L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Gure olerkariak

 

Leizaola'tar Josu Mirena

 

Mitxelena, erri-abots olerkariya

 

Orain seirenbat urte Bayonan eta orain iru urte Guatemala'n Mitxelena izan da euskal-olerkariyen artean garaile.

        Egiya esateko, sariketan garaile izateak ez du, besterik gabe, olerkariyen neurririk ematen. Auzi-mayetakoak ez dute beti alako astirik izaten benetako epaiketa egiteko, eta aro batean asko maite dana ez da beti on ontzat ematen. Orain ogeitabost, irurogei eta larogei urte egindako iru aukera ezlirake gaur egingo. Lenengo sariya gabe utzitakoak Orixe, Otaño eta Baroja izan ziran iru garbi oyetan ¡goyen-goyeneko olerkiyak aurkeztu zituztela! ¿Epaikariyak lo ote zeuden?

        Etzait, ordea, damutzen Bayonan epai-mayeko bezela Mitxelena'ren alde ni jarri izana, iñoren atzetik utzi ez diteken olerkari bat da-ta Mitxelena, sariketara onenak azaltzen ba dira ere

        Olerkari aundi ba, gaurko au. Ta ¿zer du norberatasun bezela aitatzeko?

        Onaindia'k, «Milla euskal olerki eder» bilduma mirarizkoan, ez du guztitan galdera onentzat erantzunik ematen. Mitxelena'tzaz itz egiten duanean, ordea, itz abek dakazki zuzen eta garbi: «Antxiñako bertsolariak... doguz eredu, ta Aita (Mitxelena aita pantzezkatarra da) argi onek asko ikasi dau arein orriak irakurrriz. Azal ta mamin, oso jatorra».

        Bertsolariyak berak erri-abotsa izan dira. Mitxelena'k diyon bezela: «Bertsolariak ditugu oraindio gure erriaren maizu ta igarle».

        Onaindia'k oar arazten dizkigun bidetatik billatu dezagun, ba, Mitxelena'ren norberatasuna.

        Azalez, lenengo. Gañetik begiratu besterik ez degu bear onen olerkiyak ibilkera buruz aberats dirala ikusteko. ¡Olerki ibilkeratzaz itz egin bear gendukena!

        Euskal-olertiyan ibilkera oartzen jarri ezkero laister ezagutzen da enriyaren aboan iru era gutxienez badirala: 1'goa. Abeskoi edo lirika sallean; 2'garrena. Edeskoi, gerta-olerki edo epika sallean; 3'garrena. Zubero'ko pastoraletan.

        Lenengo sallean, ahapaldiyak era ezberdiñeko, era askotako, eta dantzaren ibilkera maiz artzen dutenak ditugu erritar abesti eta olerkietan. Artu, esate baterako, «Txoriñuak kaiolan», Bidasoz-goiko beste abestiak, eta gure artean Zatarain-Etxebeste jaunak aztertu dituan olerki-doñuak. Ahapaldi aukera ederra izango dezue. Egiya da, Santa Ageda kantak dabilkitena besteak baño maizago-edo arkituko dituzutela. XVI 'garren mendean bildutako esaera zarretan oartzen ditugun batzuek ene erri-abotsa jator ezagun-arazten digute.

        Mitxelena'k, ba, abeskoi ahapaldiyak, goxo-goxoak, ariñak, dantzariyak, aukeratzen ditu eta zatika-zatika erabiltzen. («Adio» izena dun olerki atalean, orain lareun urte esaerak zebilkiten era polit batetik (eta Orixe'ren «Letari»-etan ura bera ikusten degu) ahapaldi jostariyak ateratzen ditu («Adio - Euskalerriak dario», «Bilbao'an bere dongeak birao»).

        Bigarren sallean nagusi agertzen diran ahapaldiyak 7-6 neurtitzetan eta zortziko aundiyetan egiñak ditugu. Eta Mitxelena'k era egokiyan ibiltzen ditu, geyegi luzatu gabe era batean edo bestean.

        Ortarako, eta ontan ezin esan genezake erriyaren bidetik dabillela, zati batetik bestera aldaketa egiteko itz-lauz ari izaten da labur-labur. Ontan, Goethe'ren antzera egiten du (ik. Faust).

        Irugarren sallekorik, Zuberoko pastoralen ahapaldi-erarik, ez det Mitxelena'ren lanetan ikusten.

        Bertsolariyen, abesti-erriyaren eta esaera zarren ibilkerak jarraitzeak ez diyo, ordea, gaurko joerak ere badirala aztu erazten eta gaur geyen maitatzen diran ibilkeretatik berea urruntzen. Egiya da, ortarako zarrenetatik ez dula ere atera bearrik. «Bizi nai» lanatik artuta emen dakadanaren erako ahapaldiyak ¿zer dira? ¿zarrak ala berriyak? Edo ¿zarrak berri?

 

                Yunak yun.

                Yadanik ez aien zai egon.

                Illak il...

                auskalo noiz, nola eta non.

                Galduak galdu...

                Alabearrak irentsi ditu

                bazterren baten,

                ez aintza, ez illeta, ez omen...

                ¡gure onenak!

                beti gurekin bear zutenak.

 

        Ahapaldi onen gaurkotasuna guk Abandotarrak botatako aziyan sortutako olerki-landaretan ezagutu izan degu.

        Azalari —ibilkerari— begira ere, aitatu dezadan Mitxelena'ren beste norberatasun bat. Ahapaldi ezberdiñak ezkontzea, alkartzea. Erabateko gauzarik Mitxelena'k gutxi maite du.

        Nere lan batean, itz-neurtuetan ari izatea atsedenazko baratzak egitearekin kidetu nuan. Atsedenazko baratzak, nekazaritzan bezela, lurra landu, simaurraz ondu, aziyak bota, zugaitzak txertatu..., sagasti, soro edo jateko gauzak ateratzeko baratzetan egiten diran lan berberak, eskatzen dituzte. Soro, sagasti, belardi eta baratz abetan, ordea, sail aunditan landare bat edo bi (sagarrondoa ta belarra, artoa ta babarruna...) alkartzen dira, al dan geyena irabazi nayean. Atsedenazko baratzetan ez alakorik. An, arrosa sasi bat edo batzuek emendik, belardi xee bat or, zugaitz sailtxo bat aruntzago, untze oiala orma au estaltzeko... eder-nayean zugaitz, belar eta landare batzuek eskontzen dira, argiyak eta itzalak eta margoak atsegiñez alkarturik.

        Azkeneko ortulari abek egiten duten bezala neurkerak aukeratzen dabil gure Mitxelena. Ibilkera-eskontza atsegiñak arkituz. Ikusi ontarako «Arantzazu, euskal poema»-n «Jentil-Aroa»-ren lenengo orrialdea (17'-18) eta «Ama Zaindaria» 208-217 orrialdetan; eta «Bizi nai» lanean an-emengo zati asko. Oyetan guztitan lirika-'ri jotzen diyo gure olerkari onek, erritar lirika'ri. Umeen abestiyetan ezagun dan olerti abeskoyari. Barrenari, mami edo muñari begiratu ezkero erritar gayak dabilzkila gure olerkari onek ateratzen da. Eta ortan batere zalantzik izan ez dezagun ezagun-ezagun diran olerki zarrak aitatzen ditu eta ayen zatiei bere itz-neurtuak josten. Erriaren abots berbera egiten da orrela.

        «Bizi nai» lanean, Ibarrarte'ren eta Senpelar'en, «Amalau eriyotzena» egin zuan egille ezezagunaren, «Yaulierra»renaren, Elizanburu, Arrese-Beitia eta beete olerkari askorenak artzen ditu lagun.

        Mitxelena ez bakarrik erri-abotsa, erri osoaren abotsa bezela ere agertzen zaigu, euskeraz zabaldu diran olerki guzietatik asnas, usai artzen sayatzen dalako.

        Bide ontan ez det esan gabe utzi bear oso egoki iruditzen zaidala Arantzazu'ko erreketa edestutzeko bertso-berriyen erara ari izatea. XIX'garren mendeko erritar-era oyek aztuak edo baztertuak zeuden gure ontan, eta gaurko olerkari landuak bestera jotzen zutela argiyegi zegon. Etxaniz'ek Iparragirre'ren bizitza ezagunarazte-arren era ori bera artu du. Biyei nere txaloa.

        Orra, ba, Mitxelena'ren norberatasun atsegiña: gure erriyari entzun izan diyogun eran, gure aitamen egunetako bertsolariyen oñatzetan (Pello-Errota, Elizegi, Artola... «Arantzazu»-ren bigarren aldian) ar dala gu-guziyok argi-argi ezagutzia.

        Onela Gipuzkuko bertsolariyak berriz bizirik entzutea neri oso nereko egiten zait. Oso nere erriko. Orrengatik, ezagutzen ez dedan Mitxelena erri-abots bezela ikusten det.

 

 

Biko on bat

 

I. ETXANIZ, kezkaduna.

 

        Olerkari errexa; itzak, itz-neurtuak, gayak (gaitzak berez diran gayak) errex-errex botatzen dituan Etxaniz olerkariyak barrenengo bezela norberatasun agiri bat erakusten digu. Kezka'ren olerkariya da.

        Alako batean, Iparragirre'tzaz ari dala

 

                        «Ez uan bizi-kezkatik

                        ez intzalako gizon-uts»

 

        esaten du, eta itz oyeran bere barren-barrenekoa erakusten digu azkoitiar adiskide onek.

        Kezka eta kezkatik datorrena nolanai azaltzen da onen olerkiyetan:

 

                        «...Aldapan bera kezkati,

                        maite biak mutu datoz.»

 

        Eta itza bera gabe, ba lego bezela ari zaigu bestetan,

                        «Gurariaren zauritik

                        garrasi samiña.

                        Lau iztar-suge kakoka:

                        arpegiak biurrika

                        zeruraño atsegiña!

                        Aragiaren kurrixka:

                        griña! griña! griña!»

 

        Obeto oraindik, «Gogo-amilla» izena dun olerkiyan («Milla euskal olerki eder», 1023-24 orrialdetan). Luzegitxoa nik emen jartzeko, bukaera bakarrik ekarriko det:

 

                        «¿Nora noa? Adimen-zurrunbilloan

                        zorabio det. Garunetan naspil.

                        Ezpai... zalantza... ote'ka naiz murgil.

                        Nere egazkiña, egak ausita,

                        gogo-leizean zait amil».

 

        «Buru errota» izena dunean bizi-bizi ari da gai ber-beraz;

 

                        «...oro ditut kezka»

 

        aitortzen du.

        Etxaniz'enak irakurri ondoren, kistar esaera ura ekarri bear:

 

        «inquieta est anima mea donec requiescat in Te»

 

        Orra, ba olerkariyak bere barreneko, bereko zerbait, gure barrenak astinduko duan zerbait ematen digula; indartsu, zorrotz, argi.

        Kezka'ren astindua gugan sartzeko, ordea, ezin nolanai ari.

        «Buru-errota» ortan ahapalditan egiten du. Baña ahapaldiyak ez erabateko edo era zarrekoak. Amar neurtitz, bi bostdun asieran, bi seidun urrena, ta sei bederatzidun amaitzeko. Ez dakit norbaitek onelakorik lenago egin ditudan, zabaldutakoak beintzat ez dira.

        «Gogo-amilla» izena dunean ahapaldirik ez. An emen amaikidetzarik gabeko neurtitz bat; bestetan biñaka, irunaka edo launaka amaikidetuta, baño ahapaldirik sortu gabe. Ezta neurritan ere kidetasunik ede ahapaldirik.

        Egokiya da onelako ibilkera kezkaren aurkezpena sortzeko. Estu, larri, ta nora jo asmatu eziñik dagonarentzat egokiyena.

 

 

II.— IRATZEDER, gentzaduna.

 

        Laphurdi'ko itxasertzean jaiotako olerkari gazte onek bi olerki-sail aundi egin ditu: «Kantikak» eliz-abestiyetan irurogei aña kantika berak egiñak dira, batetik; eta bestetik, «Pindar eta Lanho» izena emanik, bere bizitzan gaztetik asita sortu dituan abeskoi olerkiyak bildu ditu.

        Azkeneko au, bost zati osatzen dute orain arte: Etxean (mutil urteak, 1936-38), Herriari so (1939-41), Zerupetik (1936-40), Orhoit minez (1937-42), Zeru-menditik (1941-46).

        Gero ikusiko degu sail oyetatik kanpoko olerkiren bat. Onen norberatasuna, berezitasun nagusiyena, gogn-joeran dago neretzat. Gentza zaitzalle, gentza emalle, gentzadun olerkariya degu oraingo au.

        Esan liteke itzekin jostatzen detala ori esatean, «Kantikak» beretan Iratzeder gogo-gudatzaz ari bear izan bait da bein baño geyagotan.

        Esate baterako Mikel deunari egindako olerkiyan:

 

                        «Zuk egin duzu,

                        Mikael gaitza,

                        izigarriki gudu bat

                        ........................

                        guk ere dezagun bentzun

                        zangopeko debrua».

 

        Baña ez; Iratzeder'en lan guziyak gentza kutsua besterik ez dute. Eta Bedita deunari zuzendutakoan esaten duan eskaera

 

                        «Finka bakea,

                        zain Euskal-Herria»,

 

        du olerkari onek gogo-joera.

        Iratzeder'ek gudatean egiñak ditu olerki asko ta asko. 1936'garren urtean egoaldeko euskaldunak gudan sartu giñanetik sartu ziran olerkari onen belarritan (geienetan bezela) guda-otsak. Ordutik, ordea, gentzaduna bezela agertu zitzaigun

 

                        «Gaur tiroka ari dire

                        herrian elgarri,

                        salbai gaiztoenen pare

                        odolez egarri.

                        Jaunak ez dezake onhar

                        minez leherra baitakar

                        anai arteko guda gaitz hori.

                        ........................

                        Jauna, emozute bake...

                        ¡Oi, kanoiaren burrunba hori!»

 

        Guda ura asi ta urrengo illean egin zan olerki orren ondoren, Iratzeder benetan izan da gentza gogotan landatzalle, Euzkadirentzat batez ere gentza eskatzalle.

        «Herriari so» izeneko «Pindar eta Lanho»-ren bigarren zatiyan 1939'eko udan egindako «Itzal bat» eta «Begiak» bizi bizi diyote

 

                        «Zeruko bake hartaz ninduen betetzen...

                        ........................

                        Itzal bat hurbildu zaik lotsatzen hauena

                        ........................

                        Egun ez bada bihar gerla dugu gerla!

                        ........................

                        Bai, urrun dadin gerla, beltz hori

                        irriz dauden biziari.

                        Bai, irriz dauden edo bederen

                                gerlarekin hets ez diren.»

 

        Jakiña, Iratzeder beditar sartutako urtetan Jaungoikozko solasetan egindako olerki guziyak gentza jariyo dira, eta 1942' garren urtean idatzi zezakean

 

                        «Maite zaitut bihotzetik, maite zaitut, Beloke,

                        zure gaintto kartsuari, oro pindar ta bakhe,

                        soinu-kantuz baitario gau egunaz othoiz-khe».

 

        Ezin obeto erakutsi gizonen arteko gentza-eragille izan naya. Olerkiyen ibilkeratan Iratzeder'ek berezko jabetza erakusten du. Ez da nolanai ari. Eta neurtitz motx-motxak, ahapaldi oituak, berri edo zar antza dutenak, egoki dabilzki.

        Egokitasun ortan. Saint-Pierre apezpiku jaunaren omenez «Gure Herria» illerokoan argitaratu zuan «Ai! Haren burua...» olerkiyan iñun baño jabeago agertu zitzaigula deritzait.

        Ango zati bat nik emen dakadan bezela, olerki ura agertu izan ba zan 238 neurtitzekin agertu izango zan. Ba, olerki arek duan ibilkera nornaik ezagutu dezan era ontara jarri bear litzakela deritzait:

 

                        «Bazakien arek

                        Orhi eta Larrun

                        mendien arteko

                        eskual-erreketan

                        sortu diren gaztek

                        osokian gizon

                                izaiteko,

                        osokian gizon

                        eta langile on

                        eta gogo zabal

                        eta bihotz bera

                        eta Jesu-Kristo

                                iduriko,

                        ez diotela, ez,

                        beren aitek lantu,

                        beren amek ontu

                        eskual-mintzoari,

                        eskualdungoari

                        ihes egin bear

                                ala uko.»

        Olerki au, astiro eta berezko duan ibilkera (emen agiriyan jarri deguna) galdu gabe esan ezkero, nagusitasun aundiko agertzen da ibilkeran bertan. Apezpiku bat erriyaren artean zuzen eta jaun bezela dijoalaren oroitza dakarkigu, eta apezpiku bat gure artetik igarota eriotzara eldu zala abestutzeko egoki-egokiya da.

        Bai gogo-joeratan bai itz-neurkeratan olerkari biko onek sayo ederrak bota ditu benetan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.