L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. ilbeltza-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz-Lauz—

 

Urzain, zillarrezko azeria

 

Ameslari

 

Anboto'tik Araba'runtz edatzen diran Arkaitz-lerroan, yaio zan udaberriko gau batean, Urzain. Bere sointxu dardatsua bizira etorri zanean, sarbidea babestu zuen saparraren artetik agertu zan illargiak, bere larrutik zillar-urdiñezko txinpart-izeki bat erauzi zion azeri-zuloaren txoko illunenataraiño sartu ta argi biguin bat edatuaz. Ba-dirudi illargiaren musuak bere soiñean, begientzat atsedena dan ñir-ñir zoragarri ori ipiñi diola, ozta-ozta ukitzen duen laztan bezelaxe, arratsean ortzean ikusten dan urdin garbi-garbiaren antzera.

        Urzain'ekin batera, beste azerikume bi jaio ziran. Bata Elatz, gorri-illuna, lepoa buztanaraiño zearkatzen zaion letro beltzez apaindutakoa. Bestea, Izkio, gorria bere anaia bezelakoa, baiñan ez ain illun. Auek biok, atzapar eta mustur beltzedunak, larrua zurizka dute sabel-alderuntz. Urzain ere mustur beltzekoa, da, baiñan gaiñerakoan zillar-urdiña bere larru joriaren garbitasuna zarbaildu dezaketen orbanik agertzeke. Begien ondoan ez besterik, orban ñabar bik amesti baten itxura damaiote.

        Arun'ek, beren ama, orbel eta oroldioz kabi gozo ta epel bat antolatu die, ta antxen aien sointxuak amarenarekin estutzen dira, Arun'ek samurrez beterik banakatzen dizkien txerak eta berotasunaren billa. Mingain me ta zorrotzaz larrua mizkatu ta garbitzen die, nekatu gaberik sointxuak igortziten ditu, bein eta berriz maitekiro gurrinka beren bildur baretu dedin, ekaitzaren uluak basoan aditzen danean, eta loak artu ditzan.

        Asieran, Arun'ek beren umeak gutxitan bakarrik uzten ditu, ateraldi bat edo bat ez besterik egiñaz, beren indarrak sendotzeko ta aiek eradoskitzeko bear dituen yanariaren billa. Irtetzekoan, alde guzietara zorrotzki begiratzen du ezer ez zaien ezkutatzen begi sarkorrez, belarriak tinko edozein ots zemaikorra nabaitzeko. Itzultzean, kabi-zuloaren inguruak zeatzki usnatzen ditu, bere urrutiratze bitartean umeen aldamenetan zerbait ibilli ote dan yakiteko. Amatasunak, leen baiño izaki zuurragoan biurtu du. Orregaitik, beste kabi-zulo bat andik urrun, gerturik dauka badaezpadakoan, beren semeekin aldatzeko galtzoriren susmoa artzen ba'du.

        Leenbiziko egunetan, azerikumeek ez dute besterik egiten edoski ta lo baizik, baiñan aldiaren igarotzeaz kezkaren ezaugatriak adiarazten dituzte. Sointxuak, leen biribillak eta larruak ille gutxiz, lerdentzen eta luzatzen asi zaie, adiaraziz nolako abere yoriak izango diran beren soinak betetasuna iritxi dezatenean. Larrua lodi ta dizdiratsuagoa biurtzen ari zaie ta ez dute leen be, zenbat berotasun amatiarren bearrik. Orregaitik, Arune sarriago irtetzen da kabi-zulotik eta beren ibillaldiak luzeagoak egiten dira.

        Urzain'ek begitxuok zabaldu ditu yadanik eta egun argitsuetan kabi-zuloaren sarrera estaltzen duen saparraren adarretatik sartzen diran eguzki-printzeri, begiratzen atsegin zaio. Txorien txio gozoek eta basoko abarrotsek ame samurrez astindurik, lillura aspergaitz bat bere izakian ipintzen dute baita toki basatien lurrin gozoek esnatzen asi zaion usainmenean, erakarpen esigaitzez bere sointxuari dei egiten dute. Zoro baten antzera, ariñ yoan nai izango luke aizeko iratxoen atzean bere barnean alako zirarrak ernarazten dizkiola. Urzain'ek begi-yoranez so egiten du argiruntz eta gero polliki-polliki sabela-gaiñean narrazka ikus-naiez nausiturik, ateraiño urbiltzen da ta ara eldurik, ametsetan bezela sapar-artetik ikusten diran ortze-zati urdiñak begiztatzen ditu. Irtetzeko nai indartsu ez-oituak amaren zaunketan, beti ernai semeeri galtzori ezkutatuatzaz gaztigatzeko, geldi arazten du. Maiz egoten da Urzain leku ontan, batzutan zuriak bestetan urdiñak diran ortzeko zatitxueri begira. Eguzki-izpi bat bere berdingabeko larru-gaiñean erortzen da ta ñir-ñir zoragarri duen argi-urdiñezko uin batek, kabi-txoko guztietan ametsezko dizdirak ezartzen ditu.

 

 

II

 

        Goiz batean, Arune'k bere umeak kabi-zulotik atera zituen, aien aurrean ondogabe zabaltzen ziran bizitzaren ezkutapenak ikasi zezaten. Aurrerantzean, bearrezkoa zan berez ikasi zezaten yanaria lortzen baita beren buruak zaindu galtzorien aurrean. Basabereen legea gogorra da ta irauntzeko bizkortasun eta zuurkeri bear dira. Etsai aunitz eta errukigabeak izarigo litukete, etengabe zai, bizitza kentzeko. Basoko igeslariak izango ziran, pakerik aurkitu gabe bere zulo baztertuetan izan ezik; ortik-at ondapena, eriotza. Bainan Ludi'ko yaunak eman zizkien ere izkilluak beren bizitzak aldeztu zitzaten. Gorputz ariñ eta zaindunezkoak, gai ziran ixilki ibillaldi luzeak egiteko nekatu gabe. Usainmena oso ernaia izaten zituzten etsaien aztamak urrundik oartzeko. Ikusmenez zorrotzak, tarte aundietatik gauza txikienak igarri al izaten zituzten eta gaiñera beren begi-niniek illuntasun utsan ikusi zezaketen. Ba-zuten ere entzumen biziak ots txiki-txiki ba'ziran ere entzuteko lain; oso zailla zan oartzeke atzeman al izatea, batez ere gogoratzen ba'da abere auek euki bear dituen ernaitasuna bizitzaren galtzoritik iges egiteko. Baiñan gaitasun oieri geien goratu zituztena, eizatzeko abere oso zaillak izateraiño, beren zuurkeri ta maltzurtasuna ziran.

        Ongi ezagutzen zituen Arune'k bere semeeri inguratuko zituzten galtzoriak, eta orrexegaitik basa-bizitzaren egitasunak garaiz irakatsi nai zizkien, trebe izan zitezen ainbeste etsaien artean beren buruak zaintzeko. Azerikumeek iru illabete egiteko zorian zeudela, Uztailla'ko goiz eder batean, Arune'k kabi-zulotik atera zituen.

        Kanpoko argi betean aurkitu zanean, Urzain'ek begiak itxi bear izan zituen batbatean eraman ez bait-zezaken eguzkiaren argitasuna. Gero polliki-polliki zabaldu zituen eta orduan ikusi zuenak geldurik utzi zuen. Aurrean agertu zitzaion Arangio'ko arkaitz maldakorra, bean zetzan eta Aramaio'raiño ugoska leunez jeixten diran belardiekin batzeraiño. Aramaio'ko ibar-zelai oro, basetxez zipristindutako elur-maluten antzera. Urrutiraiño luzatzen diran mendi musker-urdiñak uiñ izugarriak antzo ainbeste edertasuna ikusiaz arriturik gelditu bai'liran, laiño gaiñetik gailluz arroak jasorik Gipuzko ta Naparra'runtz. Eta urbillago, oso urbil, kabi-zuloa inguratzen duten ikaragarrizko naasi batean arkaitz arre-zurizkak, danak antzekoak baiñan danak ezberdiñak; arroil biur eta karabiltsuek, saparrez esiturik, erotasun gelditsu baten mendean ba'legoz bezela, amaika bidexka ezibilkorrak moldatzen dute alde guztietaruntz. Ba-dirudi benetan, erraldoi baten esku indartsuak, mota guztitariko arriak mendi-gaiñean jaurti egin dituela, zenbait aundiak eta biribillak, beste batzuk txikiak, zorrotzak, latzak, zimurtsuak, beste zenbait me ta leunak. Baiñan oro naasirik, antolagabe. Arrizko itxaso zoro ontan, dana antzekoa baiñan dana ezberdiña da.

        Urzain'ek au dana geldurik begiratzen du, biotza taupadaka dabilkiola. Belar gozoaren ukitzea bere margo ikusgarriarekin eta eguzkiaren urrezko argia ortze urdin-urdin orbangabean agertzen dana, erakarpen nausigaitzak zaizkio. Aize goitarrak, txera baizen samurra, bere larru dizdiratsua laztantzen du ta lurrin askoren usain zoragarriak naasirik dakarzkio. Bere begi gazteek yoranez beterik begiztatzen dute eguzki-izpiek, saparreri, belarran, arkaitzeri, urrutiraiño ikusten diran mendi goitsueri, erauzten dituen margo eder-ederrak, eta oro gaiñean ortze garbia beeko bazterren laiño ukigaitza gabe. Eguzkiak larrutik zillar eta urdiñezko dizdir zoragarriak ateratzen ditu ta auek ikustean, Arune bere amak, maitasun eta arrotasunez beterik begiratzen du.

        Benetan atsegin izango litzakioke Urzain'i an gelditzea beren begi ameskorrez edertasun ua ikusteko, baiñan amak jairretzeko dan zaunka berezi batez aurreratu arazten du. Semeak laguntzaille dituelarik, Arune arkaitz eta sapar, argi ta itzalezko dan naaspil artan sartzen da. Arroil artean sartzekoan, Urzain'ek soiñean nabaitzen du adarren ukitze gozoa bere larruaren edertasuna ondatzea damu ba'lute bezela. Lurgaiña, belar me ta laburraz estalirik, bere sointxu oraindik samur eta dardaratsu pean, biguinki beeratzen da. Eguzkiak zurizkatutako arkaitzetan, atzaparrek oraleku bikaiñak izaten dituzte, ta garbiro batetik bestera jauzi egiten du. Pozaren pozez ume baten antzera, zaunka asten da bizitzaren lenengo erakarpenari agur egiñaz, baiñan Arune'k aginkor ixilarazten du. Onela darraie tarte luzetsu batez, gero bidexka bat zearkaturik, basoan sartzen dira. Oianaren edertasuna ikustean, Urzain arriturik gelditzen da orbel-pillo baten gaiñean. Garbia, sarkorra, urretxindor baten abots maitagarria aditzen da; norena ote?... —berekiko dio Urzain'ek— ta lilluraturik, begiok goruntz jasotzen ditu. Txoria aietariko zugaitz batean dago ezkutaturik, bere maitasun ametsak nunai edatuaz. Ba'liteke, beso luze ta biurdun, osto orlegiz bitxi dardartsuak antzo estalitako erraldoi aiek ain gauza ederrak esan al ditzaten? Urretxindorrak bere abestiari darraikio, baiñan zerbait bakanak ixillarazten du ta ostoen artean iges egiñik, egan alai ta jostariaz ostentzen da. Urzain'ek adi-adi so egiten du ta begiratzez darraikio aienatu arteraino, bere batean galdetzen diolarik, nola gauza txiki uak ain ederki abestu dezaken. Samurki zaunka egiñaz, dei egiten du, otoi, berriz ere beretzat abestu dezan, baiñan txoriak izu bizian iges egin du beren eskarieri axolik egin gabe. Orduantxe sortu zan Urzain'gan txoriekiko maitasuna ta gose izugarria izan arren, iñoiz ere ez zituen eizatu nai, ain sartu izan zitzaizkion barneraiño txorien eresi maitagarriak.

        Mindurik, Urzain toki artatik urrundu zan eta Izkio ta Elatzekin bildurik, amari zerraikioten. Arune, sabela lur-gaiñean narrazka, musturra luzaturik eta belarriak atzeruntz zuzendurik, orain axolaz aurreratzen da. Ibilli baiño, bere gorputzak itzal gorrizka baten antzera, irrist egiten deritza. Baso-mugara eldu dira, ta aurrean dagon baso-soil batean, arri-pillo bat agertzen zaie belar luze ta leunez inguraturik. Pozez beterik, Urzain larrean sartu nai izango luke poz utsaz jauzi egiñaz, baiñan zerbaitek amaren itxuran geldi arazten du ta amarekin batera abaraxka artetik arrietaruntz begiratzen du. Aien aurrean itzaletan galdurik andik amar bat urratsera, arrien artean zulo bat begiztatzen dute. Arune'k sabela lurrean tinkaturik, aurreko ankak aurreratu ta atzekoak tolestuak, larru-artean zaiñen ernaitasuna erakusten du. Begiak ia itxi ta suzko dizdiraz estalirik, zuloruntz lilluraturik bezela zuzentzen ditu. Aizea aurretik datorkie. Lipar luze batzuk igarotzen dira. Noizbait, begi bizkorrez eskui-esker so egiten duen musker baten buru luzea agertzen da, ta agian ikusitakoaz lasai, igikun ariñ eta urduriak dituen soiña betea ikusten zaio. Arune'k ez du geiagorik itxaron nai; tximista baizen ariñ, atzeko ankaz bultzaturik, jauzi egiten du beranduegi igesari eman nai dion musker-gaiñean. Ortz-artean artutako muskerrari astiñaldi bat, eta onen gorputza belar-gaiñean illik datza. Ikusnai usnatzera ta begiak zabal-zabalik eginda urbiltzen zaioten semeeri, Arune'k eiza-saria arro erakusten die aren aragitik jan dezaten adiaraziz. Lenbizi ez dira ausartzen baiñan amaren zaunkaz lasaiturik eta gozez bultzaturik, aragi gozo artan ortzak sartzen dituzte ta zalaparta bizian, laister bukatzen dute beren basoko lenengo yanaria. Geroago, egun artantxen, Arune'k erakutsi zizkien sugeak naiago izaten dituzten lekuak eta aurki ikasi zuten, sugeak muskerrak antzo eizatuak izaten dirala. Mendien atzetik eguzkia itzaltzen zanean, Urzain eta beren anaiak nekatuak baiñan pozik batera, kabi-zulora iritxi ziran. Gau artan Urzain'en loa, urduri ta artega izan zan eta aietariko ameskaitz batean, urretxindor baten abots maitagarria entzuten irudiru zitzaion.

        Beste egun batean, Arune'k beren semeeri irakatsi zien nola arrapatzen diran txoriak. Araba'runtz zabaltzen diran Olaeta'ko belardi urrutietaraiño eraman zituen. Baso atzean geratu zanean, bideak ertzatzen dituzten sasi-artean, zuurtasunez beterik ibilli ziran, usain eta entzumen ernai. Urzain eta bere anaiak amaren inguruan zioaztela, Arune batbatean gelditu zan; bizkarrako illeak lazturik, aizea usnatu zuen eta zirarra dardartsu batez nausiturik, sasien artean sartu zan semeak atzetik zerraikiotela. Makur egiñik, an gelditu zan Arune begiak ernai, izuzko ikara bat soiñatik zebilkiola. Urzain'ek lenengo aldiz bildurraren oarpena nabaitu zuen; larritasunezko otz batek, aldez alde sartu zitzaion. Usain bakan, esangaitz bat artu zuen. Andik laister, ibillera malgu ta txairozko artzain bat azerien urbiltasirnaz oargabe, ondotik igaro zitzaien, laister bide-okergune batetik ostentzeko. Onela Urzain'ek ikasi zuen zein itxurakoa dan gizona, ta beragandik zerion usain berezi ua, ez zitzaion iñoiz ere aztuko; oartzen zuen bakoitzean, zirarra betea biotzaraiño sartzen bait-zitzaion.

        Andik ez urrun, sasiz inguraturik belardi batzuk begiztatu zituzten eta aietaruntz Arune bideratu zan ixilki. Urzain'en belarrietaraiño, urbil samartik eldu zitzaion txori-talde baten zalaparta, naigabeturik txioka. Arune'ren begiak irrikazko laiño batez estali ziran, txioak zetorkion alderuntz zioala. Luzaro gabe, begiztatu zituzten ormatxori-naaspil bat, amuzki antzo zana kaiola baten inguruan, zenbait arbaztetan itsasiak. Txoriak, ikaraturik, izu gorrian txioka ari ziran zoroki egakatuaz, segada anker artatik iges egiten naiean, baiñan Arune'k, Izkio ta Elatz laguatzaille zituelarik, aurki ixildu zituzten ortz zorrotzez aien oiu etsiak, eta pakea egin zan. Txorien ondamena orduko, Urzain ez zegoen bere anaiekin. Abo zabalak eginda yaurtiki ikusi zituela, txori gaixoen artean eriotza sakabanatuaz, iguin eta naigabez nausiturik, urrundu zan eta sapar baten pean etzanik, bere oñaze bizia ezkutatu zuen. Gau artan, Urzain'en loa ameskariz betetik izan zan eta bere ametsetan txori-talde amaigabe baten txio larriak entzuten zituela zeritzan.

        Irailla'ko arratsalde berotsu batean, Arune'k bere umeeri, errekatik beste aldera zugaitz-artean dagoen bazter urruntsu batera lagundu zitzakien. Aztertu zituen lurrean eroritako enbor batzuk eta aietariko baten ondora eldurik, atzaparrez asi zan azala yotzen. Urzain'ek, an-emenka zioazten urre antzo txinpartak zekuzkisan. Erleak uztaroa bukatzeko zorian zegoela, eta neguko gerkunak antolatzen ari ziran. Arune'k egindako yoak sumindurik, erle-talde bat oldartu zitzaion eta anker, eztenak sartu zioten aserre bizian, baiñan Arune irauli zan lur-gaiñean. Bere burua etsaiez azkaturik ikusi zionean, berregin zuen leengo lanketa ta berriz ere etsaiek leen baiño ugariago ta aserretuago eraso zuten. Berriz ere Arune'ren iraulia ta ostera aberaska aurkako erasoaldia. Azkenean erleak asperturik, iges egin zuten alde guztietara sakabanatuaz. Urzain'i eztia txit atsegin zitzaion, baiñan garaipena zailla izan zan, Arune'k aldi luzetxurako soiña anpaturik izan bait-zuen, etengabe aieneka zebillela.

        Uda amaitzera dioa ta leengo otzak eta laiñoak agertu dira. Ortzeak, gardentasun garbi-garbiak erakusten ditu ta begientzat yai dan edertasun bat, alde guztietara edatzen da. Aintzaz inguratutako iltzen den izadiaren narotasun gorena baiñan igeskorra da, neguko laztan eriotzaille ta itoztuak artu baiño lenago.

        Arune'k gorputz osoan kezka esangaitzak oartzen ditu. Egunen igarotzeaz bere urduritasuna geiagoratzen da. Semeeri, berez baliotzeko naikoa ikasi dutenek, ez zaie leen baizen sarri laguntzen. Arkaitzen artean uzkurturik, mendi-lerro guztien gaiñean erraldoi baten antzera yeikitzen dan Aitzkorri'runtz begiratzen du. Gipuzkoa'ko mendi goren onek, odei gorrizko ortze dizdiratsu baten pean iltzen diran iillunabarretan, berak yoranki ta zirarraturik aditzen duen dei urruntsu ta ixiltsu bat, bide dakarkio. Beraganako maitemiñez egindakoa, lagunaren deia da. Illargibeteko gau eder batean, bere semeak lotan ari dirala, azkenengo agur bai'litzan, maitekiro begiratzen ditu, ta gero ariñ eta ixiltsua arkaitzen artean aienatzen da, gauean islaturik agertzen diran Gipuzkoa'ko mendi ederretaruntz abiatuz.

        Biaramunean, bere semeak esnatzen diranean eta aiekin ama ez dagoela ikusirik, zergaitia yakin gabe, antz ematen die amaren txera gozoak betiko galdu dutela, iñoiz ere berriz ez ikusteko.

        Izkio ta Elatz'en aiurriak geroago ta basatiago biurtu dira. Bein batean, bidegabez, burrukatu ziran suminki, baiñan azkenean Izkio bere anaia baiño sendoagoa zana, garaille irten zan eta Elatza kabi-zuloa betiko utzi zuen.

        Andik laister, ustekabez, lzkio bere ondoan zetzan Urzain'en aurka jaurtiki zan, eta zoroaldi baten mendean itxu bezela orzkatu zuen, kabi-zulotik iges egin arazteraiño. Urzain'ek ez zion aurrea eman nai, iguin bait-zitzaion anai-aurka burruka egitea. Ondo zekusan, aurrerantzean bere bizia bakartia izango zitzaiola, ta naigabeturik, leenengo aldiz argia ikusi zuen tokitik, betiko aldendu zan.

        Leizaga'ko mendatea zearkatu zuen, Anboto ta Arangio artean yeikitzen dan Gantzagaitz mendiruntz abiatuz. Gantzagaitz-erdian dagon arkaitz eta zulo naasietan, gizona nekez dabilken txoko baztertu batean, zulo bat aukeratu zuen.

 

 

III

 

        Urte bi ta erdi igaro dira. Urzain mendietako bakartasunean, azeri ar yori batean biurtu da. Dagokion baiño zerbait aundiagoa da ta aldiaren igarotzeaz, entzumen, usainmen eta ikusmenaren betetasun osora eldu da; soiñaren indarrak narotu dira eguneroko gogortasuneri aurre egiñaz. Baiñan ala ta guztiz ere, beregan ikusgarriena, orain bikaintasun osoan, bere larru ederraren margo ta dizdir berdingabekoak dira.

        Udazkenean gaude, ta Urzain'ek, urrezko estali antzo Leizaga'ko mendatea yantziten duen orbela-gaiñean etzanik, arras onen laister gaueko loan aienatuko dan edertasun yaukalari begiratzen du. Bere bizitzaren bakartasuna biotzaraiño min zaio; norbaitek bera maite ba'lu... edo berak zerbait maitatzeko izan ba'lu... biotzean zorionezko txinpartak ezagutuko litukean. Orain berriz, bere bizitzaren noragabetasuna, ezereztasuna, zabal-zabalik agertzen zaizkio. Biotzaren txoko ezkutatu batean, bere amaren txerak aldiaren laiñoz erdiz estalitako dan oroitza, zekena bezela gordetzen du. Ori da bere atsegin bakarra ta atsekabeturik aurkitzen danean, amaren oroitza samurrean murgiltzen da. Au izan ezik, gaiñerakoa bakartegi utsa, illuntasun amaigabea da. Izkio ta Elatz'en laguntasunaren billa mendietako bidexkak zearkatu ditu, baiñan dana alperrik, auek anaia ikustean, atzerritar bai'litzan artu dute ta ozta-ozta beren ortzetatik iges egin izan dezake. Beiñola, artaldetik bazterturik ikusi zuen bildots errugabe bat errekatxuen bitsa baizen zuria, begiratze garbia gozozkoa, ta laguntasun eta maitasunez egarriturik urbildu zitzaionean, arkumea beeka ariñ aldendu zan. Jakinaiez urbiltzen zitzaion artzaiñaren bildurrez, berak ere igesari eman bear zion. Beste bein, neguko ozkarbiko gau eder batean, illargiak elurgaiñean argi izoztuzko izpiak edatzen zituelarik, urrutiko galtzori batetik iges egin bai'luen, basurde bat toki paketsuagoen billa zioala, ikusi zuen. Biozturik adizkidetsu urbildu zitzaion isatsa alaiki astinduaz, unetxu batez bederik aren laguntasunaren billa, baiñan basurdeak abo zabalez, ortzuri zorrotzak erakutsi zizkion eta bere odolezko laiñoz estalitako begiek aserre gorria erakusten zutenez, Urzain'ek urreratu gabe, basurdearen isla illuna, arkaitz-artean gauean aienatzen ikusi zuen.

        Txistuka dabillen aize gogor batek zugaitzen osto nekatuak erauzten ditu, zurrunbilloka goruntz daramazki, gero lurreraiño jaurtirik, eresi samurrez or-emenka pilirikan narraska darabilzki. Ostoak, urrezko txinpartak antzo, aizearen besoetan, ameskorrak dioazte, ez bait dute il nai zugaitzen adar odolgetsuetan. Pagoek, biziyorana galdu dute, zertarako bizi?... eguzkiaren izpiak itzaldu dira, txorien txintak ez dira aditzen, ekaitzaren uluak bildur zaie, izozteek min egiten die... ez dute orain beren urrezko billoen bearrik neguaren musu ikaragarria artzeko. Lo berritzaillea, lo gozoa, mindurak ezereztuko dizkien lo maitagarria bakarrik nai dute. Aizearen indarra zerbait baretzen danean, errekatsuen jauzi bizkorrak entzuten dira, aizeari parretsu esan naiean bere aserrea ez zaiela axolik, zaarrak izan arren betiko gaztetasuna beren baitan bait-dute. Mendi baten atzetik eguzkia iltzen ari da, baiñan itzaldu baiño leenago guztieri adiarazi nai die egunaren nagusia dala ta ezaugarritzat, ñir-ñir gorri batez, oiana, errekak eta arkaitz goitsuak argitzen dituen, gorrimiñezko jantzi batekin apaintzen da.

        Artalde bat Leizaga'ko mendateruntz arin dioa. Amabitsu urteko mutil bizkor eta lerden bat bere ondoan zakur begi zoli ta urduridun laguntzaille duelarik, atzetik darraikie. Aramaio'ko Usartza basetxeko Xabier eta bere zakur Ortxe dira. Goiko mendietan neguteko leenengo elurtzak erori dira ta laister negar ixillezko malko zuriz belardiak ere estalduko dituzte. Artaldeak. goiko tokietatik iexten dira, beeko ibarbietan arditegien arnas epela aurkitu naiean. Xabier'ek, urratsak arintzen ditu illuntasuna laister etorriko bait-zaie. Noizbeinka, Ortxe bere ugazabaren aurpegi sotilla aztertzen du mutillaren agintzak tximista baizen ariñ betetzeko. Leizaga'tik urbil, Xabier'en dei bat entzunik, azkona bezela Ortze jaurtitzen da artaldeko saiets batera bere ibillera nagia arindu araziaz, odei zuri biribil bat aizearen indar-pean, lenengo karabilkatu, gero luzatu ta apurtzen dan antzera. Batbatean, begiak dizdir, lepo-illeak laztu eta erroak tinko egiñik, zakurra gelditzen da. Bere usainmenak gaztigatzen dio abere airotz baten urbiltasuna. Xabier'ek begi zorrotzez illunabarko argi motela zearkatzen du ta orduan uin zuri aundi bezelako alde batera baztertu dan artalde ondotik, yauzi lerden bat egiñaz, azeri baten soin urdin-dizdiratsua arkaitzen artetik itzaltzen da. Une labur bateko ikuspen igeskorra izan da, baiñan Xabier'ek ba-daki azeri bikain batena dala, ta Urzain'en irudia begi-ninietan ongi marraztua duela, argi-itzalen artean amets egiten dirudien Aramaio'ko aranaruntz, urrats ariñez abiatzen da.

        Usartza'ko sukalde epelean, pago-makurren gar gorriztak, begientzako atseden dan argi gozo bat nunai edatzen dute. Etxekoandrea su-ondoan eserita, beatz ariñ eta liraiñez semearentzat alkondar bat josten ari da. Noizean bein lanari eten egiten, begietan kezka baten aztarnak erakusten duela, adi-adi gelditzen da. Atea zabaldu da; atalasan indar eta bizkortasun adiarazten dituen gizon baten irudi yaso ta txairoa dager. Sorbalda zabalaren gaiñean artaburuz zamatutako saski aundi bat darama ta sukaldean sarturik, igikun astunaz lur-gaiñean ixten du. Gero su-ondoan bere emaztearen aurrez-aurre eseria, ixillean artaburu origorriztak zuritzen diardu. Etxekoandreak galdetzen dio kezkati:

        — Xabier gurea ez al da oraindik itzuli? Zerbait gertatuko ote zaion nabil... jadanik gautu da.

        — Ez da luzaroz berandotuko, lasai zaitez. Gure semeak, mendiko bideak ongi dakizki, gaua ez da txit illuna ta gaiñera Ortxerekin ezin daiteke galdu.

        Berriz ere ixillunea. Gero andik ez urrun, etxeari ongi etorria emanaz, zaunka zorrotz bat aditzen da. Etxekoandreak ezagutu du Ortxe'ren agur alaia, ta pakezko irri batek bere aurpegi atsegiña argitzen du. Adaxka-besokada legor suari yaurti ta suatzez illetiak zirikatzen ditu. Garrak goruntz igoten dirala itzalak dar-dar biziago darakuste. Usartza'ko etxeko jaunak ateruntz jotzen du kanpoko illuntasunean galtzen dalarik. Yadanik datorz ardiak multzoka etxe-inguruko pakea beeka dardatsuz astinduaz. Ortxe aien aldamenetatik antxintxinka dabil, zaunka biziz, ardien ergelkeri otzana aspergarri bai'zitzaion. Etxeko jaunak sabaldu duen ikulluko atetik, zakurrak beartutako ardiak, pillotzen dira barnean lekurik ezba'lego bezela. Xabier'ek yaurtitzen dituen txistu sarkor eta oiu zorrotzeri, Ortxe'k tximista baizen arin menegiten ditu. Usartza'ko etxeko jaunak iltzeko zorian dirudien ikulluko argi-pean, ardiak zenbatzen ditu. Berrogetamazazpi dira.

        — Zenbat dira, Xabier?

        — Berrogetamazazpi aitatxu, ez da bat ere uts egiten —yardesten dio bere semeak abots irmoz eta atsegiñez.

        — Lan ederra Xabier. Nekatu al zera?.

        — Ez aitatxu. Ba-dakizu... Ortxe zakur ernai da ta...

        Onezkero, artalde barruan dago. Aren beekak bukatu dira ta ira berriko etzangi baten gaiñean datza. Etxekojaunak atea ixten du, ta Xabier eta bere inguruan isatsa astinduaz jauzi dagian zakurra laguntzaille dutela, atari zabalean sartzen dira. Beren billa datorkien etxekoandreak, semea samurki besarkatzen du ta gero bekokian musu maitekor bat damaio.

        — Xabier, eseri zaitez su-ondoan, esku otzak dituzu —amak laztanki diotsa.

        Xabier su-ondoan eseriten da. Amak bere ondoan, jostaketa berrasten du, ta etxekojaunak arto-zuriketari darraikio. Garrek, Xabier'en aurpegi zolian eta ille kizkurretan leñuru gorriztak ezartzen dituzte. Bere begiratze garbia, begi sarkor eta argietan urrezko txinpart yostariak ipintzen dituen suari, zuzendua dauka. Inguruan gertatzen dan axolarik egin gabe ametsetan bezela dago, entzun eta ikusteke.

        — Zer dala-ta seme? Zugan zerbait ez-oitua oartzen dut gaur —amak keskaren kutsua abotsan duela galde egiten dio

        — Ez da ezer amatxu... —oargabe yardesten dio Xabier'ek.

        Au entzunik, Usartza'ko etxekojaunak eskua semearen bizkar gaiñean jartzen du, ta begietan so egiñik agintzen dio

        — Adi zazu Xabier, esaiguzu zer gertatzen dan, amatsu artega baitduzu...

        Orduan Xabier'ek, begiak ñir-ñir, abots biziaz edesten die Leizaga'ko mendatean ikusitako Urzain'en jauzi ederra, zein ikusgarria zan bere larru urdinzka ta dizdiratsua, illunabarko azken argia gomatzen zuela, baita soiñaren aunditasuna, orain arte ikusitakorik ederrena, baiñan batez ere illearen bikaintasuna zillarrezko azkona baizen arin arkaitzen artean aienatu zanean.

        Semearen itz leitsuak entzutean, etxekoyaunak irri-parrez begiratzen du, bere gaztarotzaz oroitzen dalarik.

        — Egun batzuen buruan, zenbait zizpa bilduko ditugu ta zakurrek lagundutako, Gantzagaitz arkaitzetatik eraso bat egingo dugu, zuk diozunez bere zuloa an izan bear bait-du. —Usartza'ko etxekojaunak suturik dio, eiza-kilikadura nausitu eziñik— Abere orren larrua asko balio bear du, gure mendietan ez bait-dira alako azeriak izaten.

        Xabier'ek aboa zabaltzen du, aitari zerbait esan nai bai'lion, baiñan azkenean ixiltzen da. Bere aurpegian itzal bat edatzen da.

        Gauean, oeratu baiño leenago, oi bezela otoitzan ari dalarik. Aita Gure sutsu ta berezi bat biotz-biotzez esaten du, Urzain il ez dezaten.

 

 

IV

 

        Belar-gaiñean datza Urzain soin luze ta begiak itxirik, uartzeruntz jeixten asi diran eguzki-printzek inguratuta. Zaunka burrunbatsu batek aranako pakea eten egiten du; gero beste batzuk aditzen dira. Azeria zirarra batek menderatutako, oarmenak zorrotzen ditu. Tximista baizen arin, oroimenatik zearkatzen zaio illabete batzuk leenago gertatutakoa: Bere belarrietan eiza-zakurren zaunkak durunda egiten dute, ta aien artean alik ariñen suzko itzala bai'litzan, Izkio'ren gorputz malgua ikusten du. Zakurrek alde guztietatik inguratzen zaizkio, baiñan Izkio ausarditsu, tximista antzo, aien artetik igarotzen da, ta ostentzeko zorian dagonean, zizpa baten dunbotsa entzuten da ta batbatean lzkio, anka bat ausia duela, orbel-gaiñean iraultzen da. Errenka, azeria igesari darraikio baiñan dana alperrik; zakurrek gaiñean dituela ikusirik, gelditzen da, ta etsia, aurre-egiten die kemenaz beterik, gero... zakurren zaunka-naasi batean itzaltzeko. Laister dana ixiltzen da; Arangio'ko azeriak aranako gizoneri bere zerga ordaindu die.

        Gaur, geroago ta urbillago zakurren zaunkak entzutean, Urzain'ek beraren billa datozela susmatzen du. Lenbizi, bere arkaitzetako zuloan babestzea bururatzen zaio baiñan gero asmo au uzten du; aize zabalean biziaren aldez, azkatasun osoan burrukatzea naiago du segada batean inguraturik il baiño. Zakurrek, atzetik etengabe datorkien eizarien uia-oiuak entzutean, itsuak bezela, arnas estuka Leizaga'ko mendatetik gora alik ariñen igotzen dira. Arkaitzez arkaitz garbiro jauzika, Urzain'ek begiztatu duen sapar baten pean, sabela lur-gaiñean sapaldurik, ezkutatzen da, zakurrek ikusi ez dezaten itxaropenaz. Ariñ, bere ondotik igarotzen dira ezer igarri gabe, aurrerako leian arkadi biurrean galdurik. Orduan azeriak atzera egiten du, Leizaga'ko mendateruntz abiatzeko asmoz, baiñan begi sarkorrez zakur bi ezarriak ikusten ditu, bere atzekaldia ango alderuntz eragozteko. Saparraiño itzuli ta berriro adar-artean ezkutatzen da. Ezkutune guztiak aztertu ari dirala, zakurren zaunkak urrutian auldu dira. Urzain'ek une batez itxaropen zoroa eusten du zakurreri iruzur egin diela, bañan oker dago, laister aien zaunka sumiñak aditzen bait-dira. Orain berriz, ez dabiltza leen baizen zoroki; arkaitz-zulo guztiak zeatzki astertzen ari dira. Geroago ta urbillago datorkiote, laister gaiñean izango ditu, baiñan ala ta guztiz ere igige datza; begiak dizdiratsuak dauzka ta lepoko illeak zutik, kilikadura bat saietsetan sartzen zaiola. Batbatean, zakur bat gelditu da ta inguratzen zaion orbel-artean musturkatu ezkero, azkon baizen arin ezkutune-aurka oldartzen da. Ikusia izan da. Jauzi ikusgarri bat egiñaz, Urzain zakurraren gaiñetik igarotzen da ta gero zear-mearka arridi-atzean, alik laisterren dioa. Bere soiña antxinxikan baiño, itzal baten narraztea dirudi. Zakur oro, bere itzal urdiñen atzetik yaurtitzen dira, zeru urdiñean arkaitzek berresaten dituen zaunken anotsak, aienatzen diralarik. Arridi atzean utzirik, Urzain bere gorputza igortzen duten txaraka baten adarretan sartzen da. Zakurrak atzean gelditzeko zorian daude, ta laister begietatik galduko ditu, ez bait-dezake berarekin neurtu alako bide naasietan. Txarakatik irtetzen danean, ez da zakurrik ikusten eta zerbait lasaiago, beste arkaitz-pillo batera jotzen du. Andik laister, arkaitzak utzirik, errekaondoko zugazti bateraiño jeixten dan eta bere ezkerrean ateratze bezelako dan arroil arritsu bateruntz abiatzen da. Arroilla irixteko zorian dagoela, bidea ixten dioten zakur bi, atzetik gizon batzuk zizpa-danbaka darraikietela, begiztatzen ditu. Batbatean, saietsean min zorrotz bat oartzen du, baiñan ala ta guztiz ere alik bizkorren igesari ekiten dio, berak ondo ezagututako eskubian dagon beste aterabide batera eltzeko asmoz, baiñan latz-ikarak laiñotutako begiz andik ere isies egin ez dezakenik oartzen du. An yarriak, zakurtalde bat bere begira dago segadako azkenengo zuloa itxiaz, Anboto'ko zuzenbidea yotzea beartzen diotela. Urzain'ek bere azkenengo ordua eldu zaiola igartzen du. Aurrerantz aterabide bakarra duen mako bat egiñaz, zakurrak ingurutik datorkiote, ez dauka beste biderik aurrez-aurre agertzen zaion Anboto'ko alderuntz yo baizik, baiñan zuzenbide ortan Gantzaga'ko arkaitza eun metro inguruko amiltegi batean amaitzen da. Arnas estuka, Urzain ekiñalean darrai; Laiño illun batek begiak, lausotzen dizkio, unez une indarrak unatzen zaizkio, zauriak egindako odol-yariogaitik. Amiltegiko ertzeraiño eldurik, gelditzen da ta atzeruntz begiratzen du. Zakurrak urbildu zaizkio, abo zabalduetatik lerdea dariotela; aietariko bat yauzika aurreratzen da bere begietan leñuru gorrizko so eraille bat duela. Orduan gauza ikusgarri bat gertatzen da: Urzain jauzi yori bat egiten du ta soiñak udazkeneko eguzki-izpi atzenak gomatzen dituela, mako arrigarri bat aidean marraztatzen du bean ditxarokioten arkaitzetaruntz. Une batez ba-dirudi arri gogorretan lertuko dala, baiñan ozta-ozta arkaitz bien atzetik edatzen dan orbel-gaiñean erortzen da. Lipar batez, kordegabeturik datza, gero zaurian artutako miñak bere senera dakar, eta gorputza dardar izugarri baten mendean, Zabalandi'ko zelaia zearkatzen du, gero Anboto'ko arkaitzetan itzaltzeko.

        Mutur utsak egindako zakurrek, zaunka sumiñez beren ezintasuna lasaitzen dute, baiñan eiza bukatu da, ta guztiek etxerako bidea artzen dute. Arkaitz baten gaiñetik gertaera osoa ikusi duen Xabier'ek, aitaren ondoan dioa artzaiñen eresi polit bat alaiki txistu egiten duelarik. Bere Aita Gurea aintzakotzat artua izan da.

 

 

V

 

        Ixiltasun osoa edatzen da mendi goitietatik aranako sakoneraiño. Yoan dan udazkenak lur-gaiñean ixuri duen edertasuna, illa dirudi arestian eroritako elurtza lodi-pean. Odeiak sakabanatu dira ta ozkarbiak izotzezko musuak elur garbiari bialtzen dizkio. Urzain inoiz ez baiño bakartiago aurkitzen da ta bere izaki guztian erakarpen nausigaitz esnatzen dioten Aralar arkaitz irmoetaruntz, sarri begiratzen ditu. Anboto'ko lurraldetik iges egiteko asmoa geroago ta biziago egiten zaio, ez bait-du orain arte eramandako biziera, luzaroagorik yasan nai, beti bere bizitza kentzeko saiatzen diran etsaiez inguratutako, beti bakar, beti alperrik ametsetan. Elurteak bukatzeko diranean, urrutik laiñoz estalirik maiz ikusten diran Naparra'ko mendi ederrenetara yoan erabaki du. Bera izan ezik, kidekoetatik ez da bat ere bizirik onezkero, Elatz ere il bait-da. Gau batean elur gaiñean etzanik ikusi zuen, gorputza zail, luze, aboan miñezko kiñu bat eta begiak eriotzazko errezelak estalirik zituela. Anaiaren ondoan, aragi-zati bat usain berezia zeriola adiarazi zion zerbait ilkorra barnean zuela. Berak ez yakin arren, eden ura estriknina zan eta gose gorria ba-zuen ere, aragi artatik ez zuen jan nai. Urzain etsia, leku artatik alik ariñen aldendu zan, ikarazko zirarra eriotz aurrean ta Elatz'en galtzeagaitik naigabea, biotzaraiño sartzen zitzaizkiola.

        Illunabar itunaren atzean, laister gautuko da. Geroago ta aundiago egiten dan otzak, gauean izango dan izoztea iragartzen du. Urzain arkaitzetatik urtenik, itzalen artean ezkutaturik datzan aran sakonaruntz bideratzen da. Bere soiña txit argaldua argi motel-pean agertzen da; alboak sakon eta larruaren azpitik saietsak agiri dituela, ez dirudi aspaldiko abere bikaiña, iratxo bat baizik. Begietan, goseak itxura basati ta zoroa ezarri dizkio. Itzala bezela, elur-gaiñean ixilki dioa basoari saieska begiratuaz. Orain iru illabete artutako zauria ia osatu zaio; oroitzat ez du besterik noizpenkako ziztada bat baizik, igikun ustekabeak egiten dituenean. Begiratze gosetiz, illuntzea yanariaren billa zulotzen du, baiñan ez du ezer idorotzen. Yoan diran egunetan, elur-gaiñean otzez eroritako txoriak bear utsez yan ditu, iguinagarri ba'zaio ere, bere lagun-miñen aragiz elikatzea. Baso-ertzera eldurik, barrura sartzen da urrats ariñ eta ixiltsuz, txoko guztiak yoranak ezarritako so gartsuz aztertzen duela, baiñan yanariaren aztarnik ez du aurkitzen. Basotik irtetzen da ta itzalez inguraturik bean datzan Olaeta auzoruntz yotzen du, gizonen egoitz-ondoan danak utzitako ondakin lander bat aurkituko duelakoan, baiñan dana alperrik da ta azkenean etsia, mendi-gora itzultzen da Zabalandi'ko zelairuntz bideratzen dalarik.

        Illargia agertu da ta mendien gaiñean ñir-ñir, bazter guztiak zoragarriro argitzen ditu. Urzain'ek, bere yaiotza argitu ta larruan ain margo maitagarria ipiñi zion illargiganako maitasun bizi-bizia du. Gau ontan, illargiari argi yoria ixuritzen zaio, ba-dirudi, gaua, oro samurki estaltzen duen goizabar zoragarri batean biurtu dala. Elurrak ezabatutako ta ertzeak izotzezko iratxoak diruditen zugaitzez apaindutako gurdi-bide maldakor batetik gora, ludiko tokirik ederrenetako bat, aurrean aurkezten zaio: Anboto ta Gantzagaitz artean edatzen dan Zabalandi'ko zelai berdingabe ta zoragarria, gaur illargi-pean ametsezko tokia bai'litzan.

        Bere usainmenak zerbait oartzen du. Zoraldi baten mendean ba'lego bezela, elur-gaiñean datzan orban illun batengana itsuturik oldartzen da. Aspalditik eramana gose izugarria ernarazten duen lurrin gozoa darion argi-puska batek, aurrean aurkezten zaio. Polliki-polliki urbilduaz, zeatzki usnatzen du baiñan arengan ez du oartzen Elatz erail zuen edenaren usaiña. Zerbaitek bere olde basatian aragi-puska orrengan galtzori ezkutatua dagola gaztigatzen dio, baiñan gose gorriak eta aultasunak segadara bultzatzen dute. Amuzkian, ortzak tinko egiñik, teinkada bat ematen dio ta orduan... zearka jauzi egiñaz, gaixoak segadatik iges egin nai du bere soiñan itxi baiño lenago, baiñan berandoegia... altzairuzko beso anker bi atzeko anka baten gaiñean estutzen zaizkio, igesa eziñeskoa egiten zaiolarik.

        Urzain miñez zoraturik, elur-gaiñean iraultzen da, altzairuzko besoak suminki orzkatzen ditu, elur izoztua atzaparkatzen du, alik indartsuen segadatik teink egiten du etsipenezko aiuriak yaulkitzen dituelarik, baiñan dana alperrik eta azkenean azkabiderik ez dagola ikusirik, aunatua elur-gaiñean etzaten da zotiñak bezelako diran ulu biguiñak egiten. Ortze garbian, izarrez lagundutako, illargi betearen izpi joriek bere larru bikaiñaren edertasuna goragotzen dute ta Urzain'ek bera ere utzi duela uste du.

        Usartza'ko etxekoyauna ta Xabier bere semea, Gantzaga'ko arkaitza ertzatzen duen bidetik abiadura ariñaz dioazte, aurreko egunean ipiñitako segadak ikustatzeko asmoz. Oraindik gau utsa da, baiñan illargiaren dizdirak goizabarko argiz laister ordezturik izango dira. Aita-seme ixillik dioazte ibiltzearen urrats malgu ta ariñek otsik ateratzeke. Bide-ertzearen ondoan dago leenengo segadaraiño eldu dira, baiñan aiek utzita bezela dago. Gelditu gabe, bideari ekiten diote, andik ez urrun yarriak dauden beste segada bietaruntz abiatuz. Bata, bidetik ezkerrera dago, andik urbil samar arkaitzen artean, bestea berriz Zabalandi'ko zelaian datza. Xabier'ek, susmo bakan batez gaztigaturik bezela, etxekoyaunari diotsa:

        — Aitatxu, zuk arkaitzetan ezarritako segada ikustera zoazen bitartean, utzi nazazu Zabalandi'n ipiñitakoari begiraldi bat egiten.

        — Zoaz bada Xabier, ongi deritzat —darantzuio etxekoyaunak ezkerraruntz yotzen duela.

        Ibillera arinduaz, Xabier bidetik urrutiratzen da Anboto'ko alderuntz. Zabalandi'ra eldutakoan, begi zorrotzez irugarren segada ezarri zuten tokira so egiten du... irudipen izango ote dan?.

        Elur-gaiñean, soin baten isla bide dakus. Ariñeketan. biotz-ikaraz, urbiltzen zaio.

        An elurrean etzanik, altzairuzko besoz anka atzitutako, miñez dar-dar, begietan so eskaritsu bat duela, Urzain dago. Mutilla urbiltzen zaionean, abotik aiuri eten, etsiak darizkio. Zergaitia yakin gabe, ustekabez, Xabier'en begiak malkoz estali dira abere basatiaren oñazea ikustean eta zirarra batez menderaturik, Urzain'en ondoan belaunikatzen da ta adizkide txit maitea bai'litzan, gozoro mintzatzen zaio esku xaloz larrua samurki laztantzen dion bitartean. Batbatean, Xabier'en begiak atzeruntz so egiten dute len etorritako bidera; ez da aitaren aztarnik ez ikusten ez entzuten; orduan biozkada bateri men egiten, segada eskuen arturik, aldi batez zabaltzen du.

        Urzain azke dago, baiñan ba-dirudi bere azkatasunatzaz ez dala oroitzen, toki berean bait-dago maitasun txinpart darioten begiak Xabier'en aurpegi sotillari zuzendurik. Onela darrai une batez, gero itsumustuan, goizaldeko leenengo argi-urratze artean aienatzen da. Xabier'i deritza, basoan ostendu baiño lenago, Urzain'en begietan zerbait eskerron antzo ikusi duela.

        Andik laister, Usartza'ko etxekoyauna semearekin biltzen da. Ezin uler dezake azeria igez egin izan al dezan, baiñan ez du ezer esaten eta bere semeak lagunduta, etxerako bidea artzen dute. Xabier pozez beterik dago, eta aitaren bekokian agertu dan zimurraren bildurrez ez ba'litz, abestu egingo luke. Sortaldeko mendietatik eguzkiaren argi biguiña dager.

 

 

VI

 

        Ortzea goibel agertzen da. Odei-talde arreak mendien tontorrak mizkatzen dituzte. Arratsaldea da; Olaetatik Leizaga'ko mendateraiño edatzen dan bidetik, Xabier dator. Bide-aztarnak, leengo egunetan etengabe eroritako elurtze aundiek ezabatu dute. Goizean ozkarbi zala ikusi ezkero, Olaeta'n dituen aideeri ikerraldi bat egitera yoan zaie, ta bazkaldu ondoren, arratsalde betean etxerako bidea artu du, illundu baiño leenago Usartza'ra irixteko asmoz. Ibiltze ariñez dioa, azkeneko orduan agur eta aolkuengaitik galdutako aldia, bidean irabazteko. Eskubian urritz arbazta illun-gorri bat du ta ezpaiñetan eresi alaiak. Dana illa dirudi elurketaren ixiltasun-pean, besterik entzun gabe bere urratsen ibiltze motela ta txistu alaiak baiño. Arratsaldeak argitan galdu ala, ipar-aizeak aizto baizen zorrotz indarretan irabazten du; noizbait, elur-maluta meak erortzen asten dira. Xabier'ek txistuari utziaz, laistertzen da etxera illundu baiño lenago eldu nai bait-du. Mutilla, uluen artean pakea galdu duen basoan sartzen da. Illunabarko besoetan, zugaitzek sorgin dantza zoro bat egiten derizkio.

        Basotik irtetzean, elurra gogor ari da, baiñan ez biguinki mara-mara, iraduz gabe batzutan elur-malutek egiten duten antzera, suminki, aserre bizian baizik. Elurra alde guztietatik datorkio, lur-gaiñean zurrunbillo oldetsuak marraztatzen dituela. Illuntzea osotzen dioa odei-taldeak geroago ta baltzagoak baitdira, ta Xabier itsu baten antzera ta bisutsak soiñan egindako otzez dar-dar, nekez dabil orain belaunetaraiño irixten zaion elur lodi-gaiñean. Indarrak etengabe aultzen zaizkio ta etxeraiño elduko ote dan zalantzek bere kemena austen dute polliki-polliki. Leizaga'ko bordaraiño eldu al'baledi...! Xabier'i bururatzen zaio itxaropena galtzeko zorian, ekaitzaren uluz inguraturik. Ekiñalean noragabe dabil, ameskari baten mendean ba'lego bezala, gero... batbatean oartzen du galdurik dioala; gelditzen da ta alik indartsuen laguntzaren eske oiuka asten da, baiñan aize isekariak, deadarrak gauean itotzen ditu.

        Xabier gaixoak ezin du aurrerago joan. Otoi bat ezpaiñetan eta eskuak elur-gaiñean ezarriak dituela, unaturik amiltzen da, baiñan... zer dan urbiltzen zaion irudi ori zaunka gozoro egiñaz?. Burua bereganuntz zuzendurik duela, zerbait itzala baten antzera aurkeztu zaio... Xabier, indarraldi bat egiñaz yeiki ta arengan urbildurik, ezin siñesten du begi-aurrean dakusana.... an Urzain bait-dago, begi zorrotzetan so maitekor bat duelarik. Itxaropenaz beterik, mutilla urbiltzen zaio ta eskuak luzasten dituenean azeria laztantzeko, Urzain mendi-gora abiatzen da, burua mutillarengana zuzendurik, yarrai dakion adiaraziz. Xabier, uste beteaz darraikio; orain ez da bildurrik, adizkide zintzo baten laguntza duela bait-daki. Xabier oso nekatua izan arren, itxaropenak indar berrituak soiñean ezarri bide dizkio. Onela, mendi-gora ordu erdi inguru igaro ezkero, ustekabez, aurrean agertzen zaie gau batean ozta-ozta marraztaturik, atea zabalik duen sartze-dei baten antzo, Leizaga'ko borda. Xabier otzez dar-dar eta nekez unaturik, bazter batean dagon ira-pillo baten gaiñean erortzen da. Lo berritzaille baten bearra du benetan, baiñan otz izugarriak ez dio uzten, ira-estalgi lodi baten pean egon arren. Onela, beste ira-besokada artzeko zorian dagoelarik, bere eskuen ukitze oarturik ikaratzen dan soin epel, biguin batekin oztopo egiten du. Azeria da, baiñan orain ez du iges egiten eta Xabier'ek polliki-polliki, samurki laztanduaz, Urzain bereganatzen du ta onen larru yoriaz estalirik, bero indargarri zaiñetan dabilkiola, azkenean lo gozo batean murgiltzen da. Azeria mutillak besarkatuta igige dago ta zorionez menderaturik, noizbeinka zaunka biguin batzuk yaulkitzen ditu. Gau osoan, ekaitzaren orroak entzuten dira etengabe, borda zaarra oiñarrietatik erauzi nai bai'luen, azkeneko orduan ilgaia atzaparretatik kendu diolako. Urzain, burua mutillaren bular-gaiñean duela, onen loa zaintzen du, begietan zorionezko leñuru bat eta biotzean gaiñezka datorkion goizalde argitsu batean bezela, Xabier'ganako adizkidetasun garbia.

        Goizabarko argia bordako atetik sartzen da, gauaren goibeltasuna, izpi biguiñez aienatu araziaz. Urrun, Aramaio'ko aldera dagon maldatik, urrats batzuen ots motelduak aditzen dira. Artega, Urzain'ek belarriak zuzentzen ditu ta yauzi lerden bat egiñaz, bordako mukurren artean zabaltzen dan zirritu batetik iges egiten du laister arkaitzen artean aienatzeko.

        Usartza'ko etxekoyaunak, naigabeturik, gau osoan ibilkatu ditu mendiko bidetxigorrak semearen billa, ta azkenean etsia, biotza mindura esangaitz baten mendean, Leizaga'ko bordara abiatzen da. Atera eldurik, atalasan gelditzen da ta biotza dardar semea an ez aurkitzeko bildurrez, erdizka argitutako bazter guztiak, bere begi sarkorrek aztertzen dituzte ta... semearen irudia ira-gaiñean etzanik nabaitzen dute. Pozaren pozez oiu bat menderatu eziñik, seme maitearen soiña bere beso indartsuetan artzen du ta bein eta berriz Xabier'en aurpegi kutunari so egiten dio, leengo naigabeak kentzen dizkion zorionez beterik.

        — Xabier ene maitea —galde egiten dio aitak— ongi al zaude?.

        — Bai aitatxu, ez larritu —jardesten dio Xabier'ek irriparrez— ezin siñestuko al didazun gauza bat gertatu da.

        Alaiak, aita-semeak etxerako bidea artu dute lenbaitlen etxekoandrea lasaitzeko asmoz. Xabier'ek begi dizdiratsuz aitari gaueko gertaerak edesten dizkio, lagun zintzoari zor dion bizitza, Urzain'tzaz, etengabe mintzatuz. Etxekoyaunak irripart ixiltsu bat ezpaiñetan duela, semeak diotsanari adi-adi entzuten du. Andik laister, ixillune baten ondoren, Xabier'ek begiak lurrera zuzendurik, aitari diotsa

        — Aitatxu, gauza bat esan bear dizut... gau artan Zabalandi'n segada ikustera ni bakarrik yoan nintzalarik, Urzain atzitua iges egiteko eziñik aurkitu nuen. Neronek azkatasuna eman nion.

        — Ba-nekien ori Xabier —yardesten dio aitak lasai-lasai.

        — Nola dakizu ori, aitatxu?.

        — Zuk, ezabatzeko asmoz segadan itsasiak zeuden odol tantoak garbitu arren, nik elur-gaiñean tanto batzuk ikusi nituen. Azeria segada batean atzitua izaten danean, bere igesbide bakarra da ortzez anka ebakitzea, baiñan an ez zan azaltzen azeriaren atzaparrik, odol tanto batzuk baizik.

        — Eta ori ikusirik, nola ez zenidan akarrik egin?.

        — Ez Xabier. Asieran zerbait aserretu arren, gero Yaungoikoa'ri eskartu nion ain biotz onako mutilla zeralako —diotsa Usartza'ko etxekoyaunak, begietan so egiten duela, ta semea estuago bereganatuaz. Xabier'ek irri-par gozo bat aurpegian duela, aitari maitekiro begiratzen dio.

        Urrutik, Urzain'ek bide-makurgune batean laister ostenduko diran aita-semeari begira dago. Azeriaren isla bikaiña ortzean marraztatzen da. Bere begietan ez da jadanik ikusten antziñako so goseti ta itzaltsua, ez du yoranez odeien artean galdutako mendietaruntz begiratzen. Azkenean aurkitu du mutil zintzo ta on baten adizkidetasun garbia. Arkaitzen artean ezkutaturik ditxarokion egoitza, gaur dizdira epel eta paketsuz argituta deritza.

        Urrundik, aienatu baiño len. Xabier'ek eskua astinduaz, azkerreko agurra bialtzen dio, ta Urzain'ek zaunka samur batez darantzuio gero arkaitzen artetik itzaltzeko.

 

Amaia.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.