L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<eugo2800>— Euzko-Gogoa
(1956 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Atarikoa

 

Iainkoa lagun, urteak ioan eta urteak etorri, etxera naiz ala bearrik. Euskalerriko tontor eta arru, gain eta sakon mendiska ta zelai, etxe ta auzo ikusgarriak begi betean ikustean, hura biotzeko zarrada. Ta euskaldunak eta euskal-idazle sailak, begiak dirdir, biotza taupaka banan-banan laztanki agurtzean, hura biotzaren iario eztia! oiek baititugu gure gizonik bikainen eta bulartsuenak! Guzien ao mingain ezpainetan kezka bera agertu nairik: nola arkitu duzu gure erria? galzekotan ote da euskera?

        Euskera erdaldun batzuk begietan artua dute zoritxarrez, eta zazpi eginalak egiten dituzte, len-bai-len gal dadin: nolarebait, ori adi liteke. Inola ere, ezin ditzakegu siñetsi, Euskalerrian sortuak diran euskaldun seme-alabak euskera bazterrerazteko egiten dituzten aleginak: are gutxiago, beren buruak abertzale egin zituztenen, edo, aberriarren beren burua eriopean ikusi zutenen euskerakiko izozkeria.

        Euskaldunenak egin du, euskera galdu ezkero, euskerak egin baikaitu euskaldun: Erri bezala irautekotan, euskera iraunerazi bear dugu, egunean eguneango iardunean, edonon eta edonoiz. Gure arbasoekin eta gure gurasoakin alkar gaitun biotzezko iokarria dugu euskera. Euskalerrian euskaldunak izango dira egun eta beti, zein bere etxeko nagusi ta jaun, euskerak irautekotan. Non gure ibar eta zelai ederrak baino ederragorik? Eguzkipeko bazter zabaletan, nor euskaldunak baino obeki ikusiak? Euskerak euki baikaitu beste gizamota guzietatik bereiz, eta lengo euskaldun zindo ta zintzoen odol garbiak baitirau oraindino gure zainetan. Nor euskaldun iatorra baino Iainkozaleagorik?

        Ioan diran ogei urte aundiotan bada gure bazterretan bestelako aizerik, zoritxarrez: gure erri txikietan eta baserrietan ere erdera sartu nairik ari da, gurasoen zabarkeriz eta eliz-gizon eta lekaimeen zitalkeriz: orrela iarraitzekotan, emendik amar bat urteren epean, beren artean euskeraz itz egingo duten aurrik arkitzen naikoa lan. Garai artantxe, Euskal-erriaren etsaiek izango duten atsegina! Keltarrek, erromarrek, iparraldeko basa erritarrek, mairuek eta beste erritar bulartsuek iritxi-eziña, errez bai errez iritxi bailuketean prantsez eta gaztelerritarrek. Eztute orrelako irririk egingo, gure Euskalerriari zor diogun naitasunari iarraiki. Ernai egon, ordea: euskal-sutondo askotan euskal-txingarrak ez-il bai-il ageri dira, altzari ta zokoetan autsa ugari, gure baratzean bare ta bare-kurkuilo, mamorro ta zomorro landare iaten: baserriak beti zar, ormak beltz pitzatuak, sukaldea utsa ta otza, erdaldunak baserrien iabe eginaz ari baitira.

        Ez naiteke itz batzu esan bage egon, len esan ditudanen aditzeko baizik ez balitz ere. Gogorik dan tokietan aldaparik ez omen da. Amaika buruauste burutu bearrak izan ditugu erbesteetan gure aldizkari au argitarazi ahal izateko. Alare, erabakia ongi aztatu ta burutan artu genun ezkero inongo oztopo, eragozpen eta tupustarri ez da izan aski, guri atzera eragiteko. Erbestean asi-lana eztugu bertan bera utziko. Eztugu uko egin nai. Bide bat ertsi eta, beste bat artuko dugu. Au ez balitz ona, beste bat obetsiko genuke nonbait. Ezkera alperkerian loak artuko, gure asmoak bururatu arte: gure erri osoa euskaldun egin arte alegia. Euskera iraun-erazi, edertu ta zabaltzeko euskaldun guzion aleginak oro alkarrerazirik gure zuzi irazekia, eskuz esku gazteagoengana igaroko dugu. Aro berri ontan badukegu su ta txinpart, oldar eta arnas: irakurle ta arpidedunak bildu, idazleak iratzarri, euskaltzale epelak berriz berotu ta onelako eginbideek lana ekarriko digute, noski!

        Gizon argituenek diotenez, inongo ez bezelako izkera omen dugu euskera, egiazko ogasun aberatsena omen dugu euskaldunok. Ari ontara izkelari arrotzak alkarri daude. Ona emen Axular'ek ziona.

        «Iduri luke bertze mintzaira guziak elkarreki nahasiak direla, eta aldiz Eskuara bere lehenbiziko garbi hartan dago». Humboldt iakintsuaren esanez, «euskera beste izkera guziz goragokoa da».

        Arrezkero, arri ta zur eginik daude, zer dala ta euskaldunok ezkeran euskerari buruz arroago, lotuago ta iarraikiago. Orrela zion Madrid'eko Menendez Pidal izkelari ospatsuak, orain zenbait ilabete.

        Bagatoz gu, oiu ta irrintzi, euskeraren alde lan egitera, len bezain baikor eta kementsu. Gure anai, adiskide ta lankide guziei gure euskal-agurrik kartsuena euskal-gogorik zintzoenaz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.