L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. ilbeltza-otsaila) —<eugo3915>




 

 

—Irakurlearen Txokoa—

 

Irakurlearen txokoa

Eskutitz, galde, iruzkin eta berri

 

.— Pingliang'eneko Gotzain Jaun txit agurgarriak au idazten digu: «Ni aspaldi xamarreko arpidedun nauzu. 1956'koa, osoa artu det, ta dana idaztino batean josi degu. Ta goazen zure galdekizunen bozkarrenera. «Zure iritziz nola obetu dezakegu gure aldizkaria», galdetzen diguzu.

        Erantzuna: Aldizkariaren izena, zenbakarren urtean dijoan, noizkoa (urtea ta ilobetea) dan, zenbakarrena, ilbeltzako zenbakariaren AZALEAN eta BARRUAN jartzen dezute; baina, urteko gañerantzeko zenbakietan AZALEAN bakarrik. Eta gero auxe gertatzen zaigu: urteko zenbakiak pillo batean josteko azalak kendu egiten dira, ta orduon zenbaki bakoitza nun bukatu ta nun asi, noizkoa ta zenbakarrena dan igartzea errez eztala gelditzen gera, alegia. Ta batez ere, aldizkarian irakurri ta gero gogoratu nai ditugunak «anotatu» nai ba'ditugu, gero errez idorotzeko eran aipatzea ezta lan errez ta erosoo.

        Ta lan ori are zallagotu ta erakaitzagotzen du orrien zenbatze eragabeak: urte guztiko orriak erabat zenbatu bearrean, zenbaki bakoitzean 1'etik asten baitzerate ta orrela urtebetean sei orri 1'ekoak, sei 2'koak eta sei danetakoak gertatzen zaizkizue.

        Nik auxe uste det, ots, aldizkariaren izena ta gainerakoak ez azalean bakarrik, baita barruko asieran ere ipini bear lirakela, nik ikusten ditudan aldizkari guzietan (eta ez dira gutxi) egiten duten bezela, ta zuek ere 1954 ta 1955 urtetan egiten zenduten bezela.

        Bigarren: orrialdeak zenbatzen ez illero 1'etik asi, baizik ilbeltzan 1'etik asita erabat yarrai azkeneraino, zenbaki bakoitzaren lenengo orrialdeak lengoaren azkenekoari darrayola.

        Au da nere «iritzia», aldizkaria obetzeko gogoz emana. Aintzat artzekoa dan ala ez, zure buruaren jabe zera.

        Dana dala ta nola-nai, beti izango nauzu euskeraren alde laguntzaile ta adiskide kaxkar «LARRAÑAGA'TAR Y.».

        Gure Eleizako Gotzain iaunen esanetara oitua nago, zure iritzi utsak, berriz, agindutzat artzen ditut, asmo onez ta gogo onez emanak dirala baitakit. Beraz, urte ontatik asita, Zerorrek eskatu bezala, eman go dugu gure aldizkaria. Txina'n ere ango izkera zaila ikasi bearra izan zenun, eta, orain euskaldunei euskeraz egiten diezu, Eliz-Legediak agindu arauz. Zure Gotzain-erestuna begirunez ta maitasunez mun eginda, gure buruak Zerorren esanetara ezarten ditugu Iesu-baitan.

 

.— Bilbo'ko ordezkariak au idazten digu: «Atzoko irratiketa D onosti'tik entzun izan ba'dezu, oartuko zinan Gazteiz'en izan diran Gogo-Iñarkunak aintzat artu izan dituztela irrati-izlariak. Bilbo'korik ez dabe ezer esan. Emen geiagotan izaten dira orrelakoak. Or ditugu Martzel eta Eleuterio Aita Pasionistak Epailean Bilbo'n emoniko euskal-Mixino santuen gomutakiak. Neu bein bakarrik izan nintzan, eta izlari biak bikain ari izan zirala aitortu ezinik ez dot. Entzuleak ere, txadona betean. Ederto! Uste dezakedanez geure Kardaberaz Aita poztu izan da —orrela itz egitea zilegi bekit— berak ere Yon deunen txadon ortan bertan euskeraz egin izan bait-zun, IESU'Biotzako lenbiziko itzaldia.» «Euskerak burua iasotzea nai du Jaungoikoak» zion gure Kardaberaz agurgarriak zer esango luke, gure Euskalerrietako eleiza geienetatik euskera baztertuta ikusiko ba'lu!

 

.— Gipuzkoa'ko L. Arrartek oarrok bidali dizkigu: «Euskaldunak Euskerarekiko gutxienez egin bear duna

        1) Euskal-egutegia erosi.

        2) Kristau-Ikasbidea norbere umeei ikasiarazi.

        3) Euskal-aldizkariren bat jaso ta ordaindu: «Karmel», «Zeruko Argia», «Anaitasuna», «Egan», «P.P.C.», «Euzko-Gogoa», «Othoizlari», «Herria», «Gazte», «Etchea», «Yakin».

        4) Euzkerazko libururen bat noiz edo bein erosi, Elizarakoak batez ere.

        6) Al dan guzian Euskeraz itzegin, irakurri ta idatzi.»

 

.— Donostia'ko ordezkariak au idazten digu: «ZEZENAK, Errekondo zezenlariak eman zizkigun Aldundi'ko itzaldian. Eta nola eman, gero? Jator baino jatorrago. Etzan gaia nere gogokoa, ta entzuteko barru-giro txarrez joan nintzan; baina, egia esateko, urteko itzaldirik ederrena izan degu, aurten. Izlaria, Igeldo'ko basarritarra degu, ta euskaltzalea, gainera. Eman zigun euskera, ezin xaloagoa eman. Errez eta garbi, egoki ta berezko etorri gozoan jalki zizkigun bere gogoetak. Ez aurrez idatzitakoa irakurriz, ez; oar batzuek begien aurrean zituela bakarrik, eta aietatik bere aria mamiturik. Erakutsi ederra zemait gazte asko-ustekorentzat. Jendea erruz genuen; egunero aurrez iragartzen ari izan baitzitzaizkigun egunerokoetan. Bestetako aldean betebetea ta asko zutik zirala izan genduen itzaldia. Entzuleak ler ez besteak egin zituzten Errekondo'ren ateraldiekin. Ta oraindik aria ba du puska batean jarraitzeko.»

 

.— Montevideo'ko «Boletín de Filologia» deritzan aldizkari iakintsuan Ametzaga'tar Bingen'ek ondutako lan eder bat irakurri dugu, ots, EUSKAL-ABIZENAK URUGUAY'en: lan sakona ta atsegina, benetan. Errialde aurreratu artan, bertako 12.000 euskal-abizen bildu omen ditu Banales ta Lizaso'tar Mikel irakasleak. Arrezkero, Ametzaga iaunaren aieruz, 250.000'tik 300.000'raino erritarrek gutxi gora bera omen dute euskal-abizen ederra Uruguay'ko errialdetan. Aldizkari bertan beste auzi bat erabakitzen du Adolfo Berro zuzendari iakintsu-iakintsuek, alegia, erderaz ari diranetan ZABALA ala ZAVALA erabili bear luteken; berak oi dun iakintzaz, ZABALA idatzi bear lutekela azaltzen du. Zorionak Berro iaunari.

 

.— Egunotan argitara-berri digute «EUSKO-YAKINTZA» euskal-aldizkaririk gorengoena: aldizkariaren egoitza Bayona'ko Euskal-Museua duzue, ta Barandiaran'dar Joseba Mikel iakintsu-iakintsua «IKUSKA» ren ordez, Bilbao'tar Jon «Euskal-Ikaskuntza»koa, ta adiskide ta apaizkide dugun Lafitte P. Euskaltzalndikoa dira zuzendari. Alako gizon iakintsuen babesean, eguzkipean barreiaturiko euskalari guziak biltzen dira. Aldizkaria españeraz, prantsezez, alemanez ta euskeraz dator. Erbesteetako euskalariek badute berriro bear zuketen aldizkari ederra, nork bere lanak argitarazteko. Iaso bezate «EUSKO-YAKINTZA»-ko zuzendari ta lankideek gure euskal-agurrik kartsuena!

 

.— Au idazten digu Larrakoetxea'tar Bedita euskal-ldazleak: «Zure «Tarakin'go Emaztekiak» bigarrenez irakurten daragoiot, eta oraingoan astiro-astiro, mamiaz ganera azala be arakatzeko. Orraitino Eladetarrok gauza ederrik itxi euskuen: ezta aletza eurak idatzia. Erderaz be irakurteko nebazan lan edorrok eta ara non irakurri dodazan egundokorik lenen: euskeraz, gizona! Eskerrak zuri.»

 

.— Auxe idazten digu Beiztegi'tar Jon euskal-idazleak: «Artu dot nik boskarren bikoitza, baita Piloktete eta Macbeth'en erdia irakurri ere. Piloktete polit-polita da, Sopokal'en antzerkietatik —eskerrak zuri irakurri dodaz— atseginena neretzat, irakurtzen asi eta laga ezindakoa». Bai orixe, ilargi umearen eta D.N.A.'ren urteetan bizi izan-arren, Elade zarra dukegu ederraren seaska.

 

.— Nork euskal-idazki geiago idazten dun sariketan —Argentina'ko euskaltzaleek antolatua, alegia— Norbert Tauer Praga'ko euskaltzale zindoak irabazi du 1957'gko. lenen-saria: 730 idazki idatzi ditu. Berriz ta berriz zorionik kartsuenak Norbert Tauer gure adiskide onari.

 

.— Letona'tar Josu adiskideak eta beraren etxeko-andre laztanak lenengo alabatxo ederra izan dute: MIREN JOSEBE. Zorionak guraso zindoei ta aurrak euskera ikasi dezala, orixe da gure oparik onena.

 

.— Irakurle batzuk eskatzen digutenez, euskal-izendegia argitarazten laster asteko gera.

 

.— «JESUS'en BIOTZAREN DEYA» zeritzan euskal-ilerokoa iesulagunak noiz argitarazten asteko diran galdetzen digute andik eta emendik. Ageri danez, Otoiz-Bialguntza'koak eta Jesus'en Biotzaren zaleak irrikan daude. Loiola'ko Iñaki deunaren semeek dute itza.

 

.— Irarkolan dauka MANZISIDOR A. iesulagunak «Santuen Bizitzak» deritzaken idazti ederra ta laister iarriko dute salgai, kristau onen asegarri.

 

.— Erdal-euskal-iztegia bukatuxe omen dauka MUXIKA'tar Palgida S.J. gure adiskide onak: iztegi orren bear andian gaude euskal-idazleok. Len-bai-len argitaraziko al da!

 

.— «Mila euskal-olerki eder» argitarazi zun Onaindia A. karmeldar olerkari ta idazle bizkorrak bukatuxe omen da itz-lauz euskal-bilduma ederra. Bagenun orren bearra, gure euskal-ele-ederra ezagutzeko.

 

.— «KATALINEN GOGOETAK» idazti zoragarria gipuzkeraz iantzita argitarazi da Villasante A. euskaltzainak; gure baserritarrak erosiko al dute liburu ori, errez eta iator bait-da su-bazter txokoan atalka irakurtzeko.

 

.— Olabide A. zanak euskeratu zun «ITUN ZARRA» argitarazteko lanean diardute Bilbo'ko irarkola batean: indar berria emango al dio euskera gaixoari idazti bikain orrek!

 

.— Lazkao'ko beneditar gazte batzuk «Goazen Lourdes'a» idaztino txanbelina argitarazi dute. Lurdes'a ioateko diran euskaldun guziek erosi bear luteke idazti ori. Gure iritzia datorren banakoan emango dugu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.