L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1956 gko. azila-gabonila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Euskera Bizkaia'n

 

Etxegoiena

 

Bizkai'ra joan-etorritxo bat egin berri det. Garizuma garaiz.

        Norberaren erri aldera urbiltzea beti degu atsegingarri. Euskeldunontzat ere bai, noski.

        Ni enaiz bizkaitarra, baño aspaldi Euskelerritik-at nabil-eta, Bizkai-ra ninjoala, nere errira edo nere etxera ninjoala zeritzaidan. Ta Bizkai-zear nenbillela, nere erritik urruti nintzanik bururatu ere ez zitzaidan egin.

        Au zala ta, pozik ninjoan bidez bide iparralderuntz. Noiz edo noiz —nion nerekiko— euskeraren ots goxoa entzungo dek. Ta ire ele ederrez mintzatuko aiz. Era izango dek oraingoan.

        Baño bestalde, zerbait kezkatsu-edo ninduzun. Bai, gure mintzaerari buruzko ajolak urduri xamar nindukan. Entzutea nunez, galtzen ari zaigu-ta... Entzuna, entzun nun bezela, ta ikusia, ikusi nun bezela, dasaizuket, irakurle.

        Ta besterik gabe, Bizkai'ko uriburuan nauzu. Eldu baiño ez det egin Bilbo'ra ta bat-batean adiskide batekin tril dagit kalekalean. Aspaldiko adiskide kutun bat. Euskera maite maite du.

        Lenengo agur egin eta esanbearrak esan ondoren, kolkoan kili-kilika ta egon ezinka bezela nun gallera egotzi nion.

        Aren erantzuna ustegabekoa izan zitzaidan. Bizkai'ko lurretik euskera ba'doakigula; laixterka bizian, ariñaren ariñaz arnasestuka bezela doakigula; gaur ditun eragozpen-taldeak iñola ere ezin ditzakela garaitu; gauzak laixter aldatzen ez ba'dira, ogei edo ogeitamar urte baño len Bizkaia'ren zabalean ez degula euskerarik entzungo, baserri-baserrietan ta menditarteko erriño xeetan izan ezik. Ta oien antzeko beste itz batzuek galgalka erion zitzazkion. Nere lagun au biotz-estua edo izango zala-ta, ark esana aintzat ere enun artu.

        Iru edo lau egun Bilbo'n igarota, probintziko erri batera joanbearra izan nun. Uriburutik urruti xamar. Euskeldun garbitzat nun erri au. Ta ba'dala ere ba'deritzait. Oñak lurrean ipiñi ordukoxe, gure izkuntz ederraren ots goxoa zetorkidan belarrietara. Euskeldun errian ninduzun. Erderazko itzak ere entzuten nitun or-emen.

        Errian ara ta ona nenbillela, aur-mordoska ikusi nun eliz ondoan. Jolasean zebiltzan. Urbildu nintzaien eta euskeraz ziarduten, ia denak euskeraz.

        Gero, eguerdi aldera elizaren albotik berriro igarotzean, bertan sartu-irten labur bat egitea bururatu zitzaidan, ta sartu ere egin nintzan.

        Antxe zegon apaizpurua, Jaunartzeko-edo gertzen ari ziran aurrai itz zegien. Begiratu batez ogeitamar edo berrogei koxkor izango zitun. Erdera utsez ziardun. Azaldu, otoi egin, oarrak, abestiak, dena erderaz, erdeldun utsak bai' liran.

        Euskeraz batez.

        Elizako lana bukatu ta atarira atera ziraneko, ua iskanbilla, gora-gora jauzi egitea, ta euskeraz mintzatzea! Neregana urreratu ta «¡buenos días!» esanez agurtzen ninduten. Batek edo bestek «egun on» esaten zidan, euskalduna nintzana ikusi zuten-eta.

        Apaiz onek eta biok euskeratzaz maiz jardun genun. Euskera il zorian degula esan zidan. Bai ilgo, ez ilgo dan gaixo bat bezela.

        Alperrekoak ditugu, aren iritziz, izkuntza piztuerazteko euskeltzale banakok darabilzkiten buruausteak ta dagizkiten alegiñak. Gaur edo biar il bear dunari zertarako osabideak eman? Doakigula bein edo bein.

        Euskera gañera oso arlote ta bizitzarako gai ez dan izkuntz bat omen degu. Onen errua gure aurretikoak izan zutela zeritzaion, landu ta edertu ez baitzuten egin. Asmo au burutu dezagun erarik egokiena, edo bakarra joanik degu.

        Era ontan mintzatu zan plasta-plasta ta lasai-lasai.

        Beren iritzia indartu zezaidan, agergarriak edo bere ustez agergarriak ziranak, ekartzen alegin egin zun. Ona bat: 1895'garren urtean Ludio'ko (Llodio) apaizpuruak argitaratu zun euskerazko kristau-ikasbidea erakutsi zidan. Neroni ere arriturik ninduzun. Ikustekoa nere begiz nenkusana. Beraz —zion apaizak— irurogei urte leenago Laudio inguruan euskera indartsu bizi genula aitortu dezakegu. Gaur tokitan dezu euskeraren muga!!

        Ta ogei urte ontan egin digun beerakada! Ta be aldetik eten gabe datozkigun gizakume taldeak! Diotenez, Bizkai'ko probintzian emendik-at jaioak geiago omen ditugu berton jaioak baño. Orra or Arratia: ortxe-antxe idoroko dituzu erdeldun-saillak. Ta euskera geroago ta baztertuagotuz joan bear nai-ta-naiez. Adibidez: Billaro'n mixio bat izan zuten garizuman, ta euskerarik etzekin izlaria zeramaten. Gero, mixioa asi baino egun batzuek aurreago, euskeldun apaiz bateri ots egin zioten goiz-goizean, seit'erdietan-edo bildu zitezteken euskeldun-apurrai itz egin zezaien. Euskerak egin du, zion berriro ere; beti betiko joanik degu.

        Gure mintzaera zaar eta zoragarriaren ederra agertu ta oraindik ere, iltzetik gaizkatu nai baldin ba'degu, beranduegi ez degula jakiñerazi nairik egin nitun alegiñak utsaren urrengo izan zitzazkion. Alperrik nenbillan arekin itz eta itz.

        Goibelaldi edo atsekabealdi ondoan pozaldia etorri oi zaigu maiz. Berorixe gertatu zitzaidan neri ere. Beste erri batera joatea izan nun egun birako-edo. Izena ere ba'damaizuket: Larrabetzu.

        Pospolin antzo, mendi orlegiz egindako kabi baten datzan uriñoa dezu Larrabetzu. Zabal-zabala izan arren, kale pitin bat baizik ez du. Baserri txuriak nunnai ikusi ditzakezu, lau-lauan tinkatuta edo mendi-aldapetatik zintzilik.

        Goiko elexearen entzuterik ez ote dezu? Aintzina-aintzina Gernika'ko Batzarrera zijoazen zaldun eta erri-ordezkariak eliz artan egiten omen zuten geldi-unetxo bat. Orain ezin naiz nor izan zan oroitu, baño Gaztela'ko erregeren bat ere ortik igaro omen zan Gernika'ra. Ta, jakiña, oitura zan sartu-irtena elizan egingabe iñola ere ez.

        Edertilari baldin ba'zera, eliz ortan dakusgun oltza guztiz arrigarri ta goragarri litzaizuke.

        Euskera jori ta bizi-bizi azaltzen zaizu Larrabetzun. Erdera geiago sartu zitekean; baño gaur zorionez kalez kale zoazela erderazko itz gutxi entzungo dezu. Ikustekoa ta entzutekoa egi-egitan zeñen poliki ta baita ere zeñen sakonkiro gure uzkurtzaren egirik gurgarrienak aur xeai irakasten zazkien. Den-dena euskera uts-urtez.

        Asua ibarraren ertz-ertzean dakusgu Larrabetzu. Itxasoalderuntz Lezama ta Zamudio urrengo. Euskaldunak dituzu. Lezama'ko apaiz batek oraintxe bertan atera digu euskerazko liburu polit bat: «Lagunarteko Meza». Ederki baño ederkiago dago.

        Derio ta Sondika inguruan, edo Txorierri deritzaion tokian, euskera oso makalik eta gaxorik bizi dala diote. Au entzuna det.

        Baita Bizkai guziari buruz diotena ere, begiz ikusia ta nerez egiztatua baino, iñori entzuna geiago det. Auxe alegia: Mungia, Gernika, Zornotza, Durango, Elorrio, ta abar zearo erdeldunduta daudela. Lekeitio, Ondarroa, ta agian Bermeo izan ezik, euskeldun diraun erri andi xamarrik ez omen degu Bizkaia'ko esparruan.

        Ala ere, guzia galdua degunik ez ezazu uste izan. Utikan!!Esana geiago da izana baiño. Entzun Durango'n gertatutako au. Nere begiz ikusia gañera. Mixio bat izan zuten Pasio astez. Euskaldunik etzala-ta, dena erderaz emateko asmoa izan omen zuten aurrenez. Gero parroki baten euskerazko elizkizun bat ipintzea erabagi zuten gizon eta emakumeentzat. Baño gutxi-gutxi, edo iñor ere etzala joango zioten apaizak berak. Ta eliza aurrenengo egunetik bete-bete egin zitzaien.

        Geien arriturik zeudenak apaizak berak zenitun. Onenbeste euskeldun nundik azaldu zazkigu? zion batek zekusana siñistu ezinda.

        Ta goizero, eguna bai zabalduko ez zabalduko, gure begiak ikusten zutena, guziz pozkarri zitzaigun: euskeldun mordoska asko-asko ere ez Durango baterako, baño eundakak beiñepein, kalez kale errosarioa euskeraz errezatuz ta aintzinako erri-abesti zoragarriok abestuz ibiltzen ziran. Ogei urtez egin ez dana, egun oietan egin degu Durango'n, zion apaizpuruak pozaren pozez.

        Or doakizu beste aletxo bat.

        Bilbo'n bertan, S. Juan'go parrokian, Gogo jardunak euskeraz eman dituzte. Jorraillaren 29'tik loraillaren 5'tera. Bilbo guzian zabalduta ikusi nitun iragarkiak, bai euskeraz eta bai erderaz. Izlariak bikain-bikaiñak izan zenitun: Aita Zubieta andiak, prantzizkotarak.

        Jorraillaren ogeitabederatzia baño len Bizkai'tik berriz ere alde eginda ninduzun. Au dala ta, Gogo jardun oien goraberarik ezin dezaizuket eman.

        Bizkai-zear egin dedan ibiltze onek, orain iru urte «Avance», Gazteiz'ko aldizkarian irakurri nitun itzak dakarzkit burura. Arabako euskeraren ixtoria zekarren. Ta XVIII'garren mendea izan omen zan Araba'n euskerarentzat ondamen-mende, XIX'garrena Naparroan izan zan bezela. Ala zion Odón de Apraiz jaunak. XIX'garren mende erdi aldera, Gazteiz'tik ber-bertan dan Gamarra erritxoan, Etchegarayk zionez, zaarrak euskeraz egiten zuten.

        XX'garren mende au ez ote degu gero Bizkai'ko euskerarentzat ondamen-mende izango?

        Izan ba'diteke. Ori etzaigu, baño, gertatuko, guk nai ez ba' degu.

        Zorigaitz au etorri ez datzakigun, Orixe andiak dion bezela, «ats emaioguñ, ontan iraun dezan».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.