lan bikaiñak irakurtzen eta beti zerbait irakurteko ote dan iduritzen zait. Ez iz-jarioz ta ez zurikeriz ezertxo be ez dizut esan nai, baiña orratioko bai, zerbait gauz aundia iruditzen zaidala zenbaki orren (1954'ko 5-8 gna.) gatz eta mamiña; kanpo jantzia ere txit apaiña. Eta gogorra ez al da euzkal zelaiak daben bitxi eder ori ere kikili-makala bizi dala iakitea euzkotarrok biotz-ximur agertzen geralako txanpon xixtrin batzuk luzatzeko ez geralarik?». Eta Mirande iaunak: «Milesker handi bat atzo eldu zaitan E.G. gatik. Ez dut astirik ukhan guztiaren irakurtzekotz oraindik, bainan laket izan zait. Nahiago dut estalkia orain duen bezala. Gogarako izan zait «Ataurrekoa». Bertze artikuluetan orotarik eriden dut: oberenetarik eta txarrenetarik. Bizkaitik: «Aldizkingia asko-asko atsegin yat. Ederto idatzita; zueri euskeraz idazten azartuteko lotsa bildurra eragiteko besteraño. Aldizkingiaren onerako balitzatekez ta zuek aintzat artzekuak, or emen ipinten iakozan akats batzuk adierazo gura deutsudaz». Akatsok urrengo zenbakian emango ditugu, asko dirata. A. iaunak Bizkaitik: «Baita 5-8'gn. zenbakia be artu neban. Badakit nik ondotxu be, min apur bat bakarrik ez, min zorrotza be artuko dozuela gure ikurdi ederra kendu bearraz, egia; baiña gure artean zabaldu bear izan ezkero ez dago beste biderik orain beintzat... Zuek eta gu ez gagoz bardin, aituko dozue». Gorago erantzun diogu gure adiskide maite onek erakutsi naikariari; erantzun soilik ez, baita egin ere egin dugu aren naia. Erdalerritik: «Lan ederra ari duzute. Bejondaizuela. Gaztedia zuekin dezute. Ikusi dezute gure senidearena, ez iñork esanik. Eta ikusten ditut K. gaztearen ale imoak. Gaztedia, zorionez, zuekin da». Eta Tauer'tar Norberta'k Praga'tik: «Euzko-Gogoaren Orrill-dagonilleko zenbakia atzo nere eskuetara eldu zait eta asko poztutzen naiz ikusteaz orko aldizkaria zenbakirik zenbakira ederragoa dala bai mamiaz, bai tankeraz. Eskuartean daukadan zenbakiaren arkibidea txit aberatsa da eta lankideen artean euskal-elertiaren izenik argienak arkitzen dira eta elerti-gai guziak erabiltzen dituzte. Ongi konprenitzen dut traba aundiak garaitu bear dituzutela euskerazko aldizkari au ateratzeko, orko irarkolan euskera dakiten langilleak ez daudenean. Lan guziak asko guztatzen zaizkit eta emen okasione ederra arkitzen dut nere euske aberasteko». Bizkaitik berriz ere: «Otsailaren laugarrenean iaso nuen, aspaldiko aldez. E.G. eta arik egun asko barik zure gutuna ere. Iñoizkorik ederren agertu ere egin duzute eta pozez beterik irakurri ditut dakarzkin idazlan olerki guztiak. Goragarria da gure izkuntza menperatuarren egin daroazuen lana, eta oraingo euskaldun geienak zoritxarrez ezautzen ez duten arren, gerorako onuragai izango ahal da».

        Idazleei. — Gorago iaso ditugun elesari ederrak irakur ondoren, esker beroenak erakutsi nai dizkiegu gure idazle kementsuei. Zuek gabe gure lan au ertun eta erren izango litzake. Zuek zerate gure aldizkaria eta batez ere gure izkera ostikopetua argiz ta erlantzez iazten dituzutenak. Egun auetan idazlan zabal bat bialdu digu Mendiola'tar Imanol apaiz iaun eta adiskide onak. Milesker euskaltzale kartsu orri, Ternes'ko eliz ederrean, Paris'en erdi-erdian gure euskera gogoz lantzen ari zeran orri. Beste zerbait ere esan nai genieke gure idazleei, eta kontuan artzeko eskatzen diegun arren. Gure aldizkarian iñun agertu gabeko lanak baizik ez ditugu argitaratu nai. Beste aldizkarietan agertu idazlanik edo olerkirik ez guri igorri ez ditugu argitaratuko-ta. Guri bialdutako lanik ez beste iñora igorri, edo bestela oartu iguzute. Gure aldizkariaren legea lan originalak soilik agertzea da. Guretik iaso nai luketenak iaso lezakete, baiña iturburua oartuz lanaren oiñean edo danadalakoan.

 

        Berriak.

        Euskaltzain berriak. — Azaroaren 26'gn. Euskaltzain bi izentatu ziran: Lojendio'tar Joseba M. eta Arrue'tar Andoni iaunak. Uste dugunez Euskaltzaindiari onurakor izango zaio bere barnean iaun bi oien ukaitea. Gure zorionak ar bitzate Euskaltzain berri bi ok.

        Tauer'tar Norberta, gure adiskide miña, eta euskaltzale sutsua Euskaltzaindiko Urgazle izendatu dute, baita Buenos Aires'ko «Instituto A. de Est. Vascos-en kide ere. Ondo irabaziak izentatze biak. Zorionak, beraz, adiskide.

        Cornwall'eko Olerkari. — Gure irakurle askok ez dakite noski Cornwall nun dagoen. Orra ba; England'en, ego-sartaldean. Lurralde ortan orain eun urte il zan Cornwalleraz mintzatzen zen azken gizakumea. Cornwall-era kelta izkera bat da, irlandera ta bretoinera bezela. Lurralde artakoek orain ari dira jo ta ke izkera hil ori berpizten. Eta lan ortan aipatuenak ditugu Euzko-Gogoako lankide iakintsu bi: Mirande'tar Ion eta Mix-Garai'tar Ion, NewYork'en bizi dana. Ona emen Mirande iaunak idazten diguna: «Ez dakit erran nerauzunez Cornwall-eko bardo izendatu nindutela joan den Gorsedd-ean, edo hobeki erran, gorseth, korniaraz. Euskeratiko itzulpen bat aurkheztu nuen hortarako (Goizean goizik jeiki nündüzün'ena) eta bertze bat doitxera zaharretikoa. Bigarren euska-lidazlea naiz ohore hau ukhaiten duena; lehena Mix eta Garai'tar Jon izan da eta haren izen bardikoa «Car Tramor» da (Itxasoz haindiko adiskidea). Nirea, berriz, «An Menedhor» (Menditarra). Zorionak ar bitzate «Car Tramor» eta «An Menedhor»ek. «Car Tramor» gurekin aztu xamartuta dago; oroituko al da noizpait idazlantxoren bat igortzeko.

        Euskal-ikastaroak. — Eukaltzaindian euskal-klaseak iarraitzen ditugu. Ikastaroa astean 104 ikasle etorri zitzaizkigun. Geroago pixka bat gutxitu dira. Iru irakasle gara eta badugu literatura klase bat euskaldun zaharrentzat ere. Oraintsu aur klase bat asi dugu emakumeen ardurapean. Beste erri batzuetan ere hau ikustean beldurra kendu zaie eta adorea berriro etorriz, asi egin dira, asko ezarren. Euskal teatroan badugu talde bat erririk erri ioaten dana igandetan. Erriak aoa zabalik entzuten die, pozetan. Dantzak eta kantuak ere egiten dituzte.

        Donostia eta Gazteiz'en ere, euskal ikastaroak ari dira irakasle argi zenbaiten menpean, «Urkixo Mintegian» eta «Centro Cultural»en batez ere. Iruñako Aldundegian ere gogoz ari dira. Gure atsegiñak ikasle ta irakasleentzat. Lenagoko baten erri guztietan euskal-ikastaroak zabaldu bear lirakela esaten genun. Lan polita egingo lukete gure erritarrai euskeraz idazten eta irakurten irakatsiko balieke. Gure ustez egingarri da, eta eginbearra. Bide ortatik gure ele zokoratuak pizkortasunik iaritsiko luke.

        Euskaltzaindiaren Sariketa: Lenengo saria, 1.000 laurleko, Juan de Aldamin iaunaren «Joanak Joan» eleberriari. Bigarren; Berasaluze'tar Sabin Aitaren O.F.M., «Bide Izkutua»ri (Hugo Wast'engandik itzulita). Irugarrena; Erkiaga'tar Eusebi'ren «Aspaldiko Maigret» itzulpenari («La Premiére énquéte de Maigret»). Loidi Bizkarrondo'tar J. iaunak aipatze berezia ukan du «Amabost Egun Urgainen» irakurgaiagatik.

        Ipui-saillean: Lenengo saria; Bilbao'tar Peli Aitaren O.F.M. «Zuetzako Aitita» deritzan sortari: bigarrena Eskauriaza-Azpeitia'tar Julene andrearen «Euskera maite maite, zabiltz nigaz beti» deritzan sortari. Ziarsolo'tar Imanol'ek aipamen berazi bat ukan du. Gorantzi idazle azkarroi.

        Guk ere aldizkarian iragarri genuen sariketa au, baiña ukan dituen ondoreetaz ez digu Euskaltzaindiak ezer ere adierazi, beraz zearka iaso ditugun berriok iaso bezela ematen ditugu.

        Berri-goibelak. — Orantsu il zaigu Elorrio'n Kerexeta iauna, 83 urtetan. Aren senide ta semeek ar bizate gure samin-agurrik sakonena. Gabirian, berriz, Murua iauna il zaigu. Aren senideek ere, orobat, agur samiñena iaso bezate. Goyan beude.

        Orra urte au bukatu! — 1954'gko urtea urte naigabetsua izan da Euzko-Gogoarentzat. Lan eta atsekaberik aunitz iasan bear izan ditugu alderdi askotatik, emengo gertakizunak zirala-ta batez ere. Ala ere, naigabe, korapillo ta ezbear guztiei kementsuki arpegi eman diegu ta garai atera gera. Aurtengo arkibidean ikusi dezakezute oztopo guztien gaiñetik metatu al izan dugun uzta bikaiñaren zerrenda iori ta aberatsa. Beraz badugu pozbiderik. Datorren urterako asmo bikaiñagoak ditugu gure aldizkari au are sakon ta bizkorrago ateratzeko. Gure lenbiziko naia txintxo txintxo agertzea da, eta iritxiko dugu, bai orixe, Iainkoak laguntzen eta bear ditugun kemesak ematen baldin badizkigu, eta gure biotzeko lankideak oraiñarte bezela erantzuten baldin badigute. Agur bero bana idazle ta irakurle guztioi. 1955'gko urtea EUSKERAREN URTEA bedi.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.