L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Irrati-bidea

 

Etxaniz'tar Nemesi

 

Donostia'n irratiz Euskera aditzekotan gera. Len Aldundiak eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxak astean bein gure basarritarrentzako saio bat eratzen ziguten. Orain, Donostia'ko Uri-Aurreszki-Kutxak eratu digu astean bi alditako irratsaioa.

        Astelen eta ostiraletan, arratsaldeko zortzirak eta laurdenetatik bederatziak arte, or aritzen zaizkigu euskeraz lantxo batzuek irakurtzen. Tartean soñu ta erderazko lanak ere, sartzen dizkigute. Ez da gure gogokoa naste ori; baña besterik ezean, obe da lengo utsa baño.

        Ona irratsaio oietan eman dizkiguten lantxoetatik batzuek:

 

 

Maitasun Ixilla

(Gabriela Mistral'en EL AMOR QUE CALLA euskeraz)

 

Gorroto ba-nizu, nere gorrotoa

zorrotz ixuriko nuke nere izketan;

baña maite zaitut, ta nere gogoa

ezin det azaldu gizonen izketan.

 

Zuk orru bat entzun nai zenuke,

baña eztarri ta bularretara baño len,

ugoldeak galdu du bere ur labaña.

Ain sakon du bere iturria, ta ain barren

 

Osin bete baten antzeko nagola,

ur-polpol galdua naizela uste dezu.

Ta dena... ixillik dedalako odola.

Eriotza ere ez da onen mintsu!

 

 

 

 

NEXKA ELBARRIA

 

Egunero zetorren nexka elbarria Jauregiko ateetara. ANETXO zuan izena bost urteko aur gaxo arek. Amarik etzuan, eta MILI, aizpa zarragoak, gurditxo batean atera oi-zuan etxetik aize pixka bat artzera.

        Jauregiko burni-ate-aurrean, jardin-barrura begira orduetan egoten ziran aizpatxo biak. Aberaskumeak ez ziran atekon kezkaz asko estutzen. Baña nexka elbarriari bere begiak aberaskume aien jostalluetara joaten zitzaizkion.

        Batezere, ba-zuten anderatxo bat, muñekatxo bat, guztiz zoragarria. Arek sortzen zion elbarri gaxoari beste alako baten gogo bizia. Sarri esan oi-zion aizpa zarragoaki

        — Mili, bai andera ederra!

        — Oiek ez dira guretzat egiten, Anetxo.

        Onela erantzuten zion Mili'k elbarri gaxoari. Ta egunero, etxera itzultzen ziranean, gurditxoko nexka eriari, malko bat zerion begietatik.

        Erregenak urbildu ziranean, Anetxo'k etzuan beste amesik:

        — Alako andera bat ba-nu!...

        Arratsalde aietako batean, etxera bidean, jauregiko andre Begoña'k ikusi zituan aizpatxo biak. Elbarriak, beti bezela, perla baten antzeko malko bat zeraman begietarik irristan. Andre Begoña'k errukiz galdetu zion Mili'ri:

        — Zer du gaxoak?

        — Beartsuok senda-eziñeko gaitz bat, andera.

        — Zein da bera?

        — Or, beorren aurrei ikusitako andera bat nai luke. Baña guk nola erosi?

        — Gaxoa!

 

 

Errege-bezperan, illunabarrean, ate-joka ziran nexka elbarriaren etxean.

        — Nor da?

        Mili'k idiki du atea, ta arritzekoa. Andre Begoña atean, kaja aundi bat eskuetan zekarrela.

        — Elbarri gaxoarentzat.

        Mili, eskuetan kaja artuta, itzik asmatu eziñik gelditu zitzaion ate-aurrean. Andre Begoña, bere errukilana eginda, bereala ezkutatu zan.

        Errege-goizean, Anetxo esnatu zanean, begi biak zabal-zabalik, zer esan etzekiala gelditu zan. Bere oe-gañean, jauregiko andera eder ura bezelako bat zeukan bere alboan lotan.

        — Mili! Mili... Begira, begira!...

        — Bai ederra. Anetxo! Nork ekarri dizu?

        — Erregeak, Mili.

        Aren zorapena, bere andera ederrari lo eragiten eta «Aita ta Ama» esan arazten!...

 

 

Baña Anetxo, gaxorik zegoan, eta egun gutxi-barru, txuri-txuri betiko lo gelditu zan bere oetxoan.

        Biaramonean, kaja txuri baten, lora-artean etzana, atera zuten etxetik Elizara.

        Bere besoetan estu-estu artua, an zeraman bere andera maitea. Ilda gero ere, etzioten kendu nai izan ain berea izan zuan jostallu ura.

        Ta-gaur zeruetan nai aña andera ditu Anetxo, nexka gaxo elbarriak.

 

 

 

ETXE BAKARRA

 

Ixil-ixillik zegoan etxe bakarra. Erriko irteran, beste etxeetatik etenda ba-zirudian ixillak eta illunak jan zuala. Inguruan egun guzian etengabeko elur-malutak ixillagotu zituan bizien pauso-otsak. Eliztorreko kanpaien soñua ere, doi-doi iristen zan etxe bakarreko kristal lausoetatik zear.

        Elurra aspertua zan, nunbait, bere zuriketa-lanean, eta orain istill-otsak bakarrik urratzen zuan gabeko illunpea. Tan!... tan!... tan!...

        Etxe-barruan emakume bat zegon, gaba baño ixillago. Etzitzaion ez itzik ez intziririk ateratzen andre bakarrari. Ain bakarrik zegon gaxoa! An etzan agiri ez aurrik, ez gizonik, ez lapunik. Alkobak leio bat zizun, ta andik zetorren tarteka ta bakan istillaren otsa. Tan!... tan!... tan!...

        Mutua ote-zan emakume ura? Ez, etzan mutua; baña bere barruko antzi batek kanpoko gauzetarako gortua zeukan aren biotza. Gau bakar aretan, oñazeak bere akulua noiz sartuko ote-zion zai geneukan andre ixilla. Oñazea ta aur-garraxia espero zizkitzun qau larri artan.

        Ain zuzen, eliz-dorreko erlejoak bere elur-giroko soñu itoa jo zuan. Gaberdiko dan-danakin batera, oñazeak bere eztena sartu zion erraietan emakume ixillari.

        — Garaiz iritxiko al-da nere pizona medikuarekin! —esan zuan andre minduak. Eta bere abotsa, istillaren tanta-otsa bezela elurteak ito zuan.

        Gero, emakumearen begietan lauso bat zabaldu zan.

        ............................................................................

        Zer zan, baña, ura? Ene! Alkoba guzia argi txuri batek alaitu zizun... Erregeak! Iru Erregeak!... Ango galbeluak! ango morroeak!... Eta kutxetan urre gorriak dizdira bizia botatzen zigun lau aldetara...

        ............................................................................

        Eta bat-batean, aur-garraxi bat entzun zan lo-gela argituan. Emakumeak zabaldu zituan begiak. Alkoba illun-illun gelditu zan berriro. Etzan agiri Erregerik, ez ganbelurik, ez morroirik.

        Aur baten negarra bakarrik entzuten zan etxe bakarrean. Baña, era bat, galdu zan etxe artako illuna ta bakarra. Bizi berri arek, etxe guzian jai zoragarri bat zabaldu zigun. Ura bai Erregeak ekarritako jostallu polita ama batentzat!

        Ateko krisketa-otsa zan bereala. Norbaitek esan zuan:

        — Gau otz ontan bakarrik gaxoa!

        ............................................................................

        Ai, eroak! Etzekiten etxe artako bakardadea aldegiña zanik. Eta orain ama baten biotzak, bere besoetan mundu osoa zeukan; eta aren bularretan, mirarizko iturri bi sortu ziran.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.