L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1959. Ilbeltza-Otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

—Itz Lauz—

 

Zein ote zan... zera?

 

Erkiaga, E.

 

Goizeroko lana bukatu nuanean, beranduxka zan. Etxetik urrun xamar nengoan. Eta orregatik, lendabizi aurkitu nuan jatetxean sartu nintzan.

        Bero galda zegoan kaleetan eta taska artan, atsegin giro sumatu nuan. Anartean, erradioak, Frantzeko inguruketaren zerzeladak ematen zituan. Baita eguraldiaren eguneroko gorabeerak ere.

        Bar luzexka artan jendea erruz zegoan. Batzuek ordurako bazkalduta, nunbait, kartetan ziarduten. Lau ziran, eta kafe-txikarak aldamenean zituzten. Nik, xuriko bat edan ostean, barruko alderantz egin nuan. Bizkitartean, mairen bat utsik edo libre ote zegoanentz, galdetu nuan, jantokian alperrik zutik ez egoteko.

        —Baietz ba—, erran zidan, gelari-mutil gazte batek. Mai batean zaldun bat zegoala baiñan, maiaren beste aldean, leku zegoala iñor gabe.

        —Eskerrik asko —erantzun nion. Leku ori, beraz, niretzat izango da.

        Gosez nengoan, goizeko zortzirak inguruan barruratakoaz beste bage. Sartu nintzan bazkal-tokian. Ordurarte ez nengoan iñoiz bertan. Etzan, noski, toki zabal eta edatsua; tipia bai ordea, baiñan —orain erdaraz esan oi dutenez— abetalgarria zan. Ni neu beintzat, atsegiñez eseri nintzan utsik zegoan eserlekuan.

        Izan ere, silla bat bakarra zegoan iñor gabe. Nirea. Aurrean, mai tipiñoa baitzan, zalduntto bat zegoan. Musu zurbil, bigote txiki mee, gizenez urri.

        Igaz, bi aldiz eri egon baitnintzan, sendagilleak, bietan, nungo ura edan nuen galdetu zidaten.

        —Nungo ura edan? —nion nerekiko. Nungoa? Iturrikoa beintzat, nik uste.

        Baiñan alaz ere, etzan naikoa argitasun ori. Zein erritakoa, erbestekoa ala auzokoa, etxekoa ala kalekoa...

        Osatu bezin laister, esan nuan nire kolkorako

        —Zertarako geiago urik edan, medikuak galde ta galde ibiltzeko? Ardoa edan zanga zanga, eta kittu!

        Eta nire maikide orrek, orixe zeukan maigañean: ura. Ur zurbilla, aren arpegiaren iduriko zan ur its, animagabea.

        —Edateko zer nai luke, jauna? —itandu zidan mokor zabala zan neska motzak.

        —Edateko... ardaua, alabatxi! —bermearrak esan oi dutenez. Eta berealakoan, an ekarri zidan Azpilikueta bonbil-erditxoa. Neure kautan bai nik esan ere: Amaika jende poztuarazi du zorionez ere, Azpilikueta bedeinkatu onek. Ezpaita berdin pitxar bete ur edanda gero maietik jeikitea, ala txopin pare bat ardauaren saiñetea dranga dranga mustatu al izatea. Geldi or!

        Eztakit lendabizi zer artu zuan nire maikideak. Baiñan bigarrentzat, legatz zati ez aundiak ere, ekarri zizkioten. Legatzak arraultzaren igurtzi ariña ba zuen, agian; baiñan, ala ta guzti ere, motel edo tristeberaa izan nunbait, eta gure zalduntxoak limoe-puxka eskatu du. Ekarri diote bada, puxka ori; obeki esan, puxkaren puxka. Diodan au egia dala ziurtzeko, urrengo lerro erdi au irakurtea aski duzuke, irakurle.

        Ain zuzen, puxketaren puxketa ori eskuartean artu ta beingoan, bere legatz zati aizpa aiek gantzutu asmoz asi danean, irrist egin dio limoe-bizar ark eta... an zioak, nora eta... gizon biren erdian bazkaltzen ari dan andre gazte eder baten zangoan zegoan nilonezko galtzerdiraiño!

        —Ene!... oiu egiñaz, xalto egin du emakume arek.

        —Barkatu, ene andre goragarri orrek —esan du, lotsati, ene maikide kolore zuriak.

        —Barkatua dago —jardetsi dio, biguinki, gizonezko biren artean dagoan emakume xinpatika arek.

        Orduan konturatu nintzan zerbaitegaz. Gizonezko bi aiek, bata baiño bestea xaloago ta adiguritsuago ta amultsuago zeuden emakume pertxenta arekin. Izketa bizi bizian ziarduten, eta ez nuan, damuz, ezer ulertzeko betarik izan; baiñan bata ta bestea leiaz mintzatzen zitzaizkion emakume mami-goxo ari. Neskamea ere agertu zan eta, nire maikideak, beste zatitxo berria nai zuela jakinarazi zion. Limoe aura, oinpera eroria izan baitzan.

        Berealakoan ekarri zioten limoe-puxka bigarrena. Ni, adiadi egon nintzan bigarren saio ura nola irteko ote zan jakin bearrez. Arako emakume aragi-goxoa eta bere lo satelite bi aiek ere, begi zabal zegozten.

        Orduan, artean zurbil zan ene maikide aren masailletan, kolore-xirrinta makaltxoaren erraiñuak gorrixka antxa artu zuten. Artu zuan eskubiko eskuak limoe-zatia, eta beste eskuak ere, bere erantzupenaren zeraz konturatua, besteari lagun egiten zion —gaurko esakeran, bizkarra zaitu—.

        Artu zuan bada limoe-puxka, geldiro, astiro, eta apurka ertsi ta estutuaz, tanto lodi batzuek aterarazi zizkion. Beste saio bat, eta zitroe-puxketa, ximel ximel, utzi zuan, emekiro, platertxoan.

        Emakume aragi-goxo ark, eskubide aldeko gizonezkoak, ezkerraldeko zaldunak... eta bostok, arnasa zabal egin genduan. Boskarrena, noski ba, arpegi zurbil aura zala argiro dago, nik uste.

        Nire maikidea asi zan orduan, sardañoa eskuan txairo arturik, legatzari zaztakadak ematen, zatiak urratuten, aora eramaten. Bigarren ekiñaldian garaitza izan baitzuan.

        Babarrun gorriak eskatu nituan nik. Jateko zuri eta zurixkak alako tristura ematen baidit; oeko noraezeko bazkari ta apari illak gomutara eltzen zaizkit-eta.

        Babarrun ondoren, legorreko arrain-zatia naiago nukeala, esan nion gure neskame gizen mokor-zabalari, itsasokoa baiño.

        Saiets aldean nuan irukoteak, jan, elan eta berriketa eta loraketan ziarduan. Duda batek zulatu zidan barrua. Emakumeak, bazuan, bai, erian, bere ezkon-erastuna. Gizonezkoak, batak ere, etzuten olako ezaugarririk. Alaz eta guzti ere, neure senak ematen zidan, bi aietatik bat, andre aren senarra ote zanekoa. Ezin izan nuan igarri, ezin sumatu, ezin jakin.

        Eta larreko arrain baten tatoari —zatiari— erasoaldiak eman bitartean, nire buruan auxen nion

        —Baiñan, zein ote emen... senarra eta zein... zera?

        Amaitu zuan emeki emeki, ene maikideak, legatz-zatia; eta bigarrena ere bai nik neure artean nerabillen ez-jakin bereizkuntza ori azaldu orduko.

        Azkengarritzat, flan txiker bat eskatu zuan. Eztakit «toci» ala urdai...

        Jan zuen laister, ori bai, eta goxo-zale zaneko antza artu nion; alako Maritxu bezela.

        Ezpaiñak xamur igurtzi, bere bigoteari perekaldia egin, arratsaldeon! guri eskaiñi, eta joan zitzaidan maian izan nuan laguna.

        Nire ardaua ere amaitu zan, eta oso ona ta egokia zala ezin ukatu.

        Aldameneko aiek, txanpan beteilla bat ekarrarazi zuten, eta edan ere bai, noski. Gero irurak erre ere bai, Lucky bana. Parre biguiñak ere entzun al izan nituan.

        Orduan, ene adiskide Pernando eldu zan, eta neure maian bertan eseri ta autuan asi zitzaidan. Konturatu nintzanean, irukote aiek jeikiak zegozten, eta pagatu ere nunbait egiñik, neskameari auxe entzun bait nion

        —Eskerrik asko, jauna.

        —Barkatu, Pernando, baiñan, une okerrean eldu zara nire ondora.

        —Zergatik? —erantzun zidan Pernando-k, isil samar, eta nireganatz makurtuaz bizkar eta buru.

        —Ikusten al dituzu or atean kanporantz dioazten iru oiek?

        —Bai.

        —Emen bazkaldu dute, eta... nork pagatzen ote zuan jakin nai nuan eta...

        —Zergatik bada?

        —Ezerez. Jakinguratxoa bakar bakarrik. Orain, dudaz gelditu bearko ni, ordu bete leenago bezela.

        —Zer duda, alegia?

        —Auxe besterik ez: gizonezko oietan, zein ote dan... akerra!!

        Pernandok parra algara aundia egin zuan, eta ao zabal zegoan, nire adiskidearen aurpegi benazkoak, alako irri-gogoa zeukala ikusirik...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.