L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Fueroak eta Fueroa

(Itzaldi baten inguruan)

 

M. de Lizarrazpi

 

«Gipuzkoa'ren Asierak» izeneko lantxo batean, Gipuzkoa'ko Aldundiaren Sekretario Jaunaren irizpide zenbait irizpetu genduan guk lengo batean. Ciriquiain Jaunaren irizpide ark beste euskaldun argi-argi zenbaiten iritziekin duan alde ta bestelakotasuna agertu genduan guk lan artan.

        Gaur ere olako bestelakotasun bat agertu, señalatu nai degu Ciriquiain Jaunaren Tolosa'ko Itzaldian, Fueroari dagokion gaian bestelakotasun garratz bat. Euskalerrian beti sinistu izan degunarekiko bestelakotasun bat. Gipuzkoa'ko Aldundiaren Sekretario Jauna, beti Gipuzkoan iritzi ta uste izan danaren kontra arkitzen degu bere Itzaldian. Tradizionalistak, zarrontzaleak berak ere beti uste izan duten-aren kontra garbi-garbi.

 

* * *

 

        Fuero-kontuan, gure Fueroaz mintzatu diran liburu guztietan eredu ta ixpillu bezela, liburu bat batez ere erabilli izan da aspaldion Gipuzkoa'n eta baita Euskalerri guztian ere. Liborio Ramery ta Zuzuarregi'ren «El Liberalismo y los Fueros Bascongados». Ez al-dira izango arrotz Ciriquiain Jaunarentzat, Ramery zanaren liburua ta liburu artan ageri diran iritziak eta egiak. Gauza asko ditu, eder askoak, liburu bikain arek bere orriartean. Bañan guztiok aitortzen dutenez, bere kapitulu batean dakarren erakusgai sakon eta arteza guztietan ederren. Fueroaren inguruan guztientzat argitasun asko ta asko sortu ta erakarri izan duan erakusgai ondo pentsatua.

        Bi gauza dira —dio Ramery'k— bi gauza elkarrekin nahastu bear ez diranak, «Fueroak» eta «Fueroa». «Fueroak», Errege Jaunak emanak izan oi ziran —errien sortzean-eta emanak—; bañan «Fueroa», Euskalerriak berea zuan, ez iñork emana. Berea; Erregeak baño lenagokoa; ez Erregek emana; Euskalerriak Errege Jaunai berai ezarria baizik, eta Errege Jaunak berak apalki gordea ta gordeerazia... «Fueroak» ez bezela.

        «Fueroak», Errege Jaunak egindako mesede bezela, Errege Jaunak, eman bezelaxe, kendu ere, kendu zitzazketen —kentzen ez bazituzten ere—. Bañan «Fueroa», ez; «Fueroa» etzezaken kendu, ez aldatu, ez gutxitu iñungo Erregek, Euskalerriaren Batzarren baimenikan gabe. Olaxe zegon itz-emana.

        «Fueroak» Uriai, Villai, eman zizkieten batez ere Erregeak. Logroño'ko Fueroak zirala, Estella'koak zirala, Jaca'koak zirala... Bañan Euskalerriaren Fueroa, Euskalerriaren Lege Zaharra, etzuan gure Erriak iñork emana, berak bere erraietan sortua baizik. Lege ura, gure Euskalerriaren bere-Jabetasuna zan. Euskalerriko batzar «soberanoen» soberanotasuna.

        Ori izan da Gipuzkoan beti ta beti gipuzkoarren iritzi ta siniste jator Fueroari buruz. Sagasta ta Canovas-ta izan ziran besterik uste zutenak. Euskaldunak, ez. Gipuzkoar jatorrak, ez.

 

* * *

 

        Ikustagun orain Ciriquiain Jaunak zer erakusten duan Tolosa'ko bere Itzaldian.

        «Libro-homenaje a Tolosa»-n, 106'garren orrian, onela dio «...las Ordenanzas de 1451 y 1453... han sido la base administrativa de Guipuzcoa durante su régimen foral... Eran las villas quienes defendían el fuero, que venía del convenio (cuyo contenido desconocemos) de la incorporacion de Guipuzcoa a Castilla, y de sus cartas de fundación. Y fueron ellas (las villas) con los lugares, y los concejos, a través de las juntas de hermandad primero, y de la provincia después, quienes fueron obteniendo el reconocimiento y consagración formal de antiguos usos y prácticas consuetudinarias y nuevas concesiones, que formaron el derecho escrito de la tierra de Guipúzcoa».

        Zati au, izan diteken aurkakoena ta kontrakoena da, Gipuzkoa'n beti sinistu izan danarentzat. Zati onetan garbi-garbi nahasten da Fueroa Fueroekin, Fuero «aundia» Fuero «txikiekin». Emen aipatzen dan convenio ori, Gipuzkoak VIII Alfonso'rekin 1200'ean egindakoa da. Eta convenio artatik datozenak, geienez ere Fueroak ziran; Fueroa, ez. Fueroa lenagokoa zan; ondotxoz ere lenagokoa; Fueroak ez du asierarik. Eta convenio zalako artan gure Fuero jatorra, gure Lege Zaharra, VIII Alfonso Erregeak ez sortu, zin-egiñez aitortu ta ezagutu egin zuan... Gauzak ola dira, Ciriquiain Jaunak zati ontan besterik badio ere. El fuero venía del convenio garbi-garbi dionaz gañera, begira baita beheraxeago diona ere: ... el fuero... venía.... de sus cartas de fundación; Erregeengandik, alegia, Urien fundazio-gutunetatik nunbait... Oker ontatik datoz zati guzti ortan ikusten ditugun beste oker guztiak.

        ...1451-1453'ko Ordenantzak izan zirala régimen foral'eko administrazio-oñarria?... eta lenagoko régimen foral'eko oñarria zer izan zan? len ere bai bait-zan régimen foral; Fuero aundiarena, alegia... Bañan Ciriquiain Jaunarentzat ez bait-zan len olakorik; ez ba; ez bait-zan artean Erregek emandako Fuerorik...

        ...Uriak, ots, Villak, izan zirala Fueroaren babesleak, aldeztzalleak?... Eta Anteiglesiak eta Baserriak zer ziran, ba? kontrakoak? eta Ahaide Nagusi ta beste Aundiki asko ta asko? Domenjon Gonzalez de Andia bera? Fueroaren aurkakoak alziran?... Egundo olakorik! Geiago ere entzun bear genduan!

        Paper-zaleegia dala gure Ciriquiain Jauna, esan genduan lengoan. Zati ontan ere argi ageri du bere zalekeri ori. Convenio, cuyo contenido desconocemos —dio 1200'ko argatik... Itun ta convenio aren contenido escrito ezagutzen ez degula? bai, egia da. Bañan contenido ezagutu ez? Idatzia izatea nai-taezkoa al-da ba, gauza bat ezagutzeko? gero ta gero iraun duten oiturak eta instituzioak ez al-dira naikoa ortarako? nai-ta-ez idatzi egin bear al-dira gauzak? nun da orduan gure betiko esakunde eder ura: «Itza, itz»? VIII Alfonso'ren Itun artan, convenio artan zer itundu zan jakiteko, guk naikoa degu, gero ta gero —ia gure egunak arte— Gipuzkoan gorde dan «oitura» ikustea... gure Batzarren bere-burutasuna, alegia, gure lehengo Fueroa, gure Lege Zaharra... Uraxe zan convenioaren contenidoa, contenido ezaguna.... letrak esan ez arren, praktikak ziona.

 

* * *

 

        Bukatzeko, zati orren azken-aldea irakurtzen duanak, gu gipuzkoarrok beti ere eskale aspergarri batzuek izan gerala uste bear du nai-ta-ez; Erregeen eskale. Begira: «...villas ...lugares, concejos... juntas de hermandad... provincia (olaxe, dana minusculetan)... fueron obteniendo... nuevas concesiones, que formaron el derecho foral escrito de la tierra de Gipuzcoa». Gure derecho foral escrito, ikusten danez, Erregeak guri gure «latosidadez» emandako opakizun ta concesioak ziran. Eta nuevas concesiones oiek iristeko, gu eskale latoso ta nekagarri batzuek izan giñan beti... A! zer ereduaren ederra gure umeai erakusteko! Gipuzkoarrok, beti eskale ta erromes... betiko ume mimatu... Ederra dek bertsua! Ori ere entzun bear genduan! Eskatzen genduana —ezer eskatzen bagenduan— gure-gure zan zerbait izan ez balitz bezela beti ta beti... Izan ere, gure zan zerbait kendu edo gutxitu naiez Madrid edo Valladolid'etik asten bazitzaizkigun, zer egin bear genduan guk, Erregeri kexatu baizik? Eta Erregek, Leialki gure eskubidea aitortzen bazigun, aitortze ori nueva concesion beraz? Ederra dek bertsua!

        Ontatik aterako du irakurtzalle azkarrak, zer-nolakoa izan dan Tolosa'ko Itzaldia. Gipuzkoa'ren Sekretario Jaunaren Itzaldia... Gipuzkoa'n beti sinistu izan danaren ain kontrako Itzaldia...

        Nun ote-daude denbora bateko Domenjon Gonzalez de Andia bat, eta Aramburu bat eta Gorosabel bat eta?.... Aiek ere Gipuzkoa'ren Sekretario izan ziran ba...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.