L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1957 gko. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Don Terentzio

 

Uzturre

 

Goitik bera eta betik gora naspildua zegoan erria. Alakorik etzan egundañokoan ikusi. Jo ta ke zebiltzan bere lanean ordurarte zerbait esan nai izan zuan guziaren aurka ziranak. Ikurrin asko atera zituzten eta oietako bat Jainkorik ezaren ikurrina zan.

        Etzan giro. Azkatasunaren izena itzez itz zebillen. Azkatasun ori ezpañetan artuta ordurarte ausiezin ziruditen oñarri zarrak pikotarako nai zituzten. Eta edonun sartzen ziran aurrera ta aurrera dijoan ugoldearen gisan.

        Itsasaldia gorakoan bezela zan. Nork eta nola esi jarri?

        Ikasketa-berri iturri zirudin zernaik gizon aientzat. Jendea amorruz beterik zebillen. Garbi ikusten zan au. Baño jendeari zeragioten gizonak etziran ikuserrez.

        Zar zan guzia goitik bera zetorren. Zetorrenak berriz kezkaz beterik zeuzkan errian ziran borondate oneko amaikatxo gizon. Zetorrelakoa zirudin ura, bai batetik eta bai bestetik, beltz eta itxusi zan. Itxura alakoxea zuan: azkatasuna etzizuan aintzakotzat artzen, benetako azkatasuna beñepein, bekaizkeria eta txikikeria zekarzkin berekin, Jainkotzat indarra eta ezpata zerabilzkin, itzak eta itzak, gizona etzan ezer, gizona mendeko bat zan eta laterria jaun da jabe eta errege.

        Errian ziran aundikiak eta zerbait galtzeko zizuten guziak alkar arturik zebiltzan. Oiek beren diru kutuna zizuten bildur. Uste baizuten itsasaldiaren gora bearrean ondatuko zitzaizkiela zituzten guziak. Ajola zitzaien bost au etzan beste guzia.

        Azpilana zebillen batetik eta azpilana zebillen bestetik ere. Aundiki eta zerbait galtzeko zizutenak Don Terentzio aukeratu zizuten beren buru: etzioten lan makala eman. Gora ta gora zijoan itsasaldiari esi nola jarri billatu bear zan...

 

 

Aberats porrukatua zan Don Terentzio. Jakin ere etzekian zenbateraño zan aberats. Bere diruak zirala ta arriturik zegoan mundu guzia.

        Ibiltzen zan amaika esames diru likitx aiek zirala bide. Batzuek ziotenez lapurretaren ondorengo ziran. Beste batzuek ziotenez diru aien jatorria amaikatxoren gosea zan. Esamesak guzietarikoek ziran. Esan ere esaten bai zuten iñoren ondamenditik zetoztela.

        Joan da arrapaitzak batzuek eta bai besteak!

        Dana dala, geintsuenek ixilpean ziotenez, kartzela izango omen zan Don Terentzio'rentzat lekurik aukerakoena. Guk ez degu ezer esaten. Ziotena diñogu eta ez da gutxi.

        Gauza bat zegoan begien bixtan, ez onoko onen edo bestelako aren begien bixtan, edonorenetan baizik. Don Terentzio'k aina onore zuanik etzegoan beste bat erri guzian.

        Dozenaka zituan bateko gurutze eta besteko onore-agiri. Eta gurutze eta onore-agiriek etziran utsagatik ematen: abertzale on diranentzat izaten dira, iñoren alde bizia arrixkuan jartzen dutenentzat, gizon jator eta leialentzat.

        Egingo al zioten ba agur eta ohore Don Terentzio'ri batzuek eta besteak esaten zituzten guziak egi izan balira?

        Bestalde, irakurtzekoak izaten ziran Don Terentzio zala ta, erriko izparringiak esaten zituztenak. Alako gizonik ez omen zan eguzkiaren azpian, ez omen zan izan eta ez omen zan izango ere.

        Gauza bat esan bear da orraatik: izparringi geintsuenen jabea Don Terentzio berbera zan.

        Eta Gotzai jaunak egiten zizkion ongi-etorriak? Bai Gotzai jaunak eta bai Erretore jaunak. Eleizan bertan ohorezko lekua gordea izaten zizuan. Eta Gure Jauna paliopean eramaten zutenean palio eramalle izaten zan.

        Agian esames guziak etziran orixe baño: esamesak, atariko aizea, auntzaren gauerdiko estula. Gauza bat zegoan garbi eta mundu guziaren begi-aurrean: Don Terentzioren itxura etzan iñori atsegin egitekoa.

        Barrikote bat zirudin eta tripaundi ikaragarria zan. Barrikotearen azpikaldean zangotxo bi ageri ziran, eta zangotxoei bukaera emanaz erraldoiarenak ziruditen oinak, oin aundi zakarrak; beso bi ikusten ziran beti zintzilik: andare batenak ziruditen. Eta besoei josita bi atzapar ikaragarri somatzen ziran. Eta barrikotearen goikaldean illea bakandua zuala sekulako burua azaltzen zan; etzan ez txiki ez aundi bai bien erdiko: txiki izateko geiegi zan eta aundi izateko amaitzeke zegoalakoa esan zitekean. Ezpainak aragitsu zituan, aoa lerdetsu, sudurra motz eta ziztrin, arpegiari jositako gauza xelebre bat, bekokia arraia bat zan, eta iñoiz ikusi diran belarri txikienak zituan zintzilik arpegiaren alde bietatik.

        Gizonari goitik bera, betik gora, eta ezker-eskubi begiratuta, etzitzaion aundiki kutsu aundirik somatzen. Baño au zan gutxiena. Beste gauza au ere egia zan; guzien begien bixtan bai zegoan: zeken porrukatua zan eta zeken izateaz gañera bere mendekoentzat legerik etzuan gizona zan: anker ta zitala. Bere artuemanetan galtzairuaren gogortasuna zizuan. Legea bere legea zan eta beste lege guziak atariko aizea.

        Gau batez pufaka bizian eta suduraizezka sartu zan Don Terentzio bere etxean. Asarre gorrian. Bere txoperraren gaitztakeria zebilkin aoan. Ez al zion ba onek eskatu illeroko baten erdia aldezaurretikan...

        Lotsagabekeria zeritzaion txoperraren eskabidea. Gero berriz, beste norbait izan bazan, baño zein da ura, bere-berea zan txoperra, zakur baten leialtasuna erakusten zion gizon ura.

        «Illeroko baten erdia aldezaurretik, eta zertarako uste dezu?», ziotsan su ta txinparta zeriola bere antzeko emazte uxoari. «Ondo ezik omen dabilki bere alaba bat eta aizez aldatzera bidali nai omen dizu. Aizez aldatzera... zergatik ez du garai zanean dirua gorde ta aurreratu? Baño bestalde, nora goaz bide ontatik? Langille batek aizez aldatzera bidali nai ala jañetan bere alaba... Langilleok ez dute bururik edo ta gaiztakerirako bakarrik. Nora goaz ordea?»

        Urrengo egunean bertan dei egin zion Don Terentziok bere langilleen buru egiten zuanari. «Ipiñi zazu nere txoper ori beste lan batean; ez dizut geiago nere ondoan nai. Orrek ere iñoren ondasunak naiko lituzke beretzat. Bidali zaidazu beste txoper bat, baño izan dedilla zintzoagoa eta leialagoa.»

        Alare, erriko izparringiak ziotenez, biotzoneko gizona eta eskuzabala omen zan Don Terentzio eta zor zioten pranko pobre eta errukarriak.

        Don Terencio maiburu zalarik, billera zizuten erriko aundiki eta zenbait galtzeko zizuten guziak. Gero ta gorago zijoan itsasaldiari nola esi jarri eta arremedioa arkitu zizuten erabaki-gai.

        Maiburuak esan zituan esan bearrekoak. Bere iritzia azaldu zizuan eta adierazi ere bai egokien zeritzaiakion bideak ugoldeari arpegi emateko.

        Don Terentzioren iritziz, bide ziur eta tajuzkoena indarrarekikoa zan. Ez al zan ba etsaien elburu berbera ere indarrarekikoa? Aldeko omen zeuzkaten erriko gudari-buru guziak, eta guziak ezbaziran bai beñepein zentzudunenak eta ikasienak eta baita ere itxurazkoenak. Dirua bearko omen zan asieran arrapastaka, baño olakoetan erakutsi bear zan diruak zerbaitetarako balio duala. Gauza etzan zalla, ezta ere beste mundukoa: Gudari-buruak joko zizuten turuta, eta beroiek ziotenez, atzetik eramango zituzten gudari, errizain, eta azikera oneko gizon guziak, eta ondoren pakea ta lasaitasuna izango ziran berriro errian. Gudari-buruekin izan omen zituan zenbait artueman baño gauza oietzaz etzan luzaro jardun. Auxe esan zuan argi eta garbi: etorkizuna etzeritzaion illun.

        Billerakoen begietan ikusten zan: onartuak izan ziran geienengandik Don Terentzio'ren itzak. Etorkizunari arpegi emango bazitzaion bai al zan beste biderik? Indarra zan erosoena. Bazan ordea bat edo beste konporme etzana.

        Abots bat entzun zan. Au ere etzegoan ixilik egoteko. Don Terentzio'k zearka begiratu zion. Esan zuanez, maiburukoaren asmoak etziran biziro katoliko. Zerbait egin bear zalakoaz konporme zegoan baño okerkeriak zuzentzeko etzitzaion iruditzen indarrarekikoa biderik egokiena. Bere ustez beste bide batzuek aukeratu bear ziran. Eta lenengoetako gauza bat zuzentza-legeak ipintzea izan bear zan. Indarrarengan etzuan konpiantza aundirik arkitzen: indarraren ondorengoak ez baiziran biotzetaraño irixten ziran indarrak.

        Don Terentzio ezin egonik zegoan. Sua zerion. Itz aiek zentzugabeak zeritzaizkion. Biraoak entzun balitu etzan geiago aserretuko. «Aizu», esan zion goitik bera begiratzen ziolarik, «zertara etorri gera onera? Txarkeriari esi jartzeko edo bonbolonkeriak entzuteko?»

        Kristiñau ura etzegon ordea ixiltzeko. «Jainkorik ezaren arrixkua beltza da. Au ezin ukatu. Eta arpegi eman bear diogu iñondik iñora. Baño adibatez beste au ere esan bear genioke geon buruari: zuzentzarik ezak eta ezberdingabekeriak porruazi txepe!ak eman dizkigute orain artekoan. Jainkoaren itza ezpañetan artu eta azkatasuna ito eta bidegabekeriaren erregintza iraun eraztea zillegi da. Erremedio guziak indar utsarengan ipintzen baditugu ez ote goaz gu ere Kristo'ren legearen kontra?»

        Bere onetatik kanpora zegoan Don Terentzio. Orru bizi zan bere abotsa. «Eta nola erabaki bear dezu esku artean dabilkigun auzia?»

        Billerakoak belarri egiñik zeuden. Geienak Don Terentzio'ren ezpañetatik zintzilik eta apur batzuek kezkaz eta bildurrez beterik. Nolanaiko etorkizuna zizuten azkeneko oiek bildur.

        «Auzia nola erabaki? Ipiñi zagun lenen-lenengo gizarte-arauzko zuzentza, Berri Ona'ren kutsuz blaitu ditzagu goikoak eta bekoak, etorkizunaren itxaropenak argitu bitza illundurik dauden bekokiak, banatu bedi kristau-arauz aberastasuna, Erroma'tik Aita Santuak esaten dituanak aintzakotzat artu, ez entzungor egin...»

        Don Terentzio zezena bezela altxa zan: «Zapatagillea bere oiñetakoetara eta Aita Santua bere teologietara. Badaki bost Aita Santuak arazo oietzaz.»

 

 

Pasiak ziran illabete batzuek. Indarra erregindu zan errian. Gora ta gora zijoan itsasaldiari indarraren esia jarri zitzaion. Aundikiak eta zerbait galtzeko zizuten geienak etziran asarre.

        Indarraren erremedioa onartua izan zan batzarrean bere aurka arpegi eman zuan gizon biotzdunaren bizia itzalia zan. Ill egin zuten. Zakurra bezela ill zuten. Berunez zulatu zioten biotza eta bere odol gorria Kristo'ren gurutze biurtu zan.

        Josu Kristo'ren Berri Onean Joan Deunak dakarrenez, «Sinagogatik jaurtiko zaituete, eta garai ere badator, bizia kentzen dizuen edonork, Jainkoar gomen egiten diola usteko baitu. Ta ori, Nere Aita ezagutzen ez dutelako egingo dute.»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.