L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. azila-gabonila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Sinisten dut askatasunean

 

euskaratzailea:

Jokin Zaitegi

 

Zaitegi eta Plazaola'tar Iokin'ek euskeratua.

 

 

ERRI-ZALETASUNAREN ANTXINATEA

 

Iñongo errien gertari-agirietan badituzu zenbait orrialde eder, iakingarri eta dirdiratsu: orrialdeok irakurriaren irakurriz erriak bizi ta sutsu iraunerazten ditu bere oroitzapen gogoangarriak. Egundaiño ez dira aztuak izango, gizakumeen biotz-biotzetan iosita gelditu diralako. Piztuago ta piztuagotu bear diranetan, erdal-izkeretan ere entzun al izango dituzu. Egia esan, alako gertatzen agiriak ez dira izaten erri bakar baten ogasun eta ondare, gizadi osoarenak baizik.

        Orixe berberaxe gertatzen zaie emen dituzun agiriei. Bertan dauzkazu goi Ameriketako Erri-Alkartuen Askatasun-Agiria, Erriko Legedia, erritar bakoitzaren Eskubide-Bilduma ta Gettysburg'eko Otoitza. Gizakume askoren lana duzu bertan, Amerika izena eramango zuten Lur Berriak Colon'ek arkitu baiño lenago il eta lurperatuak izan ziran egille oietako zenbait, zarrenetik zarrenera iarrita.

        Barnean dituzten egia ta itxaropena, urteak ioan eta urteak etorri, lur zabalaren bazterrean zabalduak izan dira, noski baiño noskiago, ta gizona dan gizonak oso ta bete, bere eskubideen alde, luze bezin zabal, gudukatu dan alde guzietan, bere-bere egiñak zitun zain eta muin: urregorri uts-utsezko Agiriak baitira. Ameriketako Erri berri ta gaztearen Agiriok errialde guzietako izkeretara itzuli ta alde guzietan artu izan dute pozak ere pozak, eta edonon sortu izan ditute iñolako ekarri ugariak. Agiri oietako itzok gizonik iakintsu ta bikaiñenak esanak izan ziran aldi ta alde gogoangarrietan. Goi-Ameriketako Erri-Alkartuetan bizi diran erritarren ondare ta ogasun dira, ta Agiriokin bat-bat eginda beren iru erritarren izenak ageri dira: Jefferson Toma, Washington Iorka ta Lincoln Abraham. Erri berriaren oiñarri artu zituzten egiak ta sorburu errikoiak bateratu zitun lenengoak —Askatasun Agiriaren Egilleak— non-naiko errien onerako. Gudari abertzaleak garaipenera eroan zitun bigarrenak, eta Erri Berriko lendakari lena izan zan; eta bi-biok asmo bikainenetara iarri zituten Erri Alkartuok ondamenetik atera zitun irrugarrenak, Iopuen Iareigille Andi gertaturik.

 

 

ASKATASUNAREN EGUNA

 

        1776'gko. Uztailaren 4'garren egunean, Ameriketako Bigarren Batzarreak oiuztatu zun askatasun-Agiria: England'eko koroia'ri loturik zeuzkan asierako amairu maizter-errien txibista ta lokarriak etenik ziran arrezkero. Erri berri bat sortua zan, beraz. Amerietako Erri-Alkartuok sortuaziak ziran ageri onen bidez. Ez-arian ez-arian aziagotuz orde, alde-aurrez iarritako asmoetara sorturiko lenengo erria gertatu zan bere buruaren iaun eta iabe, ta oinarri ta goiburu errizaletasuna izanik bere biziaren etorkizuna ortan iarri zun lenengo Erria, ain zuzen ere. Amar urte aunditan Britain aundiakin latz ta garratz burrukan iardun ondoren, diru ar-emanen maila gaiñeraturik zeukaten, naiz ta burrukon asiera ortan izan. Askatasunaren erabateko gogoa ez zan agertu izan, ala ere, 1775'garren urteetaraiño, Massachusetts eskualdeko Lexington eta Concord errietan gertatutako burruken ondoren, ain zuzen, eta Virginia'tik Patrick Henry-k «askatasuna ala eriotza» irrintzi egin zun arte: oiu bizkor orrek gertarien bidea erreztu egin zun, baldinbait ere. Matxinadaren indarra ta kemena geroago ta areagotuz zioan giñoan, britandarren nagusigoa aulduz ta makalduz ari zan, eta maizter-erriak zein baño zeiñago bere buruen iaun eta iabe eraentzen ziarduten. Erritarren gogoa onarturik, Batzarreko aien ordezkariek asi zuten berebiziko eztabaida. Eztabaida orrek ekarriko zun azkenik Britain Andiagandiko askatasuna: 1776'garren urteko Uztailaren 2'garrenean erabaki auxe aurkeztu ta onartu zuten, «Erri Alkartuok bere buruen iabe ta eskuko dira, ta izango dira eskubide osoz», alegia. Bi egunen buruan, batzordean erabaki ta idatzitako Askatasunaren Agiria onartu zun Batzarre osoak. Agiri au ango erritarrik iakintsu ta bikañenak beti ere zenbateraño iaso ta zein goian euki duten ez da esaten errez. Agiri orren idazlea Jefferson Toma izan zan, eta Ameriketako Erri Alkarkuetan Washington eta Lincoln'ekin batera buruen buruko gizona.

        Azkenengo txatalean bakarrik aipatzen da askatasuna. Agiriaren amar ataletatik bederatzietan askatasuneren bearra azaltzen du zain eta muiñez. Biurri-aldia onesten duten zilegigo-oiñarriak azaltzen ditu agiri orrek asieran eta etorri aundiz azaldu ere. Gero, lerroz-lerro, Britain Aundiko Koroiak egin zitun biurrikeri guziak banan banan ialkitzen ditu, inglesak onarturik zituten Eskubide-Agiriaren urratzea barneraturik. Azkenik, argi ta garbi, sendo ta zindo, erriaren askatasuna ta beraren buruiabetasuna aldarrikatzen du.

        «Edonor bere esanetara erakartzeko bear ainbateko egiaz ta edonor berotu ta sutu-erazteko bear ainbateko suz», Biurrialdiaren oiñarri izan ziran erri ta gizarteko erakutsi guziak bertan dauzka Agiri onek. Egia esan, 1776'garren urteetako Ameriketako Erri-Alkartuetan ez zeuden oraindik mamiturik araubide goigoitarrok. Ezta urrik eman ere. Areago oraindik: egungo egunetako Erri Alkartuetan ere ez nonbait. Alare, Lur Berrietan sortu zan Erriaren bazalazkoa indartu ta sendotu egin zun; eta urteak ioan eta urteak etorri, zuzi-argiaren antzera, amerikarren bideak asmo ta goiburu goitarrok argitu dituzte, geroago ta beteago, geroago ta zindoago, asmo ta burukide errizaleok eguneroko iardunean soin ta mami biurtzeko.

 

 

ASKATASUNAREN AGIRIA

 

Lege-Batzarrean. 1776'gko. Uztaillaren 4'garrenean

Ameriketako amairu barruti alkartuen ao-bateko azalpena

 

        «Gizarte-gertarien goraberetan, beste bateri alkarturik zeuzkan erri-lokarriak urratzea erri bateri bearrezko gerta zaionean, sortzezko legeak eta legeak Iaungoikoak ematen dioten eskubidez bazterretako errien artean askatasun eta berdiñeko mailan betetzeko, gizadiaren iritziekiko itzal ederrak bereizkuntzara ortaratu duten zergatikakoak azaldu-bearra eskatzen du.

        Egiaz ta begiaz auxe ikusi ta auxe baiesten dugu: gizakume guziak berdin berdiñeko iaiotzen dirala; guziei kendu-eziñezko eskubide zor zazkiela, Irazleak berak emanda, oien artean, bizitza, askatasuna ta zorionaren irixtea zor zazkie; eskubideak zaitzearren gizakumeek iaurbideak asmatzen ditue ta oien eskubide zuzenak erritarren baiespenetik etorri datoz; eta elburuok lur io-erazten ari dan iaurbidea, berriztu edo kentzeko eskubidea dula erriak, eta asmo ortara, iarritako iaurbide berri bat artu, ta bere ustetan bere buruaren ona ta zoriona ta obeki zaitu dezaken bidez bere eskubideak antolatzea. Luzaroan iraun duten iaurbideak gauza arin eta iraizekoagaitik ez aldatzea zuhurtzak agintzen du, noski; eta ain zuzen ere, auxe dakigu guziok txarrera ezkero, bere makurrak eramangarri gerta diranetan miñak min iasatera egiñago dago gizadia, bere-bereartekoak kenduz eskuarrantza egitera baiño. Alabaiñan, etengabe io-muga bera nairik, geiegikeri ta gogorkeria gaiñez eginda bata bestearen atzean datoztenean, ta erri bat erabateko iauntxokeripean uztarperatzeko asmotan agertzen diranetan, auxe du bere eskubide ta eginbearra, iaurbide ori irauli ta geroko iardunkizun onerako bide berriak artzea, alegia; auxe izan da koloni oien eroapenez iasan bearra, ta auxe izan da lengo iaurbidea aldatzera eragin ditun noraezeko bearra, arrezkero. Britain Aundiko oraingo Errege, berriz, iardunago ta indarrago, berriz ta berriz geiegikeri ta gogorkeri ezin egin-alak burutzen, Barruti oien gain erabateko iauntxokeria zuzen-zuzen ezarteko bidean. Onen argibidea egitearren, eskualdeka ari ez dan lur zabalaren iritzietara ezarten ditugu gertariok.»

        Gero, banan-banan ialkitzen ditue beren aserre-aldiak. eta labur, oiek zenitun: uztarperatuon lege-egiteko eskubideak Erregek indarrean beretzakotzea; auzietarako entzupide ta ebazpideetan zuzenez erabaki eziñean ezarritako oztopoak; bake aldietan, maizter-erriak onartu bage, gudari-saila egotez bizi bearra; gudalburuak gaiñez eginda erriko buru gerta-bearra; maizter-errien gogoaz bestetara zergak iarri-bearra. Garai artakoan gudu-irrintzia auxe zan: «iauntxokeri utsa da ordezkari bage zergak ezartea», — eta beste zenbait biurrikeri.

        Odolaren eta zuzenaren oiuak entzuteko sorgor dirauten inglandar anai ta Erregeri azaldu-bearra azaldu ondoren, badator askatasunaren adieraztea ta aldarrikatzea.

        «Azaldutako dan ori dala-ta, Lurbira zabaleko Epaile Nagusiaren aurrian gure asmoen zuzena agerturik, eta koloni oietako erri onaren eskubidez ta izenean, andi-anditan auxe oiuztatu ta adierazten dugu: Koloni Alkartuok bere buruen iabe ta lokabe dira ta izango dira esku ta bidez, Inglanderriko Koroiari zor zioten zer-nolako kirmentasunez iarei gelditzen dira, ta Britain Aundiko erriarekin erriz-erri lotzen zituen erri-lokarriak erabat urraturik dira ta izango dira; ta bere buruen iabe ta lokabe diran Erriak diranez, guduarenak egin, bakezkoak egin, alkartasunak sortuazi, merkataritza antolatu, ta bere buruen iabe diran Erriak esku ta bidez burutzen dituzten gañerontzeko egingo ta eginbideak betetzeko eskubide osoa dute. Iaungoikoaren arretaren babesean on-ustez kirmen, azalpen oni eustearrena gure buruak, gure ogasunak eta gure eder-itsusirik gurenena, alkarri aginduz eskeintzen ditugu.

 

 

ASKATASUNAREN KANPAIA

 

        Idazti onen azalean agertzen dugu askatasunaren Kanpaiaren irudia. Kanpai ori Filadelfi'ko «Independence Hall»'ean gorderik dago, erritar guzien begi-betegarri. Toki bertan lenengoz irakurri ta aldarrikatu baitziran askatasunaren agiria ta Ameriketako Erri-Alkartuon Legedia. Iru bidar urtu bearra izan zuten, 1753'garren urtean ots bete, zoli ta durunditsua atera arte. Arrezkero, erriaren otsa izan da aren otsa.

        1776'gko. Uztaillak 8 zitualarik, lau egun lenago erabaki zuten erri uztarperatuon Askatasuna adierazi ta iragarri zun. Illunaldietan, eta gogoaz besterakoak gertatzen zitzazkien egun beltzetan, illun, goibel eta motel io zun kanpai orrek, eta pozaldietan eta gogorakoak gertatzen zitzazkien egun argitsuetan, argi ta alai, zoli ta ozen io zun: 1835'garren urteetako Uztailaren 8'garrenean, askatasun-egunaren urteburua zalarik, ta Iohn Marshall Epaikari-nagusiaren eriotzaren berri emateko giltz eragiterakoan, kanpai ori brintzatu, markestu, urratu ta betiko mututu egin zan.

        Ots aren oiartzunak, ordea, betiko durundika iarraitu zun, askatasunaren deia bailitzan, eta gaurko egunean, guduetako iskanbillen artean ere, iñoiz baiño argi ta ozenago entzuten da, gizonen buru-biotzetan durundi durundi ateraziz.

 

 

GORRI, ZURI TA URDINEZKO IKURRINA

 

        Ameriketako Erri Alkartuon ikurriñaren sortzea oroiterazten digu irudi orrek. Amairu erri uztarperatuek beuren askatasuna erabaki zutenean, bear-bearrezko gertatu zitzaien oial edo ikurriña, alkartasunaren irudia. Batzarre nagusiak auxe erabaki zun, «Erri Alkartuon oialak 13 lits eukiko zitula, zuria ta gorria ondozka; urdiñean 13 izar txuri, izarpilloa iduri, alkartasuna adierazteko». Aoz-belarri esan zanez, Ameriketako erri berriaren lenengo oiala ebakitzea ta iostea Betsy Ross (1752-1836) Piladelfi'ko iostunak egin omen zun. Washington, Robert Morris, Biurrialdiko gizon beuren-burukoa, Ross Iorka gudalburua ta Betsy'ren ezkon-anaia iostuntegi txikian andi-andirik aurkeztu ta ikurrin bat egiteko eskatu omen zioten.

        Arrezkero, zenbait aldaketa izan ditu Betsy'k egindako irudiak, baiña, urteak zear, lengo litsak eta zelai urdiñak berean iraun dute. Alkartasunean Erri berri bat sartzen danean, izar berri bat eratxiki oi da. 1912'garren urtean Arizonako barrutia alkartua izan zanean, 48 izar gertatu ziran, egungo egunean bezela, sei lerrotan zuzen ezarrita, lerro bakoitzean zortzi izar. Izar bakoitzak, beraz, Alkartasuneko Barruti bakoitza adierazten du, ta asierako 13 Barrutiak adierazten ditute litsek edo zerrendak.

 

 

LEGEDIAREN GORABERAK LABUR

 

        Gizaldiak zear, iaurlaritza-errizale onen etxea eusten duten oiñarri-abe nagusiak askotxo dira, izan ere. Nagusienetakorik duzu, ordea, Erri Alkartuen Legedia. Onen goraberak aspaldidanik asiak ziran, baitik bat Runnymede'n, 1215'garren urteetako egun batez, Ion Erregeari arako Gutun Aundia indarrean atera ziotenean barrutietako nagusiek. loan-etorri aundiko agiri ortan, Erregearen eskubideak mugaturik ta ertsiturik utzi ziran, eta erritar bakoitzari zenbait eskubide emanak izan zitzazkion. Agiri orixe duzu inglesen eta ipar-amerikar eskubideen giltzarria. Andik lareun urte geroago, Inglaterra'ko errege batek onartu zun Eskubideen Agiri ori, ta, arrezkero, Inglandar erritar guziek esku ta bide zuten aitorleen aurrean ebatziak izatekoa; eraberean, Batzarreak onartu bageko zergak ordaintzea ezezko biribilez ukatu zezaketen. Erritarren etxeetan gudariak bizitzen sarrerazteko eskubiderik ere ez zuten agintariek. Amazazpi ta amazortzigarren gizaldietan, Atlante'ren itxasoz bestekaldetik gure lurretara etorri ziran inglandar maizterrek erakarri zituten eskubideok, erri baten eskubide beiñenak bai-liran.

 

 

ASKATASUN-BILLA UZTARPEKOAK

 

        Demokraziaren aldeko amerikar uztarperatuen burruka asi, Inglanderrian entzun ziran deiei erantzunik, asi zuten. Inglanderriko deiak zoli entzun ziran eta zoliago erantzun amerikarrek. Iaurlaritzan erriko ordezkariak iartzeko alegiñetan, Ingland-erri uztarperatuek aldeko zituten Lege-Batzarreao liberalak. Erri-ordezkarien esan eta aolkuz onartuak izan ez ziran zergak ordaintzea ukatu egin zuten sendo ta zindo, ta Askatasunaren Agirian gero zerrendan iarrita ageri diran beste zenbait biurrikeriri ere, gogor egin zien, gordin eta buruzut. Guzi ori, Gutun Aundian eta Eskubideen Agirian ezarritako burubideak ontzat artzea besterik ez zan izan, egin-egiñean ere. Ingland-erriko agintarien iardunak naikoa erru izan zun eta ekarriko du kaltea.

 

 

ALKARTASUN OSOAGOA

 

        Biurrialdia amaitua izan baiño len, ezin-bestezkoa izanik, berebiziko legediak onartuak zituten amairu barruti geientsuenek, bakoitzak berea, beren buruen iabe izanik, berez bere iarduteko. 1777'garren urteko Azillaren amaboskarrenean, onetsiak ta sendetsiak izan zitezan aurkeztu zituzten Alkartasuneko Legearen atalak. Oiek sortuazi zituten Erri-Alkartuok, eta bein-betiko sendo-etsi zuten Alkartasunaren iaurbidea. Geroko amar urtetan ori ez zala aski, argi ta garbi ikusi zuten, baitik bat, bear zuten alkartasuna sendo-erazteko.

        Lege oien atalak berriz aztertu al izatea eskatu zuten zenbait abertzalek, Washington Iorka'k, Legediaren Aita deritzan James Madison'ek eta beste zenbaitek. Eskabide orreñ io-muga ede xedea «alkartasun osoagoa» irixtea izan zan. Asmo ta burubide orren billa, barruti guzien batzarrera dei egin ziui Bauarre Nagusiak.

 

 

LEGEDIA IDAZTEN

 

        1787'garreneko Orrillean, Piladelfi'n bildu ziran ordezkariek. Larogei ta amar egun aunditan erabakizuna bururen buru aztertu ondoren, oiek egin-legedia aurkeztu zuten, Barrutien izenean ordezkariak onartu, onetsi ta sendo-etsi zezaten. Esan eta egin. Gero, ao batez, lenengo lendakari Washington aukeratu ta Legedia zaitzeko zin-egin, eta 1789'garren urteko lorrailaren 30'garrenean bere nagusigoaren ardura artu zun. Il ontan bertan, Erri Alkartuon lenengo Batzarrea bildu zan.

        Legediaren arauz, iru adar nagusitan bereizten da Iaurlaritza edo Gobiernua: legeari dagokiona, legea bete-erazlea ta epaikariei dagokiona. Goiko ta beko batzarrean osotutako batzarreak lege egiteko ahalmena dute; legeok indar-erazteko eginbide du Lendakari batek, eta legeak austen ditunak ebazteko eskubide epaileek. Ezin dezakete agintari guziek, beraz, eginbide batean iardun, bata batentzat, beste batentzat bestea egokiago baitira. Errialde bakoitzak eskubide du goiko batzarrerako bi ordezkari aukeratzea, nork bere gogorakoak, errialdearen txiki-aundiari eta erritarren kopuruari begiratzeke: Beko batzarrerako ordezkariak, berriz, erritarren kopuruari begira aukera bear ditue. Iaurlaritzaren edo Gobiernuaren iru adarrak zeatz-meatz azaltzen ditu Legediak, batak besteari eragozpenik ez iartzeko, edo bata bestearen arazoetan ez sartzeko, zenbait arau ezarririk. Lege-nagusiari aldagarriren bat edo geigarriren bat egin-erazteke bideak ere zabalik uzten ditu.

        Arrezkero, 1789'garren urtean Batzarrea bildu zaneko Erri Alkartuon iaurbidearen egitamua mamiturik zeukaten. Beuren siñeskizunei eustearren burua emateko gerturik zeuden abertzale bizkor, azkar eta bulartsuek lanaren lanez orubeak atera, ta Ameriketako lur gizenetan iaurbide berria eraikia zuten, erritarrek bake zabalean eta beste erriekin bakean eta ari onean iardutzeko. Gerokoan, aien atzetik, ondorengo erritar trebe ta iakintsuak etorri ziran erriko iaurbidearen egitamua geroago ta sendoago, geroago ta zabalago-erazteko, Iaungoikoaren eskupean aurrera doan gizarte kementsuaren bear izanen asegarri.

 

 

ERRITAR BAKOITZAREN ESKUBIDE-BILDUMA

Askatasunaren ordaiña da beti zai egotea. (CURRAN: 1790)

 

        Errepublika-iaurbidea sorterazi zun Legedi Nagusiak, Ameriketako benetako demokrazi akats-bagea ez zun ezarri, ordea. Ezpaitzeukan erritar bakoitzari dagozkion eskubideen bilduma, ez-eta iopuak iaregiteko biderik ere. Bestalde, erriko artu-emanetan nortzu zitezken agintari ta nagusi ere ez zekiten oraindik guzi ori zenbait geigarriren bidez adierazi zuten eta geigarriok gero Goi-Ameriketako Erri-Alkartuen Legedi Nagusiari eratxiki zizkioten.

        Legedi Nagusiari lenengoz ezarri zizkioten amar geigarriak osotzen dute Erritar bakoitzaren eskubide-bilduma: bertan zenitun Inglanderriko Eskubideen Gutunak. onartzen zitun eskubideak oro, baita geroago Aberri Amak egokieraziko zitun beste zenbait ere. Matxinada egin zuten abertzaleen ekiñaren ekiñez lortu ziran geigarriok. Norberekoikeri, sariaren usteak eta erosokeriak alde eragiñik, asmo ta burubide bikain oien alde beuren besoen indarra, osasuna ta ogasuna ta eriotza arteko guziak eskeiñiak baitzituzten. Geigarriok onetsita erriko Legedi nagusiari eratxikitzea eskatzen zuten gudari oiak. Ez zuten lan makala leporatu. Batzarreak onartu-arren, errialde bakoitzak onetsi ta sendo-etxeko naikoa lan izan zuten. Lenago erriaren burutara auxe eraman bear izan zuten, beuren esanetara erakartzeko erritar bakoitzaren norbere askatasuna babesten zutela geigarriok, alegia.

        Lenengo geigarriak auxe eragozten dio Batzarreari: erria, erri danez. erlijio bat artu beartzeko legeak onartzea, siñeskizun-askatasunaren kontra legeak ematea, itz-egiteko ta idazteko ta gaitzen osabiderako erriak bakerik alkar-erazteko dauzkan eskubideak ertsitu edo laguntzea edo kentzea. Lenengo geigarri au auzitan eta epaiketan iratiotu ondoren, onelaxe erabaki dute epaile-buruek gai onen zain eta muiña: ots. erritar bakoitza bere buruaren iabe da, bere barruak agintzen dion siñeskizun edo iaurespidea onartzeko, ta bat ere nai ezpalu, ezezkoan irauteko; nork bere asmo, uste, iritzi ta burubide azaltzeko esku ta bide du, baizik ere, iñoren izenik gezurretan beztu edo salatu edo maixeatu edo itz likitsez obenik ez egitekotan, edota indarrez iaurbidea iraultzeko ez zirika araztekotan. Alkartzeko eskubidea, berriz, onela adierazi dute: erritarren eskubideak ezesten ari dan edozein agintariren aurka, iaurlaritzari laguntzea eskatzeko alkartu ditezke erritarrek.

        Goi-Ameriketako erritar bakoitzaren eskubide-bildumari gagozkiola, edozein erritarrek euki ditzake bere burua babesteko iskilloak; etxeko iaunaren baimenik bage, iñoren etxean ezin ditezke egotez ta bizitzez gelditu gudariek bake-aldietan, ezta gudu-aldietan ere, legeak agindutako arauera izan ez ezik; iñoren etxean ezin diteke indarraren indarrez sartu, egi-antzeko zerbait, zin-egitez edo baietz biribillez aintzakotzat artua izan ezik; dana dala, iñoren etxean indarrez sartzeko agindua dadinean, zeatz ta meatz aipatuko lituke etxeko zer arakatu, ta nor ta zer atzeman ditezken.

        Beste geigarri baten arauz, ez diteke iñor gaizto egin eta bahitu, naiz ta berak egiteko beltz edo itxusiren bat egin, aitorle zenbaitek epaileen aurrean gaizki-egin ori berari ezarri ezik; orrela norbait salatua dadinean, len-bai-len ta guzien agerian eta eskualdeka ari ez diran lekukoen esanetara epaitua izango da. Eragotzirik daude geiegizko (multa) ta gaudimenak eta zigorraldi anker edo geiegizkoak. Bestalde, gaizki egin bat bera dalata, auzi bat baiño geiagorik ezin diteke egin, eta bear danez auzitan zerbaiteñ erabakia artu bage, iñoren ogasunik ezin diteke bahitu. «Erriak dauzkan beste edozein eskubide kendu edo gutxitzeko gisa» ez da adieraziko Legedi Nagusia, bederatzigarren geigarriari gagozkiola. Ta amargarrenak dionez, Legedi Nagusiak Erri Alkartuoi ordeazten ez dien eskubideak, edota, beste Barrutiei eragotzi ez dizkien eskubideak, orobat, Barruti bakoitzak edo erriak berak beretzakotzat dauzka.

        Amar geigarriotan dauzkazu labur-labur erritar bakoitzaren eskubideak; eta edonon eta edonoiz, bere buruen iaun eta iabe izan diran erriek. asmo ta burubide oien alde odola emateko gerturik egon dira.

 

 

BESTE ZENBAIT GEIGARRI

 

Amairugarren geigarria

 

        Gudaketan bearrezko zirala-ta, beltz iopuak iaregiñak 1861-65 arteko gudualdian izan ziran lenik. Anai-gudu artako bigarren urtean Iaregiñen Agiria Lincoln lendakariak eman zun. Gudua amaitu-ala, Batzarreak ontzat artu zun amairugarren geigarri au. Oni esker, ioputasun anker eta gorria bein betiko kendu al izan zan.

 

 

Autarkiari buruz geigarriak

 

        1868'garren urtean amalaugarren geigarria onartua izan zan oni gagozkiola, beltzak ere beste erritar-eskubideen iaun eta iabe ziran. Amaboskarren geigarriak erritar bateri ere autarki eskubidea ukatzea Erriei eragozten die, beste endako, margoko edo len iopu izan zala-ta. Bi geigarriok onartuak izan ondoren, Ameriketako Erri Alkartuotan gizonezkoen autarkia sortua zan, arrezkero.

        Emakumezkoek, ordea, ez zuten oraindik esku ta bide beren autarkia emateko. Beraz, errietako erditsu-edo orrela zeuden oraindik; 1920'garren urtean emeretzigarren geigarria ontzat artu ta emakumezkoek ere eskubide orren iabe gertatu ziran. Arrezkero, naiz gizonezko naiz emakumezko izan, eskubide berdiñak ditute, izan.

        Oietxek dituzu Legedi Nagusiaren geigarri edo aldagarririk geientsuenak. Bazenitun beste bi bakan-xamarrak: amazortzigarrena (1916), alegia, onen arauz edari mozkorgarririk egitea ta saltzea, ta alde batetik bestera eroatea eragotzirik zegon; eta ogei ta bat-garrena bestea, lengo ori kentzen eta indarbagetzen zuna, alegia.

 

 

GETTYSBURG'eko OTOITZA

 

        Itzetan labur izan arren, geroko guzian oroiterazia izan dan otoitz au Lincoln Abrahan'ek egin zun Pensilvani'ko Gettysburg'en, 1863'garreneko Azillaren 19'garrenean. Lau urte aundi (1861-65) iraun zitun Ipar eta Ego aldekoen anai-gudua unerik larrienean zalarik, gudaldian, ildako gudarientzako ilerri bat eskeintzean egin zun otoitz ori, ain zuzen. Iru egunen buruan, bekoz beko iraun zuten bi gudari-saillak, Iaurlaritzarenak eta etsaiarenak, alegia. Abertzale aiek guduketan egin zuten biziera, bai estu-gorria! Aiek eraman zituten burrukaldiak, bai luze aztunak! Aberria zaitzeko aien sua ta garra, bai aundia! Amaika etsaiaren astinaldi artu zuten. Amaikatxo abertzale il ziran, beuren gogoa Iainkoarengan akats bagea izanik eta beuren soiña Aberriaren altzo ederrean eratzanik! Azkenik, ordea, etsaiak abertzaleok porrokatu zituten erabat txil eragiñik. Gettysburg'eko gudualdia iñongo gudualdirik gogoangarriena bailitzan oroiterazten du geroko guziak. Garaipen orri esker, Erri Alkartuok eguzkipean sendo ta bat egiñik iraun al izan dute, bertako erritarren gorapenerako ta edonongo erritarren onerako.

        Lincoln'ek berak besterik uste izan-arren, goiz beltz artan Gettysburg'en egin zun otoitzari iñolako gora eman diote nonnaiko erritarrek. Aren otoitz ori irakurri ala irakurriarren, beti egongo zera irakurtzeko amorruz: eskuratuz gero ezin utzia da. Nonnaiko abertzale ta gizon ikasiek eztaukate otoitz ori atzeko zotzean. Arantza orpoan baiño obe duzu alako otoitza amerikarren ao-biotzetan. Ezaguna dute erritar guziek; askok buruz ere badakite. Goi-Ameriketako Erri-Alkartuetan aurtxoak ere otoitz orren asmoetara kulunkatuak izan, eta gero ikast-Etxeetan beraren ederra ta bikaindasuna somatzen dute. Ederraren ederrez ta Goi-Ameriketako abertzaletasun ta errizaletasunez bete-beterik gaiñezka dagolako, Gettysburg'eko Otoitz ori Askatasunaren Agiriaren urren-urren agertzen zaigu: Aldi artan Goi-Ameriketako Erri Alkartuetan gertatu zan zoritxarren aundia biotz-ondoz ta etorriz azaltzen digu Otoitz orrek, baita anai-arteko gudu artan garaipena irixteko iasan bear izan zituen nekeen aundia ere. Otoitz osoa Washington uriburuan dagon Lincoln'en irudiaren inguruko arresi-ormetan iosita ageri da. Egunean egunean, errizaletasun eta abertzaletasun bidean aurrera egiten duten erritar guzientzako eredu ta iarraibidetzat iarrita dagon irudi orren aurrera zireunka ta zireunka amerikar ioaten dira urtean barrena.

        Kentucky'ko txabola batean iaio zan Lincoln Abraham, 1809'gko. Otsailaren 12'garrenean. Langile utsak ziran aren gurasoak. Soiñez giartsu ta gogoz zindo izanik, ikasteari ekin zion eta bere alegiñaren alegiñez lege-gizon egin zan. Bere biziko egikizunak garbi ta akats bage betetzen zitulako, «Abraham garbia» izena ipiñi zioten. Erriko gorabera ta iardunkizun-burruketan tartetu ta Illinois'ko Lege-etxerako aldun aukeratu zuten lenengoz, ta gerokoan beko Batzarre Nagusirako ordezkari. Erriaren etorkizunean odei beltz eta goibelak ageri ziranean, liberal-alderdiaren laguntzaz, 1860'garren urtean, Lendakari aukeratu zuten. Gorrotoen gorrotoz irakiten zegon erri-itxaso zabalean, bakerik eta gorarik agertu zun Bere burua, lau urte aundietako anai-guduan barrena eta itxasoko olatuak gau ta egun io ta io ari diran arkaitzak berak baiño sendoago agertu ere, beti gizaro batean, beti burua bere senean; eta aren iardunaren ederrez, erriaren alkartasuna sendo-erazi ta gogortu egin zun. Aren bizitzaldiko unerik argitsu ta goratsuenean, antzeslari txoraska batek il egin zun gauez, 1865'garreneko Iorrailaren 14'garrenean. Sokrate bezela, ta Kristo'ren antzera, Lincoln il egin omen zan, Castelar'en esanetara ba'gaude, ta berak burutu zun arlorik ederrenaren aurrean il ere. Ori dala-ta, gizadi osoak negarrari eutsi ezinda, malko bete beteak ixuri ditu beti, ta Iaungoikoak etenbageko onespenak zabalduko ditu.

 

 

GETTYSBURG'EKO OTOITZA

 

        «Larogei ta zazpi urte dirala, Askatasunean sorterazi ta gizakume guziak berdin-berdiñean irazanak diralazko burubideari eskeiñitako erri berri bat erakarri zuten gure arbasoek legor onen gainean.

        Orrela sorterazitako ta orrela eskeiñitako erri ori, edo, beste edozein erri luzaroan iraunerazi daitekenentz aitortuko dun anaigudu aundi bateri loturik gaude gu, orain. Emen bilduak gera gu, gudu ortako gudaketa-zelai aundi batean. Orren txatal bat eskeintzera etorriak gera gu, erri ori bizi ahal izatearren, emen bertan beuren biziak eman zituztenen azkenengo atseden-toki bezala izan dedin. Zuzen eta egoki da erabat guk au egitea.

        Alabainan, esangura zabalago batean, alor au guk ezin dezakegu eskeini, guk ezin dezakegu guren-erazi, guk ezin dezakegu iauretsi-erazi. Bizitan eta ilik, emen ildako gizon bulartsuek guren-etsia baitute berau, gurebiziko indar beartsuak eratxiki edo kendu dezaken baiño askozaz areago. Emen esaten ari geranari bazterrek ez aditu baiño geiagorik ez diote egingo, ezta ez dute luzaroan ere oroiteraziko; aiek emen egin zutena, ordea, egundaiño ez dute ahantzi ahal izango. Guk, bizitan geranok, berriz, ontan ekin bear dugu are ta areago: emen gudukatu zuterrek orren zindo aurrera eraman zuten egikizun amaitu-bageari gure buruak eskeintzen, arean. Auxe dugu gure ekitekoa emen, eta ontan iraun bear dugu, gure aurrean daukagun egiteko arlo aundiari ekin eta ekin geuk — ildako aipatuogandik eraspen aziagoa gureganatu bear dugu, aiek eraspenaren neurri betea azkeneraño eskeiñi zuten io-muga ta xedearen aldera, alegia; ildako oriek alperrik il ez dirala erabaki aundia artu bear dugu emen guk, goren eta bipil; askatasunaren sortze berri bat izango dula erri onek, Iaungoikoak onez, eta erriarentzako erriak darabilen erriaren iaurbide au ez dala lurrean galduko.»

 

 

GOI-AMERIKETAKO ERRI-ALKARTUEN ERESERKIA

 

        «Izarrez iositako ikurriña» (The star spangled Banner) deritzan eresia duzu Goi Ameriketako Ereserki, 1931 'garren urtea ezkero. Eresi eder orren itzak Francis Scott Key legegizon gazteak idatzi zitun, 1814'garreneko Irailaren 14'garrenaren goiznabarrean. Aberria guduketan nahasirik ageri zan, 1812'garreneko Gudua deritzan artan, ain zuzen ere. Gau arteko guzian bonbak su ta gar erori ziran Baltimore'ko kaia babesten zuten arresien kontra. Alabearrez bertan egokitu zan Key gaztea, Washington uriburutik etorria, inglandarrek atzeman-adiskide bat iaregiteko asmotan etorri ere: bata bestearen ordain arturik, atxilotuei askatasuna ematen zien itxasontzi baten gaiñean ondu zun bere eresi ederra: «To Anacreon in Heaven» zeritzan inglandar eresi errikoi baten doñuetara atera zun berea.

        Lenengo bi ahapaldiek olerkariaren poza ere poza adierazten dute, gau osoan etsaiek su ta gar ari izan-arren, goiznabarreko argitara, arresien gain zutik eta eder, zabal eta ikara ikurriña ikusi zuneko poza, alegia. Irugarrenean, etsaiak erabat porrokaturik ikusita, lekaioka ta izkolaka, bere biotzean gaiñez egin dun pozaldia erakusten du.

        Gero, amaikatxok eta amaikatxok abesten duten atal au dator, abeslari-taldeak batera, zoli ta ozen, baikor eta itxaropentsu abesteko:

 

                        «Ta izarrez iositako ikurriña

                        garaile ta dardaraka dabil

                        bere esku diranen lur gaiñetan

                        ta bulartsuen etxe-gain bipil».

 

        Eresiaren azkena gain-gaiñeko apoteosi utsa duzu, erritar guzien erabateko gora biribila, zeruak askatu dun lurralde aren etorkizunaren alde arren eta arrenka ta «erri bezela alkarrerazi ta iaregin gaitun Indar» altsuari on-ustez deika ta goraka.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.