L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. iraila-urrila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Belko

 

Utsa

 

Oraindik zutik dauden puskak ba-dira. Ekaitz, erauntsi eta izurri guztiak baño okerragoak diran giza-eskuek beste asko larrutu dituzte. Ala ere, lurreko borobildi osotik etorri oi diranei deitzaile bezela, emengo egoiliarrek toki bakoitzeko arri guztiei maiteki begiratzen die. Nerau ere, noizik bein gomutaki oriek ikustera yoan oi naiz.

        Baña, beste ezerk baño geyago Belko'ren oroitzak narama aruntza. Aren aztarnak nonbaitetik atera nai nituzke. Arek yarein zitun Uxua eta Txurdin nondik nora ibili izan ziran ikasi. Bi ayek ixuri zituzten izerdi tantoak zein arri busti zuten ikusi. Belarrietako entzunmena apur bat zorroztu egin bear. Begiei azke utzi, aspaldiko marrak nonbait nabaitu ditzaten. Bañan, irudimena estu xamar lotu geyegizko ametsak egin ez ditzan.

 

* * *

 

        Aukerako yolastokiak ba-zituzten erromarrak aspaldiko garai ayetan: odola ikusteak sutu egiten zitun. Geroxeago eraikitako yolastoki izendatua, erdiya baño geixego ageri da, eta izketan asiko ba'litzaigu, geron belarriyak ixterañoko garrazkeriak aitatuko lituzke. Giza-burrukak ba-zituztela edonork daki. Yopu-burrukalariak, ostera, non-naikoak ontzat artzen zituzten, artarako egokiak ziranak, batez ere. Etxeko semien odola ikusteak baño, beste nonbaiteko ama baten umea ila ikusteak malko gutxigo ixur-erazten baitzioten.

        Ayen zaitzale, ez dakit nongo ertzetik, Belko agertu zan. Mutil bikaña. Yauzilari yayoa. Atxintxikari bizkorra. Gizaseme mardula. Amaikatxoren begiak aren atzetik zebiltzan. Ua berdindu zezakenik ez zan. Ala ere, batetxo arrotzen ez zala norbaitek igarri zion.

 

* * *

 

        — Belko! Atzo arratsaldean ere enparantza osoa zuri begira txito txoratua euki zendun.

        — Zergatik, gero?

        — Egiya da! Arako, artearen besoak zitun germaniar ari, aizekerirako lañeza nola kendu zenion, zerorrek bai al dakizu? Gizoztearen gorak eta aupa-otsak ez al zenitun entzun?

        — Ez ziran, ala ere, gure itxaso irakiñaren durundi ederraren amarretik bat. Zuk ez dakizu, Tulia, ua nolako zabaldi zoragarria dan. Zuek uste izaten dezute zeron itxaso maxkala iñongo ederrena dala. Ni ez nau batetxo txoratzen.

        — Zenbat izkuntza dakizkizu, Belko?

        — Bakar bat ez bear bezela. Nere-nere ua nai nuke aztertu azken zañeraño. Nere arbasoen izate guztia, gure oyan eta ibar muskerren izenetan mamitua daukagu.

        — Noiz eraman bear nazu alderdi ayetara, orren ikusgarriak diranez gero? Esateko dizkizudan zertxoak, antxe lasayago adiraziko nizkizuke. Emen ez didazu itz egiteko tarterik ematen eta uzten. Ez dakit zeren beldur zeran.

        — Bai. Niregana aitaren isilik etortzen zerala ba-dakit. Beste toki geyagotara ere, orrelaxe yoaten zera. Alakoren batean, norbaitek aitari esango dio; eta arek etxe-zuloan itxi egingo zaitu. Ez litzake lenbizikoa izango, eta uri ontan iñor ez litzake arrituko.

        — Gaizto aundi! Nondik dakizu aitaren isilik nabilela? Zuregana bai, asmatu dezu: nere aitak ez dakila nator; bañan, beste toki ayetara ez. Nere aitak ederki daki. Ua bera ere yoango litzake. Bañan, erromar aundizkien beldur da. Arako itz ayek ez bait-ditu bear bezela ulertzen: «Zertarako litzayoke iñori, ludi osoa irabazi izatea, bere burua galduko ba'lu? Ala, zer eman lezake iñork bere biziaren ordaiñez?»

        — Zure aitak ez ditula ulertzen? Ta zerorrek bai ote?

        — Nik ez dizut ulertzen ditudanik esan; bañan, ulertu nai nukenean nabil.

        — An esaten al dizkizute oriek? Nork?

        — Paul deritzan batek. Zuk ez dezu ezagutzen. Zuretzako ere ba-lituke arek aolku egokiak.

        — Benetan? Zein?

        — Auxe beintzat bat: «Burrukari guziek gartxu dira; bañan, ayen buruntza zimelkorra da; gurea, berriz, zimelduko ez dana».

        — Ni ez naiz burrukalari.

        — Ayen aurrelari-zaindari, bai, ordea!

        — Noski. Nero'k eman oi dun ostozko buruntza zimelkorra da. Ori besterik esaten ez ba'didazu! Non du Paul'ek zimelduko ez dan buruntza? Urrezkoren bat?

        — Esan bear nizkizukenak oro, une laburrez nola esango dizkizut? Oporraldiz Euskalerrira zoazenean zurekin eraman nazazu; eta, banaka-banaka adieraziko dizkizut. Aitak ez du ezer esango. Arek ere maite bait-zaitu.

        — Ez det sinisten. Ez zuk, ez zure aitak: iñork ez nauzute maite.

        — Ori ez da egi.

        — Ziztakoz biotza minduko dizut.

        — Nai dezuna esan.

        — Zure aitak ulertzen ez ditunetan, Paul'ek esan oi dun auxe ere ba-da: Zuri egitea nai zendukena, zerorrek besteri egin. Erroma'n iya iñork ere ez du argirik ez gogorik itz oriek ulertzeko eta itz orien arauz bere bizia eratu eta zuzentzeko. Askotxo esan dizut, noski.

        — Ez da orrela. Entzun! Zuri egitea nai ez dezunik, zerorrek besteri ez egin.

        — Zure aitak ori ez du egiten. Eta, Erroma'ko beste aundizkiek gutxigo. Yopuak, neska eta mutil, gizonezko eta emakumezko, artaldeak bai'liran erabiltzen dituzte. Biotz-gogorkeri aundia da ori.

        — Zure aberkideak ez al dute orobat egiten?

        — Euzkaldunen artean ez da yopurik. An guztiok Aitor'en seme gera.

        — Bai al dakizu, Paul'ek yopuak asko maite ditula? Onesim'ekin batera beste bi yopu ukuzi omen ditu.

        — Ezagutzen ditut. Bat Urko da, bestea Zinko.

        — Nolaz esan didazu maite ez zaitudala?

        — Maite ba'ninduzu, nere izkera ikasiko zenduke.

 

* * *

 

        Belko'k urte ta erdi eman zitun ainbeste maite zun baso itzaltsuetako lurralde artan: ango iturrietako atsa obeki xurgatzeko, eta idekorik ez dun itxaso urdiñaren gezalez birikak anpatzeko. Egokierak ere, alakoxeak zitun. Erroma'n ikasi zitun euskaldunen gurasoengana agertu gabe ezin bait-ziteken egon. Gaualdi luzeetan, batez ere, galdelarien yakingura asetzeko Tulia'ri entzunak erritarren belarrietan yalkitzen zitun. Yakingarri berriak, nolanai ere. Ez, ordea, ain zail eta burugabekoak. Arek esandakoak aintzakotzat artzeko esparik ez ba'zun ere, neska berarengana iñola ere ezin zan makurtu. Eusko-mendietan, bazan, noski, ua añekorik. Menperatu uste zituten errienganako, erromarren biotzik-eza ikusita, Belko'ri izugarrizko zotiña sortzen zitzayon. Min aundi bat. Naigabe sakona. Uste ez zula, barnea estutzen zitzayon. Iñor gorroto ez zularik, besteekin biltzen zanean beti itz gutxiko, ezpañetara irri-parra ezin ekarri zula gertatzen zan.

 

* * *

 

        Bitartean, Belko noiz itzuliko edo ikusiko an zegon Tulia, geyegitxo luze-iritzirik. Kistar-sinestearen yakingarri bearrenak ikasi zitun. Paul'en itzaldiak bein ere uts-egin gabe, aren eskaketa bateri ez zion amor ematen. Bidali deunak neska gartsua ur-deunez ukuzi nai zuken; Tulia'k berriz:

        — Geroxeago! Oraindik gaztea naiz! Gañera...

        — Berriren bat al degu?

        — Ez bait-da oraindik Belko itzuli. Ba-zeneki? Uaxe bai gazte osoa! Ezertxoren kutsurik gabea. Arek soñean, zauri-ondo tikienik ere ez du. Mazala. Indartsu. Erabateko maitagarri!

        — Zerbait esanak al zerate?

        — Ez bait-da ua, emengo mutilak bezelakoa. Eskurik ere ez dit ikutu arek neri. Arek uste izaten du, bere itzez norbait minduko dula: ortan ere ez daki. Bakoitzari aren izkeran itz egiten dio: edonongo izkuntza berialaxe ikasi oi du. Sarritan egoten naiz gogoratzen zuretzat aukerako laguna zendukela.

        — Eta nondik dakizu emaztetzat naiko ote zinduken...

        — Norbait bear dulako. Emen bizi dan egunetan, orain arte bezela beti bakarrik ibiliko al da, bada? Beste norbaitek okerbidera eraman baño len, nerera artzia ez al litzake obe izango? IESU Yauna nor dan aitatu izan diot; eta, etsi-etsirik nago, nik esandakoak ez ditula aaztu; eta, bere aberkideen artean ere orrelakoak berritu izan ditula. Egunen batean, arekintxe yoan gindezke, nai zenduken bezela lur-borobildi onen azkeneko gueneraño. Bitarte ontan, niri yakinbearreko guziak ziero agertu bear dizkidazu. Eta, nai al dezu ari galdetzea, zu ikustera urbildu naiko ote luken?

 

* * *

 

        Txurdin eta Uxua neska eder egiñik zeuden. Ayek biak Belko'ri ematen zioten errukia! Asierako egun ayetan, igara-arrian biyak lan gogorra zuten. Ayek, ordea, edozertarako gai zirala-ta, beren lana abesti ederrez arintzen zuten. Gero, abeslarien sailerako bereizi zituzten. Ayen eztarri leunetik irten oi ziran abestiz, erromar aundizkiak erotu bear zutela zirudin. Okerrena Tulia'ren aita zan; eta, bein baño geyagotan Uxua bere egoitzara eramateko gurariya agertu zun. Ortatik Belko'ren larriya.

        Yopu-zaindari euskotarrak ez zion itzuli zan berririk bakartxo bati gaztigatu. Baña, beste ua berantetsirik bait-zegon, an ibili oi zan batean usna eta bestean galde, adiskidetzat nai zukena iñon ikusiko ote zun. Belko ez zan yolastokietara agertzen. Egun ayetan abeslarien nor-geigoka bat eratu zuten. Txurdin eta Uxua aruntza yoatekoak zirala-ta, Erroma'n ziran euskaldunak ere an bildu ziran. Aundizki-alaba batek izan zitzazken eskubideak geitxo luzatuz, Tulia'k Belko'ri bere ondora deitu zion. Mutila gogo txarrez ziyoan; bañan, nexkak ezer igarri ez zezan alegiñetan ibili zan.

        — Ez nekin itzuli ziñanik.

        — Bidean beti oñez etorri bait-naiz, iritxi berriyan atseden artu nai izan det.

        Abeslariek lenbizi erromarren izkeraz abestu zuten, geroxeago bakoitzari bere izkuntzan zilegi zitzayon. Ontan euskeraz asi ziran: Txurdin eta Uxua, alegiya. Ederki bezin ederki.

        — Belko ulertu al diezu?

        — Zergatik galdetzen didazu?

        — Ainbeste izkuntza ba-dakizkizulako. Ulertuko zenien, bai! Nik itzik ere ez. Ile oriya dun ori, gure etxean sarri izaten da.

        — Zertako deitzen diozute? Gauerako bere lagunetara itzultzen al da?

        — Orain arte bai. Bañan laister bere buruaren yabe izateko bidean sartu dute. Paul'ek ere asko maite du. Egiya esan aizpa biyak Kisto'ren irakatsiak txito ikasi dituzte. Nik baño obeki ere bai. Bein entzuten dutena oso gogoan artzen dute. Ni baño azkarragoak dira. Ez, ordea, zu baño buru obegokoak. Paul'ek ukuzi nai ninduke. Nik aurrerabiderik ez diot ematen.

        — Zergatik ez? Eragozpenik bai al dezu, ba?

        — Entzun, entzun! Berriz ere aizpa biyak abesteko yaiki dira...

 

                        Antxume tiki batekin,

                        Azokara nintzan yin

                        Eroslerik an ez eta

                        Ba-nizun biotzean min.

                                Antxume tiki polit!

                                Nik bai, biotz-barnean min.

 

                        Galdez laister asi ziran,

                        Lagunak ziri-miri

                        Ez zitzaizula txitxirik

                        Zuri iñondik agiri.

                                Antxume aul-ezerez!

                                Lotsa zetorkidan niri!

 

                        Marraxkaz asi ziñala,

                        Gogait zenidan egin

                        Zure-bixar itsusiyak

                        Aizeak arin, zebilzkin.

                                Antxume txuri polit!

                                Marraxkaz zenion ekin!

 

                        Biaramongo goizean,

                        Sasiyan zu nagusi:

                        Osto gaberik arantza,

                        Beriala nun ikusi.

                                Antxume bixkor sorgin!

                                Zuk sasiya azkar biluzi!

 

                        Urrengoan maloetan,

                        Arrano ta sayekin

                        Beeraka amiltzen ba'zera,

                        Ayek izango etekin.

                                Antxume txoro ergel!

                                Gaizki zakust malkardegin!

 

                        Antxume antza gu biok

                        Obeki darabilgu...

                        Gaurkoa azkena da eta

                        Barneak poz sortu digu.

                                Agur zuri, Erroma!

                                Yoputza bukatu zaigu!

 

        Ayen estarriyaren ederra! Bein abestu, entzuleak txalo! Bigarrenez asi, eta angoak asetzen ez. Irugarrenez, laugarrenez... Ayen bien eztarriyak asieran bezin legun, garbi eta zoli.

        — Zer diozu, Belko? Zure errian orrelako abeslaririk bai al dezute?

        — Orain ez. Oriek biyak emen daude-ta.

        — Aitari esan bear diot, neska oriek gure etxera artzeko. Neronek ere orietxek bezela abesten ikasi bear det.

        — Eta, zure aitak baño len, beste batek norabait aldatzen ba'ditu?

        — Bai zera! Nor liteke uri ontan orren indar aundikoa?

        — Ez dakit! Ez dakit!

        — Ezer ez didazu esaten, Belko!

        — Ez estutu. Ez naiz iñora yoango; eta nere etxera, nai dezunean etorri.

        — Egitan?

        — Gezurrik esan izan al dizut orain artekoan? Agur, Tulia. Zureetara zoaz. Aztu zitzaidan iya. Gosal-aurretik nere etxean zure zai egongo naiz, biyar.

 

* * *

 

        Goiz artan Urko eta Uxua, Zinko eta Txurdin Paul'i agur egiten izan ziran. Lauko ari Paul'ek muxu bana eman zien, eta senar-emazte egiñik yoaten utzi zien. Noizbait ere isileko lan ederra egin zun.

        — Agur, gure Aita on-ona. Engoitik, zu euskotarrentzat lenbiziko siniste-aldarrilari izan zerala eskubide osoz esan ahal izango degu...

        Lauak Belko'ren etxera baño len, Tulia ere agertu zan. Ez zekin asko ikusi bear zunaren berri.

        Antxe ere zeuden zai beste bost mutil euskaldun, ezkonberriei gurasoen etxeraño laguntzeko.

        — Egun on Belko! Lenbizikoz, gaur nator zure etxeral Oso lanpetua zabiltza! Ez dezu, ba, iñorako asmorik izango?

        — Ez al nizun atzo esan? Ortxe datoz. Atzoko abeslariak. Zure etxean ez dituzu ikusiko.

        — Zer egin dezu?

        — Nere yayoterrian txanpon batzuk bildu nitun. Lau orien askatasuna lortzeko ziran. Zuek erromarrok zeron morroyak iskiluz yosirik urrutira bialtzen dituzutenean, andik yopuak ekartzeko izan oi da. Guk ez degu orrelakorik egiten. Al ba'nu, iri ontako yopu guziak oraintxe bertan yarei utziko nituzke.

        — Belko, oraintxe bai maite zaitudala!

        — Atzo arrituta zeunden neska bi oyen abesteko pozaz. Ordurako ba-zekiten orain norantz abituko ziran. Orretxek zemayoten eztarrian alako zolitasuna. Beste abeslari guzi ayek motelago yardun ziran. Ez zuten pozik. Abestaldia amaituta betiko zulora yoan bearko zuten... Zertara?

        — Zergatik ez dizkidazu lendik zure asmoak agertu?

        — Orain dakusazuna itz geyegi gabe zuretzat mintzolari izatea nai nun.

 

...........................

 

        Otordu eder bat egin ondoren, bederatzi euskaldunak sartalderuntz abitu ziran. Belko, alabaña, Erroma'n gelditu zan. Ustekabean, erromar gudamutilek euskotarren bat ekarri zezaketen. Alakoak pozteko, iri ontan norbait egoki zan; eta Belko'ren bizitza latza ez zan alperrik izango.

 

Erroma'n

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.