L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Euzko-Gogoa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Euzko-Gogoa
(1959. Epaila-Garagarrila) —<eugo4425>




 

 

—Idazti Berriak—

 

Bitargi

 

Udalaizpe'k

 

Bitargi. Kerexeta'tar Jaime, «Arantzibia». «Gráficas Izarra». Donostia, 1960.

 

Benetan eragina dugu gure «Arantzibia» laguna ta lankidea. Oraintsu eskeini zigun «Orbelak» deritzan olerki-idaztino ederra, ta aotik aren aokera galdu orduko, BITARGI, bigarren olerki-idaztinoa igorri digu, azalez ederra ta mamiz ederragoa. Bejondeizula zuri, olerkari orri!

        Egun euritsuetan tarteka izan oi diran aterraldi argiak dituzu bitargi edo bitargi-uneak: beste nonbait ostarteak dituzu. Ekaitz-euriteok darabilen giza-bizitzartean bitargi dugu neska-mutilen arteko maitasun laztana. Orixe duzu idazti orren gaia, maitasunaren ederra ta maitasunaren atsekabea, alegia, itz-neurtuetan onduta. Onaindia A. karmeldarraren itzaurre giartsua dakar idaztinoak.

        Belarri-biotzetan samur, gozo eta gogor iosi ta itsatsi oi diran olerki errex, arin eta bigunak ondu ta aurkezten dizkigu «Arantzibia»k: gandu bage agertzen digu bere biotz eder, minbera ta ameslaria. Orainaldi ontan bizkaieraz nabarmentzen diran olerkari gorengoen artean gorengoetariko bat dugu «Arantzibia», nonbait: lana neurri, dendu ta musika. «Euzko Gogoa»n ezagutu genuen aurrenik. Urteak ioan eta urteak etorri, geroago ta bizkorrago ta ereslariago datorkigu.

        «Arantzibia» olerkariak bere biotzondoa ta bere ikuspegiak ditu: norberak bere biotzondoa ta bere ikuspegiak baititu, norberak bere-berea, besterik ez bezalakoa, abots bakoitzak bere dardara ta goraberak bezala. Edonon eta edonoiz ageri dira aren ateraldi, biotz-ikara ta irudi. Aren olerki guziak laburrak eta ongi ebakiak dira: biotzez-biotz itz-egiten digu. Olerkariaren eta irakurlearen biotzek norberaren ukabila omen dute neurri. Orren iduriko ditu bere olerkiak: biribilak, ongi bilduak, laburrak. Inoiz aspertu bage irakur ditzakezu, eskuarki belarri-betegarri baitira ahapaldi arin eta lasterrok. Arantzibia'k darabilen edontzia, txikia, baina goxoa. Itzetan errez eta iator izan-arren, badu, ordea, nolabaiteko lausoa: irakurriago ta ederrago gertatzen zait, neri beintzat. Arantzibia olerkaria dan ezkero, Arantzibia'k bere ikuspegia du, bere idurimena ta bere biotza. Oi ez bezalakoa ez, besterik ez bezalakoa baizik. Biotz-idurimenez eginak, biotz-idurimenez irakurriak bear dute izan. Labur esan, eder-sen bizia, xaloa, berezkoa du Arantzibia'k. Ona emen Arantzibia'ri Altube iaunak idatzi dion gutunaren zatitxo bat: «Lan bikaina egin dezu; nik ederki idatzia derizkiot, olerki-idazkiz egin litekean ederkien. Zorionak, beraz». Altube'ren gogaide nauzue erabat eta orobat.

        Oargarri da auxe, Goizalde, Begi biok deritzaten olerkietan: itz-neurtu luzeenak oskide egiten ditu, euskeraz orain arte egin dan alderantzira. Jo danbadak deritzan olerkian itz-neurtu laburra ta luzea oskide ageri dira. Zeuretzat deritzan olerkien neurria aldatu egiten bide du ta nabarmengarriegi gertatzen da, olerki txikia baita.

 

        «Bitargi» ko irar-utsak zuzendu:

 

        46'g.or. domotsudaz dio: damotsudaz bear luke.

        75'g.or. itxaropenak dio: itxaronak bear luke.

        89'g.or. udazken-goiz dio: uda-goiz bear luke.

        95'g.or. geritza dio: geriza bear luke.

        98'g.or. jolaz dio: iolas bear luke.

 

        Irakurleari ez-ezagun gerta lekizkion itzak ezagungarri egiteko, azkenaldera ageri dan iztegi txikia dana euskeraz adierazi izan ba'ligu, atseginago gertatuko zitzaigukean.

        Dana dala, olerkari bikain dugu Arantzibia, ta bioazkio zorionak upelka niketz.

        Idazti au erosi nai duenak, eska beza zuzenbide ontara Pbro. D Jaime Querejeta — Elorrio, Vizcaya; 25 laurlekotan daukazu salgai.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.