L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Epaila-Iorraila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

De re historica: Gipuzkoa'ren asierak

(Itzaldi biren inguruan)

 

M. de Lizarrazpi

 

Frantzi-aldean bizi izanik ere, aldiz-aldiz ba'da euskaldunontzat zenbait pozkarri alde ontatik. Bañan berdin eltzen bait-zaizkigu beste aldeko berri ez ain onak ere, askotan orrek emaiten digu «bihotzian pena».

        Egun asko ez dirala, bi Itzaldiren berri topatu dugu gure jakin-naiezko bide ta ibillietan. Itzaldi bata Tolosa'n emana; eta bestea, Paris'en. Biok elkarren antzeko gaidunak. Bañan biok elkarrengandik oso bestelakoak. Bata Gipuzkoa'ri dagokiona; bestea Zuberoa'ri dagokiona... Gipuzkoa ta Zuberoa alkarren antzeko bait-dira, ta oso elkarren antzeko gañera beren bizitzako aurpegirik geienetan. Bañan Itzlarien iritziak —Izlari bakoitzak bere gaiaren aurrean artu duan egoerak— izan dira oso elkarrengandik bestelakoak. Zerbait esan nai genduke guk bi egoera oietaz, bi Itzaldi oien egoera ain elkarrengandik bestelakoetaz.

        Bi Itzaldi oietan bat —esan degu— Paris'en eman zan. Aurtengo Maiatz-Ekhaineko «Gure Herria» Aldizkarian azaldua da aren aipamen ta errekesta. Paris'eko Euskaltzale-Biltzarrekoen etxean eman zan; J.M. Dejean de la Batie izan da Itzlari (1). Eta Itzlariek berak dionez, Zuberoa'ko Edeslari bikain M. Nussi Saint-Saens'en Zuberoa'ko Edestia izan du bere iturri. Iturri ona. Eta urketaria, ez txarra.

        Tolosa'ko Itzaldian, D. Mariano Ciriquiain Gaiztarro izan zan Itzlari (2). Gipuzkoa'ko Aldundiaren Sekretario Jauna. Eta Itzaldia Tolosa'ren zazpireungarren urtea goratzeko jaietan eman zan, aurtengo Agorra'ren 13'an. Eta Tolosa'ko gauzak batez ere aipatu zituan arren, Gipuzkoa'ri buruzko beste gauza asko ere aipatu zituan Ciriquiain Jaunak bere Itzaldi apañean. Gipuzkoa'ren asierai ta antziñatasunari dagozkien gaietan jardun zuan beste askoren artean, eta gai oietan arkitzen diogu guk, len aipatu degun bestelakotasun nabarmen ura, Zuberoazko beste Itzaldi aren aldean. Erri bien antziñatasunari buruzko iritzietan bestelakotasun izugarria.

        Ciriquiain Jaunaren iritzia, benetan murritza ta bildurtia arkitzen degu guk. Egia, gu ez gera iñor. Bañan M. Nussy Saint Saens eta J.M. Dejean de la Batie, ba'dira. Eta gu ere, bi oien babesean bai ote-geran uste guk, bestelakotasun ori ezagutzeko lain bederenik. Edonork ikusi dezake Gipuzkoa'ko Sekretario Jaunaren murriztasun ori, beste bi aien aldean.

        Ciriquiain Jaunaren iritziz, Gipuzkoa etzan ia-ia jaio ere, sortu ere, izaten asi ere, XIV gizaldia arte. Dejean de la Batie'ren iritziz, berriz, Zuberoako instituzione jatorrak —aien Batzarreak-eta— antziña-antziñakoak dira, erromatarren denborakoak baño ere antziñagokoak eta zaharragoak... Eta ez dago ba, egon, alako alde aundirik, lurrez, ezta bestelako egoeraz ere, Zuberoa ta Gipuzkoa'ren artean... Aldea —izugarrizko aldea, ori bai— bi Itzlarien irizpidean, bi Itzlarien Kriterioan dago. Or dago kertena. Gure Ciriquiain Jaunaren Kriterioa, oso da murritza. Berak ere Zuberotarraren Kriterioa erabilli izan balu, bestelako gauzatxo batzuek esango zizkigun Gipuzkoa'ren asierai buruz. Eta etzeukan olako kriteriorik erabilli-eziñik. Gutxi gora bera, batzuek eta besteak iturri berdintsuetan edan dituzte beren dato ta gaiak —1397 ta 1520'ko Ordenantzetan.— Gaia irizpidetzeko kriterioak izan bestelako...

        Zer Kriterio erabilli duan Ciriquiain jaunak? Kriterio «paper-zalea, paperkoia» esango nuke nik. Kriterio ordenanzista, documentista. Paper idatziari geitxo lotutako kriterioa. «Ori dion paperarik ez al-da? Ah, Orduan ez dago ori izan dana esaterik». Geiago oraindik: «Ez al-da paperarik? Orduan ez da izan ezer olakorik».

        Olako kriteriodunentzat, instituzioak berak —errien instituzioak— ez dira ezer, paperetan ezarriak ez badaude, etziran izan ere, alik eta paperetan ezarri ziran arte... Bestelako kriterio ta irizpidea darabilkite zuberotarrak! Ortarako paperarik egon ez arren, gaurko egunean oraindik dirauan instituzioren bat arkitzen dutela, eta instituzioak zahar-itxura duala? olakoetan aiek auxe esango dizute: «Olako lekutan antziña-antziñatik izan da olako ta olako inztituzio». Ez dagola paperetan zahartasun ori? Bañan bai instituzioaren erraietan ezarririk aren zahartasunaren aztarren ederra... («la coutume, qui était alors codifée (1520), remontait à l'antiquité la plus reculée»; «ces Assemblées provinciales, constituées en majorité d'agriculteurs pasteurs, trouvent certainement leur origine dans les institutions romaines et peut-être même dans des institutions plus lointaines encore»).

        Gure Zuberotarrentzat naikoa izan da XVI gizaldian Lege idatzi batzuetan Zuberoan Artzai-Gizarte batzuek azaltzen dirala jakitea, Zuberoa, bere Batzarreakin, antziña-antziñatik ba zala esateko. Izan ere; Artzai-Gizarteak, erromatarren denbora baño lenagokoak izan dira munduan... paperetan idatzirik... ezer utzi ez baziguten ere.

        Guk ere, antzin aietan Gipuzkoa ba'zala jakiteko, naikoa degu Gipuzkoa'ko lurrean, Zuberoan bezela, Artzantza izan zala jakitea —Artzantza instituzioa, bizibidea—; Artzantza bere larreekin (partzon-larreekin), bere saroi, sarobe ta austerritzekin, bere saletxe, salegi ta borda ta olha ta txabolakin, ta bere uda-ta negu-larreekin, eta artaldeak larre batetik bestera eramateko bideekin, eta elgea edanazteko ur garbiekin, eta arkumeak eta gaztaiak saltzeko peri-lekuekin etab. etab. Guzti ori ekonomi-bizibide bat da; gaurko egunean bertan munduan dan ekonomiarik aberatsenetakoa, Artzantza-ekonomia (galde bestela Argentina'n eta Ipar-Amerika'n).

        Olako ekonomiarik dagon lekuan, berriz, bereala sortzen bait-da Lege bat ere: guztion zuzen-bide ta esku-bideak eratzeko Lege bat. Eta Legearen ondoren, baita artzai bakoitzaren eskubideak erabakitzeko Batzar bat ere. Eta baita, Legea babesteko ta Batzarraren erabakiak beteerazteko Polizi bat ere —dan bezelakoa dala (Meria, Amabi, Preboste), baña Polizia.— Eta zer esanik ez, atzerritik datozen ohoin, lapur eta ebasleen kontrako Armadunak ere... Eta guzti ori ez ote-zan Gipuzkoa bat? bear bada, uriak, villak sortu baño lenagoko Gipuzkoa? uria, villak baño lenagoko Gipuzkoa, baserri-anteiglesi denborako Gipuzkoa.

        Jakiña. Artzai-Gipuzko artan etzan izango noski gaurko Donostiako Aldundi-jauregi ederrik, ezta gaurko administrazio nahasi ta complicaturik ere. Orduko gure artzai-jende aiek, beren Batzarrak egiteko —beren Legeak, Artzai-Legeak, bañan Lege jatorrak sortzeko— Iraurgi'ko Basarte'n edo Bidania'ko Uzarraga'n batuko ziran. Eta orregatik nunbait, instituzio aien apaltasunagatik nunbait, iduri zaie batzuren batzueri Artzai-Gipuzkoa arek aipatzerik ere merezi ez duana... Berek jakingo dute zergatik. Ez bait-degu uste jakinduri-gauzaren batengatik izango danik. Dana dala, guk auxe diogu: Zuberotarrak ez dutela bide ortatik jotzen beren gauzetan. Aientzat Artzai-Zubero, benetako Zubero zan. Benetako ta biotz-biotzeko betiko Zubero. Guretzat gure Artzai-Gipuzkoak izan bear lukean bezela. Gure artzai-jatorri, gure artzai-seaska apalak, ez ginduzke lotsatu bear... aiek lotsatzen ez dituan bezela beren artzai-sorkunak.

        Gezurretan ari naizela iñork uste izan ez dezan, ona orain Ciriquiam Jaunaren Itzaldiko zatiren batzuek.

        «...siglo XIII... entonces se crean en nuestra Provincia las primeras Villas, y surge con ellas una ordenación jurídica, reglamentación civil, penal y administrativa, que alcanza, como es natural, a donde llega el ámbito de la villa». Ez bait-dio «una nueva ordenación jurídica»; «una ordenación» baizik. Ikusten danez, XIII gizaldiaa arte Gipuzkoan ez genduan iñolazko ordenación jurídica-rik, ez derecho civil-ik, ez penal-ik, ez administrativo-rik. Orduan asi ziran. Artean etzan uririk, etzan provintzirik. Gipuzkoaren provintzi-itxura guztia, linaje bazuek ziran, ots, ahaide nagusiak edo; besterik ez. Eta «estos linajes poseen tierras y vasallos (?), y no hay para ellos más ley que la que les dicta su propio poderío, sin perjuicio... de sus relaciones de convivencia entre ellos, (relaciones) de las que no tenemos... elementos de juicio». Ikusten danez, emen ez genduan gizarte-gauza jatorrik batere. XIII gizaldirarte, salbaia koxkor batzuek besterik ez giñan.

        XIII gizaldian asi ziran gure uriak, gure villak. Eta aiekin asi zan gure ordenación jurídica guztia. Bañan orduan bertan ere ez pentsa Provintziz ezer giñanik: «No había en la Provincia, que sepamos, otro gobierno estable que el del Rey (eta gure Batzarrak, zer?) que, por estar alejado de la tierra y carecer en ella de un brazo permanente (Corregidoreak, alegia)... faltaba en Guipúzcoa quien ejerciera la autoridad». Ikusten danez, uriak sortuta gero ere emen ez genduan iñor agintedunik; ez Erregerik, ez Batzarrik, Juntarik, ez ezer?

        Junta oiek ain xuxen, 1397'garreneko Getaria'ko «reunión» batean sortu ziran («reunión» ura bera, ez al-zan junta?). An egindako Ordenamentuak «nos descubre el primer organismo, conocido a fondo, extramunicipal, provincial podriamos decir». «Primer botón de organización administrativa provincial» esaten dio gerotxuago Ordenamentu oni. Primer botón; muestra, alegia; pieza bera ez oraindik. Geroxeago «primera referencia» dio. Eta geroxeako, oraindik argiroago, buruan daukana «embrión de la Provincia». Berriz ere ikusten danez, 1397'garrenean bertan Gipuzkoa oraindik jaiotzeko zegon; embrión zan, ots, xaxpiki jaiotzekea. Aurreraxeago esango digu oraindik garbiago: «Muy entrado el siglo XV (Domenjón González de Andia'ren gizaldian, alegia), la Provincia de Guipuzcoa no había alcanzado todavía una ordenación político-administrativa estructurada y reglada en forma» (Olaxe, argi ta garbi. Ta ala ere, Uzarraga'ko Batzarrak (1481) ba'zezaken eta erabaki zuan Inglaterra'rekin Itun bat).

        Bañan guzti oiek gora bera, ez dezakegu esan, Ciriquiain Jaunak primitivos «Batzarres» izeneko zerbait aipatzen eta aitortzen ez duanik. Aitortzen du. Bañan Batzar aien izaera ta balorea, ez du ezagutzen. Eta orixe da, ain xuxen, gauza emen negargarria: Provintziaren Sekretario izan-da, primitivos «Batzarres» ziralako aien izaera ta balioa ez ezagutzea. «Fueron varias —dio— las hermandades que se constituyeron a través del tiempo. Sin duda fueron un trasunto, puesto al dia, y adaptado a las circunstancias, de los primitivos «Batzarres».

        Ez ote-zukean obe, Batzar «primitivo» aien mamia, muña ta guna, Zuberotarrak egin duten bezela, berak ere ondotxo aztertzea, Gipuzkoa'ren bizitzan Batzar «soberano» aiek zer esannai zuten argi ta garbi ikusteko, ta gero guri ere ikusarazteko?

        Len ere esan degu-ta, ondenantzistaegi, paper-zaleegi azaltzen zaigu gure Gipuzkoa'ko Aldundi Jaunaren Sekretario Jauna bere Tolosa'ko Itzaldi apain baño nahasitxo onetan. Adibide oiek ikusita, ez da iñor ori ukatuko duanik. Ez noski!

        Zer ote-derizkio-te guzti oni, gure Gurrutxaga'tar Ildefonso batek-eta?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.