L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1958. Epaila-Iorraila —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Milla ta bat gauetako ipuinak

(iarraipena)

 

euskaratzailea:

Azkoiti

 

Arrantzale baten ipuia

 

Bein batean bai omen zan arrantzale bat, zaarra eta txiro utsa; bere emaztea eta iru semeak mantentzeko ain, etzuen irabazten-ta.

        Alako batean bere zareak bi bider alperrik bota ondoren, irugarrenean atsegin aundia artu zuan, zareak aztunak baizetozten: ezin iñolaz ere itxasertzeratu. Aren atsekabea, arri koskor pilla eta asto baten bizkar-ezurra besterik etzuala arrapatu, ikusi zuanean!

        Otoitzegin ordea biotzez eta laugarren aldiz bota ditu zareak, eta plaieratu, ta ara nun! burniorizko txarro bat ondo itxia, eta sello batekin.

        Ala Jainkoa! —bere kolkorako— fundixiñorako salduko diat eta diru orrekin imillaun bat gari erosi.

        Aiztoa artu eta alako batean sellua ausi eta tapa kendu: Buruz beratu... ta utsa.

        Orduan begiratu barnera ta azterkatzen ari zanean, atera zan ontzitik ke-laño bat eta gora ta gora itzasgañean zabaldu eta odei beltz egin zan.

        Txarrotik ke guzia atera ezkero, sorgin bat agertu zan areri luzera ordea indar-gizon batena baño bi edo iru aldiz aundiagoa zan.

        Alako giza-kerik sekula ez bai zuan ikusi, arrantzaleak bildurrez iges egin nai, baña itxasertzean arribiurtuta bezela zuri zuri gelditu zan. Alako izua gizajoarena!

        Salomon, Jainkoaren Igarle aundi ori! —deadar sorgiñak— barka zaidazu, zure gogoari bide egingo diot, eta zure aginduak beteko ditut.

        — Zer ari zera, espiritu arro ori? Itxasgizonak orduan: —Badira mila ta zortzireun urte Salomon il zala.

        — Itzegin zakidak begirapen aundiagoz, bestela odoluztuko aut.

        — Zer? ilko nauzula? nik zu azkatu eta ori al da damaizun ordaña

        — Etzaikik orregatik ardura; nere eskuetan il bear dek ala ere onarte bat egingo diat: aukera zak nai dekan eriotzkera: jre azken eguna gaurkoa dek-eta.

        — Baña ze kalte egin dizut nik zuri? galde zion arrantzaliak urduri biziz.

        — Bat ere ez: baña il bear aut nai ta nai ez. Entzun nere gertatua:

        Ni nauk Jainkoaren gegoaren aurka altzatuko espiritu bat. Sorgin guziak. Sakar ta ni ez besteak, Salomon Igarleari men egin zioketan. Errege onek ordea, bengaizoz kateatu natxik eta bere errege-aulkira aurkestarazi. Arek agindu —men-egiteko!— nik ezetz. Jakiña, Salomonek, larderiatu natxik, ontzi barruan espetxeratu, itxi, eta selloa berak ezarri. Gero itxasora bota eta egon nauk ere espetxe estuan. Lenengo eun-urte luzean ziñ-egiten nian, eun-urte bete baño len, bateren batek espetxe artatik ateratzen baninduan, aberats eta zorioneko egingo nuala. Iñork ere ez lagundu. Bigarren eun-urte bitartean, berriz ziñegjten nian nere askatzailleari munduko dirutza guziak eskuratuko nizkiola. Ez uan iñor ere agertu. Irugarrenean, ziñegin nian txarrotik ateratzen ninduana, erregetu eta aren bizitzegunak luzetuko nituala. Azkenez, asperturik laugarren eunurtean nere ziñegiña beste bat izan uan. Bateren batek askatasun eta eguzki-argia emanarazten bazidan, ilko nuala. Eta ara! I aiz gizon ori: atik bada gertu adi eriotzarako, eta esakidak nola nai dekan! Ziñ-egiña bete bear diat. Alperrik arrantzalearen jardunak; ori bidegabekeri zala; bere onegiña erailtze batekin ordaintzen zuala: bere iru seme gaxoak aitagabe — Sorgiña aldaezin eta biotzgogor.

        Bearrak ordea adimena zorrozten du, eta arrantzale kotauari burutapen polit bat gogoratu zitzaion. Eriotza aldendu ezin dezaketan ezkero —zion bere artean— Jainkoaren gogoa egin dedilla; baña il baño lenago, esaidazu egia, buruan darabildan, ez bai, zertzelada batetzaz.

        — Galde nai dekana; azkar ordea.

        — Egia al da ontzi barruan ziñala? Bai orixe. Benetan bai.

        — Ezin dizut bada siñistu: nola sartuko da bada zure gorputza toki estu orretan? zure esku batentzat ere ez dago tokir'k or! Nere begiz ikusten ez badet, ez det siñistuko.

        — Oraintxe ikusiko dek.

        Orduan sorgiñaren soiña lañutxutu zan, eta pixkaka ontziratzen, arik eta apur bat ere ontzitik landa geratu ez arte.

        — Or bada, siñisten al didak arrantzale siñisgabe ori? Sorgiñak deadar.

        Arrantzaleak ordea, erantzun ez baña, taka! itxi du bat-batean ontzia. Sorgiña, alegiñetan eta erio utzean ontzitik kanporatu nairik, baña alperrik; Salomonen selloak (ikurratzak) eragozten zion. Orduan otoika, erreguka, eskeiñika ziñegiñez bere orainarteko izketak txantxetan zirala, irriegiteko zirala. Baña arrantzaleak bigundu bearrean, areago.

        — Ah Sorgin txarra, alena! egon adi, bereala utziko diat, iri onegiña eriotzagaz ordaintzen dek eta. Itxulapikotxo ortan botako aut itxasora eta an ederki egosiko aiz. Lagunei ere oartu ziekat, ez ditezela iñoiz ere onutz etorri sare botatzera; eta alako baten zorioneko ontzitxo ori ateratzen badute, itxaspera dezatela lenbailen, bere burua gorde nai badute.

        Ondo itxi bitartean ordea, izan ere, bestela igesegingo ukek eta, Errege legenardun eta bere sendagillearen ipuia gozaraziko diat, ikasi dezakan.

        Baña Jauna! — Txenaidak bere itz jario ederra agortu nairik— Jauna! argitu du eta zuk nai badezu, biar, arrantzalearen ipuia-ondar au jango degu.

        Sultanek baietsi, eta betiko orduan bere emaztea onela mintzatu zan.

 

 

 

Greziko errege eta Dulan sendagilearen ipuia

 

Zuman errialdean bazan errege bat legenarduna. Aren sendagilleek, zekizkiten sendabide guztiak erabilli zituzten, alperrik ordean ta ara! errege urian agertu zan ospe aundiko sendagille bat; Dulan izena. Zekien guzia Grezi ta persi ta turko-liburuetan ikasi zuan, eta la-daren izakera on eta txarrak, ederki ezagutzen zituan. Erregearen gaitza entzun eta sendagilleek etsipena eman ziotela ere bai, ta erregeganako bidea billatu zuan.

        — Jauna! —zion— zure serbitzari onen laguntza artuko bazendu sendatuko ziñake.

        — Esana egiten badezu —erregek— egia dizut aberastuko zaituztet zu ta zure ondorengoak.

        Etxera zan sendagillea eta egin zun egurrezko mazo bat ta mangoan zuloa: etzitzaion alaere antzematen zulo-aztarrenik utzune ortan jarri zun erabilli-gura zuan sendagaia. Gero bola bat egin zun, aukerazkoa, ta gauza biak artuta aurkestu zan Errearengana esanaz, zaldi gañean jartzeko eta erriko plazara joateko, malluaz jokatzera.

        Erregek ala egin zuan, eta izendatu-tokian zegoen, jokoari zai: ondoratu sendagillea ta dasaio, mazoa eskuratuaz.

        — Artu, jauna!, bultzegin bola oni mazoagaz, nekatu ta izerditu arte. Mangoan jarri dedan sendagaia sartuko narru-zulotatik zear, esku beroari esker: orduan jauregira zuaz, bustaldi bat artu eta oeratu: biar goizean oso sendatuta egingo zera. Sendagilleak agindu bezela bete zuan erregek eta ala, urrengo goizean jaiki zan zearo sendatuta: ain sendatu ta garbia gorputza ez batzitzaion gaitzaren aztarrenik ezagutzen. Erakarri ditu aurrera serbitzari guziak, Dulanen sendaketaren berri emateko, ta guziak poztu ziran.

        Errege-gelan sendagillea sartu eta erregeren oñetan auzpeztu zanean arrek besarkatu ta aipatu zuan merezi bezela ta berakin bazkarira otsegin zion: mesede arrigarria benetan! ez baizuten meneko oiek alakorik sekula ikusi.

        Bi milla zeki ere eman zizkion eta itz gutxitan omenaldi aundienak arentzat izan ziran.

        Baña errege onek, Visir bat zeukan zekena, bekaizti, eta bere griña txarrak asetzearren eraiketa aundienerako aukerakoa.

        — Jauna! —dasaio— edozein gizonetan uste izatea, galbide zaikezu, ez baidezu aren zintzotasuna neurtu. Dulan ori sartu dezu eta bai aldakizu erailleren bat ez ote dan? zu iltzeko asmoz ez ote? Jakiñen gañean nago eta ez nau iñork gezurretan arrapatuko: Dulan ori Grezi-biotzetik etorri dala, agertaratu dizudan asmo illun orrekin.

        — Ez ez, Visir ori! —erregek— ziur nago zuk ain okertzat daukazun gizon ori, munduan dan gizonik onena dala, nik geien maite detana. Egia esan, aren on-izateak zure bekaitza piztu du, baña ez nazu makurtuko aren kontra, ez da zillegi. Bururatzen det ederki askorik, visir batek bein, Sinbad bere errege jaunari esana: bere semea il etzezan...

        — Jauna —Visir bekaiztiak—, otoi! nere errege zeran ori barkatu bekizu nere ausarpena baña otoi! konta bekit, Sinbad erregeren Visirak jaunari esana: erregekumea il etzezan egin baizun.

        — Visir onek —erregek erantzun— egite txarraz damutuko zala, ta emakumeen salaketarik ez aditzeko azaldu ondoren onoko ipuiñ au konta zion.

 

 

 

Senar eta papagayoren ipuina

 

Bazeukan gizon on batek emaztea, maitea benetan, bere begipean baizuan beti ta toki guzietan. Irabazi bearrak ordea urrutiratu zuan aren ondotik, baña ibillaldia baño len papagaio bat erosi zuan oso ederki itzegin ez eze bere aurrean egindako edozer gauza salatzen zuana.

        Kaiolan sartu, andrearen gelan utzi eta ari eskatu zion aberetxoa, asko zaitzeko. Ibillaldia egin eta etxera zanian papagaitxoriari galdegin zion. Ta? nere andrea nitzaz gogoratu al da? nere izena alako batean edo aoratu al du ala?

        Txoriak ezetz, aren andreak iñoiz ere etzuala erabilli bere izenik.

        Ala zan, izanere. Emaztea, bere maitasuneza azaldu baitzan, txoria zala salatzale susmatu zun, eta senarraren zeresanaz mindurik, txori berritxuari bereak emateko asmoa artu zuan.

        Gizon gizajoak etxea utzibearra izan zuan gau batez andreak mirabeei agindu zien euri antzean edo, ura botatzeko kaiola gañera, aogaz trumoiaren antzera egiteko eta azkenez, noizean bein argi orixka baten bidez ispillu bati bira emateko, papagaieren aurrean.

        Ain egoki egin ere; senarrak etxetik bitarteko gertaketaz txoriari galdetu zionean, onek erantzun; euriak eta trumoiak eta oñaztarrak eta tximistak etziotela utzi eta etzuala ikusi ezer.

        Bazekian ordea gizonak gaba paketsu eta gozoa izan zala, ekaitzkabea ta ara! etsi zuan, txoriak etzuela egia esan, ez emazteatzaz ezta gau artako giroaz jardutean. Asarre bizian ba, atera papagaitxoa kaiolatik eta indarrez lurrera tira du, eta nolako indarrez txoriñoari burua apurtu.

        Geroago jakin zuan senar gizajoak bere emazteak etzuala maite, papagaitxoak egia esan zuala, andrearen maitasun-eza salatzean eta damutu zan biotzez txori gaixoari alako eriotza eman ziolako.

        Errege grezitarrak ipuiñ au kontatu ondoren:

        Zuk ordea nere Visir orrek, bekaitzak bultzeginda eriotza gura Dulan sendagilleari eta gaitzik ez dizu egin: baña zure aolkorik ez det artuko, papagaitxo il zuan gizon aren antzo damurik ez izateko. —Jauna! —Visir gaiztoak— sendagillea galtzea erabakita baitzeukan, errege baten bizia galbidetik atera bear danean edozein susmaketa, edozein salaketa egia da eta obe da errurik-eza zapaltzea, erruduna salbatzea baño. Berriro aitatuko dizut: Dulan sendagilleak il nai zaitu: eta ez da bekaitza nere jabeari diodan maitasuna baizik nere erregeri oar au ematera bultzerazitzen nauna. Jaun ori! bear bezelako gorde-bidea artzen ez badezu, Dulan sendagilleak berea egingo du: ni ziur nago espi salatzaile txar bat dala, nere erregearen arerioak erosia, ori bere bizitz bikaiña kentzeko. Sendatu zaitu, egia da; baña bear bada itxuraz eta ez osoro. Nork daki orren sendagaiak alako batean eriotz-iturri izango ote diran?

        Errege grezitarrak, adimen gutxikoa Visir aren okerkeri beltza nabaitzeko indarrik ez eta itzemanari eusteko kemenik etzuan izan.

        Visar aren azken-itzak siñestarazi zioten len siñistu eziña. —Visir ori! —esan zion— arrazoia dezu eta Jainkoak daki, sendagille ori neri bizia kentzera ez ote dan etorri, eta errez egin dezakena bere sendagai usaiakin bada ere.

        Visir-ak, Errege, nai bezela aldatuta ikusi zuanetik, alako etsaia ezerezteko biderik egokiena Dulan sendagillea lokarripetu ta bereala burua moztea zala adierazi zuan. Asmo izugarria, baña Erregek ontzat eman. Ala bada biali zuan onek gudari-buru bat sendagillearen billa: au ordea oarra artu ortuko jauregira zan.

        —Ba-al dakizu —erregek— zertara otsegin dizudan?

        — Ez Jauna —Dulanek— ta nere erregek esango al dit zertarako dan!

        — Bizia kendu gura baitdizut, atik deitu zaitut.

        — Jaun ori! —Dulan zoritxarrekoak— Zergatik il bear det? Ze gaiztakeri edo ze oker egin det nik?

        — Bide onez jakin det —erregek— salatzalle bat zerala ta neri bizia kendu nairik zabitzala: gerta ez dedin, aurrea artu det.

        — Eman galanta! esan zion borreoari-ta ire espata zorrotzak askatuko al natxik ni erailtzeko asmoz jauregira etorri dan salatzalle txakur onegandik!

        Sendagilleak, oiu egiñaz: Jauna! luzatu ziadazu bizitza ta Jainkoak nere erregearena luzatuko du: ez ni ilerazi, Jainkoak era berean ordaindu ez dezakizun!...

        Arrantzaleak bere jardunean isillunea egin eta Genioari itza zuzendu zion esanaz.

        — Ikusten dezu Dulan sendagilleari erregerekin gertatua gure artean dala igaro.

        — Errege grezitarrak ordean —jarraitu zuan— sendagillearen erreguak aditzean goibeldu bearrean itz zorrotzak erabilli zituan. —Il bear zaitut nere bizia kendu ez zaidazun, sendatu nazun errestasunaz egin dezakezu-ta.

        Sendagillea negar bizi-bizian, bere otoitzaren indarrik-eza ikusirik eriotz-kolpe artzea erabaki edo obeto esateko artara egin zan. Borreruak, begiak bendatu, eskuak lotu, eta espata goitik beratzean, ara! serbitzariak errukiz eska zioten erregeri Dulani barkatzeko, aren errurik-eza ziurtatzeko gai baiziran.

        Jauna ordea, biotz gogor zegon, ta nolako itz gordiñez astindu zituen! iñork ere itz bat geiago etzuan españeratu.

        Sendagilleak ba, belauniko, begiak zapipean, azken itza zuzendu zion erregeri esanaz

        — Jauna, epai gogorra atzeratu nai ez dezun ezkero, arren utzi zaidazu nere etxera jun-aldi bat egiten, azken agurra ematera, limosna batzuk egitera ta nere liburuak, nitzaz oroitza ona izango duten gizon batzueri uztera.

        Liburu aetan bada bat,! ze ederra, zuri, nere errege ori, opa nai dizut, dirutza aundia egiten baidu. Jakingarri asko dauzka; auetan aundiena auxe; neri burua moztu ondoren, nere erregek liburua seigarren orrian ideki, ezkerraldian irugarren arraia irakurtzen badu, nere buruak, zuk egin-ala galderai erantzungo die. Erregek alako gauza arrigarria ikusiguraz, laga zion Dulani etxeratzen.

        Sendagilleak gauza guziak zuzendu zitun: eta aren eriotzean mirari aundi bat gertako zala —marmarr zapaldu baizen— urrengo egunean alderdi danetatik, visir, iman, gudaburu eta serbitzari guziak etorri ziran jauregira, egikun ubela ikustera. Agindu-orduan agertu zan Dulan sendagillea, liburu aundi bat eskuetan errege-aulkiaren malletaraño aurreratu eta erregeri.

        — Artu, Jauna, liburu au: nere burua moztu orduko, agindu bereala, palankana batean jartzeko eta odolik ezta geiago ixuriko: iriki orduan liburua, eta buruak zenbat-eta galdetu ainbeste erantzungo. Baña, utzi zaidazu, Jauna, nere erregeren errukitasune andia da ta, Jainkoaren izenean xamurtu zaitez errudun ez dan gizonaz.

        Zure otoiak alperrikakoak dira eta erail nai zaitut, zure buruaren berriketa entzutearen bada ere: atsegin ori nai det.

        Erregek ba liburua eskuratu ta borreroari agindu, eginbearra betetzeko. Ain ederki ebaki ere burua; palankanera erori eta odola bat batean gelditu zan. Eta ara, orduan Errege ta gañerakoen izua! Sendagillearen buruak begiak ideki eta itzegiñaz:

        — Jauna, liburua ideki beza.

        Erregek ala egin zuan: lenengo orria ordea bigarrenakin itsasita baizegon, beatza busti zun mingañean errez aldatzeko; seigarren orri arte ori bera egin zun. Baña idatzigabeak baiziran, emen ez dago ezer idatzirik otsegin zun erregek.

        — Pasa itzazu beste orri batzuk, buruak erantzun.

        Baita erregek jarraitu ere, orriz-orri, beatza españetan eramanaz pozoiñak berea egin arte, liburu-orriak pozoiñez kutsututa baitzeuden. Erregearen egon-eziña orduan! begiak lausotu, aulki aurrean erori zan zilipurdika.

        Dulan sendagilleak, obeto esan, aren buruak ikusi zuanean Errege, bizitz une batzuen bakarrik jabe zala. oiu negargarria egin zion.

        — Errege zikoitz, eraille ori! Orrela il bear ditek euren agintaritzari esker, okerbidetan ibilli ta errugabeak zapaldu dituztenak. Goiz edo berandu, Jainkoak beti ordaitzen ditu euren okerkeri ta ez-bearrak.

        Itz auek esan ta, buruak, zeukan bizitz pitiña galdu zun. Erregek ere bai bere azken arnasa.

        Ala il ziran errege grezitarra ta Dulan sendagillea, jarraitu zuan arrantzaleak kopa barruan zegoan zorgiñari itzegiñaz. Erregek Dulanari bizia barka izan bazion, berea etzuan galduko. Baña aren eskakizunak ez-entzun ta Jaintroak kalte ederra eman dio. Au bera, sorgin ori, gertatzen da zurekin. Nitzaz erruki izan baziña, ta nik eskatua ez ukatu, zutzaz biotz-bigunduko nitzake. Baña onegite bateren ordez erail nai ninduzun. Orra ba ni ere errukigabe natzaizu, bengatzera nua, itxasora botako zaitut, kopa barruan egon zaitezen sekula guzian.

        — Nere lagun ori —zorgiñak saminki— otoi! etzaitezela ain biotzgabe izan. Egokiago da bengatze-asmoak astintzea ta gaiztakeria onegitean itotzea. Ez egin zuk, Inmak Atekari egiña.

        — Zer zan ba? —arrantzaleak—. Jakin nai badezu, emendik atera nazazu, ezin baidet itzegin alako espetxe estuan. Ortik kampora, zuk agindu-ala egingo det.

        — Ez, ez —arrantzaleak— zutzaz usterik ez baidet, itxaspera jauziko zaitut: andik iñoiz ere etnera aterako.

        Azkenez —oiuka zorgiñak— ziñegiten dizut ez dizudala gaitzik egingo, erakutsiko dizut ordea, asko aberasteko biderik errezana. Beartzu-izatetik aterako zala itxaropen gozoak bultz egin zion arrantzaleari zorgiñari atsegin emateko: onek bere burua azke ikusi orduko kopari ostikada eman zion ta an jun zan bueltaka itxasoraño. Arrantzalea izututa Zorgiñak len bezela egite txarren bat jokatuko ziolakoan, baña onek kiñu batez paketu ta agindu zion zareak artzeko ta berari jarraitzeko. Bai egin ere arrantzaleak, bildur zan baña. Uria ertzetik ertzera ibilliaz, mendi aundi baten tontorrera ziran, andik bereala zabalera batetik zear, lau muño tarteko osin batera. Osinertzean, Zorgiñak arrantzaleari:

        — Bota zareak ta arraiak arrapatu.

        Etzan gauza zailla, arraintalde aundia ikusten baizan osiñean, arrantzaliarentzat ordea arrigarria au zan: ateratako laurak kolorea ez berdiña: zuri, gorri, urdin ta oria.

        — Eraman arrain oek —Zorgiñak— erakutsi Sultanari: onek ordea emango dizu pentzatu dezakezun baño diru geiago. Etorri egunero arrantzura osin ontara, baña zarerik ez bota egunean bein baizik: bestela, gañetik dezu zoritxarren bat. Nire aolkua bete zuzen eta zoriontsu izango zera.

        Orrela amaitu bere jarduna Zorgiñak ta oñakin takateko bat eman, zegon lekuan lurra ideki ta zuloperatu zan. Urrengo egunean ba. Sultanen jauregia zuzendu zan arrantzalea, pozez lertu bearrean, arraiak erakustera: eta Jaunak atzegiñez, ikusteko eder ez eze jateko gozoak izango zirala ta sukalkin bati emateko agindu zuan, trebea baizan eta atik Grezitarren etxean egona.

        Arrantzaleari berriz eskuratu zizkion lareun urrezko txampon: Aren pozikara bere burua ain aberats ikusita! amesetan ari ez ete zan gero! Alako zoriona!

        Nai ta naiez itzegin bear det —jarraitu zuan Txenaidak— sukalkin, sukaleme aretzaz, ixtillu andietan sarbearra baizun gaixoak. Arraiak garbitu orduko sartagian prijitzen asi da olioagaz; arat unat erabilliaz berdin prijitu zitezen eta —ene bada!— sukaldeko pareta bat erbibitu eta emakume gazte eder eta lirain bat agertu. Aren jantzia ijito erara lore irudiakin belarrikoak, lepo-kollarea eta beso-eraztunak urrez, perlaz eta rubiz egiñak; eskuan zeraman mirto-makillaz sartagiko arrain bat ikutu zuan.

        — Arraitxo, esanaz, eure eginbearrak bete al dituk?

        Arraiak etzuan erantzun ta andreak berriz lenengo galdea egin zion. Orduan lau arraiak batera burua jaso ta esan zuten.

        — Bai, bai, betetzen ditugu; kantatzen badezu, guk ere bai, zorrak ordaintzen badituzu guk ere bai gureak: iges egiten badezu, guk irabazi ta pozik geratzen gera.

        Arraiak itzegin ondoren, andreak sartagikoa ixuri eta paretako zulotik aldegin zun. Sukalkiñ ema gaixoa izututa alako mirariz, badijoa ba sugarretan zeuden arraiak bueltatzera eta ez ditu ba ikatza bezin beltz billatzen! ene! ezin zitezken Sultanen maira agertarazi.

        — Ni bai errukaria! zion ikaraturik. Nere jabeak, gerta dana jakin orduko, aren aserrea! nola iges egin! Une artan bertan sartu zan Visir'a, arraiak gertuta al daude? galde egiñaz.

Sukalemeak gertaketa osoa azaldu zion eta jakiña, Visira arrituta geratu zan.

        — Gauza au gordiñegia da Sultanari ixiltzeko —zion—, eta alaxe sukaldetik erregeren gela nagusira igaro zan ta gertakuna belarriratu ere bai.

        Sultanak otsegin dio arrantzaleari ta au auzpeztu ondoren:

        — Nere lagun ori! ekarriko al dizkidak beste lau arrai, bakoitza kolore bereziduna?

        Baietz, Erregek artarako baimena eman ezkero, iru egun barru atzegin ori emango liokela. Eskakizunari ondo eritzi zion Sultanak. Potzuratu zan arrantzalea eta zarea atera orduko an ziran plizti plazta beste lau arrai kolore berezidunak. Sultanaren poza! ez baizuan uste, ain laster bere gurariak aseko ziranik ta beste laureun urrezko txampon emateko arrantzaleari, arraiak ekarri zizkiolako. Sultanak ba, ekarrierazi zituan bere gelara, arraiak prijitzeko tresna guziak. Antxe ba Visira ta bera biak bakarrik, su egin, sartagia jarri ta arraiak alde batetik prijitu ziranean bestalderatu zituzten, ta ara! pareta zulatu zan ta andere ederra ez baña beltz bat agertu zaie. Soñekua mirabeak lez, gizon jite takela; eskuan makil aundi bat. Sartagiratu, makil muturragaz arrai bat ikutu ta orruka diotsa:

        — Arraitxo! zure egin bearrak bete dituzu?

        Arraiak burua goratuaz:

        — Bai, bai. Kantatzen badezu, guk ere kantatu: zure zorrak ordaintzen, guk ere bai gureak, iges egiten badezu, guk irabazi ta pozik geratzen gera.

        Gizon beltz takelak sartagikoa ixuri eta lau arraitxoak ikatztu zituan. Eta ara or, etorri bezela aldegin.

        — Arrai oek nere iritziz —Sultanak— izkutukiren ezaupide dira eta argitu bear det. Etorri zedilla ba arrantzalea eta sartu bezin azkar, aitatu ere bai. Nun arrapatu dituzu jauregira ekarri dituzun arrai oek?

        — Jauna, bai aldakizu lau muño tartean dagon otzin bat? emendik ikusten dan mendi ondoan dagona? Antxe ba.

        — Ezagutzen al dezu otzin ori? Sultanak galde zion Visireri?

        — Ez Jauna: ez det ezagutzen, ez ta sekula entzun ere orren berri: eta badira irurogeiren bat urte alderdi oetan eizean ibiltzen naizela.

        Arrantzaleak aditzera eman zion, jauregitik otziñerako bidea iru ordukoa edo zala. Gabaren bildurrez baiziran artean, Sultanak erabaki du «serbitzari guziak zaldiz jarrai bezaikite otziñeraño, eta arrantzalea euren gidari bedi». Menditik berakoan, a! ze zabalera ederra; alako ederra! geroxeago otzIña, arrantzaleak itzeman bezela. Zein garbiak ta krIstalantzeko, otziñeko urak! azpian, Sultanak ikusi bezelako arraiak zebiltzen. Eta serbitzarietan, iñor ere etzan alako otzin orren berri zekiñik. Gauza arrigarria! arraien kolore berezia ere! Nola ori? jakin naiaz, erabaki zun Sultanak otzin ondoan txabolak egiteko. Gaua etorri ta bere estalpera aldegin, ta orrela mintzatu zitzaion Visirari

        — Buruauste aundia darabilt: otzin ori toki auetan, nere gelan agertu gizon beltza, arraiak itzegiten, nere jakin gura neurri-eziña ase nai det. Atik, ara artu detan asmo beroa: landa ontatik aldenduko naiz, bakarrik ordea: ez egIozu iñori, nere aldegitearen berri eman: nere txabolan egon zu: goizean emirak etortzean, biali itzatzu ondoezik nagola esanaz. Egunero berdin, ni etorri arte.

        Sultanak bada, jantzi zuan oñez ibiltzeko soineko erosoa, alfangea gerriratu ta txabolartetik tiki-taka urrutiratu zan, guziak lo zeudenian, iñoren ikusgai ez izatearren. Eguzkiak argitu arte, arazabal zear ibilli zan gelditzeke, eta egun sentian antzeman du etxe aundi bat: an billatuko ditu, bere ustez, jakin gura duan arren aztarren batzu. Urrerago, ta ara! jauregi zoragarri bat! obeto esan, arri-landuz egiñiko gaztelu aundia, altzairu garbiz estalia: ispillu bat bazirudin.

        Ateratu zan, eta erdi itxia egon arren, Sultanak tan-tan jo du. Lenengo takatekoa, ta bigarrena ta irugarrena baña iñortxo ere ez. Alako isillaldiak bere ikusgura zirikatzen baizuan, barruratzea erabaki zun.

        Bebarruan arri landuek bakarriko erantzun zien aren itzeri, gero atari aundi bat ta iñor ez... gero saloi zoragarri baten: ango lur-zapi, tresna eta orma zapiak! Meka eta Indietako seda aberatsez egiñikoak, urre eta zillarrez bordauak. Gero beste toki bat aberatsagoa oindiño. Lau ertzetan urrezko lau legoe eder ikusi zituan, aotik ura botatzen zutenak ta ene! ur orrek lurrean zipristintzean diamante-eta biurtu eta saloi erdira, surtidore batera urbildu eta onen marmol ontzitik zaparaiño goratzen ziran: eta nolako zapaia! arabesko zoragarriz ornitua.

        Geiago oraindik; gaztelua baso tartean zegon: eta baratze eder, ibiltoki, eta loretegirik bazan an! baita txoriño kantariak ere, abeskera ederrekoak: toki aetatik igeseziñik: zugatz gañetik zabaldutako zare batek ez baizien aulkerarik ematen. Sultana tapa, tapa, luze zebillen ba, ta alako baten belarriratu zaio abots negargarri bat, zotiñ ta guzti. Gelditu ta itz goibel auek ederki aditu zitun. Bizitz alai gozartzen, denbora gutxi bakarrik utzi didazun zoritxar ori, gizon artean errukarriena egin nazun zoritxarr ori, laga, arren! ta nere miñak eriotzagaz amaitu itzatzu. Biotz-ikututa Sultana, zuzentzen ditu oñak abots aldera eta ara! gazte bat ikusi aberazki iantzia: aulki txiki baten gañean. Arpegia goibel, Sultanen agurrari, buruberatuz ordaña eman zion.

        — Jauna! —mintzo zan— jaiki bear nuke zuri bear bezelako arrera egiteko, baña bada zerbait indarraundikua uzten ez didana.

        — Jauna —Sultanek— mille esker, iritzi ona baidezu nitzaz. Zure negar zotiñak eta nekeak aditu, eta emen natorkizu zerbaitean lagundu dezakizudan. Nere ustez ez da burugabekeri izango zure ezbearren berri jakin naia.

        — Ah Jauna —gazteak—. Nola ez det ba negar egingo? nola ez nere bi begiak malko iturri izango?

        Au esan ta bere soñekua jaso eta erakustarazi zun bere soiña: burutik gerrira gizon; gañerontzean marmol-arri beltza. Sultanaren ao zabala gaztearen alako gizakera ikusita!

        — Zer erakutsi didazu, nazka ez eze jakingura zirikatzen duana?

        Zure bizitzaren ezaupiderik al banu! Izanere, bizitz aztarren sakon eta miraritzuak zureak, ta bear bada, arrai otziñagaz zer ikusi ere badezu.

        — Ea bada konta zaidazu.

        — Atzegin ori ez dizut ukatuko —Gazteak—. Eta asi zan.

 

(iarraitzeko)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.