L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Izatasun filosofia

 

Aitzarte

 

Lehenbizi, gaurko Izatasun Filosofia (1) ez-da, norbaitek arinkeriz agian uste izango lukenez, gizartean aldizka agertzen oi diran aldakuntzaren bat eta besterik ez. Ori bedi aurrenengo oarkuna. Bat edo batek ba, yalki du, oraingo gizaldiaren gorengo okerkuna bere izatasun Filosofia dala. Orren beste esateko, noski, ez-zan taiuko orretaz idazti bat ateratzeko bezaiñ ardura artzea. Oraingo Irizpide onetan aunitz okerrean daude. Gaurko udazale artean eta ibiltzale artean, alegia, nabari oi izaten dira nolanaiko gizakume ta emakumeak, eren buruko ile motots apainketan eta okozpeko ta sudurpeko aker bizarretan erabilketan erabide berria dakartelako, «izate zale» gaitz izenez deitzen zayenak.

        Alere, baña, orrelakorik ezer ez-dakar bere asmakizunetan gaurko Izate Filosofia'Jakinbide orren jakintzaliek, ba gorago aitatuko beste nolanai gizaki orien jardukeratik ondo urruti aurki dira.

        Izatasun Filisofia ola ta olako mugetan eziñ daiteke ertsi, beste Filosofi Sistema zatiren bat bai'litzan. Zabalagoak ditu bere zoparrenak, bera gizakumearen asperenak diran bezain beste edatzen da-eta. Oraindañoko edozelako Folosofia'ek or emen mugarriz ertsitako gurdi bidetik ibili izan oi dira atze aurrera, giza gogoaren aundiera, luzeera ta zabalera sistema estuan atzi nairik.

        Gaurko Izate Jakintzak, ordea, bazterreko goen barrenak autsirik, gizakiaren barruko edozer igikun, yoran, miñ, atsegiñ eta atsekabe, erro ta irritsei arnas berria ematen die gizaki beraren Zerdan ezagubidean egunero ta sakonago jakiteko.

        Ortan da, noski, adibide nabarmenen Kierkegaard dinamarkarra. Luter'ek, egiz, obenak gizonagan sortarazi zun ondorio gaitza antxiñago adierazi izan ba'zun ere, Kierkegaard'ek beste obenak (pekatuak) iñotsi dun «estularria» edo «larritasuna». (2). Berekikoz, ba, giza «izate» miñena ortan aurki da, obenaren gogamenak izekitzen dun «larria'n» edo «estuondoa'n».

        Heidegger'ek, berriz, gizakiaren izakuntza obenaren ezaguera danik berekiko ez-du artzen, biyak (obena, larria) elkar begiratzez lotuta izango bai'liran. Edota onela ez-deritzayo Heidegger'i, obenarekiko susmoa beste urrengo «larria'ren» gertaburu danik, eta beste «larria», berriz oben gogamenaren ondorio, berebat, danik. Berorrek gizakiaren «aldikotasuna» beste iñork baño zeatzago erabiliko dizu bere irakaskizunetan, ta gizona dan «jauskorra» beronen «aldiko izate» ortan jarriko dizu.

        Sartre'k, berebat, giza izatearen «ezereza» norañokoa dan azalduko du, gizona bera ta bere etorkizun dena «ezkor» biurtzen dula.

        Pitiñ bat baikorrago (4) agertzen da Karl Jaspers, Sartre'ren asmakizunei ostekoz aurrera begira jarrita. Bañan, azkenik, bera jakintzale pantzetarraren senide gertutzen da, beronen alde batetiko «jauskor ezereza» bestalde ostetiko «aurka lana» obeto dalakoan dirauskula.

        Orren bestez, ba, esana aurre oarkun azaleko baizik izan ez arren, beñolako Izatasun Filosofia zer dan galdeka asteko garaya eldu bide da. Ahapaldi baten erraiteko, ordea, zaila da, noski, galdera orren erantzuna. Gaurko Jakinbide onen zerkunik gogai (6) baten zearo eziñ ertsi daiteke. Askoitza bai-da orren gogaya.

        Zuzen mintzatu ezkero, noiznaiko edo Filosofia «Izatasun Filosofia» da nolabait, beintzat. IZAN'a, DAN'a, edozeiñ Filosofia'ren ikasgaya da. Beraz, edonoiz Metafisika (edo Izan Jakintza) giza Filosofia'ren zati nagusienetariko izan dan neurrian, baita «Izate Filosofia» ere nolabait izan da. Onen beste, argi da, edozeiñek ontzat artuko du.

        Oraiñ, orratio, «Izatasun Filosofia» beste bide berri batetik azterka ari dan Jakintzari deritzayo. Noiznaiko gizamendetan gertatu izan da euzkerazko esaera: «zaarra, berri». Ori bere esangura muiñez ola izan arren ere, oraingo Filosofia'k bere «gaurkotasun» aurpegian ez-ba'da ere, beintzat, ba-dakarrela, esan daiteke, «berritasun apurra». Ez-da arritzeko, gañera, gizaldi bakoitzak bere Elerti, Olerti, Ereserti ta Filosofia lanetan erabide bereizia oi dakarrellako.

        Gaurko «Izate Filosofia» onela ertsiko litzake, bere ezaugalu nabairena zeatz auteman ondoren: «Oraindaño ari izan diran Gogai Filosofia'ren eta Gauza Filosofia'ren aurrez datorren bestelako Giza Jakinbidea».

        Gaurko Filosofia beste Gogai Filosofia'ren osteko bidez datorrela, uka eziña da. Berebat, Gauza Filosofia'rik ere ez-dala, ondo esan daiteke bayetz. Gaurkoaren ikasgai bakarra gizona da ta orrezkero, Psikologia edo Giza Jakintza da Jakinbide nagusiena.

        Igazi dan aldiko noizbaiten nagusi izan zan Hegel'en Gogai Jakintza. Gogaya (Idea) nola irabiltzen dan beregan, lehengo aurrean jartzen dala, urrengo, berriz, zerbera ukatzen dala, ta irugarrenez jarri-ukatze biyak elkar berriro batzen dirala, ori zan Filosofia'ren Dialektika ta Jakinbide dena. Iru ekitaldi oriei itz aundiz onela deritzaye, Thesis, Anti-thesis eta Sin-thesis, au da, Jartze, Aurka-jartze ta Elkar-jartze.

        Gaur ostera, Kierkegaard'ek jakitun doixtar orren aitzi yalki zun irrintzi arrezkeroz, eta ortan bera lehen izan zan, Sokrat'en antxiñagoko deikuna biziro berpizten asi da: «Gizon!, ezagun adi iretako». Orrela, ba, Hegel doixtarraren logika'ren (edo Gogai Jakintza'ren) aurka beste Sokrat elendarraren Psikologia (edo Giza Jakintza) dator ostera.

        Gogaibidearen osteko ez ezen, baita Kosmologia'ren (edo Ludi Jakintza'ren) aurka ere ieiki da gaurko Jakintza. Oraintsuko gizaldietan orren besteko indarra artu izan zuten Jakintunen aurka ba, onen besteko iñarduketa yalkitzen die: «Zer ardura dio gizonari, zohardiko izarren eta lur gañeko gaikien, belarkien eta atomoen iñarkunak zeatz jakinda, norberaren nundiko ta norako ta zertarakorik ez-jakiñean berak ba'diardu?».

        Orregaitik, iñakagarri aurkitzen du oraingo Izatasun Filosofia'k gaurdaño aitzindari jeiki izan diran Sistema'ek ekarritako sayaketa. Igazi diran Sistema guziek, ba, gizonaren ezagutzera ez, baña beste Ludia'ren Azterketara edo Kosmologia'ra iduki izan due joera. Azkenengo Oldozbide berri onek, ordea, edozelako Izan Filosofia edo Metafisika eraikitzen asteko gizona oiñarritzat artu du.

        Lan ontan, berriz, aurreko Sistema'en etsai jeiki arren, aspaldi izandako jakitun taldea senidetzat autematen du. Izan diran Jakintzale guzien artetik asabak banan ezagutu ta autatzen ditu.

        Orien artean, ba, aurrenen Sokrat iztun atenaiarra erriko etxarte ta enparantzetan giza gazte piloaren erdian ba-zebilena, gaurko Filosofia'ren asabatzat onartzen da. Beñola, bera Delfos'eko yauretxe aipatura sartzean, onelako idazkuna ate gaiñean irakurri omen zun: «gnózi seauton», ara, «gizon!, ezagun adi iretako».

        Urrengo, berebat, Elas Erri (Grezia) bertan «Stoa»tarrek aurkitzen dira. Uztaipeko (Arkupeko) zutoiñ ondoetan oriek gizonaren zori onaren azterketan ezbaika oi ziarcluten. Aristotel iakintsuaren Logika (edo Gogai Jakintza) ta Adimen zaletasuna (Racionalismo) alde batera utzirik, Moral Jakintza (Etika) ta giza Autaera azaltzen axola bizi sayatu ziran. Gizonaren zori ona, iñoen, bere beeko erro ta igikunen jabegoan bilatu bear zala. Eren irakaskizunen mamia «ataraksia» itzez azaltzen zuten, eta orrekin adierazten zuten gizonak bere adimenaren nagusigoaz beeko asperen oro zemaiturik, azkenean somatzen zun «geldotasuna».

        Agustin Done Tagaste'tarrak, berebat, geroago, zorionaren bezain Egiaren egarri bizia asebetetzeko bide ezkutuaren bila iardun zun. Bere ikaskizunetako «bare eziña» oraingo gizona ren «norakoaren») edo «norako larriaren» antzeko da, beintzat, berdiña ez-ba'litz. Orren besteko Eleiz Guraso aundia, ba, irizpidez irizpide, Manes'enetik Eskeptikoen'era egazka ibili zan eta azkenik Kiker erromatarraren irakurtzez eta Paul Deunaren eskutitzen auznarketaz Kristautasunaren altzora eldu zan. Antxiñako gizon gorengo orren gaurkotasuna norbaitek ikusi gura izango ba'lu, ordea ontan errez antz emango dio, noski, ainbeste jakinbide artetik; Kristo'ren jarraile biurteraño, berak eroan zun Egiaren eten gabeko azterketa «ernegetsuan». Bañan, entzun!, gero. Itz orrekin ez-dut esan nai, soiñarekiko giarren ernegetasunik, Gogoarekiko giarrena baño. Gizakume bakanak izango dira, noski izatekotan,
—Agustin Donearen garayan, berriz, iñor ez— berak dun bezaiñeko «norberatasuna» agertuko luketenik. Ortan, ba, ta berari amaika bideta, Egiaren jabetzeko, aurrean gertatu zitzazkion arren, ezbai ta gora beera aunitz ondoren, batetik ekiteko artu zun «autaera biziaren» erabakian naiko erakutsi zun, oraiñ amasei eunkada jayotako gizona izan arren, bere «oraingotasuna». Bi orietan laugarren gizaldiko Eleiz Gurasoa, mendigarako sutargi bat antzeko da, ta gaurko Izate Filosofia'ren aitzindari.

        XVIgarren gizaldian Luter Protestante buruzagia izendatu bear da. Berak gizonaren nordasuna goraipatu ba'zun, alere Eleiz Batza zearo zatikatu zun, Eleiz Agintarien mendetik gizona askatuta.

        Oraindaño iñork aitatua izan ez arren baita Iñaki Deun Euzkelduna ere gaurko Jakintzaren asabatzat, nirekiko, autatu daitekena da. Bere Gogo Jardunetan gizakiaren ebaskun (gorapilo, problema) zorrotzenak —ara, gizonaren ezerezetik etorrera, bere nundiko ta norakoa, zertarako beldurgarri ezkutua ta ortarako autaerak nunbaitetik ekiteko dun alabearra— biziro gomutarazten dizkio. Gañera, Kristau Izate Filosofia'ren aitzindaritzat Loyolarra ondo artu daiteke, baitipat, oraingo gizaldian oarkarazten dan Gogo Jardunen zaletasun eta gogo bizia arretaz begiratzen ba'dira.

        Urrengo gizamendean, ostera, Pascal oldoztun bikaiñ prantzetarra geyentsuen jeiki zan, gizonaren norakoa ta aruntzagoko bere iraunkundea minki azterkatzen. Lur gañean ibili dabilenaren zeregiñ «larriena», bere ustez, Kristo'k Bethania'ko Marta'ri gomutarazi zion bezalatsu: «Gauza bat, ordea, beharreko» zala, iñon. Gizakiaren Zera (esencia) sakonki bilakatzeko jardutearren, Izadi'ko Jakintzan ospetsu gertu arren, dena erdeñagari etsi zun.

        Alabañan, aurretik izendaturiko ook ez, baña Sören Aaby Kierkegaard dinamarkarra izan da Izate Filosofia'ren bide erakusle gotargitsu nabariena. Aurtengo Filosofia'ren jakintzale aipatuen ori bere bizitzaldi llaburrean ez ezik, baita osterantzeko urte sail luzean ere aipu gabeko ixil aldi ezkutuan etzanda, gizarteko ezezagun izan zan. Oraiñ ogetakada urte batzu, ba, Europa'ko Guda Leenaren ostean Doitxerrian (edo Alemania'n) eta Prantzian lehengo aldiz beraz gogoratu ziran. Kierkegaard Uzkurtzez (edo Erligio'z) Luter'en jarraile sortu zan. Filosofia'z berriz, Hegel'en aitzi jeiki zan, bera edozelako Filosofi Sistemaen aurkalari izanik jakintzale doixtarra Sistema'en sistemagiñ purrukatuena zalako. Berak eretxion, ba, Sistema'ek —naiz Eleiz izan, naiz Alderdi, naiz beste edozeiñ Batz— norbait «bare egonean» jezartzeko aulki egoki baizen ez-dirala.

        Oraingo Izatasun Filosofia, ba, zuaitzaren antzean jarriko balitz, bere suzterrondoak Elas Erriko jakintzaleak eta Eleiz Batzaren lehen aldiko Eleiz Gurasoak dirala esan genezake. Sokrat, Stoa'tarrek, Agustiñ Donea, Bernarta Deuna, Luter Protestante buruzagia, Iñaki Deun Euzko semea ta Pascal oldoztuna dira, noski, gaurko Jakinbidearen aurrelari. Orrekin, baña, ez-da adierazi nai, antxiñaldiko jakitun ori-ek eren gogamenez onen besteko jakiterik, gaur bezala, ulertarazi zutela. Orratio, gaurko gizonaren asmabide ta asperen ideko agertzen dira.

        Ez-dakigu Kierkegaard'ek azpiko suzterrondo orietatik azteko zorna xukatu ete zunik, baña Protestante zanez, beintzat, zuzenki uste dezakegu, Kristautasun'etik eta Luter'engandik barruz «larrituko» zala, edota «estularria» oriengandik iñotsiko zitzayola. Baña gai ontan, bera zuaitzaren enborra dirudi, beste esterantzeko Filosofo «izate zale» jakitunek beragandik gotargia ta bizia ateratzen dute-ta. Enborretiko adarrak, ostera, askotariko dira. Banan, ordea, aztertzeko langai zaila dan ezkero, geyen antzez elkartzen diran sail bitan erdibanatuko ditugu: 1) Jainko gabeko ta 2) Jainkodun jakintzaletan.

 

(jarraitzeko)

 

(1) Filosofia de la Existencia (lzate Filosofia); (2) angustia; (3) negativo, pesimista; (4) optimista, positivo; (5) esencia; (6) concepto.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.