L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. iraila-urrila) —<eugo3233>




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, galde, iruzkin eta berri

 

.— AITA LHANDE IL ZAIGU: Il berri da Aita Lhande ospatsua. Baiona'n sortu zan 1.877'garreneko uztailaren 7'an. 1.898'garren urtean Jesu'ren Lagundian sartu zan eta Combes'ek Prantzia'tik bota zitunean, Belgika'n, Angletarra'n, Espainia'n ibilli zan. Euskaltzale kartsu ta euskal-idazle bikain zan ezkero, Euskaltzaindia'n sartu zuten asieratik beretik, eta «Euskera» aldizkaria antolatzea ta argitaraztea bere gain izan zun. Euskeraz «Yolanda» eleberria eman zun eta beste zenbait idaz-lan eta itzaldi ere egin zitun. Prantsezez euskalgai zenbait eman zitun idazti ederretan. Gazterik irakurri genitun aren «Mirentxu», «Autour du foyer basque», «Etude sur l'émigration basque en Amérique», «Bilbilis», «Le Pays Basque á vol d'oiseau». Prantzia'ko Tolosa'n, ikastetxe nagusian, euskeraren irakasle gertatu zan. Espainia'ko Borbon'dar erregek Espainian sartzea eragotzi egin zion, «Jel»tzaleegia zalakoan.

        Euskal-iztegi eder bat egiten asia zan, bainan, esku-artean zerabilzkin beste lanak tarterik etzioten uzten, eta «Aranart eta Lafitte jaun aphezek beren gain artu zuten hiztegiaren bururatzea, eta zazpi urthe eman zituzten sail ortan, jesuistek imprimeria pagatuz, Aita Lhande'ren izenean», «Herriak» aitortzen dunez.

        Ioan dan Iorraila'ren 17'garrenean Atharratze'ko eri-etxean eman du azken atsa ta Zalgizeko arbasoen il-errian eortzi dute. Goian bego euskaltzale zindoa. «Herria» asterokoak idaz-lan luze bat ekarri du Alta Lhande'ren lan ederra goraipatuz, eta andik ietxi ditugu berriok, labur-zur.

        Iñork ainean euskaldunen eta euskotarren esker-ona irabazi zun Aita Lhande iesulagun euskaltzainak. Ikusiko dugu, Euskaltzaindia'k zer egiten dun: Niketz bederen, ainbat lan burutu izan dunarentzat bioa nere otoitzik kartsuena ta nere goraipamenik beroena.

 

.— Banako ontan irakurri dezakezun «Belko» iragurgaiari buruz auxe idatzi digu «Utsa» euskal-idazle bikainak: «Idatzi ori ez da edesti, ez ipui: bai bien arteko. Esango dizut nola. Igazko udaran, zuk asko ezagutzen duzun bat ikusi nun Donosti'n. Lendik bein ere ikusi ez nuna, antxe Yesulagunen etxean, mezarako yazterakoan begien aurrera agertu zitzaidan; eta, an zanik era ez nekila, aren argazkiak ikusiak bait-nizun, esan nion: «Zu Arrizabalaga'tar Miren Koldobika zaitut, noski...». Arek: «Bai». Orrenbestez, eguarte artan, Easo'ko bazterrak zear ibili ginan, eta Erroma'tik etorri berria nintzala esan niolarik, Belko'ren mamia eman zidan: alegia, garai ayetan euskotar asko zirala Erroma'n ezpata-burrukari, eta erromar nexka bat ayetako batekin txito zoratua zala, eta Paul Deunaren ikasle, zala ere, euskaldunari Bidaliaren zertxo asko esaten zizkiola, eta abar. Beraz, Arrizabalaga'k asan zidanetik eyo ditut, lengoan bialdu nizun ori. Gayari antz geyago emateko asmoz emen ikasi nun, burrukalari oyetan yopuak bakarrik sartzen zituztela, eta ez bait-nun uste aundizkien alaba bat Erroma artan yopu batekin orrenbeste zaletu zitekenik, Belko'ri goraxegoko maila aman diot. Nik esan gabe ere dakizunez, lendik aurrelariren bat gabe, belgundariak arrotz-errietan ezer gutxi egin oi dute. Eta, Espaini'n bein ere izan ba'zan, Paul Deunak bide-erakusle norbait bearko zun. Neri ala iduritzen. Beste abeslari ayek, neronek asmatu ditut.»

 

.— Euskaldun minberatu batek auxe idatzi digu: «Gure aldizkari ortan neroni lekuko izandako salakizun auxe agertzea nai nuke, gure euskeraren arerioak lotsa ditezen. Arrua'tik gora, mendi gain batean, bada Edoia esaten dioten auzo koxkor bat, Uztapide bertsolariaren sorlekua, ain zuzen era. Orra ba, bizitegi zoragarri ortan den-denak baserritarrak dira eta ezta euskera beste izkuntzik egiten. Baseliz bitxibitxi bat dauka, oraindik orain Zabalo arkitektuak egina Zubero'ko elizen tankeran. Bertako apaiza, au da beltza. Ille orail gaztetxo bat nire emaztearekin sartu garaian aurrei meza kantatua erakusten ari zan eta esanbear guziak ERDERAZ esaten zizkien. Oraindik belarritan sartuta dauzkat aren itz batzuk: «pero si aqui no canta ninguna... a lo sumo dos...» Ez al da negargarri orrelako onda-lana egitea apaiz batek Euskal-erriko mendi punta batean?»

 

.— Badatozkigu euskal-idazle berriak samaldan, gure aldizkarirako ateak zabal zabalik baititute, ala bearrik. Guzioi zorion bero-berrak gure irakurle argien izenean. Berriak ditugu gure artean Etxeberria, Utsa, Abalegi'ko P., Azkoiti, Zinkunegi, Andozeko Txomin, Mendiola, N. Alzola, N.A.G., Gaztanaga, Olabeaga, Iru-Garate, ta abar abar, eta oraindik argitarazteko ditugun idazle berrien lan bikainak. Irakurleak orobat zorionka idatzi digute. «Julita» neska ederrak, ordea, auxe dio «Azkoiti»ri: «Emakumeak amaika plater apurtu degu mundu ontan. Urrengo aldizkarian arren jarri 3R edo 4 «Azkoiti»ren azpian».

 

.— Salaberry olerkari ao-ederrak au idatzi digu: «Zure bidez nahi nuzke hel arazi ene esker hoberenak Leizaola'tar Josu Mirena jaunak ene gainean agerarazi dituen lerro ederrez, «Gure Olerkariak» deitu zatian. Olerkaria hasten da, eta hats-hantzen, ezin jalgi araziz gogo bihotzetan daukan dei samurra: bere deia, bainan ere herriaren amets gorde-kechua. Haren atsegina jakitea, denen hitzak dituela, chori hegal urdin gisa, iratzar-arazirik, hegoietan gaindi firristan abiarazi».

 

.— Villoslada A. gogorregi erabili genula-ta arri ta larri ziran gure arteko txepel batzu. Ona emen, Loiola'ko Iñaki deunaren bizitza ori nola epaitu duten Argentina'ko iesulagunek: «Advertimos... final mente el parentesco de la hispanidad, para traernos con frecuencia manifiestas exageraciones» (CIENCIA Y FE aldizkaritik artua, San Miguel, Argentina, Año XII Junio-Septiembre 1956, No 47, 146-147'garren orrialdeetatik. Guk, berriz, auxe esaten genun: Españar-zaletasunez pikea baino mozkorrago eginda idatzi zula esaten genun, eta ortan ere ortan gaude. Orrelako idaztia Gipuzkoa'ko Udaletxeen babesean argitarazia izan da damurik.

 

.— Segovia'n argitarazten dan aldizkari CULTURA BIBLICA'ko 152'garren zenbakitik año 14, Enero-Febrero, 1957, 40-41 orrialdetik au iaso dizugu:

        «Berri onaren Astea... Bilbao... Aurtengoa Azileko bigarren igandeari (1956) zegokionaz izan da. Berri-Onaren egunaren aurrez astebetea Idazteun-Berri-Ona aztertzen eta ikasten.. Udaletxeko Idaztegian (Bidebarrieta 4) antola zuten idazteunaren Erakusketa ikusgarria... Erakusketa orren sailik argalenak oiek izan zenitun, nonbait, inkunable-saila ta gaurkotasunez igortzitako arloa ta euskal-itzulpenen erabateko utsa, nik uste». Bilbao'ko Luis Gonzaga C.D.'k izenpetzen du. Ala bearrik, Idazteunak euskeraz irakurriak ditugu, ta erakusketa ortan aurkeztu zitezken zenbait euskal-idatzi baditugu. Zergatik ez zituzten aurkeztu? Galde antolatzaileak... iakinaren gainean ixilduko zituzten euskal-liburoak, bildurrak-edo eraginda.

 

.— Gure aldizkariari buruz auxe idatzi digute:

        Praga'tik Tauer'tar Norberta'k bere 545'garren idazkian: «Zure aldizkaria zenbakitik zenbakira geroago ta ederrago da. Zein irakurgai jakingarri dakarzkin oraingo euskal-olerkari ta idazle ospetsuen lanak. Egitan, euskaltzale batentzat poz aundi-aundia da aldizkari ontako idazlanak irakurtzea. Zure lana txit merezigarria da eta nere utsez euskaldun zintzo guzien eginbearra da zure lanean laguntzea».

        D.'tik Z'k: «Azkeneko E.G. ikusi det. Aurmkoa bezin argi, txukun eta irakurgiro dator. Argiago esanda: geroz obeto. Zorionak.»

        Argentina'tik Iakakortaxarena'k: «Artu dut E.G., bikaina, ederki antolatua».

        Inglaterra'tik Urrutia'tar Gotzon M.B.S'k:

        «Aste Gurena ta Berbizkunde-aldija baketsu ta atsedentsu igaroteko Higheliffe'tik Streetly'ra etorri natzazu, eta lenen-lenengoz atsegin-billa Euzko Gogoa'ra jo dot, neurekin ekarri neban azkenengo zenbakija burutik orpora irakurriz. Solon jakintsubak emondako erantzun mamintsuban asi eta Agesta adizkidiak-eta Paris'en artutako erabagi onuragarriaño arnasa batez irakurri ta abo gozoz txastatut dot.

        Neuk aspaldin «Euzko Gogoan» idatzi ezpa-dot ez da euzkera-aldez zuekin buru ta bijotzez ez nagolako, ez orixe; aldirik iñundik lortu ezin izan dodalako ixan da.

        Negarka nai barreka beti aurrera dagixulako eta beti euzkeraz eta euzkeraz eta euzkera utsez artu nire txalorik bero ta zaratatsubenak. Ekin orrela beti. Lizardi'k iragarle-antzo amestutako «yaun ilezuriai» agur egin, bai, baña ixillian; erderaz eta euzkerearen il-jantzija eurekin atonduteko ez iñoiz jar. Euzkereari mamin eta jantzi barrija emon gura dautsen idazle gazte ta gantsubakin, bai, orrekin alkartu ta indartu.

        «Ele ederrez asi garan ezkero» (Arrugain), euzkerearen edertasunik ez lurperatu ezta alboratu be; «itano» eta «iketa» iñungo izkerak ez daben aberastasuna da; arren, berorixe ez baztertu. Erabilli ta zabaldu berori «Otsalar»'ek «Gezur-lilian» derabillan politasunaz; Etxaniz jaunak

                Ez uan bizi-kezkarik

                ez intzalako gizon uts

diñuanian derabillan letz; Monzon jaunak asmatutako BENAT eta SAKRISTAUak derabillen letz; Aizkorri'k gustiz errikoya egiten daun letz. Ekin aurrera. Entzute onaren «bitsean nai sitsean» (Zaitegi) zabiltzala, «eleak nai beleak» (Zaitegi) bananduten diñarduzula, ekin bide orretaz euzkerea landu ta edertuz berau «irudimenaren edergarri, adimenaren asegarri eta goguaren betegarri» (Zaitegi) egiñez.»

        Uartxu bat: nik KRISTO-AURRE K.A. idatziko neuke eta ez k.a. Engelandarrak B.C. eta A.D.»

 

.— IOPU itz ori dala-ta Solaun adiskideak au esan dit: Silvain Pouvreau bakarrik eztakar Azkue'k itz orren azalgarri. Iztegia irauli ta atsotitzak irakurri ditut Azkuerengan: «Urtean goyenean jopua jaubeen aldean» (286 atsotitza.). «Etxean jopua ta oilarra urte betean asko da» (292 g. atsotitza). «Jopua ta adiskidea, ez txiro ez aberats» (437'garren atsotitza). «Jopu» ori «siervo» bezela itzuli du Gorostiaga'k, Manu Sota'k aditzera eman didanez, «serf» bezela, alegia. Besterik dugu «iopo» van Eys'ek, Duvoisin'ek, Arriet'ek, Silvain Pouvreau'k dakartenez, «basauntza», «cerf» alegia. Lafitte adiskidearen oar maitegarria gora-bera, «siervo» edo «serf» esateko erabili dezakegu «iopu» itz zar eta txanbelina.

 

.— Ioan dan Epailean auxe idatzi genun: «Egiteko ederra egingo lukete gure erritarrei euskeraz idazten eta irakurten irakatsiko ba'lieke. Euskaldun motzak euskaldun berri gertaraztea lan polita da benetan: obea, ordea, euskaldun iatorrei areago irakastea. Amar euskaldun berri baino opagarriago dut euskaldun iator bati, bear danez irakastea». Itzok dirala-ta, Pranko'ren menpean euskaldun berri egin dan gazte euskaltzale argi batek sutan eta txinpartaka erantzun dit. Ona emen: «Azkeneko zenbakiak min eman dit, (Orrila-Garagarrilari dagokionak, alegia) «Irakurlearen txokoa»-n idatzia dala-ta. Ez nizuke minagatik idatziko, iñori ajolik ez zitzaioke-ta, aldizkarian emandako iritzia okerra dalako baizik, oker eta kaltegarria.

        «Amar euskaldun berri baino opagarriago dut euskaldun iator bati, bear danez, irakastea». Errexa da, alegia, au idaztea. Nere iritziz, itz auek gogor dira euskaldun berrientzat. Nik, aintzakotzat artu ditut. Euskaldun berriak nardatu nai izan dituzula ezin diteke pentsatu, zu nor zeran iakin ezkero, baina aldizkariaren itzak orixe egiten dute. Lurrera botako nituke euskerazko idazti guztiok, baina Aberria...

        Bigarren mailako al gera? EE. UU.'en beltzak bezela begiratuko al gaituzute? Euskaldun iator izatea obea dala badakit nik. Izkuntza liburuetan ala amaren ezpainetatik ikastea ez dala berdin ere badakit. Zoritxarrez ondo iakin ere. Nere lendabiziko anai-arrebaetaraino iraun du euskerak, garbi ta iator. Ni, ordea, euskaldun berri-berri, Franco'ren menpean egina. Zoritxar onek kezka aundia ekartzen dit, eta berak erantzungo dizu «Irakurlearen txokoa»'k ez bai du firmik.

        Edozein amar euskaldun berri, edozein euskaldun iator baten ondoan? Berdin al gera euskaldun berri guztiok? Berdinak euskaldun iator zeratenok?

        R.M. Azkue'ren ondoan, bai, euskaldun berriez pilo bat ipintzea, ez amar, geranok eta bai ta izango diranak ere. Baina, Arana-Goiri euskaldun berriaren ondoan, zenbat euskaldun iator? Zuk esango... Izen ospetsu auekin iarraituaz, ez al dira izan bear-bearrezkoak biak? Bistatik nor geiago?

        Euskera ikasten asi baino len, nork esan dezake euskaldun iator onek, euskaldun motz arek baino geiago egingo dula, euskeraren alde? Au ezin esan ba'diteke, nork bazterreratuko ditu amar euskaldun berri, iator bati irakasteko?

        Gainera, ez al da tokirik guztientzat? Tamalez, bai ta geiago ere. Ordun, zertarako olako erkapiderik? Ez al dakizute «Euzko-gogoa»' koak, euskaldun iator bat baino geiago euskeraz mintzatzen dirala berriei eskerrak? Berrien izkuntza ez da iator, ez du mamirik edo indarrik, noski, baina, biotza, bai.

        Amar euskaldun berri nardatu... Etorkizunean, aitak edo amak ez ote dira? Beren seme-alabaen bitartez euskera ez ote dute zabalduko? Nik uste, seme-alabaei euskera irakasteko euskaldun iator geienak baino gogorrago egingo du euskaldun berriak. Badaki berak asaben izkuntza galtzea zer dan!

        Euskaldun iatorrez beteta ez al da izan Euzkadi? ta nola dago gure izkuntza? Au ikusita, euskaldun iator izatea naikoa dala nork esango? Ez al da ondo iakina euskaldun iatorrak izkuntza utziko dula, oraingo egokeran, euskaltzale ez balda? Ez al da euskaldun iatorren obena, gura gurasoen eta asaben oben ikaragarria, bere mintzoera ez dutela maite? Au da gure zoritxarra! Ainbeste euskaldun iator epelak izan.

        Euskaldun berriak euskaltzale geranak iñork ezin ukatu. Ez ditzagun banatu, ba, euskaltzaleak. Euskalduna ez da iator ala berri, zale ala epel baizik Euskaltzaleok, berri ta iatorrak, danok batera, epelak —motz eta iatorrak— gure taldera ekartzearren lan egin bear degu. Etsi-etsian ekarri bear ditugu.

        Euskera nola maite izan-erazi? Or da arloa!»

        Orra luze bezain zabal, D'ko I.'tar M'k egin didan gutun iakingarria. Aukerarik ezean, labur-zur ona emen nere erantzuna. Euskaldun bat ere ez dut nardatu nik, iakinaren gainean, beintzat, are gutxiago euskaldun berriak, bai baitakit euskaldun berrion ekina ta zaletasun neurrigabea. Euskaldun motzak maitasun aundia bear du euskaldun gertarazteko. Ori egia da, ta egia bezelakorik ez da. Au ere egia, ordea euskera areago ikasteko aleginean iarten dan euskaldun iatorrak oro su aundia bear du bere biotz-labean.

        Nere ustez, orain-artean Arana-Goiri euskaldun berriaren ainakorik eztugu izan euskera berpizteko, ta Azkue'k aina euskera iatorra bildu ta antola dunik ere ez. Ala ere, Jaungoikoaren eskua ez da kakotu. Euzkadi'k, euskaldun eta euskal-erri bezela irautekotan, eraginez beste amar Arana-Goiri ta Azkue bezalakoak bear izango ditu. Euskera gain-bera ioan da ogei urte gorriotan: nun dira lengo jeltzaleak euskerari eusteko? Urte gutxitan bada ere, Gipuzkoa ta Bizkai osoa aien esaneko omen ziran. Oietariko askok eta askok, ordea, ez die erakutsi euskerarik beren semeei, are gutxiago karlatar ziranak. Nun da aien abertzaletasuna ta oien euskaltzaletasuna? Egia esateko, gure erri xearen euskerari buruz, porrot egin dugu 50'urteotan. Gure erria ez dugu iratzar al izan, bear danez, euskeraren alde, arro ta baikor, itsu ta zoli iarteko. Israel'darrek berritu ta berriztu dute beren izkera galdua, orain XX'gizaldi ta geiago galdua, ain zuzen ere, benetaka abertzaleak izan diralako. Euskaldunok berriz, oraindik bizitan daukagun euskerari ezin eutsinean ari gera, bai jeltzaleak, bai karlatarrak, bai iñoren mutil ez geranak ere. Euskaldunok ogen aundiren bat egin dugu, Jaungoikoaren errukirik ezpaitugu artze.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.