Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Ilbeltza-Otsailla. 1-2'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Yakintza—

 

Noizko-nongoak

 

Ormaetxea'tar Nikola

 

1.— NOIZKOA

 

Aristotel'ek euskeraz denbora orrela esan zezaken, gure erriak derabilanez: «Etorriko dala esan du; baiña noizkorik ez».

        Alde askotara diño euskerak aldi edo noiz aldi ori. S. Agustiñ'ek bere Aitorkizunetako amaikagarren Iardudunean, XIV'garren atalean, noizko ori goienik-barren aztertu digu. Bai iakinkizunari dagokiona, bai euskal-izkuntzari dagokiona, an arkituko duzu, irakurle, nik itzulitakoan.

        BETA. Auxe da nik neretzat nai nuken noizkoa. Onek ez diño aldiaren aldarterik, ez tartearen mugarik, ez irautearen nekerik (neketan iraun edo egari bear danean beiñipein). Asti ere esan oi diote zenbait tokitan, baiñan arte 'tik letorke, ta muga diño, betak ez-bezala. Geldi dagon noizkoa esan diteke beta ori, beti danetik urbillago antzera. Besterantzeko noizaldiak ba-doaz usu, oarka-bean atzeman oi gaitute; baiña betak egona ta patxara diño, noiz-geldian atsedenez.

        NOIZALDIA. Len-geroak bat-banatuz asmatzen dugu, oraiñ'a ezin atzeman dugula. Lengero oiek gorpuzkien noizaldia dagite; oraiñ'ak animarena, Aristotel'en ariora: betierak, aldiz, Iainkoaren noizkoa dagi.

        ORAIÑ'a. Diraun animaren noizkoa esan zaio, ta zirkiñez edo mugimentuz ez diteke bat-banatu. Oraiñ onek ez du zirkiñik, eta ba'lu, zirkiñaren or-emen 'ak lituke; beraz len-geroak, eta neurgai lizake. Une bat, obeki esan (guneak ere tartea baitiño) tini bat, puntu bat da gure animaren oraiñ au. Esana baita «tartean ez dala zatitu ez diteken tinirik, pitsik edo punturik», orobat esan diteke aldian ere ez dala zatitu ez diteken pitsik. Oraiña ez diteke zati; zati ba'liteke, an lituke or-emen 'ak eta len-geroak; beraz, animaren noizkoa da; animarekin bat dala esan diteke, ots, berarekin batean bera bezain zatieziña.

        BAT ETA BESTE. Bat esaten dunak bestea ere asmatzen du, ots, bat bestegandik bakandu ditekela. Ori gutartean. Baiña Iainkoagan, bat ori bete biurtzen da. Guk ere esan oi dugu, neurgai batean neurri-ala adieraziz, oinbete, gizabete, urtebete. Iainkoa neurteziña baita, biribil izandun, Berari dagokio betetasun osoa.

        BETI. Betiera zer da? «Bizi mugabagea batean oro ta betean edukitzea» Onela Boeti'k. Iainkoa da mugabage ori, ez baitu bazterrik an ez emen. Beti dalarik bat da, bakarra; betean da, bestek gu ase ta bete ezin gaitzakena. Bein eta beti ta batean, iraute betean, atergabe. Ez dezagun asma betiera gure noizkoaren gisan —gu ta noizkoa bana baikera—, ots, betiera ta Iainkoa ere bana dirala. Noizkoa aldi danez, guk asmatua dugu izanean oiñarri zerbait dula. Aldia, gure gorputzaren eta gorpuzki edo mokorki diranen aldartea edo aldizka irautea da; betiera, berriz, egoera da, Iainkoarena —egoera ta Iainkoa ez baitira bana—; bizia da, ez geldiegona, ez alperregona: egonean iardun eta iardunean egon, aldarterik bage, gure idurimenak asmatzen ez dun eran, eta gure adimenak urrundik sumatzen dun eran.

 

 

2.— NONGOA

 

        Nondibait eta norabait dagon tarteari utsartea esan oi diogu, gauzaren beraren alde edo alderdia izan ezik. Aldea, gauzen zabaltasuna antzo iritzi oi dugu, berez luze-zabalak ditun mukulukian. Tartea, berriz, utsartea da, ots, alderik eta alderdirik eza; baiñan alare zerbait dala iduri oi zaigu, bere barnean mukulu-gauzak artzen litun gisan, barrenik ez ba'du ere. Mukulurik sortu zedin baiño len, utsarte au utsa zan; mukuluetan aindi guk asma dezakegun utsartea ere, ezer ez da. Iduripenean zerbait bezala daukagu mukulukiak bere barnean edukitzeko gai bai litzan.

        Tokia edo lekua, berriz, utsartearen eta alderdiaren muga esan diteke, ots, utsean leku artzen dun mukuluaren lenengo ingurua.

        Oinbesterekin, gai auetan euskeraz iarduteko izenik bearrenak or dituzu emanik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.