Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia)'>


L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko Gogoa (VI. urtea. 1955'go
Epailla-Iorraila. 3-4'garren zenbakia) —Hurrengo artikulua




 

 

—Euskera—

 

Euskel-kultura dala ta

 

Urrestarazu'tar Andoni

 

Paris'en agertzen dan «Le Monde» egunerokoan «Parantzerari nola eutsi» izenburu-pean, Dauzat'tar Albert jaunak noizean bein idazten du bere izkuntzarekiko kezkatsu. Aurtengo ilbeltzaren 12'garrenean eta elburu arenaz beraz, emen erabilli nai dugun arazorako oñarritzat artu ditezken gai bi jasotzen ditugu.

        Parantzera, orren erabillia dan Izkuntza izanarren eta ainbeste gizasemeak adimenaren gai orotarako mintzaturik bada ere, kulturadun askok —Dauzat jaunak diñoenez— ez dute ikasteko ontzat artzen sendakintza, pilosopia ta beste jakintzazko liburuetan erabiltzen diran itz berezi aunitz, geiegizko diralakoan.

        Jakiña, ikasgai bakoitzeko jakintsu berezi diranak, ain zuzen ere berezitasunagatik, berak darabilzkiten edo ikusten dituzten lits nabarmengarri guztiak adierazteko, itz berezi oiek bearrezkotzat omen dituzte.

        Orra or aurkaz-aurka dagozan iritzi bi, alkartzeko zallak.

        Dauzat jaunaren idazlanean bertan irakurtzen dugunez, pilosopiadun Bridouxtar André jaunak «Pilosopia ta Izkuntza» izenburuz egindako beste lan bat aipatzen du, 1954'garreneko urrilaren 21'garrenean eta «Education nationale» aldizkarian egiña. Eta onek egindako lanaren itz auek aipatzen ditu:

        «Ezjakin ta jakitunen arteko esi bat bezela, jakintza baten itz berezi-bereziak erabiltzeko ayerra naiz eta aundia izanarren, pilosopiari buruz ez deritzait egokia danik, bere ondoreak gogaikarri diralako. Pilosopiaren elburua ezpaita adimen zorroztunentzako barruti berezi bat egitea, gizon geienak argitu ta alkarganatzea baizik; orretarako eta, Spinoza'ren aburuz, «gogoaren indar aundiena dan adimena» aien baitan edatzeko. Ontarako, izkuntzak aren lagun onena izan bear eta ez, iñolaz, eragozpenik».

        «Beraren ustez —Dauzat jaunak diño— ororen izkuntzak ba-du pilosopiarentzako aberastasun naikoa» eta Bridoux jaunak berak esanez —onek be Jartier'tar M. jaun idazle yaukalarengandik artuta—, beste itz auek ere aipatzen ditu: «Deskartes, Paskal eta beste auen antzeko gizon leialen, mintzoerak ba-du jatorrizko indar aski oldozmenaren bearkunde guztietarako».

 

* * *

 

        Izkuntza dala-ta, beste gaitzaz ere idazten du Dauzat jaunak esandako lan ortan bertan. Gaurko ol eta lantegietan egiten dan lana, orren zabaletara edatua izanik, bizi berezi bat igitzen zaigu gure egun auetako langintzaren mail guztietan barna. Eta bizitza orren berezitasunetan erabiltzeko itzak ere bereziak izan bear, gero ta bereziago.

        Berezitasun oietarako, parantzerak atzerrietako beste izkuntzetatik artu omen ditu itzak erruz. Eta sail bakoitzeko itz berezi oiek, bertako gaietan jakitun ez diranentzat, igarkizun antzo geienetan.

        Askotan ere, atzerritik artutako itz berezi oiek naspilgarriak izaten dira; langintza batean zentzun batez eta beste batean, itzak berak, beste batez erabiltzen dituztelako; onelaxe izkuntzaren bizia nolabait ikuturik geratuz.

        Langintzetarako bearrezkoak diran itz berezi oiek xahutu nai ditute orain, eta orretarako batzorde berezi bat sortu dute arestian. Asteko, egitarau bat eratu dute ta bertatik artu ditu Dauzat jaunak esandako asmoak.

        Egitarau ortan bertan diñotenez, bera betetzeko daudenak ez dute parantzerazko itzak bakarrik autatu ta beste izkuntzakoak baztertzeko asmorik; batzorde orrek itz bakoitzaren zentzun berezia tinkatuko du ta itz oien batzuk, emendik edo andik, parantzera nolabait urratu ezkero, orduan baztertuko ditu itzok eta beren mintzoera ortan billatuko ditu zentzun beraren antzeko beste batzuek.

        Itz batean amaitzen du Dauzat jaunak: «langintza berezietarako itz berri guziak bae zear igaro bear».

 

* * *

 

        Goazen orain geu, gure soloan jorraitzera. Orren erabili, ikasi ta irakasia dan parantzera zaintzeko, parantzetarrak orren kexu ikusten baldin baditugu, ez ote dugu geuk kexuago ari izan bear onen baztertuta dugun euskerarenganako?

        Izan ere, banaka edo talde txikietan ari gera euskaltzaleok bakandutako alegiñetan. Noizean bein alkarrenganako deika sutsuki agertu, euskeraren gaitzak ao batez aipatzen eta gure mintzoeraren alde lana eskatuz; onek onelako aldizkari berezi bat argiratu bear dala, beste arek auskel-liburu asko eskatu, sandiak eskolak, urliak irratia, eta abar.

        Gure goresmen on eta aundienak bakoitzaren aldetik egiñaletan ari diran guztientzat: lan oro garrantzitsu ta egoki deritzaigulako. Alabaña, gure ustez, gutxi, oso gutxi egiten dana; eta gutxitzat ere euki bear, naiz eta beste ainbeste ta geiago-ere eginarren; dana bakandurik izanez, euskerarenganako onura gutxi, errenbeste lanetatik sortu bear izango litzaken erdirik ez.

        Ezin onela jarraitu: euskeraren auzia ororena dugu ta gure lan eta alegiñak berarentzat zuzendurik izan bear ezkero, gure eginbide nagusienetakoa, bein zuzenbide bat aukeratu-ta, bertara danok jotzea dugu. Eta zuzenbide edo araubide zabal, eroso ta berezi bat eratu, zaindu ta zuzendu lezaken agintaritza bat ere bearrezkoena zaigu gure ustez.

        Izkuntzaren, euskeraren agintaritza norengan jarri, gero? Zalantzik ez niretzat ortarako; ez dugu, ganera, berria egin bear, bizirik baitugu, naiz eta nai izango genuken ainbeste bizi mardulaz izan ezik: EUSKALTZAINDIA.

        Orretarako eratu zan gure Euskaltzaindi ori, euskera zaintzeko. Guda aurrean lan ederra egiten ari zan: gero... moteldu zaigu noski, ta eztugu orain ikusten egokia zaigun izarian ekiten ez eta bearrezko guzietaruntz abiaturik.

        Gure ustez, gure Euskaltzaindi orrek ez du izkuntzaren goieneko mailletan bakarrik ari izan bear; berarentzat ere, euskera erriaren izkuntza dan aldetik eta erriaren bizirako garrantzi ta bearra danez, jarri bear auzia; ez, euskera izkuntza bat dan aldetik eta jakintza utsaren malletan bakarrik erabiltzekoa.

        Euskera euskel-gogoaren bizi ta indarra da; gure gogo berezi ta on orrek bizitzeko bearra duen bide bakarra. Beraz, jakitun eta jakin gabekoak, danok, alde ortatik eutsi bear dugu gure auzi aundi ori; eta beste guztia, orren urrengo.

        Jakiña, alde askotara jo egin dezake Euskaltzaindi'k bere asmo ta lanakaz. Geron aldetik, parantzerazko itz berriena aipatu dugun-ezkero, eta ontarako aipatu dugu, alegia, euskerarentzako ere bearrak zaizkigun itz berriakaz mintzatu nai dugu.

        Parantzerak beraren itz berriak autu ta zaindu bear baldin baditu, zer esanik ez, ain gutxi erabillia izan dan gure euskera onek askoz geiago ta arretaz ere sakonago.

        Orra or, bada, gure ustez, Euskaltzaindi'k egin bear izango luken lan berezi, bearrezko ta garrantzi aundienetako bat: itz berriak billatu, aztertu, autatu, edo zarrak ere berritu, eta gero erri ta idazleai eskeiñi.

        Ez dugu, gerok ere, onekin esan nai, gero, autatutako itz berri guztiak, jatorriz euskerazkoak izan bear dirala; al eta egoki diteken izarian bai baña besterik ez; gauza ta jakintza batzuetarako, eiki, beste izkuntzetatik artu ta euskerztzea, ba-lituke obe izatea.

        Gure euskel-kulturaren azkorrian gaude ta mugon egokienean, beraz, kulturazko euskel-etxe aundi orren plano bereziak egin, aztertu ta aukeratzeko. Plano oien garrantzidun zati berezia, itz berriena, noski.

        Euskaltzaindi'k, aspaldin, antzokiari degozkion itz bereziak autatu zituen eta, arrezkero, ea idazle geienak itz oiek berak darabilzkite gai orrezaz idazten dutenean. Eztakigu, ziur, lendik edo geroztik, beste arazoen batzuetan orrenbeste egin ote duenik, baña ezetzean gaude.

        Dana dala, antzokirako egindakoa bide egokia deritzaigu, ta euskera kulturadun izkuntza, ots, jakintza guzietarako erabilgarri egin nai baldin badugu, jakintza bakoitzaren bearrezko bideak diran itz bereziak billa ta autatu bear aurretik, antzokiarekiko beste ura zala ta egin zan bezela.

        Beraz, gure ustez, gaiak edo arazoak (bizibideak, jokuak, lanbideak, jakintzak, ikasketak...) aukeratu ta bearrezko mailletan muetatu izan bear da lenengo lana; ta gero, pizkanaka-pizkanaka, arlo bakoitzerako itz bereziak, berriak edo zarrak, gertu.

        Ez dugu, alegia, Euskaltzaindi'gana lan guztia ez ta geiegi ere egotzi nai, goiko zuzentza baño. Len esan dugunez, euskeraren auzia guztiona izan bear eta orretxegaitik guztiok gaude lanerako aleginak eskeintzeko beartuak.

        Arean, aspalditxo ontan alde guztietatik eratu ta eskeiñi dizkigute batzaldiak ugari. Ez ote litzake egokirik izango bearra deritzaigun aipatu lan ori betetzeko bideak era ontaz ere antolatzea?

        Adibidez: Euskaltzaindi'k arazo bat autatu ezkero (urtean bein edo), euskaltzain eta euskaltzale guzientzat batzaldi edo batzaldi antzeko bat ideki lezake, autatu arloarentzako itz berrien galdezka; eta gero, ororen erantzupenetatik, euskaltzain guztien aburuz ongi aztertu ondoren, agertutakoen onenak aukeratu.

        Bein ori egin ezkero, Euskaltzaindiaren iztegian sartu ta, onelaxe, guztiak edo geienak bederen ontzat arturik, batasunerako urrats sendo bat geiago egingo litzake, ta itz berezi oiek degozkion gaiaz norbaitek ikasi, idatzi edo lanegin nai izan ezkero, bideak urraturik arkituko lituke.

        Arazo edo arloa aukeratzea ta bakoitza erabiltzeko lenago edo geroxeago jartzea, bearkundearen izarian egitekoa, noski.

        Gure ustez, bat dugu bear-bearrena, lenbailen betetzekoa: eliztiarena.

        Orain arte egin diran elizti geienak, erderaz —españeraz edo parantzeraz— egiñak ditugu; bearraz ordea.

        Baña bearrago zaigu elizti bat euskeraz oro egitea. Erreza ta al diteken laburrena, asteko; luzetxoago, gero. Orain norbaitek orrelakoren bat egin nai izan ezkero, berak eratu bear itz berri geienak; onela, berarentzat lan geiego ta irakurle edo ikasleentzat nekezago, elizti bat baño geiago ikasi nai izan ezkero, bakoitzean, itzak berri-berria dauzkatelako.

        Euskel-kultura noizpait burutu bear baldin bada, oñarritik asi bear guztia euskeraz egiten. Oñarri berezi ta bearrena, jakiña, eliztiarena, ots, euskel-eliztiarena; bera baita gure ustez, eraiki nai dugun etxearen lenengo arria.

        Elizti ori erreza izan bear esan dugu, al diteken errezena; asieran beñepein. Eta euskel-elizti bat egiteko, bere itz bereziak ongi autatu bear aurretik. Orra bada, bera: nola dugun garrantzitsuena itz berezi oiek gertatzea; garrantzitsu, bearrenezko, alik eta laisterrenekoa.

        Gure ororen lan ortan, guztiok abiatu bear dugu alkarrenganuntzko bidean; jakintsuen alegiñak jakin gabekoentzat gauzak errazten, eta jakitun ez diranak beti gero ta geiago ikasi naiean; alkarri lagunduz onela.

        Euskaltzaindi'ak, gure ustez, ez du bakarrik jo egin bear beste izkuntza guztiz erabilliak diranen Akademiak diarduten bezela. Auen antzeko bai, jakiña; baña, batez ere, mintzoera zaindurik, euskel-kultura eratu ta zaintzeko, eta, bide oietan barna, euskel-gogoa —Erriaren bizia— gaizkatu ta tinkotzeko.

 

        Euskaltzaindi'arenganako itzalez beterik idatzi dugu guzti au; eta, besterik ezpada ere, ikus bezate euskaltzañak lerro auek egiteko eragin gaituen gure izkuntza ta gu erriarenganako dugun maitasun beroa.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.