Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elerti—

 

Antziñako maitasun-edesti bat

 

William Saroyan

 

euskaratzailea:

Insausti'tar Yosu

 

William Saroyan'ek idatzia

Insausti'tar Yosu'k itzulia

 

Ni baño urte t'erdi gazteagoa zan, gutxi gora bera, Arak nere lengusua; arpegi borobilla, beltxaska eta apaña ikaragarri. Baño ez uste gero arroskoa zanik. Nere itxura guziak itxuskiak ziran bezelaxe, berezko apaintasuna zizuten bereak. Doai berezia zizuan eskola-katramilletatik berealako batean bere burua aske ipintzeko: parreri goxo ura ezpañetan zualarik, goikaldetiko ortz apur bat banatuak erakutsirik, begiak itxi-irikitze batean biguinduko zizuan Miss Daffney irakaslearen biotza. Ni berriz, katramilla bat nun, antxe nintzan leporaño sartuta; olakoetan ausarki adierazoko nizuan errua etzala nerea eta bai miss Daffnei'rena edo beste nornairena; auzitegi nagusiraño eramango nizuan bear ba'zan nere auzia nere errugabetasuna argi ta garbi azaldu zedin.

        Ikastola-zuzenbideruntz (direzino) jartzen ninduten geienetan. Antxe artua naiz amaika ta amaika ipurdiko: Mister Derringer'ekin asten bai nintzan nere auzi aldez itz ta pitz. Eta Mr. Derringer ez izaki nerekin eztabaida zale. Nere aldezko itzak menderaturik zeukatenean etortzen ziran beti jipoiak.

        Guztiz besterakikoa zan Arak; bost ajola ari zuzentza eta zuzentza-bideak. Etzan ain zuzen ere, nere erdira irixten, ni baño urte t'erdi gazteagoa zan, eta alare, eskola-mailla berdiñean geunden biok. Bostgarren malla izan ez bazan etzan biziro kaltegarri izango, baño alkarrekin geunden eskola-mailla bostgarrena zan. Nere aldez jardun bear nintzanean, noski, irakasleen gañetik agertzen nintzan; bidezkoa zan. Esan zitekean ba beren ondotik ni botatzeko irrikiz izango zirala, eta etzan ori gertatzen. Goiagoko beste malla debekaturik zegoan niretzat. Nik uste orraatik maixuen naia auxe zala: urrengo seillabeterako beren aldezkoa (argumentuak) arkitu eta nere gañetik azaldu al izan. Au guzi au zala-ta bostgarren mallako ikaslerik zaarrena nintzan...

        Egun batez, ol-beltzean azaldu zan poema baten egillea nintzalako adirazi nai izan zion miss Daffney'k mundu guziari. Poemak zionez, Miss Daffney maite-miñez zegoan, bere maitasun-gaia Mr. Derringer zan; miss Daffney itxusia zalakoa zion poemak. Poemaren egillea Arak nere lengusua zan eta ez ni. Nik idatzitako poema batek etzuan miss Daffney gai izango, eta bai onuragarriagoko gairen bat. Alare, izen ba bederik aitatu gabe, eskuan makiltxo bat zizualarik nere maiaren uarrez-aurre jarri zan Miss Daffney eta onela itzegin zuan:

        — Ol-beltzean agertu dan irain likitx orren egillea nor dan ikasi bear det, dagokionez zigortua izan dedin.

        — Egillea? —esan nuan—. Eta nola dakizu mutil ala nexka ote dan?

        Eskubi beatz muturretan jo nindun miss Daffney'k makiltxoaz. Jausi egin nuan ariñaren arin nere exerlekutik.

        — Ezin zuk besterik gabe beatzetan jo. Jakingo du au norbaitek!

        — Exeri zaite! —esan zuan Miss Daffney'k.

        Exeri nintzan. Eskubiko belarritik tira zidan; ainbestetan egin zuten berdin bai Miss Daffney'k bai beste irakasleak, itxuraz aldatzen ari zan pitinka nere belarria.

        Ixillaren ixillik esan nuan:

        — Esango dizkitzu orraatik norbaitek zureak eta bost...

        — Zaude ixillik! —esan zuan Miss Daffney'k, eta zearo nere onetik kanpora nengoan arren mingaña giltzapetu bearrean izan nintzan! Bien bitartean, mexikano txikia, japondarra, armenitarra, grezitarra, italiarra, portugestarra, guziak amerikar-uts ziran neska-mutil guziak lertu bearren zeuden parraren parrez. Makiltxoaz jo nindun berriz Miss Daffney'k eskuan eta oraingoan makillak sudurra ikutu zidan. Iraingarri izan zitzaidan au benetan, orduan, orain bezala, aundi bai zan nere sudurra. Sudurra txikia izan ba'litz etxidan makiltxoak ikutuko, eta Miss Daffney'ren zartatekoa nere sudurraren aunditasunari buruzko esamez bat zeritzaidan.

        Nere sudur iraindura esku oñazetua neramalarik jaus egin nuan berriro nere exer-lekutik.

        Ikusiko aurrerantzean nola tajutzen zeran —esan zuan Miss Daffney'k— zure tentelkeriak okituta naukate zearo.

        Eskua sudurretik kendu eta bear bezala tajutzeari eraso nion. Eta sagar gorri berari eman-zale litzaken mutiko baten antzera egin nion parirri. Ikastola guzia par-algara batean zegoan. Miss Daffney'k makiltxoaz jo nai izan ninduan. Nere mai gañera erori zan. Altxa eta nere atzetik asi zan korrika...

        «Galanta izango dek katramilla au —nion nerekiko ikastolan barrena, Miss Daffney atzetikan jarraika nizualarik—; gizon erailketaren bat izango da azkenik zalaparta onen bukaera; eta bin bitartean, ara or Arak erruduna lasaiki eta parr irriz. Munduan ez dago zuzentzarik.

        Arrapatu ninduan azkenik Miss Daffney'k. Nola ez! Zenbat eta luzaroago Miss Daffney'ren nere atzetikako jarraiketa, orduan eta zorrotzagoa izango zan Mr. Derringer'en zigorra. Miss Daffney'k begiak atera nai zizkian, belarriak, beatzak eta eskuak... eta bien bitartean, nekizkian itz goxoenak eta biguñenak berari esaten ari nintzan.

        Nekearen nekez geiagorik eziñean geratu zanean, joan al izan nintzan nere exertokira eta lenengoan asi zan auzia.

        — Ol-beltzeko maitasun-poema orren egillea nor da?.

        Miss Daffney'k illeak txukuntzeari ekin zion; arnasa bere oneratu zitzaionean ixiltasuna eskatu zuan. Ixil-ixilik zan guzia. Erlojuaren tiktatekoa bakarrik entzuten zan. Miss Daffney'k itzegiteari eraso zion:

        — Norbere izen abizenez galdetuko diot bakoitzari ol-beltzeko poema likitx orren egille ote. Egia itxaron det. Gezurretan ari bazerate aundiagoa orduan zigorra.

        Eta neska-mutil bakoitzari galderaka asi zan poemaren egille ote. Noski, ezezkoa izan zan guzien erantzuna.

Neri galdegin zidan gero; ezezkoa esan nion eta egi uts-utsa zan.

        — Zoaz orain zuzenbidera —esan zidan— Gezurti bat zera.

        — Nik ez det iñongo ol-beltzean iñolako poemarik idatzi —esan nion—. Eta ni ez nazu gezurti.

        Batere atsegin aztarren gabe artu ninduan Mr. Derringer'ek. Bi minutu geroago iritxi zan gure eskolara Susia Kokomoto nere gaiztakeri ikaragarriaren «argibidea» zekarkialarik eta «argibidea» poema itzez-itz.

        Mr. Derringer'ek sei zazpi bider irakurri zuan papera, alako kiñu bat egin zizuan, par gero, beatzak tiranteetan jarri, estul egin eta onela esan zidan:

        — Zergatik idatzi dezu poematxo au?

        — Nik ez det idatzi —esan nion.

        — Bai, —esan zuan— zuk ori diozu; baño, zergaitik idatzi dezu?

        — Nik ez-det-i-da-tzi- berresan nion.

        — Etzaite burugogor izan —esan nuan Mr. Derringer'ek—. Geiegi zabaltzen ari dan mar-mar bat da. Nola dakizu Miss Daffney nere maite-miñez dagoela?

        — Baño maita miñez al dago?

        — Bueno —esan zuan Mr. Derringer'ek— ori dio marmarrak. Nondik atera dezu zuk? Ikusi al dezu noizpait neri begi biguin begira?

        — Nik ez det iñoiz orrelakorik ikusi —esan nion—. Baño zu al zaude bere maite-miñez?

        — Jakin gogo duan irakurkearentzat bego ori —esan zuan Mr. Derringer'ek—. Poema ez da guztiz txarra baño, benetan uste al dezu Miss Daffney itxusia dala?

        — Nik ez dut poema idatzi —ber esan nuan—. Nerean indartsu egon nindeke: nik ez det onela idazten.

        — Zure idaz-tankera —esan zuan Mr. Derringer'ek— ol-beltzean ageri dana bezalakoa ez dala esan nai al dezu?

        — Bai, —esan nuan— eta baitare nere olerkiak ez dirala ori bezalakoak.

        — Olerki egiten badakizula esan nai al dezu? —esan zuan Mr. Derringer'ek.

        — Olerki egikera badakit —esan nuan— baño olerkiera ori ez.

        — Giza onetako marmarra... —esan zuan Mr. Derringer'ek—. Nik uste orratik gai onetan zer zeran badakizula...

        — Bueno —esan nuan— Dakidan guzia ori idatzi ez dedalakoa da.

        — Nere aldetik —esan zuan Mr. Derringer'ek— nik uste miss Daffney ez dala itxusia atsegiña baizik.

        — Ori oso ondo dago —esan nuan— baño auxe bakarrik nai det: nik egin ez dedan gauza baten ondorengoekin zer ikusirik izan zen.

        — Poema ori izan diteke zurea —esan zuan Mr. Derringer'ek.

— Au ez —esan nuan—. Idaztekotan poema on bat idatziko nizuan.

        — Poema on bat esan dezunean, zer esan nai dezu? —esan zuan Mr. Derringer'ek—. Poema ona edo iraungarria?

        — Poema on bat, poema eder bat esan nai nik —esan nuan— baño ez nuan ain zuzen Miss Daffney'tzaz idatziko.

        — Orain-oraintxe arte —esan zuan Mr. Derringer'ek—, poemaren egille zu ote edo ez aren zalantza kutun zitzaidan, baño emendik aurrera ezin. Zuk idatzi dezulakoaz ziur baño ziurrago nago. Ortaz ba, zigortu bearrean nagokizu.

        Altxa eta eztabaidari ekin nion.

        — Nik egin ez dedan zerbait dala-ta —esan nion— jipoi bat emango didazu, baño zuk ere entzungo dituzu zureak eta bost.

        Eta alaxe izaki; jipoi galanta eman zidan eta itzak etziranak ere entzun zituan eskola guziak. Errenka itzuli nintzan ikastolara. Ol-beltzetik kendua zegoan poema. Eta gañerontzetiko guzia pake-pakean. Zegokionez zigortua izan zan erruduna, poema begien aurretik kendua eta naaspilla zearo baretua zegoan bostgarren mallan. Ara'k nere legusua lasaiki exerita zegoan Hicia Bovard'en ille beltxeran kixkurtuari begi-begira.

        Jolas garai iritxi zanez gero lurrera bota nizuan Arak eta bere gañean exeri nintzan zankalatraba.

        — Eman zidatek ire erruz jipoi galanta —esan nion—: Miss Daffney'tzaz idatzi naiak ez al au geio ikutuko, gañerontzean txuriak eta gorriak ikusiko dituk.

        Alare, urrengo egunean, maite poema bat agertu zan ol-beltzean. Arak nere lengusuaren eskuz idatzia ain zuzen ere. Miss Daffney'k, noski, erruduna arkitu nai zizun zigortua izan zedin. Ikastolara sartu nintzanean ixil-ixilik zegoan mundu guzia; antxe zegoan beste poema bat begien aurrean. Nere baitan itzketan ari nintzan, Arak urrutiegi zijoala esanaz alegia, eta azkenik, armenioz itz egiñaz, bukatu nuan ezurrak ausiko nizkiola esanaz. Baño Arak, entzungor zegoan, eta bin-bitartean Miss Daffney'k beratzaz ari nintzala itzketan uste zuan.

        —Zatoz onera, zatoz —esan zidan—. Zerbait esanbearrekorik badezu itzegizu beñepein guziok ulertu gentzaken eran.

        Bai, poema ori nik ez dedala idatzi esan bear det —esan nuan—. Atzokoa ere ez nuala idatzi. Poema bi orietaz ez det zer ikusirik eta norbaitek naraspillean sartu nai banau entzungo ditu entzunbearrekoak.

        — Exeri zaite —esan zuan Miss Daffney'k.

        Ikastolakoen izen abizen guziak irakurri zituan lenengo, eta gero orri aundi bat idatzi zuan eta poema bertantxe. Aizkenik, orriaz zuzenbidera joan nendila esan zidan.

        — Zergaitik ni? —esan nuan—. Nik ez det poema ori idatzi.

        — Egizu agindu zaizuna —esan zuan Miss Daffney'k.

        Bere maira ondoratu nintzan orri billa eta eskua luzatu nualarik makiltxoaz jo ninduan; jauz egin nuan atzera aldera karraxi bizian:

        — Zure maitasun kartak dirala-ta ez naiz ni atzera ta aurrera ibiliko.

        Azkena izan zan au. Guziak dizu mundu onetan azkena. Jaus egin zuan miss Daffney'k nere gañera. Irakinka nengoan ni Arak nere lengusuaren aurka eta nere aldetik bere gañera joan nintzan. Aingeru papera egin, nai zizun eta etzidan aurkakorik egin. Baño axeri purrukatua zan arraioa eta muturreko bat edo bestez iges egin zidan; zilipurdika erori nintzan luzearen luzez eta onela nengoela arrapatu ninduan Miss Daffney'k. Bera bakarrik zan orain burrukalari. Zuzenbidera iritxi nintzanean arramazkaz josita neuzkan esku ta arpegia; miss Daffney'ren maitasun-karta zearo zimurtuta neraman.

        Ikusi zagun orri ori —esan zuan Mr. Derringer'ek—. Zer txerrenkeri egin dezu gaur?

        Mai gañean orria berdindu xamartu zuanean irakurtzeari ekin zion. Bi edo iru bider irakurri zizun. Zoraturik zegoan eta maite-miñak zeato jota garbi asko ikusi al izan nuanez. Ezpañetan irripar aundi bat zualarik itzuli zituan begiak nireganontz, eta Miss Daffney itxusia zala poemak ziolako purrustara egingo zidalako ustez nengoan.

        — Nik ez det poema idatzi —esan nuan— Atzokoa ere ez nuan idatzi. Ikastolara ez nakar poemak idatzi naiak, lasai bizi eta besteai bizi izaten usteko zerbait ikasi naiak baizik.

        — Bueno, bueno... —esan zuan Mr. Derringer'ek.

        Atsegindurik zegoan.

        — Miss Daffney'ren maitemiñez bazera, or konpon —esan nion—, zure gauza da ori eta nik ez det zer ikusirik.

        — Nik diodan guzia au da; Miss Daffney'ren arpegia dala-ta izan zindezke apur bat goxoago —esan zuan Mr. Derringer'ek—. Itxusia zuri baderitzaizu beste guziak ez dute ori bera uste.

        Aserre nengoan. Alperrikakoa zan.

        — Bueno, ondo dago —esan nuan— Izango naiz biar goxoago.

        — Ondo esana dago ori —esan zuan Mr. Derringer'ek— Baño zigortu bearrean nagokizu orain.

        Eta mai aspikaldean gordeta zeukan larrukia atera zuan.

        — Ez orixe —esan nion— Zigortzen ba'nauzu ez naiz biar goxo izango.

        — Bai, bai, eta poema au? —esan zuan Mr. Derringer'ek—, au dalata zigortu bear zaitut. Besterik izango da biar.

        — Ez —esan nion— Ez gera konponduko.

        — Tira ba, ederki —esan zuan Mr. Derringer'ek—; baño izan zaite Miss Daffney'rekin onagoa.

        — Izango naiz —esan nion—. Eta orain joan al nindeke?

        — Bai —esan zuan—, joan zindezke.

        Eta baninjoan zuzenbidetik.

        — Itxoizu apurtxo bat —esan zidan—. Karraxirik entzuten ez badizute izkutukoren bat degula eskuartean usteko dute... Zoaz txoko artara eta egizu karraxi amar bidar eta zatoz gero.

        — Karraxi egin? —esan nuan arriturik—. Nik ezin ordea Karraxi egin jotzen ez banaute.

        — Bai gizona, egingo ez dezu ba? —esan zuan Mr. Derringer'ek—. Egizu karraxi larrua kentzen ari bazintzaizkizun bezela. Al izango ez dezu ba?

        — Nik ezetz uste —esan nuan.

        — Amar bidar emango diot nik larrukiaz sillari —esan zuan Mr. Derringer'ek—, eta beste ainbeste bider egingo dezu zuk karraxi.

        — Itxuraz egingo degula uste al dezu? —esan nion.

        — Bai gizona, bai? —esan zuan— Goazen arlora.

        Sillari larrukiaz jo eta jo asi zan Mr. Derringer; atzo bezala egin nik karraxi baño oiek zulak zeritzaizkidan. Gezurtikako karraxiak ziruditen ain zuzen ere.

        Onetan geundela Miss Daffney ber-bera sartu zan zuzenbidean. Guk ez jakin ordea nola eta nondik: ixillaren ixillik sartu zan iñondik iñora.

        Amargarren karraxia egin nuanean «amargarrena bete da» esan nion Mr. Derringer berari begira.

        Orduantxe ikusi nuan, miss Daffney; mututurik eta ao zabalik eta begi aundi zegoan.

        — Guztiz itxurako izan dedin —esan zuan Mr. Derringer'ek— beste bi edo iru karraxi geiago.

        Eta Miss Daffney an zegoala nik esan baño lenago sillari larrukika asi zan eta ni karraxika.

        Mingotza zan ura guzia.

        Miss Daffney'k estul egin zuan eta aizkenik Mr. Derringer'ek ikusi zizuan bere kutuna.

        Mututurik, itzik gabe zegoan miss Daffney. Mr. Derringer'ek parrirri egin zuan, lotsaturik zegoan. Etzekian larrukiaz zer egin...

        — Mutilla zigortzen ari nazu —esan zuan.

        — Bai, ikusten da... esan zuan miss Daffney'k.

        Ez neri ez berari etziguan itz bat leenik esaten.

        — Ikastolan —esan zuan Mr. Derringer'ek— det ikasle zital bat bederik nai.

        Maitasunez ero zeukan, eta bere begien aurrean zerbait iduri naiez aidean zerabilkin larrukia. Miss Daffney'k etzion ordea asko irixten zigorketa areri, ez nere karraxiei eztare sillagañeko larruki aiei. Antzezkizun zeritzaion guzia Miss Daffney'ri, guzia antzezkizun tentel...

        — A! —esan zuen Mr. Derringer'ek—. Silla larrukika benetan ari nintzala uste al dezu? Saiaketa bat egiten ari gintzaizkizun, ez al da egia seme?

        — Bai zera! —esan nuan.

        Txinparta zeriola egin zuan iges Miss Daffney'k. Sillaren gañera bota zuan Mr. Derringer'ek bere burua.

        — Ara zer egin dezun! —esan zidan.

        — Bueno —esan nion—; or konpon berarekin zerbait nai badezu, baño ez ni ezertan sartu.

        Itunaren itun zegoan Mr. Derringer.

        — Zoaz zure eskolara... —esan zidan.

        — Jakin bear dezu, orraatik, poema oien egillea ez naizela, bai, jakin bear dezu —esan nion.

        — Emendik aurrera berdin zait guzia... —esan zuan Mr. Derringer'ek.

        — Nireganuntz zeukan begiaunditasun guzia galdu du —esan zuan berriro Mr. Derringer'ek.

        — Eta zergaitik ez dezu zeorrek poema bat idazten? —esan nion.

        — Nik ez det poemarik idazten... —esan zidan.

        — Or konpon ba... —esan nion.

        Nere ikastolaratu nintzalarik, begirapen aundiz artu nindun Miss Daffney'k, eta nik ere bai bera. Bazekian, berak gauza asko nekizkiala, eta baitare ille artzen asten ba'zitzaidan nobela areri amaiera emango niola... eta azukre koxkor bat bezin goxo zegoen. Aste bi geroago itxi zan ikastola eta ikastaro berria asi zanean etzan geiago Miss Daffney'rik azaldu. Mr. Derringer'ek etzion poemarik idatzi edo ta etzan ona izan; maite zualakorik etzion esan, edota esan bazion etzion Miss Daffney'k aurrera biderik eman: edota. Mr. Derringer'ek, nik nekiana zala-ta, andik beste ikastola batera joatekoa esan zion eta Miss Daffney'k on iritzi.

        Edo onela zerbait.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.