L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. Orrila-Garagarrila) —<eugo3037>




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, galde, iruzkin eta berri

 

.— Ageri danez, gure artean eguneroko edo asterokoetan idazteko gai diran idazle asko ditugu. Noiz dator gure asterokoa edo egunerokoa euskeraz? Zertan ari ditugu egikizun ori beren gain artu zuten lekaideok? Bitartean, «Herria» asterokoa gure eskuetan dugula eztugu aztu bear. Baiona'n argitarazten da zuzendari P. Lafitte apaiz euskaltzale ta iakintsua dugu. Naparroa'n, Gipuzkoa'n, Bizkaia'n, Araba'n asteroko ori zergatik eztugu zabaltzen eta arpidedunak egiten? Gipuzkoa'ko ta Arabako ta Naparroa'ko zenbait berri irakurten ditugu asteroko ortan, egia esateko. Ez, ordea, aski. Idazleak badute non idatzi. Ta bestekaldeko arpidedunak ugariago izango ba'lira, orrialde berezia ipiniko luteke gure alderako. Ekin, ba, «Herria» asterokoa zabaltzen eta arpideak eskatu zuzenbide ontara: 8, rue Jacques Lafitte, Bayonne.

 

.— Miren, zu bezain neska eder eta euskaltzale sutsuak ugariago ba'genitu, euskeraren oraingoa ta etorkizuna urdinago izango litzake. Batez ere euskera zabaltzeko zuen beroa bear dugu erri bakoitzean amar, ogei, berrogei, eun, berreun neska bear ditugu, beren artean beti euskeraz ari izango lirakenak. Asi zaitez lan ortan zure errian, egin ezazu alako talde bat. Bilbo'n, Donosti'n, Gazteiz'en eta Iruna'n asiak dira, orixe duzu euskeraren onerako agindu ta eraoakirik ederrena. Idatzi ditzakezun saski-naski, izkirimiri ta abar bidal izkiguzu nonbait argitaraziko baititugu.

 

.— Baroja'ren «Las inquietudes de Shanti Andia» euskerara itzuli asmotan dabil gure arteko idazle bikain-bikain bat. Lan oni beste inork ekin dionentz iakin nai genuke. Inor ortan ari izango balitz, iakinerazi bezaigu len-bailen. Nik dakidanez, beintzat, inor ez da ari lan eder ortan; beroz, Uarrain, ekin eta iarrai, ederki baino ederkiago egingo baituzu.

 

.— Egunotan argitarazi dute Itxaropenean Berasaluze'tar Sabin Aitaren o.f.m. «Bide izkutua» (Hugo Wast'engandik itzulita). Euskaltzaindiaren sariketan bigarren saria irabazi zun eleberri orrek.

 

.— Zai apur bat galtzeko bildur eta ikara dira zenbait, eta irina ondatuagaitik ardurarik ez: erdal-itzak biltzen aleginean ari ditugu zenbait euskaltzale ta erriaren esanera iator, guri eta bikainak gora-bera arretarik eztugu erakusten. Or dugu Mokoroa Aita: zireun eta zireun euskal-esanera txanbelin eta eder bilduak dauzka. Alperrik-edo, ordea. Argitaratzeko egokierarik eztiote eskeini bazterretan, antza. Ta esanerotan mainituta dugu gure erriaren gogorik bereiziena. Erderakadak, berriz, gure gogoaren astaputza-edo bide dira: gure baratzetan txila erdi bat erdal-itz erein eta artu izan ditugu zazpi lakari, damurik.

 

.— Azkue euskaltzaleari goratzarre ederrik egin diote Bilbo'n. Zorion eta zorion antolatzaileei ta Euskaltzaindi'koei baitik bat. Apaizak, berriz, erderaz burutu zuten beren elesaria: orregaitik, ezkinan agertu erdaltzaleon artean. Apaizok, iguzute euskal-urtxiztil bat, egarriak ito bear gaitu-ta. Azkue'ren asmoetara iardun nai balin ba'dugu euskeraz geroago ta gai geiago erabili bear ditugu, ta Oleaga iaunak eskatu zunez, euskal-ikastaroak zabaldu bear lirake, ta erri guztietan, gainera. Egiteko ederra egingo lukete gure erritarrei euskeraz idazten eta irakurten irakatsiko ba'lieke. Euskaldun motzak euskaldun berri gertaraztea lan polita da benetan: obea, ordea, euskaldun iatorrei areago irakastea. Amar euskaldun berri baino opagarriago dut euskaldun iator bati, bear danez, irakastea. Orretarako erri bakoitzean amarretik berako taldeak egin eta irakasten asi bear genuke. Legez egingarri dugu, inori baimenik eskatu bage, eta eginbearra. Erri bakoitzean irakasle egingo luken bat aukera bear. Bide ortatik gure euskera zapuztuak pizkortasunik aski iritxiko luke, gure ustean.

 

.— Donosti'ko Irratiz ekin diote euskeraz ematen Etxaniz lagunak-eta. Baduzu gatza ta piperra ta arrotu itzazu gure bazterrak. Astean bitan dira euskal-irrai-saio oiek, astelenez eta ostiralez. Arratsaldeko zortziretatik bederatzietara. Entzule asko izango al dituzu gure errietan.

 

.— Baiona'ko seminario andian euskera ikasten asiak ditugu, irakasle Lafitte euskaltzale argia, ta ikasle 27 apaiz-gai. Bertako buruzagi euskaldunari gure zorionik kartsuenak, erabaki eder au artu dulako.

 

.— Naparroa'ko Aldundiaren aurtengo diru-egitamuan 250.000 laurleko ageri dira euskeraren alde emanak. Asmo ori onesteko Aldundiak bil arazten du beste batzarre bat diru kontuen aztertzekoan esku nausi daukana. Bion arteko batzarre, au Consejo Foral deritza ta eundik gora dira batzarre ortako ordezkariak. Orra, ba, biok ao batez, uko bat ere bage, baietsi dute asmo eder ori. Naparroa'ko euskaltzaleak batez ere pozik gelditu dira.

 

.— Andikona'n, Berriz'ko auzoan dagon abade berriak erderaz egiten ditu eliz-itzaldi, errosario ta guzti. Umetxoei ere erderaz ematen die kristiñau ikasbidea. Dakigunez, auzo ortan erdaldun bat ere ez dago. Txarrena, abade orrek badaki euskeraz. Comillas'en ikasitako abade orrek Pentekostetako miraria berriztu edo nai ote du? Elizaren agindua, ordea, argi ta garbi dago bere Araudian, erri bakoitzari bere izkeraz erakutsi bearra Jaungoikoaren berri. Zoritxarrez, orrelakoak beste zenbait errietan ere gertatzen dira. Bilbo'ko Gotzai iaunak neurririk artuko al du orrelako abadeei euskeraz eragiteko? Baiezkoan gaude.

 

.— Baiona'ko Euskal-Museuan batzarre aundi bat izan dute emengo euskaltzaleek: Maipuru, Aturia'ko ta Akiza'ko Gotzai txit agurgarri dan Mathieu iauna. Mintzalari Narbaitz iauna, Baiona eliz-barrutiko gotzai-orde nagusia: euskeraren aldeko egitarau eder-eder bat aditzera eman zun, euskera iraunerazteko lana nola egin, eragin ta bateratu dezaketen azalduki. Emengo eliz-agintariek iaso bitzate euskaldun guzion zorionik kartsuenak, batez ere Mathieu gotzai txit agurgarriak eta Narbaitz gotzaiorde iaunak.

 

.— Aita Iagoba karmeldar bikainak «Goi-zale» eliz-idaztinoa argitara-berri du: bertan ipini ditu goiz-gaueko otoitzak, aitortza, Jaunartzea, Meza santua, Gurutz-bidea, Joseba deunaren zazpi igandeak, ongi ilten laguntzeko era laburra ta abar. Baita ere bertan sartu digu Aita Pi karmeldarrak euskeratu zigun Kenpis agurgarriaren «Kristo'ren Antz-bidea», goxo ta arduraz euskeratuta.

 

.— Bizkai'ko B.'tik I'tar I.'k auxe idatzi digu: «Jaso det zuen EUSKAL-IDAZLE ALKARTASUNAREN Adierazle dan azken aldizkaria. Ura da aldizkari mamitsua, euskal aldizkari jatorra, giartsua! Zuk or eta emen, goian eta beian esaten diranak entzun eta bost ajola gabe zure asmo eta gogaketa sendoakaz aurrera. Gure euskeraren alde orrelako gizon maite-minduak bear genituke. Orrela balitz —Jesukristoren ikasbidea lurbira guztian zabaltzeko amabi ikasle naiko izan zirala—, euskera euskal-errian berpizteko ere naiko izango lirake. Baina, gu gera errudunak, ez beste inor. Lasai bizi nai, bape burua naigabetu gabe. Ikasgoan erdera ikasi degula ta orain euskera garbia ta jatorra ikasteko pizkat burua ausi bear dala ta orrelako igespide asko. Zuen aldizkaria lenen azaletik azken azaleraino irakurri det. Ze poza, ze alaitasuna nerea... Arantzibia'ren Mazmarroizti atala edo idazkaia ez da erraza izango euskera garbi ta adikorran idaztea, ta ala ta ere garbi ta adikor ipini du. Ta au esaten dunez lau abizen oneen berriak jakitea nai nuke IBABE, IRIONDO, KORTAZAR, UGARTE. Noiz eta nun sortuak diran, nundik eta nora aldatuak diran zer esan nai duten, mazmarrorik izan badute ze mazmarro izan duten e. a.» Datorren zenbakian emango ditu Arantzibia argiak abizen ederron gora-berak. Urren arte, beraz.

        Montevideo'tik Mitxelena'tar Salbatore euskaltzale ta euskal-idazle gorengoak: «Aspalditxotik nengon zuri idazteko, eskerrak emanaz, txintxo-txintxo datozkidalakoz zure ta gure «Euzko-gogoa» ren azken-zenbakiak; eta zorionak emanaz aldi berez gainera, gero ta bikainago sortzen duzulakoz aldizkari ori. Bainan, oraingo ontan beste zio bat dut, are aundiago, zu'ri bein berriz txaloak emateko. Itxaropenak erregalatu ta («Itxaropena» jaunak, alegia) el-arazi zidan zure «Bidalien Eginak». Irizleek aitor dizutena'ri ez noakizu emen ezer erastera. Aien goratzarrea guziok damaizuguna baita. Auxe bakarrik: Euskerak erderetara jo gabe berebaita utsez jakintza-gairik ezin adirazi zezakela zinotenek onezkero ixilduko zirala noski ta beingoz makurtuko ere zure emaitz egundoko orren aurrean. Besteak beste, zeuk bakarrik zenezaken arazo zangarra burutu diguzu. Betiko eskerron Euskalerriak irakurle guzion aoz.»

        Bizkai'ko A.'A.'tar B.'ek: «Ondo eldu zitzaidan eta poz-pozik irakurri dut geroago ta edertoago egiten duzun aldizkaria. Gure izkuntza berbizi ta indartzeko orixe dugu izan be biderik onena: euskeraz erabili gai oro, errezak naiz gaitzak; eta au dagi gure aldizkari eder orrek, ukakoien esamesak alde batera utziz».

        Paris'tik Irujo iaunak: «Lenik nere zorionik kartsuenak zure lanaren alderako. Euskera bait-da gizadiaren kultura-altxorrari euskaldunok ekarri diogun ondasun-pilo onena. Ta naiz ta orrela izango ez ba'litz ere, gure izkera dugu, izan ere.»

        Gipuzkoa'ko U.'tik B.B.'k: «Gaur artu det zuk bialdu deustezun «E. G.» Eskerrik asko. Eztakizu zenbat estimetan dodan bialtze au. Al dan guztia egingo det emen arpidedunak bilatzen. Oso egoki egiten zait, bai neurriz (poltzikuan ibilteko) eta zer esan be'z gaietaz: beti sail berrien bat eta gaurkoan «Heraldica». Gai berririk bialtzen deutzuenean, ez artean itxi; argitaratu, argitaratu, eta garrantzi aundia emango dio orrek aldizkariari».

        Suede'tik Holmer euskalari iakintsu-iakintsuak: «Itz gutxi ta apal auekin, eman nai nizkizuke zuri milesker E. G. errebista ori neregana bialtzegatik. Oraingoz bi zenbaki artu ditut ta arritu naiz, alegia, ikusten orrenbeste gai ezberdinak dauzkala ta oiek oso sakon ta garrantzi aundikoak. Ar itzazu bada nere biotzezko zorionak».

        Aipatu ditudanei ta idazten diguzuenoi biotz-biotzez eskerrik asko, euskaldunen gisa, alegia.

 

.— Beloke'ko beneditano azkarrek argitara berri ditute «Ezkila» argitaraldiaren gora-berak eta idazti eta idaztiñoen taxu zeatza. Lan aundia darabilte gure anaiok euskeraren alde. Zorionak eta zorionak biotz-biotzez. Euskal-gogoaren lur berriak lantzen mutil bipilak ditugu fraideok. Erri osoa iarriko al dute xutik euskeraren alde su ta gar, emengo Euskalerria ta zeruko Euskalerria alkarturik.

 

.— KARMEL euskal-egutegia iaso dugu. Ala bearrik, asmo berriak dakartzite karmeldarrok. Orain artean, urtean bein bakarrik agertu izan da Karmeldar Egutegi ori, urtearen asieran, alegia; aurrerantzean lau ataletan bananduta argitaratuko dute, iru ilabeterik iru ilabetera, arean. Gainera, arpidez zabaltzea erabaki dute era ontan guziondako egokiago izango zaigula-ta. Zure izena eman, ba, irakurle, urteko 15 laurleko ordaindu ta geiagoko bage etxera eramango dizue iru-ilabetero KARMEL Egutegia.

 

.— Iaso berri dugu NORA? Irun'go Salletarren ikastetxeko aldizkaria: irugarren urtean doaz ta XI'garren zenbakia da azkena. Aldizkari apala axalez, txukuna, ordea, ta mami aundikoa, bai orixe. Zorionak zuei ere Anai Agurgarrioi, euskeraren aldeko zuen lan ederra dala-ta. Jaungoikoaren morroi ta euskaltzale sutsu izan daitekela batera, aditzera ematen baituzue.

 

.— Buruñurdunen «Zeruko Argia» ere koxkortuz eta ederragotuz datorkigu, ala bearrik. Lengo idazle zar ederrak birgaztetuz ageri dira aldizkari errikoi ortan. Bidariak argia nai omen du. Bidari onak, zeruko argia naiago, lurrekoa baino. Euskaldun kristauak, ordea, zeruko argia bcar du, ara zuzen joko ba du. Argi eder ori zabaldu nai du aldizkari eder onek Euskalerriko txoko guzietan. Zer ederragorik? Zabaldu, ba, gure «Zeruko Argia», euskaldunen artean.

 

.— Amaikatxo lan burutu zun euskeraren alde Bonaparte erregegaiak! Aurten, ain zuzen, eun urte dira ark lenengoz eginarazi zun euskal-batzarre-urtetik. Ori dala ta, Lafitte euskaltzale iakintsuak dei eginda, biltzarre izan dute Baiona'ko euskal-museuan emengo euskaltzale ta euskalari aipatuenek, eungarren urte ori, bear danez, ospatzeko. Esker oneko da euskalduna, euskeraren alde lan egin dutenekin, ala bearrik.

 

.— Paris'ko «Euzko-Gogoa» ren arpidedunek asmo eder eta berri bat darabilte burutan: ilero alkartuta, alkarrekin irakurri ta aztertu gure aldizkaria, alegia, azaldu bearra'k alkarri azalduki. Bidenabar bideak erreztu, gure aldizkariaren arpidedunak ugariago egiteko. Ederki ori, Agesta adiskide laztana. Orrelako zerbait egingo al dute gure errietan. Zorionez, azken egunotan, ugariagotuz ta ugariagotuz doaz gure arpidedun berriak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.