L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Bi Fraideak

(An dá bhráthair)

 

Séamus O'Néill

 

euskaratzailea:

Mirande'tar Ion

 

(Mirande-tar Ion-ek irlandaratik itzulirik.)

 

«Hor 'tiagu orain», erran zuan Seán Pádraig O Raghallaigh-ek, eta egia zioan. Agiri ziran hiltiarrek bide handian zebiltzala. Hautemaiten genituan zaldi beltzak aitzinean, eta hil-gurki gora. Bi hilgurdi ba zirela ba ginakian, bigarrena ezin ikhus zaitekean ordea ehortzetari zarraikion iende andana gatik. Jende saldoa ba zegoan bidesketan gaindi ere, lantegietako emazteki hanitz heien artean, atso zargaldu, neska gazte zurphail, zapi bana buruan. Gizonak eta haurrak ere hor ziran. Haurrak soilki ez zeuden atsegabeturik goiz hartan, eta hiltiarren herronka luzea heien ganano heldu baino lehen, istant guztiez laster egiten zuten bidea zeihar eta istantkal erraiten zeraueten bertzeek egoki litzaiekela ongi eraikirik zirela erakhustea hau bezalako egun batean. Eta muthil gazteak hiltiarrekin zebiltzan bide handian gaindi, elkharri elhe erran gabe, hiltiarrek maiz egin ohi duten araura, baina bakhoitza bere aitzinean so eta ixilik.

        «Elizako kantu baten emaiten ari 'tuk», erran zuan Seán Pádraig O Raghallaígh-ek, eta hala zen. Kantikaren hitzak ezagun genituan orain: «Gure Aiten Fedea». Emaztekiek zuten kantatzen eta nahiz kantika hori bera khar handirekin maiz eman zuten aitzinetik, misionetan edo Elizako jaietan, nehoiz ez zuten kantatu goiz hartan bezain khartsuki. Orduandano erraiten zituten elheen egia osoa ez zuten ezagutu:

 

                «Gure aiten Fedea bethi phizturik da

                Garhaituz presondegi, su eta ezpata.

                Haren izen maitea noiz ere aituta

                Bihotza jarten zaiku barro et' ausarta!»

 

        Ez ahal zen hori beren zoria bera? Presondegia, sua eta ezpata garhaitu beharra! Ez ahal zen horrengatik ba zela ehortzeta hori? Ez ahal zen horrengatik bil izan zirela heien begien aitzinean hilkutxetan eramaiten ziran bi gizon gazteak? Atso edo neska gazte hoiek ez zuten deus handirik ulhertzen Irlandaren edastiaz, baina goizetik arratsera lantegietan jopulanean beren bizia higatzen zutenek ez zuten nehork erran beharrik herri oinpetu bat zirela jakiteko. Eta iduri zitzaien bidezko zela hori, bizitze latza, mota orotako jazarpenak eramaitea, beren jainko-sinhesmena zela zio. Ez zena Khristo oinhazeztaturik izan? Ez zuzena maiz entzun nola, aspaldiko demboretan, lehen khristiarrak heriotara eraman izan ziren Erroman? Berak ere ez zirena martyrien ariako? Munduak garhaitzen zituan, Khristoren arthaldea bethi garhaitzen zuan bezala. Beren fedea begiratu zuten ordea, munduko hontarzunak eta hospea oro baino goihenago, preziosago, iraunkorrago zen gauza; eta hori, ezin khen ziezakeien nehork ere. Ba zakiten nehork ezin khen ziezakeiela eta boztariotan zeuden horrengatik; eta goiz hartan, beren martyrien ehortzeta geldiki, doloroski, handizki heien aitzinean iragaiten zelarik, beren bihotzaren sua ixurten zuten, hartan nabari bait ziran bi mila urtheko oinhaze, min eta boztarioak.

        Ehortzeta hurbiltzen ari zitzaikun. Jadanik gizonak txapel edo burutakoak khentzen hasten ziran. Gure eskolako muthikoak elkharri bultzaka ari ziran hobeki so egiteko. Gure ondoan zeuden emaztekiak kantatzen hasi ziran. Muthiko zenbait irri karkailaz abiatu... Lehen hilgurdia hogoi metratan baizik ez zegoan gutarik, edo hor inguru, eskolaren atzetik kampo O Riain Anaia lasterka etborri zenean.

        «Emazue orain, muthilak», erran zuan, eta haren votz eder sakona entzun genuan goraki kantatzen:

        «Gure aiten Fedea, sinheste zuzena»,

eta so egin gineraukonean, ikhusi genuan begian nigarra zuala. Guztiok eresia harekin hartu genuan, eta kantatu ozenki eta khartsuki Nihauk nigarra begietan nuan, eta Seán Pádrai O Raghallaigh inguratu zenean, hark ere ezin gorde zezakeala ikhusi nuan.

        Gure aitzinean iragan zen ehortzeta, bide handitik goiti ilherrirat buruz. Gure aitzinean iragan ziran bi hilgurdiak, eta hilen aita, gizon xahar, bilho urdin bat bigarren gurdiaren atzetik bakharrik zoana —bi anai bait ziran hil izan ziren muthilak— gero Aphezpikua eta aphez andana bat, gero gizon gazteak eta heien ondotik, berriz, neska aphain talde bat, emakumeek erakhutsi ohi ez duten gudari antz bat zutenak, eta gure aurretik zebiltzalarik, Seán Pádraig O Raghallaigh niri buruz inguratu zen, eta erran zerautan: «Emakumeen Batarzuna».

        Laket zitzaion Seán Pádraigi guk baino gehiago bazakiala gauza hoietan erakhustea. Azkenekotz hirizainak jin ziran beren burdingurdietan.

        «Ez luketea ahalge izan behar?» erran zuan andre xahar batek ene aldamenean.

        Jendea barreiatu baino lehen, harzara jarririk ginauden gure pulpituetan. Hala ere, ez zuan gutarik nehork lan gura handirik, eta guztiak elhekan ari ginen O Riain Anaia sarthu zenean. Irlandara zeraukun egunaren ordu hartan irakasten. Begithartea sutan zuan salan sarthu zelarik. Ehi zen ezagutzea oraindik inharrosirik zedukala bihotza. Haiduru ginen ehortzeta ikhusi berriaz mintzatuko zitzaikula, bait ginakian sortherrizale zela ezur huinetara arte. Hark zuan hurley jokua bultatu eskolan, hark gintuan zirikatzen irlandaraz hitzegitera, maiz aiphatzen zerauzkun Irlandaren edastiko eginak, hark zituan Bazkoko gizandien irudiak ekharri hormetan ezartekotz, eta Seán Pádraig O Ragha-llaigh-ek bethi zioanaz, anai bat zedukan Irlandar Herkálaren Gudalozteko aitzindari zena, Cork-eko eskualdean. Egun hartan usteak ez zeraukun hutsegin. Lehenik joan zen errakuntza baten idaztera taula-beltzean, baina bi-zpa-hirur hitz idatzi ondoren, guri buruz inguratu zen, liburua baztertu zuan, eta erran:

        «Muthilak, ulhertzen dukezue egun, aitzinetik nehoiz ulhertu duzuen baino hobeki, zeren gatik irlandara ikasten ari garen. Ulhertzen dukezue guti dela zuek hartzen duzuen nekhea bi gizon gazte heiek hartu berri duten nekhearen eretzean, beren bizia eman bait dute Irlanda eta fedea gatik... Beren bihotzaren odola zuen gatik ixuri dute, eta eskergabeak zineteke ez ba zinete hek bezain Irlandar on handitu zaretekenean. Eskergabeak zineteke ez ba zinete bethi orhoit egun kampoan bide handian ikhusi duzuenaz. Othoitzen zaitutet bethi ere hartaz orhoit zaiteten. Othoitzen zaitutet bethi ere Irlanda maitha dezazuen eta bihotzetik higuint dezazuen Engelanda, Engelandak bait dakhar egun ehortzi ditugun bi gizon gazteen herioaren hobena. Engelanda gorrota ezazue, gorrota.»

        Ez zuan O Riain Anaiak errakuntza bururatu ahal izan. Ba zegoan bertze fraide bat salan. Gure ixilik sarthu zen, gure oharmen guztia O Riain Anaiaren elheei bait zen.

        «O Riain Anaia, O Riain Anaia, ez zaizu zilhegi haur hoiei hola mintzatzea, ez zaizu zilhegi nehoren bilhotzean higuinaren phiztea.»

        O Ruairc Anaia zen mintzo. «Ermitaina» deitzen genuan, gogoratzen zeraukulakotz beihalako saindu edo Jainkoaren lagun bat, hain bait zen mehar eta ximail. Gainera, egiazko saindu bat zen ere. Hori ezagut zezakean gure arteko kamutsenik zen muthilak. Nahiz zihorra erabilten zuan, bertze fraideek bezala, nehoiz ez genuan hasarreturik ikhusi. Eta bazkal-aitzin ordu erdi batez doktrina irakasten zeraukularik, laket zitzaikun hari behatzea.

        Zinez harritu nintzan ikhusi nuanean O Riain Anaiaren geldierazten. Gizon suharra zen O Riain Anaia baina ez zen oldartu. Eztiki erantzun zerauon Ermitainari.

        «Erran du Pádraig Mac Piarais-ek gaizkiaren higuintzea ba dagokigula.»

        «Eta gure Jaunak erran du gure etsaien maite ukhaitea bide zaikula», inhardetsi zuan O Ruairc Anaiak, «eta Hari behatu behar gatzaizkio». Guri buruz inguratu zen. «Damu dut, haurrak, O Riain Anaia geldierazirik, baina suharturik da, hori ez da handi, eta beldur nintzan zerbait erranen zerautzuela gero bera ere urrikalduko bait zatekean erranik. Ez zitzaion zilhegi erraitea zerbait higuindu behar duzuela, ez eta Engelandarrak ere. Higuina da mundu hontako gaitz eta nahasmendu gehienen ithurburua.»

        Harzara hitza hartu zuan O Riain Anaiak.

        «Zuzenean dago O Ruairc Anaia, haurrak, ez zitzaitan zilhegi zuei erraitea Engelandarrak higuindu behar dituzuenik. Bidegaberik ez nuan erran ordea othoitu zaitutedanean Irlanda maitha dezazuen othoitu zaitutedanean zuen sortherriari zindu egon zinteten.

        «Ez», erran zuan Ermitainak, eta salatik jalkhi zen.

        Klasa lanari lothu zen atsegabeturik.

        Biharamen goizean, eskolarat jin ginenean, Bazkoko gizandien irudiak are ez ziran hor. Sean Padraig O Raghallaigh-ek zekharren iphuinaren araura, hirizaintzako gizon bat ethorri zen bezperako arratsaldean heien atheratzera. Erran zuan Sean Padraigek nondik hirizainek ikasi zuten irudiok eskolan genituala ez zakiala, baina jelotsten zela nork zedukan hortako hobena. Edozein gunetan salhatariak ba ziran. Bertze eskolier batek erran zuan hirizainek ez zitutela batere irudiak khendu baina bai eskolaren zuzendariak. Entzun zuala honek O Riain Anaiak egin zeraukun hizketaren berri, izugarritan samurtu zela, eta eragotzi zerauola mota hortako irudirik eskolarat ekhartea. Nor zen zuzen ez ginakian, baina gehienok uste genuan hirizainek zitutela eraman. Laketgarri zitzaikun uste hori. Ba zirudikun jazarle batzu ginela jadanikan, hirizainek kasu eman behar bait zeraukuten. O Riain Anaiak ez zuan gerthakariaz gurekin hitzegin, eta herabe ginen galderik hari zuzentzera.

        Horren ondotik aste baten buruko, fraide berri bat zen gure irakasle, O Diomsaigh Anaia, gizon handi gorhail bat. Seán Pádraig O Raghallaigh-ek erran zeraukun fraidegoa utzi zuala O Riain Anaiak Irlandar Herkâlaren Gudaloztean sartzeko. Bertze eskolier batek edo bigek erran zuten iphuin asmatzen baizik ez zela ari Seán Pádraig, ohi zuan bezala, ezer horrelakorik ez zela gerthatu, eta segurki itzuliko zela O Riain Anaia.

        Zuzenean zegoan aldi hartan Seán Pádraig, nola ere egia jakin bait zuan.

        Urthe erdi bat iragan zen, eta orduan; goizalde batez. Ermitainak klasak oro elkharreratu zituan aretoan, eta erran zeraukun:

        «Othoitzak erran behar ditugu, haurrak, lehen Anai Khristiar izanik, orain Irlandar Herkâlaren Gudalozteko kapitain zen O Riain-en arima gatik, gizandi baten antzora hil bait da herenegun atzerritarren kontra gudukan. Aitaren, eta Semearen, eta Ispiritu Sainduaren izenean, hala biz.»

        Goiz hartan, suharki zuan gutako bakhoitzak othoitz egin.

 

OHAR BATZU

        Séamus O Neill idazle aiphatuaren iphuin-labur horrek 1914-18-eko gerlatik landa Irlandan gerthatu ziran nahasmendu eta kasailak ditu gaitzat. Orduan herria berhezi zen britaindar gobernuaren edo berjabegoaren edo berhezkuntza osoaren alde zirenetan, hala non hertar-gudu bat agitu bait zen.

        Pádraig Mac Piarais: engelaraz Patrick Pearse, 1916-eko Bazko astean Dublinen, bere lagunekin, Irlandar Herkâla irazan nahi izan zuan sortherrizale gaztea. Hoik dira «Bazkoko gizandiak». Britaindar gobernuak hilerazi zituan, Eamonn de Valera lekhat, hau Amerikako hertarra zelakotz.

        Irlandar Herkâlaren Gudalozte: Irish Republican Army.

        Jainkoren lagun: hitzez hitz horrela itzuli dut «céile Dé», engelarez «culdee», hots, Keltiko Eliza zaharreko bakharzale Jainkotiar bat.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.